Athleticen urte ahaztezina

Afari berezia Zumelegin
Athleticen jarraitzaileak pozik egon daitezke, etxeko jokalariekin bakarrik aurre egin die-eta Europako talde handi askori, futbol ederra eginda. Gure aita Athletic zalea zen, eta seguru nago kriskitinak baino poziago egongo zela horrelko denboraldi bat ikusita, final bietako emaitza gorabehera.

Eta Athletic pozik egon daiteke, munduko jarraitzailerik onenetakoak ditu-eta, garaipenean eta porrotean beti taldearekin bat egiten dutenak. Ez dakit sekula ikusi ote dudan halako komuniorik herritarrak eta klub baten artean. Atzo Elorrio ikuskizun aparta zen: mundu guztia zihoan Athleticen elastiko edo bufandarekin, erromeria alaian.

Zumelegiko egoiliarrek ere, lagun bereziak, afari ederra izan zuten iluntze aldera egoitzako lorategian, argazkian ikus daitekeen moduan. Ikusi egin behar ziren afaltiarren aurpegiak afaltzen ari ziren bitartean, Athleticen aldeko musikaz inguratuak. Nire lagun eta lankide Athletic zaleei zorionik beroenak!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , | 5 iruzkin

Ateo ospetsua Bibliaren alde

Jakina da Richard Dawkins etologo eta biologo ingelesa ateoa dela, munduko ateorik ospetsuenetakoa seguruenik. Orain, berriz, jende asko zur eta lur utzi du, onartu egin baitu Bretainia Handiko ministro baten asmoa bertako eskola guztietan biblia doan banatzeko.

Observer egunkarian adierazi duenez, babestu du biblia banatzeko egitasmoa liburu horren literatura merituengatik, edozein ingeles hiztuni berehala egingo zaizkio-eta ezagun hango esaldi asko eta asko, hala nola “Lurraren gatza”, “Beren fruituetatik ezagutuko dituzue”, “Ez da harririk harri gainean geratuko” “Utzi haurrei niregana etortzen” eta “Nirekin ez dagoena, nire aurka dago”, besteak beste. Amaitu du Dawkins-ek: “King James Bibliaren hitz bakar bat irakurri ez duen sortzez ingeles hiztuna barbaro izateko zorian da”.

Egia da guretzat Mendebalde osoan ezagun diren erreferentzia horiek guztiak gure seme-alaba gehienentzat erabat arrotz direla, bataiatuta egon ala ez.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 3 iruzkin

Readlists erabiltzen hasi naiz

Atzo Twitter-en nenbilela, oharkabean ia, nire begiak Ana Malagonen mezu batean pausatu ziren. Horrela zioen:

  • Readlists A group of web pages—articles, anything—bundled into an e-book you can send to your Kindle, iPad, Iphone

Berandu
zen, baina zerbait piztu zitzaidan burmuinetan. Readlists aplikaziora
joan, eta hasi nintzen irakurtzen zer zen, eta, ondoren, pare bat
adibide ikusi nituen. Ordu erdi baino lehenago, nik sortutako lehen
liburu elektronikoa Kindlen neukan, txukun-txukun, nik aukeratutako
artikuluekin.


Zer den Readlists
Readlists
da Readability enpresaren azken produktua. Anak aipatzen zuen moduan,
“Readlists web orri multzo bat da—artikuluak, errezetak, material
akademikoa, edozer— liburu elektroniko moduan antolatuta, eta bidal
daiteke Kindle, iPad edo iPhonera”.


Lehendabizi,
izena eman behar izan nuen Readabilityn, ondoren, konfirmatu nire
emailean jasotako mezua, eta gero artikuluak biltzen hasi nintzen.
Readlists-ek artikulu horien URLak eskatzen ditu, besterik ez. Hautaketa
amaitutakoan, izen bat eman behar izan nion zerrendari, eta azalpen
labur bat idatzi. Hori egindakoan, nire Kindlera bidali nuen. Horretarako,
Readlists-ek berak emandako aholkuak segitu nituen, Readlists eta nire
Amazoneko kontua lotzeko. Behin bidalita, pare bat minutuan nire
irakugailuan neukan nire lehen artikulu bilduma.


Readlists
oso egokia ikusten dut norberak gordeta dituen artikuluak gaien arabera
antolatu eta edonon irakurtzeko: etxeko edo laneko ordenagailuetan
nahiz Kindle edo iPadean. Baita artikuluak geroago irakurtzeko beste modu bat, Instapaper aplikazioak
iPadetan-eta egiten duen moduan. Diseinua ez da
beste mundukoa, baina oso praktikoa iruditu zait. Gainera, Readlists
sare sozial moduan antolatuta dago, eta posible egiten du bertan edukiak
partekatzea.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 2 iruzkin

Eztabaidatzen Goienaren inguruan

Goiena: eztabaida taldea
Badira egun batzuk Goio Arana lagun eta adiskideak zenbait lagun deitu gintuela, parte har genezan eztabaida talde batean, Goiena taldearen eta beronen produktuen inguruan. Goio ikerketa lan bat egiten ari da Goienaren gainean, eta horregatik antolatu zuen eztabaida taldea, ikerketa horren elementu osagarri moduan. Mondragoen elkartu ginen, bertako kultura etxean, eta bi orduz aritu ginen hitz egiten.

Denetaz hitz egin genuen, Goienaren iraganaz, orainaz eta etorkizunaz, bakoitzak zekienaren neurrian. Ni, behintzat, gustura irten nintzen saio hartatik, eta uste dut gainerako guztiak ere bai, lagun arteko saioa izan zen-eta ezeren gainetik.

Zazpi kide izan ginen mahaiaren bueltan, argazkikoak, denok lotura izandakoak Goienarekin. Jarrita ezkerretik eskuinera: Itxaro Zubillaga, Jasone Mendizabal, Iban Arantzabal eta Maite Aristegi. Zutik, ezkerretik hasita: Edorta Arana, Joxe Aranzabal eta Iker Akizu.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , , | Utzi iruzkina

Euskal liburu digitalen basamortua

Azken aldian kezkatuta nabil euskal liburu digitalen egoeraz. Susa salbu, euskal argitaletxe gehienek garesti eta formatu itxian saltzen dituzte liburuak sarean. Gainerako hizkuntza handietan, berriz, aukera oso zabala da: bertan aurki daitezke liburu garestiak, erdi prezioan, merkeak eta, asko eta asko, doan jaisteko moduan.

Etxea liburuz beteta daukat, denak erosita. Ikasle nintzela, berriz, poltsikoan dirurik ez, eta ostu egin nuen liburu bat baino gehiago. Gutxi izan ziren, egia esan, zeren sekulako lotsa pasatzen bainuen hori egiten nuen bakoitzean. Aldiz, ikasketak amaitu eta lanean hasi bezain laster, hasi nintzen liburuak erosten zintzo-zintzo, etxea bete arte ia.

Gaur egun ere, gazte asko ari dira liburuak jaisten (euskaraz ez, gure hizkuntzan ia ezer ez baitago eskuragai, salbu eta Susak jarri duena), besteak beste dirurik ez daukatelako. Baina seguru nago bihar-etzi erosle finak izango direla horiek ere, ohitzen badira euskaraz irakurtzen. Horregatik, gero eta zentzu handiagoa ikusten diot Susaren estrategiari, ziurtatzen baitie eskaintza bat gaur egun dirurik ez daukaten gazteei.

Aitortu beharra dut gaur egun liburutegi sare ona dugula Euskal Herrian, gure gaztarokoa baino dezente hobea bai. Hala ere, gazte askok Interneten bilatzen dute bazka. Bertan ez badute ezer erakargarririk aurkitzen, alde egingo dute betiko euskal letretatik. Ez da onartuzkoa Gurebook dendak eskatzea 14,14€ Bilbao-New York-Bilbao liburuaren formatu digitaleagatik paperean 19,33€ balio duenean (Amazonek, gainera, 6,17€ kobratzen du liburu horrengatik Kindlerako bertsioan). Estrategia horiek hil egingo dute euskarazko liburu digitala.

Euskal argitaratzaileek estrategia irekiak sortu beharko lituzkete, gazteak (eta ez hain gazteak) erakartzeko. Bat izan liteke Susak plazaratutakoa (formatu digitalean prezioak merke jarri, eta gero bezeroak erabaki dezala ordaindu ala ez liburu batengatik). Beste bat, sustapen kanpainak abiaraztea, zeinen arabera paperezko liburu bat erosten duenak aukera izan lezake liburu horren kopia digitala jaisteko, doan.

Ulertzen dut hitz hauek ezinegona sortzea euskal idazle eta argitaratzaileengan, baina paradigma berri batean sartzen ari gara (pentsatu zelako aldaketa ekarri zuen Gutenbergek bere garaian, hankaz gora jarri zuenean monasterio eta jauntxo gutxi batzuen monopolioa liburuak argitaratzeko), eta euskal liburu digitalak ez badaude sarean modu onean eskuragai, beste hizkuntza batzuetan gertatzen den bezala (garesti, erdi prezioan, merke eta doan), ez dugu euskal libururik aurkituko gure irakurgailu eta tableta digitaletan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 16 iruzkin

Ikasle hasiberrien bizipoza

Lehen mailako ikasleei ematen diet eskola Mondragon Unibertsitatean, Ikus-entzunezko komunikaziokoei, eta pozik joaten naiz eurengana, ikasle onak izateaz gain, zintzoak, beharginak eta alaiak direlako. Lehen mailan izanda ere, dagoeneko ari dira erakusten komunikaziorako zaletasuna.

Aurreko batean, kanpoan eguraldi ona eta ordenagailu gelan sekulako beroa egiten zuela aprobetxatuta, kamerak hartu eta kalera irten ziren bideotxo bat egitera, Yera Sanchez lankidearekin batera. Bi orduko kontua izan zen, oso bizkor eginda eta halamoduz muntatuta,  baina ikasleei pila bat gustatu zaie emaitza, eta hasi dira Twitterren zabaltzen. Ez da harritzekoa, bizipoza dario-eta bideoari. Hortxe duzue emaitza: Mugi.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Kooperatibak Richmond hirian

Kooperatibak hedatzen ari dira, poliki-poliki AEBetan. Richmond hirian, adibidez, San Frantzisko eta Oakland hirien ondoan, Kalifornian. Bertan 100.000 lagun bizi dira, eta krisi ekonomikoaren gailurrean langabezia iritsi zen %19ra, barbaridade bat Ipar Ameriketan.

Orain bi urte, bere herritarren egoera ikusita, Richmongo alkatea, Gayle McLaughlin, berau Partidu berdeko kidea, Mondragoera etorri zen, kooperatiben mugimendua hurbiletik aztertzera, eta plan batekin itzuli zen. Fast Company aldizkariak kontatzen duenez, gaur egun AEBetan Richmond izango da hiri bakarra udal aholkulari bat duena, kooperatiben gainean laguntzeko.

Urtarrilean lehen kooperatiba sortu zen Richmon hirian, Liberty Ship Café, eta bertan saltzen dituzte sandwich osasuntsuak, entsaladak eta enpanadak. Laster, berriz, beste kooperatiba batzuk etorriko dira: bizikleta denda bat, okindegi bat eta eguzki instalazioak egiten dituen kooperatiba.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Idoia Etxeberria, idazlea

Ez baduzue ezagutzen Idoia Etxeberria, gogoan izan izen hori, zeren oso luma fina dauka. Nik izan nuen haren albiste Berria egunkarian idazten zuela. Eta, geroago, Oñatiri buruz argazki liburu batean idatzi zuen artikulu ederrean, Idoia oñatiarra baita. Baina egun hauetan haren liburu bat irakurri dut, Ez dago argi, Eider Eibar marrazkilariarekin batera egindakoa, Elkar argitaletxearen Xaguzar bilduman.

Hamabi urtetik aurrerako gaztetxoentzat idatzita dago liburua, eta kontatzen ditu Mireia neskatilaren peskizak bere etxe aurreko misterio bat argitzeko. Polizia nobela bat, zelanbait, umorez eta sentiberatasun handiz idatzia.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Iruzkin 1

Hilario Arbelaitz, eskua eta sua

Zer gustura ikusi nuen atzo ETB1n Hilario Arbelaitz, eskua eta sua erreportajea. Ondo eginda, ondo idatzita, ondo kontatua… Lanaren ondorengo oparia izan zen, ogia eta txokolate beltza jaten ari nintzen bitartean.

Hiru bat aldiz egonda nago Zuberoa jatetxean, eta hiruretan nire ahoak zerua ukitu zuen. Hortaz, banekien Hilario Arbelaitzen trebeziaz sukaldean. Ezagutu ere, ezagutzen nuen aspalditxotik, Saturrarango bazterretan elkar ezagutu genuenetik. Erreportajeak, aldiz, beste gauza asko eman zizkidan, batez ere informazioa zelan egiten duen lan, nondik datorren, bere filosofia eta bere inguru gogokoenak, besteak beste.

Pozik egon daiteke Hilario egin dioten saioagatik, eta harro Hasier Etxeberria, saioko zuzendari eta narratzailea, produktu bikaina egin du-eta. Zorionak biei!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Iruzkin 1

Zaindu harremanak lana bilatzerakoan

Joan den larunbatean Xabier Uribe-etxebarriak EBEuskadin esan zuen, eta David Sifryk bertan berretsi, lanen %75 aurkitzen ditugula harremanei esker, alegia, ezagutzen dugun jendeari eskerrak. Banekien harremanak oso inportanteak direla lana bilatzeko orduan, gure ikasleei ere behin eta berriro azpimarratzen diegu hori, baina ez nukeen esango hainbesteko pisua zutenik.

Askotan, denbora larregi egiten dugu curriculumak-eta prestatzen, eta ez diegu jaramonik egiten harremanei, sarri “enchufe”-arekin nahasten ditugulako. Hona ekarri dut hizlariak Bilbon erakutsi zigun bideoa, umorez jorratzen baitu gai hori.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina