Aurkezpeñak forever

Asteburu honetan web satiriko bat agertu zaigu euskarazko umore politikoaren basamortuan, Aurkezpeñak forever, webgune bat Goio Aranak sortua, egunero-edo gai bat adar soinuan jorratzeko asmoz. Horretarako argazki bat aukeratu du Goiok, peto-petoa, eta berau errepikatuko du beti, zenbait ukiturekin, egoera jakin bat ironiaz azaltzeko.

Aurkezpeña
Goio Aranak berak horrela definitu zuen Aurkezpeña hitza 2012ko otsailaren 3an: “ekitaldi baten aurkezpen publikoa egiteko era oso euskalduna, jende mordoa ipinita hizlarien ostean”. Eta Pinterest gunean adibide mordoa bildu ditu. Nik dakidala, bera izan zen lehena hitz hori erabiltzen, eta arrakasta dezente izan du, Googlek erakusten duen bezala.

Hala ere, Aurkezpeñak forever erakusleiho hutsa baino gehiago da: ironia eta kontrastea baliatuta, web berriak begi-bistan jartzen digu herri monolitiko eta immobilista bat, antza kondenatuta behin eta berriro tropel moduan agertzera. Niri, behintzat, horixe iradokitzen dit.

Web irekia
Aurkezpeñak forever Goio Aranak sortu du, baina ateak irekita utzi ditu bertan nahi duenak parte har dezan. Horretarako nahikoa da “Submit” botoian klik egin, bertan testu bat sartu eta jatorrizko argazkiari egin beharreko aldaketak egitea. Photoshop edo antzeko programaren bat gustuko izan eta umorea dantzan atera nahi izanez gero, Aurkezpeñak forever adierazpide ezin interesgarriagoa izan daiteke.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Baso bat ardo Higgs-en ohoretan

Egunean barrena ezin izan nuen gauza handirik irakurri bezperan Suitzan, CERN laborategietan, iragarritako aurkikuntzaren inguruan: Higgs bosoia edo oso antzekoa. Lanetik bueltan, Interneten sartu eta hainbat artikulu irakurri nituen aurkikuntzaren eta Higgs bosoiaren gainean.

Pozik irakurritakoarekin, botila bat ardo ireki nuen afaltzeko, ardo zuria, bezperako aurkikuntza eta Mirenek prestatutako patata tortilla dastatu eta ospatzeko. Peter Higgs jauna, topa eta zorionak!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Path, familia eta lagunarterako

Egun hauetan sare sozial bat aurkitu dut, Path, egokia oso familia eta lagun hurbilekin konektatuta egoteko. Denetik dauka apur bat —testua, irudiak, audioa, mapak…—, baina esan liteke Facebook moduko bat dela, esparru pribaturako.

Dave Morin gazteak sortu zuen Path 2010ean, Shawn Fanning Napster-eko sortzailearekin batera, baina iaz bihurtu zen ezagun, orduko bertsio eguneratuarekin. Gaur egun bi milioi lagunek darabilte Path elkarren berri izateko. Instagram bezala —eta harekin lehian—, hau ere telefono aurreratuetan dabil, iOS eta Android sistemetan. Oraingoz 16 hizkuntzatara dago itzulita, eta, bertako arduradunek diotenez, prest daude boluntarioek hizkuntza gehiagotara itzul dezaten.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Ezbaian, sareko telebistan

Robert Wright kazetariak plataforma bat asmatu du, Bloggingheads.tv, eztabaida politikoa Internetera eramateko.  Honetaz eta hartaz hitz egiten da Bloggingheads.tv horretan: Obamaren osasun planak, zergak, Siria, Egipto, euroa, alderdikeria, gutxiengoak…, eta beti bideo kamera baten aurrean, eztabaidak bideoan erakusten baitira.

Bloggingheads.tv 2005ean sortu zen, eztabaida pizteko politika eta ideien inguruan. Eztabaidak bi lagunen artean izaten dira, eta pantaila bakarrean erakusten dira, berau bi zatitan banatuta. Bertako arduradunek diotenez, pozik daude telebista horretan ikuspegi asko eta askotarikoak agertzen direlako.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Iruzkin 1

“España, única y eterna”. Beste nazionalistak

Ez
dago zalantzarik: nazionalismoa kiroletan azaltzen da gordinen, baita
bere burua nazionalistatzat ez dutenen artean. Eurokopa adibide argia
da, Espainiako futbol selekzioak irabazi berri duena. Partida amaitu
berritan DV eta El Correo egunkariek sekulako perla utzi ziguten edizio digitalean. Hauxe
zen izenburu nagusia bietan: “España, única y eterna”. Francok ez zuen argiago
adieraziko.

Hori baina, ez da bakarra izan. Biharamonak hainbat adibide utzi zigun, paperezko edizioetan, zein baino zein deigarriagoa:

Adibideak
ez dira hor amaitzen, zeren aurreko egunetan ere Vocentok eta
konpainiak beste perla asko utzi zizkiguten, gehienak Nazionalista
espainolak
bilduman jasoak, Pinterest gunean.


Hala
ere, espainiarrek esango dute eurak ez direla nazionalistak,
nazionalistak besteak direla: euskaldunak, katalanak eta gailegoak. Guk,
berriz, badakigu aspaldiko esaldi zahar hura: “obrak dirade amore, ez
hitz onen kolore”.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Zelan argitaratu nork bere liburua sarean

Idazle asko ari dira galdetzen: zer egin behar da nork bere liburua Amazonen (edo iBooks dendan) saltzeko? Erantzuna: nahikoa da eskuizkribu bat .doc edo .docx formatuan eta kontu bat Amazonen. Erica Sadun adituak horrela azaldu du kontu hau Túaw webgunean.

Kindle Direct Publishing
Amazonek leku bat dauka nork bere liburua argitaratzeko, eta da Kindle Direct Publishing (KDP). Nahi duenak hor liburu bat argitaratu formatu elektronikoan, bertan sartu eta onartu behar ditu Amazonek ezartzen dizkion baldintzak, eta eman behar dio argitaratzaile estatubatuarrari bere kontu korrontearen zenbakia. Orri honetan dago informazio guztia.

Behin izena emanda KDP zerbitzuan, bertara joan eta deskribatu zure liburua. Ez duzu ISBNrik behar izango, ez eta aurreformaturik .mobi edo .epub formatuentzat. Aukeratu zure .doc dokumentua zure ordenagailuko idazmahaian, igo eta utzi Amazoni gainerakoa egiten. Oso erraza omen da. Areago: zure liburua irakurri ahal izango da hainbat plataformatan: iOS, Android, Mac edo Windows, Kindle liburuak plataforma horietan guztietan irakur daitezke-eta, bertan Kindle aplikazioa instalatuz gero.

Saltzen duzun liburu bakoitzeko, Amazonek kobratuko dizu %30, gehi garraio gastuak, alegia, 0,15$ megabyte bakoitzeko. Horrek esan nahi du Amazon ez dela saltokirik egokiena argazkiz eta grafikoz beteriko liburuentzat.

iBooks
Gurago baduzu zure liburuak Applen liburudendan saldu, iBooks izenekoan, orduan lan apur bat gehiago egin beharko duzu, zeren Applek hainbat gauza eskatuko dizkizu:

  • ISBN zenbaki bat liburuko.
  • Liburua igotzea .epub formatuan.
  • Kontu bat iTunes dendan, zure kreditu txartelaren zenbakia barne.

Smashwords
Aurreko guztia buruhauste handia baldin bada zuretzat, probatu Smashwords. Zure salmentaren zati batengatik, zabaldu egingo du zure liburua hainbat denda elektronikotan, iBooks barne. Horrek esan nahi du %70 irabazi barik, %60 irabaziko duzula liburu bakoitzeko, baina buruko min barik, zeren Smashwords-ek agintzen ditu:

  • ISBN doakoak.
  • Liburuak bihurtzea 9 formatutara, doan.
  • Liburuak eta datuak edonoiz eguneratzea, doan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | 2 iruzkin

Eskerrik asko, Sara!

Sara Carbonero
Bitxia zer gertatzen ari zaion Sara Carbonero kirol kazetari espainiarrari. Jakin zenetik Iker Casillas futbol izarraren andregaia zela, bera ere pertsona ospetsuen izartegira igo zen. Eurokopa honetan, berriz, jendeak turkoburu bihurtu du Twitter-en, haren lepotik barre egiteko #graciassara hashtaga erabilita.

Tele5k apaingarri huts bihurtu du futbol partiden emanaldietan, eta kate horretako esatari nagusiek —denak mutilak eta denak berbalapiko akaberakoak, Maldini salbu— galdera ezin hutsalagoak egiten dizkiote, mesprezatuko balute bezala, modu sotilean, hori bai, beti bukatzen baitute ¡Gracias Sara! esaldiarekin.

Horretaz konturatuta, zenbait tuiterlarik esaldi hori hartu eta hashtag bihurtu zuten, bertan barre egiteko kazetariaren lepotik. Joan den asteazken gaueko laprastadak (partidaren ostean Sara Carbonerok galdetu zion Iniestari ea nahiko zukeen penalti bat jaurti, konturatu barik bigarren penaltia Iniestak berak bota zuela) laprastada hark okertu baino ez zituen egin gauzak.

#graciassara etiketa horrekin argitaratu diren mezuetan denetariko motiboak suma daitezke: famatu baten lepotik barre egiteko nahia, sexismoa, krudelkeria, ondo pasatzeko nahia, barrenak hustu beharra…

Ikusiak ikusita, Sara Carbonerok berak birplanteatu egin beharko luke ea interesatzen zaion segitzea “loreontzi” rola betetzen, lan horren ondorioak begi-bistakoak dira-eta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , | 5 iruzkin

The Newsroom, idazgela

Ekainaren 24an, San Joan egunez, estreinatu zen AEBetan telesail berria bat, The Newsroom, non kontatzen baita, Aaron Sorkin gidoigileak idatzita, zer gertatzen den telebista bateko idazgelan: arazo pertsonalak, etikoak, egoak, zentsurak… Interesgarria ematen du, oso, komunikazio kontuetan gabiltzanontzat. HBOk sortu du, baina paraje hauetan ematen du Canal +ek emango duela.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 2 iruzkin

Mac eta Final Cut ala Chrome eta WeVideo?

Jeff Jarvis kazetariak —What Would Google Do? liburu famatua idatzi zuen orain hiruzpalau urte— oso iruzkin mamitsua egin du Google + sarean:

  • “Sortuko banu kazetaritza eskola bat gaur egun, ez dakit ez ote nuen egingo Chrome (eta baliteke Chrombook ordenagailuak ere) curriculumaren ardatz. Sortu genuenean CUNY kazetaritza eskola, orduan Mac eramangarriak egin genituen ardatz, eta behartu egin genituen ikasleak eramangarriak eramatera eskolara, eskolak berak hornitzen zien bitartean software ahaltsuaz (adibidez, Final Cut). Gero eta gehiago, beharrezko erremintak on line-era egiten ari dira. Ikasleentzako plataformen kostoak hondoratzen ari dira. Elkarlana bultzatzeko on line partekatutako materialen gainean hazi egiten da…”.

Alegia, guk ere ondo neurtu beharko dugu zenbateraino eska diezaiekegun ikasleei plataforma garestiak erosteko, aldi berean, beste batzuk agertzen ari badira, doakoak, hala nola WeVideo, orain dela gutxi Googlek aurkeztu duen softwarea, erabat on line, bideoak-eta editatzeko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , | Utzi iruzkina

Sanjoan bezpera ederra Bergaran

Ramon Aranzabal bere koadroaren aurrean
Atzo iluntzean Bergaran izan ginen, eta bertan oso ekimen originalaren lekuko izan ginen: Beart elkarteak antolatuta, bertako hogeita hamarretik gora artistak —margolariak, eskultoreak, graffitigileak, etab.— hainbat artelan egin zituzten, eta berauek erakutsi Bergaran itxita dauden denda, taberna, auto eskola eta horrelako saltokietan. Bergararrek, gainera, urtebete izango dute artelan horiek ikusi eta gozatzeko. Artea herritarrentzat, herritarrek egina.

Pare bat ordu luze iraun zuen ekitaldiak, artelanak banan-banan erakutsi baitziren, tartean azalpenak, bertsoak eta musika eskainita. Baita pintxoak ere bukaeran, Munibe plazan. Ekitaldi polita izan zen udako ekinozioa ospatzeko, eta ezin hobeto aprobetxatuta Bergaran talentu handiko artistak daudela. Biba zuek! (Argazkia: Ramon Aranzabal, bere lana ireki berritan)

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , | Utzi iruzkina