Elon Musk

Elon Musk, [Ílon Mask] ahoskatuta, Hego Afrikan jaio zen orain 43 urte, eta dagoeneko munduko eragilerik handienetako bat da. Mutiko bat zela nabermendu zen programatzaile gisa, eta 12 urterekin, berak egindako bideo joko bat saldu zuen 500 dolarretan. Kanadan eta AEBetan Fisika eta Enpresa ikasketak egin zituen, baina burua beste kontu batzuetan zuela.

Oso gazte zela, diru mordoa egin zuen, milioiak, Zip2 eta PayPal salduta, eta harrezkero, lau proiektu kudeatzen ditu, zein baino zein interesgarriagoa:

  • SpaceX. Koheteak egiten ditu —oraingoz, Falcon 1 eta Falcon 9— eta espaziontziak, Dragon izenekoa, adibidez. NASAk azpikontratatu egin du, materiala garraia dezan espazioko nazioarteko estaziora. Hala ere, Elon Musk-ek urrutiago jarri ditu begiak, Marte nahi du-eta kolonizatu.
  • Tesla Motors. Auto erabat elektrikoa. Orain arte bi modelo egin ditu: Tesla Roadster, 100.000 dolarrekoa eta Tesla S, 50.000 dalarrekoa. Laster, beste modelo bat egingo du, masa produkzioan, askoz merkeagoa. Auto hauekin, Elon Musk-ek nahi du garraioa eutsigarri bihurtu, kutsadurarik gabea.
  • Solar City. 2006an sortu zen, eta bost urte geroago, eguzki energiaren hornitzailerik handiena zen AEBetan. Enpresa honekin eta Teslarekin, Musk-ek nahi du berotegi efektua gutxitu.
  • Hyperloop. Lastertasun handiko garraio sistema bat da, 30 mintutuan lotuko lituzkeena Los Angeles eta San Frantzisko hiriak, biak Kalifornian. Garraio sistema horrek eramango lituzke bidaiariak 1.100 km. orduko lastertasunean. Oraindik proiektua baino ez da.

Oporretan gaudela aprobetxatuta, goiz oso bat igaro dut Elon Muski buruz irakurtzen eta bideoak ikusten, eta harrituta geratu naiz gizon honen ekarriarekin.

 

Kategoriak Teknologia | Etiketak , , , , , | Utzi iruzkina

Olavarriako mutila

Olavarria Argentinan dago, Buenos Aires hiriburutik 305 kilometrora, eta bertan 111.000 bizilagun inguru bizi dira. Egun hauetan, horietako batek, Ignacio Hurban izenekoak, mapan jarri du herri hori, nire begietan bai, behintzat.

DNA azterketa batek erakutsi du 36 urteko gazte musikaria Laura Carlottoren semea dela, 1977an militar argentinarrek bahitu eta hildako neska, eta Estela de Carlottoren biloba, berau Maiatzeko plazako amonen bozeramalea urte luzeetan. Aurkikuntzak hautsak harrotu ditu Argentinan ez ezik, baita munduan ere, eta poza zabaldu du bazterretan.

Antza denez, diktadurarekin lotutako norbaitek umea Olavarriako senar-emazte nekazari batzuen esku jarri zuen, argitu barik haurraren jatorria. Bitarte horretan, Estela de Carlotto eta bere familia ume horren bila ibili dira Maiatzeko plazako amekin batera. Txiripaz —mutilak jakin nahi zuelako nondik zetorren, ez baitzeukan bat ere antzik bere oraingo gurasoekin—, Ignaciok DNA froga egin zuen, eta egia azaleratu egin da.

Ignacio Hurbanek bi izen-deitura ditu orain hedabideetan: Ignacio Hurban eta Guido Carlotto, bere jatorrizko familiak horrela deitzen baitio, ama biologikoak izen horrekin izendatu nahi zuen-eta haurra, bera bahitua izan aurretik. Bi izen izateak erakusten du aurrerantzean zelan aldatuko zaion bizitza Olavarriako mutilari, bat-batean, eta gura barik, izar bihurtu baita hedabideetan, azken diktadura militarraren biktimen sinbolo.

Ignacio (edo Guido, nahi duzuen bezala) musikaria da, eta pianoa jotzen du, hainbat estilotan: jazza, bluesa, tangoa, etab. Soundcloud-en bere musikaren hainbat adibide entzun daitezke. Hona hemen Juana de Alzurduy, Mujeres argentinas diskoko bat.

Kategoriak Politika | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Gure Jerusalem galdua

Zein gustura irakurri dudan Gure Jerusalem galdua eleberria, Aingeru Epaltza idazlearen azkena, eta Erresuma eta Fedea trilogiaren hondarrekoa. Durangon erosi nuen, baina uda etorri arte ez dut hartu esku artean. Behin hasita, berriz, zuzenean egin dut liburua amaitu arte.

Abentura liburu ederra iruditu zait, bikain idatzita, eta erremate paregabea trilogiarentzat. Horregatik, denetan hirugarren hau gozatu dut gehien. Eta izugarri gustatu zait Epaltzak Axular handiaz  egin duen interpretazioa, oso sinesgarria, bidenabar esanda. Eta Axular aipatuta, nork nahi du gaur egun Axular irakurri, trilogia hau edukita? Nik ez daukat zalantzarik, bietan —Axular eta Epaltza— zein den dibertigarriagoa. Euskara aldetik, gainera, azken honek inbidiarik bat ere ez Urdazubiko semeari.

 

Kategoriak Liburuak | Etiketak , , , , , , , | Utzi iruzkina

Espainia ez da Bretainia Handia

Egun hauetan PP eta PSOE alderdietako buruek beste behin adostu dute Kataluniak ezin duela galdeketarik egin autodeterminazioaz, hori “legez kanpokoa delako”. Bretainia Handiak, berriz, ez du bat ere oztoporik jarriko irailaren 18an Eskoziak galde diezaien bere herritarrei ea nahi duten independentzia. Kontrastea izugarria da.

Orain bi aste, uztailaren 12tik 18rako alean, The Economist aldizkari liberalak editorial luzea idatzi zuen, Bretainia Handiaren batasunaren alde, baina paragrafo batean oso argi adierazi zuen onartuko lukeela Eskoziaren independentzia, baldin eta irailaren 18an eskoziarrek hala erabakiko balute. Horrela zioen:

Eskoziarrek bozkatzen badute joatea, utzi egin beharko litzaieke joaten, Britainiaren bedeinkazioarekin. Autodeterminazioaren desioa oinarri sendoa da naziotasunerako, eta ez dago motiborik uste izateko Eskozia independentea desastre bat izango litzatekeela, Irlanda independentea izan dena baino gehiago.

Argi dago Espainia ez dela Bretainia Handia, eta El Pais ez dela The Economist. Gure kalterako, jakina.

Kategoriak Politika | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Albaola Itsas Kultur Faktorian

P1040268

Atzokoa egun gogoangarria izan zen guretzat, izarrak alde lerratzen diren horietakoa. Arratsaldean, lagun talde bat Pasaian elkartu ginen, asmoa genuen-eta Albaola Itsas Kultur Faktoria bisitatzeko. Bertan Xabi Agotek hartu gintuen, proiektu buruak, eta, ia hiru orduz, azaldu zigun zer den Albaola proiektua.

Denok aho zabalik geratu ginen proiektuaren ederraz, eta inor ez zen kexatu bisita ohi baino luzeagoa izan zelako, hain izan zen interesgarria. Bego emaztearentzat eta biontzat bereziki hunkigarria izan zen, gogora ekarri zigun-eta orain 30 urte Red Bay herrira egin genuen bisita, Kanadako ekialdean. Handik ekarria bageneukan elastiko bat, eta Albaolan utzi genuen, badu-eta zerikusia bertako gaiarekin.

Xabier Agotek erakusketan gidatu gintuen, proiektuaren testuingurua azaldu, faktoria bera erakutsi (barnetegi eta guzti), eta esplikatu zigun zein den Albaola proiektuaren helburua. Proiektu “glokala” da jaiotzatik, alegia, globala eta lokala, erabat bertakoa, baina munduari begira, euskaldunen garai bateko itsas jarduera bezala.

Albaolak balio du ulertzeko XVI. mende inguru horretan euskaldunek zelan erabili zuten goi mailako teknologia —garai hartako aurreratuena— beren itsas jardueran, eta jarduera hori zelan bihurtu zen ekonomiaren motor Euskal Herrian, ez bakarrik kostaldean, baita lehorrean ere. Eta Albaolak garbi uzten du euskaldunok zenbateraino ahaztu dugun hori guztia. Horregatik proiektu horren eragileek nahi dute Euskal Herriko ikastetxeetan eragin, haur euskaldunek berreskura dezaten jakintza hori.

Albaola Itsas Kultur Faktoria arnas luzeko proiektua da, erabat interesgarria, eta nire ustez, beharrezkoa. Ahal baduzue, zuek ere joan Pasaiara eta bisitatu marabilla hori, ez zarete-eta damutuko. Flickr-en dituzue hainbat argazki, atzoko bisitan egindakoak.

Mila esker Xabi Agoteri eskaini zigun denbora, informazio eta kemenagatik. Eskerrik asko Albaola Itsas Kultur Faktoria sostengatzen duten guztiei, eta, nola ez, Imanol Irizar eta Eskarne Zubero lagunei, neurri handi batean eurei esker lerratu baitziren atzo izarrak gure alde. Baita bisita ondorengo sardina-afarian ere.

Kategoriak Lagunak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Argiñetako indusketak bisitatzen

Argiñetako nekropolian

Gaur arratsaldean Argiñeta auzoan izan gara, Elorrion, bertan bisitatzeko aurtengo indusketak, bigarren urtez Bilboko Arkeologia Museoak zuzentzen dituena. Agindutako orduan, eta trumoi hots artean, 16 bat lagun elkartu gara San Adrian ermitan.

Krisek azaldu digu 2012an hasi zirela indusketa lanak, bertan herriska baten eta hilerri baten arrasto garbiak aurkitu dituztela, VIII. eta XI. mende artekoak, hor nonbait, eta aurten boluntarioak etorri direla Euskal Herritik arkeologoen lana errazteko. Azalpenak entzun ahala, aurtengo indusketak bisitatu ditugu, nekropolikoak eta ermita gaineko herriskakoak. Oso bisita interesgarria eta iradokitzailea.

Argazki guztiak Flickr-en jarri ditut. Hala ere, Argiñetako lanak modu dinamikoagoan ikusteko, hemen jartzen dizuet ETB1ek orain dela gutxi egindako bideoa.

Kategoriak Sailkatugabeak | Iruzkin 1

Zorioneko telefono kabinak

Arabiar Emirerri Batuetako langile esplotatuei minutu eskaseko poza eraman guran-edo, Coca-Cola enpresak Zorionaren telefono kabinak sortu ditu, onartzen dutenak Coca-Cola botilen tapoiak txanpon gisa, berorrekin langileek 3 minutuko deiak egin ditzaten, nazioartekoak,  euren familiekin hitz egiteko.

Kanpaina honek hilabete iraun duen arren, hautsak harrotu ditu han-hemenka. Giza eskubideen aldeko zenbaitek negargarritzat jo dute, onartzen duelako esplotazio egoera lazgarri bat, Ekialdeko langileek Arabiar Emirerri Batuetan jasotzen dutena. Beste batzuek, aldiz, goratu egin dute enpresa amerikarraren marketin sena merkatu berriak egiteko. The New Yorker aldizkariak dakar informazio zabala kontu honen inguruan.

Kategoriak Telefonoa | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Asteburua Baztanen

KordoaLandetxea

Aprobetxatuta larunbatean Mikelek eta Fatimak bilera bat zeukatela Baztanen, Nafarroa Garaian, baliatu dugu asteburu hau bertara joan eta zenbait leku bisitatzeko, orain hiru bat aste, eguraldia tarteko, amaitu barik utzi genuen bidaia ganoraz amaitze aldera. Ederra ikusi dugu Baztan, batez ere herri hauek: Arraioz, Arizkun, Erratzu, Urdaibai eta Amaiur. Eguraldia alde izan genuen, batez ere igandean, eta horrek ere, lagundu. Flickr-en utzi ditut zenbait argazki, ordukoak.

Kategoriak Familia | Etiketak , , , , , | Utzi iruzkina

Nazionalista espainiarrak

Hiru-portada

Joan den asteartean, sekulakoak entzun ziren Espainiako parlamentuan nazionalisten kontra, eta horretan bereziki nabarmendu zen Rosa Díez UPyD alderdiko buruzagia. Grazia egiten dit politikari espainiar askoren tema adierazteko, behin eta berriro, nazionalistak besteak direla, eurak ez.

Aspalditik nago arduratuta jarrera horrekin, eta orain urte pare bat-edo hasi nintzen gordetzen Pinterest webgunean egunkarietako portadak eta bestelako argazkiak, bereziki nazionalismo espainiarra erakusten dutenak. Arbela bat osatu dut, “Nazionalista espainolak” izenarekin. Begiratu ondo goitik behera, eta esadazue horiek zer diren, ez badira nazionalismo espainolaren adierazpen erabatekoak.

Beste horrenbeste gertatzen da kirol emanaldietan, eta hedabideetako tertulietan, batzuk muturreko nazionalismoaren erakustokiak. Baina horiek gordetzeko astirik eta umorerik ez, nik.

Nazionalismoa, erakundeen izenetan

Nazionalistak ez direnak, bestalde, ez dira tematzen ahal duten erakunde guztietan NACIONAL adjektiboa jartzen, Espainian gertatzen den bezala. Googlen bilaketa azkar bat eginda, Espainiako erakunde hauen izenak jaso ditut:

  • Audiencia Nacional
  • Policia Nacional
  • Lotería Nacional
  • Ballet Nacional
  • Movimiento Nacional
  • Patrimonio Nacional
  • Paradores Nacionales
  • Radio Nacional de España
  • Biblioteca Nacional de España
  • Instituto Nacional de Estadística
  • Museo Nacional del Prado
  • Museo Arqueológico Nacional
  • Teatro Nacional Español
  • Instituto Geográfico Nacional
  • Sistema Nacional de Empleo
  • Instituto Nacional del Cáncer
  • Organización Nacional de Ciegos de España
  • Comisión Nacional del Mercado de Valores
  • Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía
  • Comisión Nacional de Energía
  • Museo Nacional de Ciencias Naturales
  • Centro Nacional de Investigaciones Oncológicas
  • Instituto Nacional de Consumo
  • Plan Nacional sobre Drogas
  • Instituto Nacional de Técnica Aeroespacial
  • Centro Criptológico Nacional
  • Instituto Nacional de Administración Pública
  • Organización Nacional de Transplantes
  • Fábrica Nacional de Moneda y Timbre
  • Universidad Nacional de Educación a Distancia
  • Comisión Nacional de la Competencia
  • Federación Nacional de Trabajadorea Autónomos
  • Federación Nacional de Donantes de Sangre

Ehunka erakunde daude Espainian, milaka ez esatearren, “Nacional” adjektiboarekin. Hori ikusita, antropologo batek esango luke batzuek ardura berezia hartu dutela beren naziotasunaren hazia ereiteko estatuaren erakundeetan, garbi gera dadin nazio nagusia zein den.

Eta, hala ere, oraindik ere esango dute besteak direla nazionalistak.

Kategoriak Politika | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Carlos, hamaika urte geroago

Joxe-CarlosAtzo ospitale eguna izan nuen Galdakaon, bertan hitzordu bikoitza izan nuen-eta, Oftalmologia eta Hematologia sailetan. Eta ospitalean nengoela, topo egin nuen aspaldiko lagun batekin, Carlos Atutxa dimarra, orain hamaika urte Ramon Ugalde zena eta nirekin batera Valdecillako ospitalean izandakoa hezur-muinaren transplantea egiten.

Gabonak inguruan urtero hitz egiten dugu telefonoz, baina atzo aprobetxatu genuen soseguz berba egin eta azken berriak trukatzeko. Noiz edo behin arazoak izan arren, beti ere bigarren mailakoak, pozik gaude biok oraingoz lehen mailako arazoa, minbizia, gainditu dugulako.

Kategoriak Minbizia | Etiketak , , , , , | Iruzkin 1