Beldurra beilatokiari

Goienan irakurri dut Aretxabaletan, Nafarroa kalean jarri gura duten tanatorioak “ezinegona” eragin duela bertako bizilagunen artean. Agerkariaren arabera, auzoek diote: “Denda dago bertan, etxe mordoa dago inguruan… Zelan jarriko dute hor industrialdean, hainbeste lokal daudenean hutsik? Beste herri batzuetan ere kanpoaldean daude”.

Harri eta zur geratu naiz, Urteetan gure amaren etxe aurrean beilatoki bat zegoen, eta oraindik ere hantxe dago. Mondragoen da hori, Musakola auzoan. Aurrez aurre, etxebizitzak dauzka beilatokiak. Albo batean, Amuebladora Mondragonesa. Beste batean, biltegi-denda handi bat, nekazaritzako produktuekin. Aurrerago, taberna bat.. Eta urte hauetan guztietan, nik dakidala ez da ezer okerrik gertatu.

Ama zenari ez zion bat ere trabarik egiten beilatokia hantxe bertan egoteak. Bazekien, gainera, hildakoan bere gorpua hara eramango genuela, eta halaxe izan zen. Ezin dut hitz egin inguruko auzokideen izenean, baina anai-arreboi ere beilatokiak ez zigun trabarik egiten hara joaten ginenetan.

Beilatoki bat ez da jarduera arriskutsua, edozeinek pentsa lezakeen moduan Aretxabaletako bizilagun horien hitzak irakurrita: ez du eragiten ez usainik, ez kerik, ez eta zikinik ere. Bertatik ez da zonbirik irtengo, zenbait film eta telesailetan bezala. Beste kontu bat da heriotza gugandik urrun eduki nahi izatea, gu hil behar izango ez bagina bezala. Ez dakit, bada, hori ez ote den arazoa Aretxabaletan.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , . Gorde lotura.

2 Responses to Beldurra beilatokiari

  1. egilea: Alberto

    Oraintsu arte, heriotza gure gizartean txertatua egon da eta hilerriak elizetan eta hauen alboetan egon izan dira. Iparraldeko herri gehienetan, gaur ere, herriaren erdian eta elizaren inguruan aurkitzen dira, inongo arazorik sortu gabe herritarrei.

    Nire ustez, ondo esan duzun bezala, gaurko gizartean heriotza ezkutatzen saitzen da jendea eta Aretxabaletako jarrerak herri askotan ikusten dira, errealitateari bizkarra emanez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude