Minbizia duen lagunari

Atzo iluntzean telefono dei bat izan nuen, espero eta nahi ez duzun horietakoa. Asko maite dudan lagun bat zen. “Zer moduz?” galdetu nion nik, alai. Eta berak: “Zuri bezala, niri ere medikuak esan dit minbizia dudala”. Ahotsaren tonua ohi baino serioagoa entzuten zitzaion, baina dramatismo barik. Eta segitu zuen kontatzen joan den asteleheneko miaketak zelako emaitzak eman dituen. Amaitu aurretik, esan nion ezer behar izanez gero, bazekiela non gauden. Patxadaz agurtu genuen elkar.

Geroago, afaldu bitartean, eta buruari buelta asko emanda, pentsatu nuen gutun bat zor niola nire adiskideari, lagunduko ziona egoera testuingururik egokienean ulertzen.

Mezua lagunari
Hitz hauek idatzi nizkion, ohera joan aurretik:

“Eskerrik asko telefonoz deituta erakutsi didazun konfiantzagatik. Ez da ez zuek, ez guk espero genuen albistea, baina ez da munduaren akabera. Bueltak ematen egoerari, puntu hauek nahiko nizkizuke azpimarratu:

  • Albistea ematerakoan erakutsi duzun tenplea. Nirea esan zidatenean, apurtuta geratu nintzen, beldurraren mende. Zuk, berriz, adorea eta dotorezia erakutsi dituzu albistea emateko orduan. Biba zu!
  • Eskerrak erabaki zenuela erretiroa hartu aurretik miaketa medikua egitea. Horri esker, bestela baino dezente bizkorrago antzeman dizute tumorra edo dena delakoa. Eta hori oso inportantea da gerora begira.
  • Familia ederra daukazu, eta prest zu babestu eta zuri laguntza emateko. Ezin giro egokiagoa, beraz, etor daitekeenari aurre egiteko.
  • Orain pausoz pauso joateko ordua da, ezer aurreratu barik alferrik. Antza denez, oraindik medikuek ez daukate informazio guztia tumorrari buruz. Gerorako estrategiak, berriz, informazio horren arabera antolatuko dituzue.
  • Joan prestatzen zure burua gaixotasunari aurre egiteko. Kemena, indarra eta umorea beharko dituzu —eta zuk hiruretatik asko daukazu, zorionez.
  • Laster 10 urte beteko dira medikuak esan zidanetik minbizia nuela. Zorionez, urte hauetan zientziak eta teknologiak aurrerapauso handiak egin dituzte minbiziaren kontra. Orain tratamentuak orduan baino askoz ere hobeak eta zehatzagoak dira.
  • Minbizia gainditu daiteke, eta zuk gainditu egingo duzu, nik gainditu nuen moduan. Zuk eta guk horrela nahi dugulako. Beste barik.

Amaitu aurretik, Albert Camus idazle frantsesaren hitz hauek etorri zaizkit burura: “Ez ibili nire aurretik, baliteke-eta nik ez jarraitzea. Ez ibili nire atzean, litekeena da-eta nik ez lideratzea. Ibili nire ondoan, eta izan nire laguna”.

Maite zaitut”,

Joxe

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Eneko Bidegain, Eskualduna eta I. Mundu Gerra


Atzo egun berezia izan genuen Mondragon Unibertsitateko Komunikazio gunean, gure lankide batek, Eneko Bidegain, bere doktore tesia defenditu zuen-eta Paueko Unibertsitatearen Baionako campusean: “Lehen Gerla Mundiala Eskualduna astekarian”. Hori zela-eta, zazpi lankide joan ginen Baionara, eta egun ahaztezina igaro genuen Eneko eta bere familiaren ondoan.

Enekok primerako aurkezpena egin zuen, bai ahozkoa eta baita pantailarako prestatu zuena, eta 25 minutura ekarri zuen, hor nonbait, ia 800 orrialdeko tesia, hiru urtean egina zorroztasun itzelarekin. Une jakin bat aukeratu zuen bere ikerketa egiteko, Lehen Mundu Gerra, non 6.000 euskaldun hil ziren, eta hedabide bat, Eskualduna astekaria (1887-1944), zeina iritsi baitzen Iparraldean astero 7.000 ale banatzera.

Azterketa kualitatiboan oinarritu du bere ikerketa lana, eta horretarako aztertu egin ditu Eskualduna astekariaren editorialak eta gerraren asteroko kronikak, gehienak hiru abadek idatzita (Jean Saint Pierre, Jean Elizalde “Zerbitzari” eta Jules Moulier “Oxobi”) eta baita laiko batek ere (Jean Etxepare medikua). Emaitza: ia 800 orrialdeko tesi bat, era bikainean idatzita, epaimahaikide guztien iritziz, ez baita kasualitatea Eneko idazlea eta kazetaria ere izatea.

Ikertzaileak ondorioztatu zuen Eskualdunak Frantziaren aldeko jarrera hartu zuela Lehen Mundu Gerran, eta bere helburuetako bat izan zela euskaldunak aurkeztea soldadu eredugarri eta frantsez on moduan. Aberri handia (Frantzia) eta aberri txikia (Euskal Herria) bereizten zituela, eta hiru zutabetan oinarritzen zuela euskal nortasuna: euskalduna, kristaua eta frantsesa.

Epaimahaia
Bi tesi zuzendari izan ditu Eneko Bidegainek: Josu Txueka eta Xarles Bidegain. Mahaiburua, berriz, Javier Diaz Noci izan zen atzoko ekitaldian. Eta gainerako epaimahaikideak: Aitor Zuberogoitia, Xabier Itzaina, Ur Apalategi eta tesi zuzendariak.

Tesiaren defentsa eginda, epaimahaiak hausnarketa egin eta deliberatu zuen doktore gaia aho batez zoriontzea, eta oso ongi aipamena eskaini zion, goresmenekin. Alegia, Hegoaldean esango genukeen moduan, bikain cum laude. Tesiaren defentsa 30 lagunen aurrean egin zen, tartean ikertzailearen familia eta hainbat lankide nahiz ezagun. Defentsa bukatutakoan, talde handi bat Baionan geratu zen, doktore berriarekin bazkaltzera.

Tesiaren garrantzia
Seguru nago Enekoren tesiak zeresan handia emango duela aurrerantzean, bertan garai bateko Euskal Herria ispilatzen baita, orduko euskarazko prentsaren egoera aurkezten digulako, Iparraldekoa, eta informazio piloa eta interesgarria eskaintzen baitu euskaldunen nondik norakoez Lehen Mundu Gerran. Ez ahaztu bi urte barru, 2014an, gerra haren lehen mendeurrena ospatuko dela.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , | Iruzkin 1

Japandroids taldearen 3. diskoa entzungai

Japandroids
AEBetako irrati publikoa da NPR, eta beronen musika sailak aukera ematen digu astebetez, Japandroids taldearen hirugarren diskoa doan entzuteko streaming bidez. Orri honetan bertan, bi aukera daude, disko osoa entzuteko edo abestiak banan-banan aletzeko. (via @luistxo, mila esker!)

Hiru urtean hiru disko atera ditu Japandroids taldeak, hirugarrena “Celebration Rock”. Bertan, Brian King gitarra joleak eta David Prowse bateriak aurrera egiten dute ‘garage rock’ estilo zaratatsuan. Biak Vancouver-en sortuak dira, Kanadan, bigarrena nik zaindutakoa bera txikia zenean, 83. urtean, hor nonbait.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , | Utzi iruzkina

Madonna & Esteñibar

If someday Madonna were to come to the Basque Country to, say, receive the Euskadi prize for her contribution in promoting the Basque music and language, she should consider staying in the Esteñibar farmhouse: it’s beautiful and discreet. Besides, Fatima and Mikel would make her stay a real pleasure.

Bada horixe: Inoiz Madonna hego Euskal Herrira etorri beharko balitz, esate baterako Euskadi saria jasotzera, euskal musika, txapelgintza eta hizkuntzari egin dien ekarpenagatik —ez dauka preziorik MDNA Tour horrek euskal kulturari ekarriko dion aitortza munduan zehar—, etorriko balitz, diot, bizpahiru egunerako, kontuan hartu beharko luke Esteñibar baserria bertan egoteko, ederra izateaz gain, oso diskretoa delako. Horrezaz gain, Fatima eta Mikel primerako ostalariak dira.

Amaitu aurretik, jakinarazi nahi dizuet lotura handia dudala Esteñibar baserriarekin, ez dirutan, baina bai emozionala, Fatima arreba dudalako, Mikel koinatua eta laguna eta niretzat Esteñibar bera atseden eta sendaleku izan delako luzaz. Une gogoangarriak igaro ditugu Esteñibarren. Horregatik, inoiz Madonna etorriko balitz Hego Euskal Herrira, eta erabakiko balu ostatu hartzea Esteñibarren, orduan izugarri poztuko nintzateke, merezi dute-eta: Madonnak, Fatimak eta Mikelek.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Beldurra beilatokiari

Goienan irakurri dut Aretxabaletan, Nafarroa kalean jarri gura duten tanatorioak “ezinegona” eragin duela bertako bizilagunen artean. Agerkariaren arabera, auzoek diote: “Denda dago bertan, etxe mordoa dago inguruan… Zelan jarriko dute hor industrialdean, hainbeste lokal daudenean hutsik? Beste herri batzuetan ere kanpoaldean daude”.

Harri eta zur geratu naiz, Urteetan gure amaren etxe aurrean beilatoki bat zegoen, eta oraindik ere hantxe dago. Mondragoen da hori, Musakola auzoan. Aurrez aurre, etxebizitzak dauzka beilatokiak. Albo batean, Amuebladora Mondragonesa. Beste batean, biltegi-denda handi bat, nekazaritzako produktuekin. Aurrerago, taberna bat.. Eta urte hauetan guztietan, nik dakidala ez da ezer okerrik gertatu.

Ama zenari ez zion bat ere trabarik egiten beilatokia hantxe bertan egoteak. Bazekien, gainera, hildakoan bere gorpua hara eramango genuela, eta halaxe izan zen. Ezin dut hitz egin inguruko auzokideen izenean, baina anai-arreboi ere beilatokiak ez zigun trabarik egiten hara joaten ginenetan.

Beilatoki bat ez da jarduera arriskutsua, edozeinek pentsa lezakeen moduan Aretxabaletako bizilagun horien hitzak irakurrita: ez du eragiten ez usainik, ez kerik, ez eta zikinik ere. Bertatik ez da zonbirik irtengo, zenbait film eta telesailetan bezala. Beste kontu bat da heriotza gugandik urrun eduki nahi izatea, gu hil behar izango ez bagina bezala. Ez dakit, bada, hori ez ote den arazoa Aretxabaletan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

Gure ikasketak: Ikus-entzunezko komunikazioa

Zuetako askok badakizue Mondragon Unibertsitatean egiten dudala lan, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean, Eskoriatzan, baina zenbaitek ez duzue jakingo bertan gradu bat daukagula, Ikus-entzunezko komunikazioa, eta nik hortxe ematen ditudala eskolak. Nahi baduzue jakin zer eskaintzen dugun ikasketa horietan, ikusi bideo hau, 4 minutu eskas irauten du, eta bertan ezagutuko dituzue nire lankideak eta hainbat ikasle, gauzak ganoraz esplikatzen.

Bideoa 3. mailako ikasle batek egin du, Miren Ormazabal, eta lan horretan Idurre Lazkano eta Aitor Arregi lankideak izan ditu tutore eta gainbegirale. Hirurei, eskerrik beroenak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Bus 52 proiektua

Unibertsitatean graduatu ondoren, Robert Gleb gazteak ezin zuen albiste txar gehiagorik jasan. Nahi zuen jende inspiratzailea bilatu AEBetan zehar, zoriona eta jarraikitasuna eragingo zuena. Lau lagun elkartu, eta “Bus 52” proiektua jaio zen.

“5 lagun, 52 astebete, 48 estatu, 100 istorio inspiratzaile, eskola bus bat.” Horra gazte talde horren leloa. Bostetik lau estatubatuarrak dira, eta bat, belgiarra; hiru mutil eta neska bat. Irudiak Canon batekin hartzen dituzte, edo eskuko telefonoekin, eta gero Final Cut Pro X erabiltzen dute irudiak editatzeko. Erreportajeak egin ahala, webgunean jartzen dituzte, jendeak ikus ditzan. Horrezaz gain, kanal bat daukate Youtuben, kontu bat Twitter-en (@Bus52) eta beste bat Facebook-en. Baina hori bakarrik ez, modu askotan egin daiteke-eta Bus 52 proiektuaren jarraipena.

Proiektu zoragarria iruditu zait, munduko beste toki batzuetan ere Komunikazio ikasleek egiteko modukoa.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Mathias Rust, 25 urte geroago

Atzoko egunez, orain 25 urte, Mathias Rust nerabe alemanak mundua harritu zuen, lur hartu zuenean Mosku erdian, Plaza Gorrian, hegazkin arin bat gidatzen. Artean Mathiasek 19 urte baino ez zituen, eta izkin egin zien Sobiet Batasuneko radar guztiei, Helsinkitik irten ondoren. Behin lur hartuta, KGBk atxilotu eta 14 hilabete egin zituen espetxean. The Guardian egunkariaren bideo honetan Mathias Rust helduak azaldu egiten du orduan gertatutakoa.

Euskal Herrian ere pilotu gazte hark utzi zuen arrastoa. Urte batzuk geroago, Edu Mendibil kazetari bergararrak blog bat sortu zuen haren oroimenez, Mathiasen kopilotua, aurkezpeneko hitz hauekin: “Mathias Rusten izena aukeratu dut blog honetarako, bidaia honetan haren kopilotu izan nahi nuke-eta.”

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Yahoo: a zelako anabasa!

Yahoo ikaragarria da: zulorik beltzenean sartuta ere, beti aurkitzen du modu bat maila bat beherago egiteko, nahiz eta, aldez aurretik, horrelakorik pentsaezina dirudien. Horixe dio Dan Lyons kazetariak Newsweek aldizkarian artikulu interesgarri batean. Azken bost urteotan bost enpresaburu izan ditu; azkenak lau hilabete baino ez du iraun; eta irabaziak 2005ekoen neurrira jaitsi zaizkio.

Zer egin zulotik irteteko
Zer egin lezake baina, Yahook zulotik irteteko? Kazetariak gomendatzen dio Apple-ri begiratzeko, orain 15 urte sagarraren enpresa antzeko zulo batean baitzegoen. Eta gomendatzen dio urrats hauek egitea, Steve Jobs-ek egin bezala:

  • Lider indartsua lortu. Applek Steve Jobs zeukan, zeinak enpresara itzuli baitzen hamar urteko exilioa igaro ondoren. Yahook, berriz, Ross Levinshon dauka, hutsaren hurrengoa ia Silicon Valleyn.
  • Jakin zergatik zauden negozio horretan. Itzuli bezain laster, Jobs-ek hil egin zituen artean Applek zituen produktu gehienak, salbu eta bi ordenagailu eramangarri eta bi mahai gaineko. Aldiz, zer da zehatz-mehatz Yahoo? Portal bat? Hedabide bat? Informazio enpresa bat? Enpresa teknologiko bat? Bilatzaile bat? Ematen du inork ez dakiela.
  • Onartu porrota eta segi aurrera. Applek onartu egin zuen Microsoft-ek irabazi zuela PCen gerra, eta garaia zela negozioaren hurrengo esparrua bilatzeko: informatika mobila. Hamar urte geroago, Applek iPhone telefono aurreratua sortu zuen. Yahook asmatu beharra dauka 10 urte barru zertan ibiliko den mundua, eta harantz egin. Orain ikusita, ematen du erreminta mobilak eta lainoko zerbitzuak hantxe izango direla. Orain artean, berriz, Yahook ez du ezer egin bi alor horietan.
  • Pazientzia izan. Steve Jobs 1997an itzuli zen, baina irabaziak ez ziren iritsi 2005a arte. Bertako langileek gogoan dute zein urte gogorrak izan ziren haiek. Yahook ere behar du egonarria erabakitako bideari eusteko.

Hala ere, dio kazetariak, ez dirudi gaur egun Yahoo zuzentzen dutenek bide hori hartuko dutenik, benetan agintzen duena Yahoon Dan Loeb omen baita, inbertsio enpresa handi bateko burua. Aldizkariaren ustez, Loeb-ek zatitu nahi omen du Yahoo, eta saltzen joan, dirua egiteko salmenta horietatik. Ez da harritzeko, beraz, zarata txarrak entzutea Flickr-en inguruan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

X-Men: First Class

Atzo gauean X-Men film sailaren prekuela ikusi nuen. Etxeko nesken agenda beteak tarteko, etxean bakarrik geratu nintzen, eta erabaki nuen abentura film bat ikusiko nuela. X-Men: First Class aukeratu nuen, eta, egia esan behar badut, oso gustura geratu nintzen.

Usste dut hauxe dela komikien esparrutik datozen abentura filmen artean gehien bete nauena: bai filmaren haria eta baita efektuak ere.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina