Olavarriako mutila

Olavarria Argentinan dago, Buenos Aires hiriburutik 305 kilometrora, eta bertan 111.000 bizilagun inguru bizi dira. Egun hauetan, horietako batek, Ignacio Hurban izenekoak, mapan jarri du herri hori, nire begietan bai, behintzat.

DNA azterketa batek erakutsi du 36 urteko gazte musikaria Laura Carlottoren semea dela, 1977an militar argentinarrek bahitu eta hildako neska, eta Estela de Carlottoren biloba, berau Maiatzeko plazako amonen bozeramalea urte luzeetan. Aurkikuntzak hautsak harrotu ditu Argentinan ez ezik, baita munduan ere, eta poza zabaldu du bazterretan.

Antza denez, diktadurarekin lotutako norbaitek umea Olavarriako senar-emazte nekazari batzuen esku jarri zuen, argitu barik haurraren jatorria. Bitarte horretan, Estela de Carlotto eta bere familia ume horren bila ibili dira Maiatzeko plazako amekin batera. Txiripaz —mutilak jakin nahi zuelako nondik zetorren, ez baitzeukan bat ere antzik bere oraingo gurasoekin—, Ignaciok DNA froga egin zuen, eta egia azaleratu egin da.

Ignacio Hurbanek bi izen-deitura ditu orain hedabideetan: Ignacio Hurban eta Guido Carlotto, bere jatorrizko familiak horrela deitzen baitio, ama biologikoak izen horrekin izendatu nahi zuen-eta haurra, bera bahitua izan aurretik. Bi izen izateak erakusten du aurrerantzean zelan aldatuko zaion bizitza Olavarriako mutilari, bat-batean, eta gura barik, izar bihurtu baita hedabideetan, azken diktadura militarraren biktimen sinbolo.

Ignacio (edo Guido, nahi duzuen bezala) musikaria da, eta pianoa jotzen du, hainbat estilotan: jazza, bluesa, tangoa, etab. Soundcloud-en bere musikaren hainbat adibide entzun daitezke. Hona hemen Juana de Alzurduy, Mujeres argentinas diskoko bat.

Kategoria: Politika Etiketak , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude