Athleticen urte ahaztezina

Afari berezia Zumelegin
Athleticen jarraitzaileak pozik egon daitezke, etxeko jokalariekin bakarrik aurre egin die-eta Europako talde handi askori, futbol ederra eginda. Gure aita Athletic zalea zen, eta seguru nago kriskitinak baino poziago egongo zela horrelko denboraldi bat ikusita, final bietako emaitza gorabehera.

Eta Athletic pozik egon daiteke, munduko jarraitzailerik onenetakoak ditu-eta, garaipenean eta porrotean beti taldearekin bat egiten dutenak. Ez dakit sekula ikusi ote dudan halako komuniorik herritarrak eta klub baten artean. Atzo Elorrio ikuskizun aparta zen: mundu guztia zihoan Athleticen elastiko edo bufandarekin, erromeria alaian.

Zumelegiko egoiliarrek ere, lagun bereziak, afari ederra izan zuten iluntze aldera egoitzako lorategian, argazkian ikus daitekeen moduan. Ikusi egin behar ziren afaltiarren aurpegiak afaltzen ari ziren bitartean, Athleticen aldeko musikaz inguratuak. Nire lagun eta lankide Athletic zaleei zorionik beroenak!

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , , , . Gorde lotura.

5 Responses to Athleticen urte ahaztezina

  1. Eneko Azkarate egilea: Eneko Azkarate

    Etxeko jokalariekin?

    Bai, Zaragozako etxeko jokalariekin (Herrera), Espanyolekoekin (Iraizoz), Alavesekoekin (De Marcos), Osasunakoekin (Javi Martinez)…, talonarioan zifra aipagarriak jarrita fitxatutako jokalariekin; gehi Lezaman hazitakoekin.

    Uste dut, errazaegi aipatzen dela askotan Athletic dela harrobiko jokalariekin aritzen den talde bakarra, euskal jokalariekin aritzen den talde bakarra…, marketing landua du Athltetic-ek, hori ukaezina da; eta zalego parerik bakoa ere bai, hori ere ukaezina.

    Baina uste dut gauzak diren bezala ere kontatu behar direla.

    Hori bai: sekulakoa egin dute zuri-gorriek aurten… Edozein txunditzeko modukoa…

    …Eman diguten plastada ere sekulakoa izan da.

    Halere, zorionak!

  2. Joxe Aranzabal egilea: Joxe Aranzabal

    Aupa, Eneko! Nik ez dut esan Athleticeko jokalari guztiak Lezaman hazitakoak direla. Esan nahi nuen etxekoak dituela. Klub batetik edo bestetik ekarri dituela batzuk? Normala. Realak ere Kortabarria Mondrari erosi zion, eta Idigoras UDA taldeari. Etab., etab. Hori klub guztiek egiten dute.

    Merkatu global honetan Athletic-ek sendo segitzen du etxeko jokalariekin, eta hori irrealista ere iruditzen zait. Horregatik dauka meritu handiagoa aurten lortutakoak. Baina, nire ustez, hori gertatu ohi da mende erdiz behin. Ohikoena litzateke burrukan ibiltzea ez jaisteko.

    Bestetik, plastada eman digutela? Bai, baina niri ez dit minik egin, arreta handiegirik ez baitiot jarri, salbu partidak jokatzeko orduan. Eta ez dakizu, Eneko, zein polita izan den final egunetan Elorrion bizi izan den giroa, jendeak zelako ilusioa zeukan. Eta hori diotsu Real zale (gurata) epel batek. Besarkada bat.

  3. egilea: Iñaki Murua

    Zurigorri naizen aldetik (jarraitzaile eta bazkide) mila esker, Joxe. Pena bakarra, finaletan lehiakorrago izan ez izana, ez galtzea bera.

    Enekori, berriz, nork bere apustua eta bidea egiten duela adierazi. Geurea horixe da (are, harrobia zer den zehazteak ere luze joko ligukeelakoan nago)

  4. egilea: patxi lurra

    Txuri-urdina nazen aldetik zorixonak Athletic-ekoei urte ikaragarri onagaitik. Eta Joxeri barriz be eskerrak emotea futbolean legez politikan be beti anaien arteko borrokak ebitatzen saiatzeagaitik.

  5. Joxe Aranzabal egilea: Joxe Aranzabal

    Eskerrak zuri, Patxi, beti zara-eta ongi etorria etxe honetan. Besarkada bat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude