Eneko Bidegain, Eskualduna eta I. Mundu Gerra


Atzo egun berezia izan genuen Mondragon Unibertsitateko Komunikazio gunean, gure lankide batek, Eneko Bidegain, bere doktore tesia defenditu zuen-eta Paueko Unibertsitatearen Baionako campusean: “Lehen Gerla Mundiala Eskualduna astekarian”. Hori zela-eta, zazpi lankide joan ginen Baionara, eta egun ahaztezina igaro genuen Eneko eta bere familiaren ondoan.

Enekok primerako aurkezpena egin zuen, bai ahozkoa eta baita pantailarako prestatu zuena, eta 25 minutura ekarri zuen, hor nonbait, ia 800 orrialdeko tesia, hiru urtean egina zorroztasun itzelarekin. Une jakin bat aukeratu zuen bere ikerketa egiteko, Lehen Mundu Gerra, non 6.000 euskaldun hil ziren, eta hedabide bat, Eskualduna astekaria (1887-1944), zeina iritsi baitzen Iparraldean astero 7.000 ale banatzera.

Azterketa kualitatiboan oinarritu du bere ikerketa lana, eta horretarako aztertu egin ditu Eskualduna astekariaren editorialak eta gerraren asteroko kronikak, gehienak hiru abadek idatzita (Jean Saint Pierre, Jean Elizalde “Zerbitzari” eta Jules Moulier “Oxobi”) eta baita laiko batek ere (Jean Etxepare medikua). Emaitza: ia 800 orrialdeko tesi bat, era bikainean idatzita, epaimahaikide guztien iritziz, ez baita kasualitatea Eneko idazlea eta kazetaria ere izatea.

Ikertzaileak ondorioztatu zuen Eskualdunak Frantziaren aldeko jarrera hartu zuela Lehen Mundu Gerran, eta bere helburuetako bat izan zela euskaldunak aurkeztea soldadu eredugarri eta frantsez on moduan. Aberri handia (Frantzia) eta aberri txikia (Euskal Herria) bereizten zituela, eta hiru zutabetan oinarritzen zuela euskal nortasuna: euskalduna, kristaua eta frantsesa.

Epaimahaia
Bi tesi zuzendari izan ditu Eneko Bidegainek: Josu Txueka eta Xarles Bidegain. Mahaiburua, berriz, Javier Diaz Noci izan zen atzoko ekitaldian. Eta gainerako epaimahaikideak: Aitor Zuberogoitia, Xabier Itzaina, Ur Apalategi eta tesi zuzendariak.

Tesiaren defentsa eginda, epaimahaiak hausnarketa egin eta deliberatu zuen doktore gaia aho batez zoriontzea, eta oso ongi aipamena eskaini zion, goresmenekin. Alegia, Hegoaldean esango genukeen moduan, bikain cum laude. Tesiaren defentsa 30 lagunen aurrean egin zen, tartean ikertzailearen familia eta hainbat lankide nahiz ezagun. Defentsa bukatutakoan, talde handi bat Baionan geratu zen, doktore berriarekin bazkaltzera.

Tesiaren garrantzia
Seguru nago Enekoren tesiak zeresan handia emango duela aurrerantzean, bertan garai bateko Euskal Herria ispilatzen baita, orduko euskarazko prentsaren egoera aurkezten digulako, Iparraldekoa, eta informazio piloa eta interesgarria eskaintzen baitu euskaldunen nondik norakoez Lehen Mundu Gerran. Ez ahaztu bi urte barru, 2014an, gerra haren lehen mendeurrena ospatuko dela.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , , , . Gorde lotura.

Erantzun bat Eneko Bidegain, Eskualduna eta I. Mundu Gerra bidalketan

  1. egilea: Ricardo Gómez

    Zorionak Eneko Bidegain doktore berriari! Eta eskerrik asko, Joxe, kronika hain zehatzagatik!

    Ea orain inor animatzen den bere tesia Eskualdunak Bigarren Mundu Gerran izan zuen jarreraz idazten. Hortik ere ondorio ezin interesgarriagoak aterako lirateke, ezbairik gabe…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude