Zelan argitaratu nork bere liburua sarean

Idazle asko ari dira galdetzen: zer egin behar da nork bere liburua Amazonen (edo iBooks dendan) saltzeko? Erantzuna: nahikoa da eskuizkribu bat .doc edo .docx formatuan eta kontu bat Amazonen. Erica Sadun adituak horrela azaldu du kontu hau Túaw webgunean.

Kindle Direct Publishing
Amazonek leku bat dauka nork bere liburua argitaratzeko, eta da Kindle Direct Publishing (KDP). Nahi duenak hor liburu bat argitaratu formatu elektronikoan, bertan sartu eta onartu behar ditu Amazonek ezartzen dizkion baldintzak, eta eman behar dio argitaratzaile estatubatuarrari bere kontu korrontearen zenbakia. Orri honetan dago informazio guztia.

Behin izena emanda KDP zerbitzuan, bertara joan eta deskribatu zure liburua. Ez duzu ISBNrik behar izango, ez eta aurreformaturik .mobi edo .epub formatuentzat. Aukeratu zure .doc dokumentua zure ordenagailuko idazmahaian, igo eta utzi Amazoni gainerakoa egiten. Oso erraza omen da. Areago: zure liburua irakurri ahal izango da hainbat plataformatan: iOS, Android, Mac edo Windows, Kindle liburuak plataforma horietan guztietan irakur daitezke-eta, bertan Kindle aplikazioa instalatuz gero.

Saltzen duzun liburu bakoitzeko, Amazonek kobratuko dizu %30, gehi garraio gastuak, alegia, 0,15$ megabyte bakoitzeko. Horrek esan nahi du Amazon ez dela saltokirik egokiena argazkiz eta grafikoz beteriko liburuentzat.

iBooks
Gurago baduzu zure liburuak Applen liburudendan saldu, iBooks izenekoan, orduan lan apur bat gehiago egin beharko duzu, zeren Applek hainbat gauza eskatuko dizkizu:

  • ISBN zenbaki bat liburuko.
  • Liburua igotzea .epub formatuan.
  • Kontu bat iTunes dendan, zure kreditu txartelaren zenbakia barne.

Smashwords
Aurreko guztia buruhauste handia baldin bada zuretzat, probatu Smashwords. Zure salmentaren zati batengatik, zabaldu egingo du zure liburua hainbat denda elektronikotan, iBooks barne. Horrek esan nahi du %70 irabazi barik, %60 irabaziko duzula liburu bakoitzeko, baina buruko min barik, zeren Smashwords-ek agintzen ditu:

  • ISBN doakoak.
  • Liburuak bihurtzea 9 formatutara, doan.
  • Liburuak eta datuak edonoiz eguneratzea, doan.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , , . Gorde lotura.

2 Responses to Zelan argitaratu nork bere liburua sarean

  1. egilea: @GaurDaBihar

    Egun on
    Ondo daude bi horiek, baina (gustuko edo ez) ez dezagun ahaztu Google Books. Zerbitzu honek ere egileen liburuak publikatzen ditu. Esteka honetan hasita (http://books.google.com/googlebooks/publisherresources.html) erreza ematen du prozesua. Nik ez dut jarraitu, ez naiz egile/idazlea eta.

    Beste aukera bat, besterik gabe.

  2. Joxe Aranzabal egilea: Joxe Aranzabal

    Mila esker, lagun. Hori ere kontuan hartuko dugu aurrerantzean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude