Lau egun ospitalean

Joxe Aranzabal Galdakaoko Ospitalean
Astelehena ezkero ospitalean izan naiz, Galdakaon, tronbosia izan dut-eta ezker hankan. Orain sei urte bezala, astelehenean Eco Doppler bat egin zidaten, ekografia berezi bat, eta hark salatu zuen zaineko tronbosi partziala izan nuela, ezkerreko femoro poplitean. Orduan ospitaleratuta sei egun egin banituen ere, oraingoan lau izan dira, atzo bidali ninduten-eta etxera.

Larunbatean ohartu nintzen zerbait arraroa gertatzen zela. Berotze-ariketak eginda, eguerdian Begorekin irten nintzen arineketan egitera: ezin izan nuen minutu bat baino gehiago egin, ezker hankan sekulako presioa hasi bainintzen igartzen, hankaren sagarretan. Etxeratzerakoan —oinez egin nuen buelta—, hanka gogortuta neukan, eta apur bat handituta. Igandean ere horrela segitu nuen. Beraz, astelehen goizean Galdakaora joan nintzen, begira ziezadaten hanka, zer gerta ere.

Ikusi zutenean tronbo bat nuela, odolbildua hankako zain batean, esan zidaten ospitaleratu beharra nuela. Larrialdi zerbitzuetan gurpildun aulki bat eman zidaten, eta harekin ibili nintzen atzera eta aurrera. Gelara eramandakoan, ostera, agindu zidaten lehen egunean, behintzat, etzanda egon behar nintzela, bestela odolbildua askatuz gero, biriketara joan zitekeen, eta orduan egoera larria izango bailitzateke.

Irakurtzen
Egun hauek lasai igaro ditut, ez dut-eta minik eduki eta primeran zaindu bainaute. Asko irakurri dut —zoritxarrez, ezin izan nuen ospitalera eraman Kindle erosi berria, igandean hilda moduan geratu zitzaidan-eta etxean, seguruenik lehen aldiz pizterakoan bateria kargatu ez nuelako—, eta irakurri liburuak eta egunkariak batik bat. Hala ere, ezin izan dut Internet erabili, ez nuen-eta sarbiderik Osakidetzaren wi-fian.

Ondorioak
Kardiologoak esan dit 15 egun hartu behar dudala eritasun baimena, baja alegia. Niri askotxo iruditzen zait. Ea astebete eginda nahikoa den. Edozein modutan, etxetik egingo ditut zenbait lan. Halaber, esan dit sei hilabetez, gutxienez, galtza estu bat jantzi beharko dudala ezker hankan, eta, seguruenik, Sintrom hartu beharko dudala bizi guztirako, ziurtatzeko odola mehe-mehe ibiliko zaidala zainetan. Hori ere penitentzia handiegia iruditzen zait niri, baina saiatuko naiz.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , . Gorde lotura.

12 Responses to Lau egun ospitalean

  1. egilea: iturri

    Zaindu, mister. Eta segi irakurtzen.

  2. egilea: Alberto

    Aupa Joxe! Nahiz eta orain asko iruditu gerora ez duk hainbesteko penitentzia. Eutsi goiari eta lasai hartu lanaz kezkatu gabe.

    Besarkada bat.

  3. egilea: Nahikari

    Hartu beharrezkoa den denbora guztia. Animo!

  4. egilea: ibon

    Animo Joxe. Nahiz ta zeuri asko eritsi aprobetxeizuz egun horiek deskantsatu ta sano paretako.

  5. atauri egilea: Joxefe

    Aupa, Joxe. Zelako ezustekoa! Galanta sustoa! Hala ere, sintron hartu beharra ez duk ezer, segituan ohituko haik. Eutsi goiari.

  6. egilea: Aitor

    Zaindu Joxe, eta animo.

  7. egilea: joxemi

    zaindu eta animo !!

  8. egilea: urri

    kaixo Joxe,

    hartu behar duzun denbora guztia ondo jartzeko, gureak etxoin dezake eta…

    Benetan ondo zaintzen zaituela, kriston aurpegi ona ageri zaizu eta…

    Animo eta zuk esan noiz harremanetan jarri…

    Muxu handi bat

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude