Lazarraga eta Cervantes

Oso gustura irakurri dut joan den astean Oihana Elortzak Pruden Gartzia Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekako zuzendariari Goienkarian egindako elkarrizketa. Elkarrizketa horretan Pruden Gartziak hitz egiten du Joan Perez Lazarragak eta Miguel Cervantesek ustez izandako harremanaz, hizkuntzen erabileraz XVI. mendean, eta Oñatik eta Arabak izan zuten loturaz.

Elkarrizketa oso interesgarria da, eta Goienak argitaratu egin beharko luke Sustatun, euskaldun guztiek irakur dezaten, baita Debagoienekoak ez direnak ere.

Pruden Gartziak uste du Esteban Garibai eta Lazarraga senideak zirela, eta badaki Garibai eta Cervantes oso lagunak zirela. Hortik hasita, Prudenek uste du Lazarragak eta Cervantesek bazutela elkarren berri. Hauxe dio horren gainean:
Lazarragak idazten du ehun urte lehenago Gasteizen gertatutako istorio bat. Kontatzen du nola bere birraitona zoratu egin zen eta armadura bat soinean zuela, nola ibiltzen zen zaldi gainean lantza, ezkutu eta guzti oihuka, norbaitekin borroka egin nahian.

Garibai konexioa

Ez dakit Pruden Gartziaren hipotesiak egiaztatuko diren ala ez, baina, niri behintzat, oso interesgarria egin zait elkarrizketa oro har, eta anekdotaren atzean dagoen informazioa, alegia, XVI. mendean nolakoa zen euskaldunon harremana Madrilgo gortearekin.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Hileta

“Aita, joan naiteke Ainhoarekin elizara, Remeiren hiletara?”, galdetu zidan Mirenek, ikusita bere lagun bati gurasoek ez ziotela utzi joaten. “Bai, gura baduzu”, erantzun nik. “Horrelako egunetan, jendeak bi arrazoi izaten ditu elizara joateko: edo fededunak dira, eta behar dute hara joan otoitz egitera; edo, bestela, elkartasuna adierazi nahi diote hildakoaren familiari.”

Mirenek joan beharra sentitu zuen, asteburuetan sarri jolasten delako Amaiarekin, Remeiren alaba gazteena. Eta, berak ere, nahi zuen, helduon antzera, babesa eskaini bere laguntxoari. Hiletak hasi aurretik, han agertu zen lagun talde batekin, eta denak batera sartu ziren elizara. Gero, harrituta etorri zen etxera, zenbat jende ikusi zuen negar egiten. Aldi berean, baina, pozik zegoen, egin beharrekoa eginda.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Agur, Remei

Mirenek esan zidan, etxera sartu baino ez: “aita, Remei hil da!” Zur eta lur geratu nintzen. Banekien azken aldian makal zebilela, oso argalduta, eta oraindik ospitalean, baina ez nuen espero horrelakorik. Josu etorri zitzaidan gogora, senarra, eta Andrea eta Amaia, alabak.

**Remei Teixidó** Katalunian jaio zen orain 45 urte. Elorriora ezkondu zen, eta hemen bizi zen aspaldiko urteotan, bere familiarekin batera. Orain hiru bat urte minbizia antzeman zioten, eta harez gero hor ibili da, tratamenduekin bueltaka, ezin ezabatu gaixotasuna. Baina kementsua zen Remei, adore handikoa.

Azken kimio saioetan hasi berritan, esan zigun pozik zoratzen zebilela, kimioak ez baitzion kalterik egin. Hain zegoen pozik, ze nire liburua irakurtzen hasi zen.

—Baina zuk badakizu euskaraz, ala? Begok.

—Defendatzen naiz; bosgarren mailaraino ikasi nuen. Remeik.

Gero gainbehera hasi zen, kimioak kalterik ez, baina onik ere ez baitzion egiten, itxura guztien arabera. Eta atzo, eguerdian, joan egin zitzaigun. Agur, Remei. Besarkada handi bat zuei, Josu, Andrea eta Amaia.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Filmak bikoiztearen kontra

Atzo iritsi zitzaidan berri bat Argiaren Harian, eta aipatzen zituen “Lourdes Oñederra”:http://www.armiarma.com/zaldiero/087.htm idazle eta irakaslearen hitz batzuk, *Diario de Noticias de Álava* egunkarian esandakoak:
Erabat nago filmak jatorrizko bertsioan eta azpitituluekin ikustearen alde, eta uste dut gure umeak lehenbailehen ohitzea litzatekeela onena, azken batean ohitura kontua baita neurri handi batean (…) (Urtzi Urrutikoetxeak) arrazoi osoz azpimarratzen zuen nola filmak bikoizteko grina hau Espainiako kontua zen… Eta nik diot, ozenegi hitz egiteko era espainiarrean, ba ote da zerikusirik kanpoko filmak beti bikoiztearekin?

Goitik behera sinatzen ditut nik ere hitz horiek, nahiz ez dudan erantzunik azken galderarentzat. Beste herrialde batzuetan ibili naizenean —Holandan edo Israelen, kasu—, han hori egiten zen, filmak jatorrizko bertsioan eman, azpitituluekin. Israelen, adibidez, filma ingelesez badago, azpitituluak joango dira hebraieraz eta arabieraz, bietan. Hemen, aldiz, ohitu egin gara espainiarren ohituretara, eta hortxe segitzen dugu, tematuta erabat, sistema zaharkitu eta garesti bati lotuta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 12 iruzkin

Azalaren indarra

Lehen aldiz jakin dut baten batek erosi duela nire liburua portadagatik. Eta poztu egin naiz, ahalegin handia egin genuelako portadarekin. Batetik, nahi nuen liburuaren azalak garbi adieraztea liburuaren mamia minbiziarekin zegoela lotuta. Horretarako hautatu nuen izenburua, Medikuak esan dit minbizia dudala, eta baita argazkia ere, non ni neu burusoil agertzen naizen, kimioterapiaren ondorioz.

Atzo lagun baten mezua jaso nuen, eta, besteak beste, kontatzen zidan zer gertatu zitzaion bere lagun bati nire liburuarekin:
Gasteizko lagun batek Medikuak esan dit erosi zuen, portadagatik. Ez zuen liburua ezagutzen, baina portadak inpaktatu eta erosi egin zuen. Ostiralean deitu zidan, esateko irakurri duela. “Eta?”, galdetu nion. Erantzuna: “horrelako zerbait irakurtzeko beharra nuen”.

Eta horren gainean, Jabi Ubiernak sekulako lan ona egin zuen, ez baitzen lan erraza halako izenburu luzea uztartzea horrelako argazki batekin. Izan ere, arriskua baitzegoen azal gordinegia egiteko, eta horrek atzera eragin zezakeen hainbat jende.

Pozerako bigarren motiboa azken esaldiak eman zidan. Gasteiztar hark portadagatik erosi bai, liburua, baina gero edukiaz ere gustura geratu omen zen. Zer gehiago eska lezake egileak?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 6 iruzkin

Blogak eta marketina

Netadblog izeneko blogean irakurri dut nola Ideup marketin etxearen aholkuari jarraiturik, Espainiako bi argitaletxe — Temas de Hoy eta M.R.— hasi diren beren liburu berriak bidaltzen doan, hainbat blogari ezaguni. Horien artean daude J.J. Melero (Atalaya), Jose Luis Orihuela (eCuaderno) eta Mayoral (Diario de un Debianita).

Susmo txarrak uxatze aldera, blogari horiek azaldu dute enpresak ez diela eskatu kritika onak egitea, nahikoa dutela liburu horien gainean idaztea, ondo nahiz gaizki.

Kontua da marketin enpresak ohartu direla zer ahalmen duten blogek, eta baliatu nahi dutela horien eragina. Seguru asko, ez dira azkenak izango horrelako erabakiak hartzen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 5 iruzkin

Aulkiak, ipurdiak eta ametsak

Atzo Anjel Lertxundik zutabe zoragarria —beste bat— oparitu zigun Berria egunkarian. Ahal baduzue, irakurri. Hona hemen zatitxo bat:
Gure ipurdiaren neurriko aulki bat dago munduan gutariko bakoitzarentzat. Hantxe esertzea dugu amets.
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Eten digitala

Herenegungo artikulua dela-eta, atzo lagun batek, asko estimatzen dudan lagun batek, ohar bat bidali zidan, eta bertan adierazten zidan “amildegi digitala” baino, “eten digitala” egokiago ikusten zuela:
Hizkuntza ohartxo bat zure “Amildegi digital berria” artikuluaz. Ingelesezko “digital divide” gazteleraz “brecha digital” eman zuten noizbait, eta gero hor hasi ginen euskaldunok, “divide” eta “brecha”, bata nola bestea, emateko zalantzan. Egia esateko, “amildegi” askotan ikusten da, baina niri handi samarra iruditzen zait “digital divide” adierazteko. Nahiago dut “eten digitala” erabiltzea. Izan ere, jendearen harremanaz ari garela, euskarak badu tradizio bat, harreman hori puskatu eta haserre edo zatiketa (“divide”!) sakona gertatu denean, “eten handia” sortu dela esateko.

Arrazoizkoa deritzot lagunak esandakoari, eta aurrerantzean nik ere eten digitala erabiliko dut digital divide hori adierazteko. Eskerrik asko oharragatik!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Martin Zabaleta

1983an ezagutu genuen Martin Zabaleta mendizale euskalduna… Vancouver hirian, Kanadan. Alaskara bidean agertu zen han, Kaliforniatik zetorrela. Izeko bat zuen Vancouverren, eta harenean geratu, pare bat egun, Ipar aldera egin aurretik. Izekok guri deitu, eta hara joan ginen, kafe bat hartzera beraiekin. Gizon trinkoa agertu zitzaigun atarian, irribarre zabalekoa. Eskua ematerakoan, harrizkoa ematen zuen.

Gizon lasaia. Horrela gogoratzen dut Martin, umila, eta irribarre errazekoa. Ez dakit zenbat kafe edan genuen elkarrekin, huntaz eta hartaz hitz egiten genuen bitartean. Une batez, saiatu nintzen haren bizkar zorroa jasotzen, Alaskara eraman behar zuena…, eta ia erori egin nintzen, hain zen pisua.

Harrezkero ez dugu Martin ikusi, telebistan bakarrik, orain bost bat urte. Ile motzagoa zuen, baina pantailan ere, gure Martin ikusi genuen: lasaia, umila, eta umore onekoa. Bejondeiala!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Amildegi digital berria

Seth Godinek hautsak harrotu ditu bere azken artikuluetako batekin, Amildegi digital berria, non azaltzen baitu nola sortzen ari den amildegi gero eta handiagoa teknofiloen eta gainerako jendearen artean. Teknofiloei digerati dietzen die Seth Godinek. Digerati hitz konposatua da —“digital” eta “literati”—, eta esan nahi du alfabetatua edo jantzia kontu digitaletan. Hor sartzen dira ordenagailu zientzilari ezagunak, teknika idazleak eta blogari ezagunak.

Godinek dioenez, orain urte batzuk aipatzen zenean amildegi digitala, horrek esan nahi zuen batzuek, aberatsek, sarbidea izango zutela Internetera, eta hortik etorriko zitzaiela lana eta dirua, eta ikasteko aukerak. Gainerakoak, berriz, hortik kanpo geratuko ziren. Hori zela eta, kableatu egin ziren AEBetako eskola guztiak, inork gal ez zezan aukera hori.

Aukera kontua

Gaur egun, ostera, beste amildegi digital bat sortu da. Sarea inoiz baino indartsuago dago, eta lau haizeetara zabaltzen da. Eta giro horretan, blogariak —beraiek baitira aitzindari— ideiak barreiatzen ari dira sareak eskaintzen dizkien erremintak baliatuta.

Beraz, orain amildegiaren alde batean edo bestean egotea aukera kontua da, ez zirkunstantzien ondorio, lehen izaten zen bezala. Norberak hautatu beharko du Microsoftek jotzen duen musikan egingo duen dantza, edo ausartuko den beste irtenbide batzuk probatzen, eta aurrera egiten.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina