Udazkenean euskaratuko da Harry Potter

Gaur kaleratu da, ingelesez, Harry Potter seriaren azken liburua, Harry Potter and the Half Blood Prince, eta dagoeneko bihurtu da libururik salduena kaleratu aurretik: Amazon liburu denda birtualak adierazi du 1,4 milioi eskari jaso dituela liburu hori kaleratzen denerako.
Amazonek jakinarazi du, halaber, J.K. Rowling andreak saldu dituela liburu gehien liburu denda birtualean, zeina sortu baitzen orain 10 urte. Bestalde, Scholastic Inc enpresa arduratuko da AEBetako edizioaz, eta merkatu horri begira 10,8 milioi ale inrprimatuko ditu.

“Iñaki Mendiguren”:http://www.armiarma.com/zaldiero/152.htm itzultzaileak euskaratu ditu orain arteko liburu guztiak. Eta azken hau ere berak itzuliko du. Esan digunez, espero du liburua euskaratzen hastea datorren udazkenean —baina hori Elkar argitaletxeak esan beharko du—, eta aurreratu ere aurreratu digu nola deituko duen: ziur asko Harry Potter eta printze mestizoa.

Udazkenean hasiko dira euskaratzen

Beste kontu bat da noiz kaleratuko den euskarazko bertsioa. Zaila da hori orain zehaztea, itzultzaileak oraindik ez baitaki zenbat orrialde dituen originalak. Hala ere, salgai jar liteke 2006ko udazkenean.

Iñaki Mendigurenek sari asko jaso ditu bakarrik Harry Potter saila euskaratzearren. Hona hemen orain artekoak:

Itzulpen sarituak

  • IBBY saria. Ohorezko Ziurtagiria irabazi zuen 2002an, Harry Potter eta sorgin-harria liburuaren itzulpenagatik. (IBBY = International Board on Books for Young People).
  • Liburu Gaztea saria. 2001-2002 aldian jaso zuen, Harry Potter eta sorgin-harria liburuaren itzulpenagatik.
  • Euskadi saria. 2001ean Euskadi literatura-itzulpen onenaren saria jaso zuen Harry Potter eta sekretuen ganbera liburuagatik. Urte hartan aipamen berezia izan zuen Harry Potter eta Azkabango presoa liburuaren itzulpenak.
  • Vitoria-Gasteiz saria. 2002. urtean Harry Potter eta suaren kopa liburuaren itzulpenak irabazi zuen lehen saria gazte-literaturan.
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Liburu denda bat gutxiago

Atzo Hire liburu dendan izan nintzen, Arrasaten, eta Pilarrek eman zidan berria: datorren azaroan, itxi egingo dute liburu denda. Guztira 32 bat urte egin dituzte Martinez de Ubago ahizpek Portaloiaren ondoan liburuak-eta saltzen. Denda txikia da, baina liburu zaleok hortxe aurkitu dugu giro egokia, zerbitzua eta adiskidetasuna.
Faltan sentituko dut Hire, Arrasaten horixe izan baita nire liburu denda kuttuna. Bertan ordu mordoa egin dut, eta gustura sentitu naiz beti. Nora joango naiz orain?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Albiste bat hankaz gora

Atzo zen espaziora joatekoa Discovery transbordadorea, baina azken orduan, atzeratu egin zen haren jaurtiketa. Hori esateko, ETB2k esan zigun ia bi minutuko albiste batean, orain bi urte eta erdi Columbia transbordadorea txiki-txiki egin zela Lurraren orbitan sartu zenean. Eta gero etorri zen benetako berria: Discoveryren bidaia atzeratu egin zela.
Ikusi zenagatik, aurrez prestaturik zuten atal hori, Columbiarena, benetako albistearen lagungarri, hari background apur bat emateko, baina gero ez zuten asmatu albistea antolatzen, azken orduko atzerapenaren ostean; testuingurua izan behar zena, bihurtu zuten albiste, nahiz eta ikusleontzat albistea beste bat izan. Denok izan ahal dugu egun txar bat, baina hainbeste jende dabilen hedabide batean, ulergaitzagoa egiten da horrelako nahastea.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Argia

Halako batean, Toledoko euskalduna aspertu egin zen hiztun kaskarra izaten, eta Deustuko Unibertsitatean ikasten ari zela, erabaki zuen euskara ikastea. Eta orduan bi gauza egin zituen:

  1. Zeruko Argiaren harpidetza, astekari bat, artean egunkari itxurakoa.
  1. Erosi zuen Ixaka Lopez Mendizabalen hiztegia.

Handik aurrera, 4. maila ikasten ari nintzen, Filosofia eta Letrak, Zeruko Argia jasotzen nuen aldiro, jarri mahaian, hartu hiztegia, eta hasten nintzen astekaria irakurtzen, alderik errazenetik, herrietako kronikak. Eta orduan ikasi nuen Arrasatek bazuela berriemaile bat, Mendiaga, euskaraz idazten zuena. Eta Mendiagarekin batera —geroago jakin nuen Jose Mari Velez de Mendizabal ezkutatzen zela ezizen haren atzean—, beste kazetari batzuk deskubritu nituen: Amatiño, Mikel Atxaga, Ramon Saizarbitoria, Gurutz Ansola, etab.

Zeruko Argiak euskararen atea ireki zidan, eta haren altxorra erakutsi. Horregatik, betiko izango naiz zorretan aldizkari horrekin. Mila zorion (Zeruko) Argia egin eta egiten duzuen guztiei. Izan dezazuela ospakizun oparoa, merezi duzue-eta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Toledoko euskalduna

Sasoi batean neu nintzen “Toledoko euskalduna”. Hamabost urte nituela, horrela deitzen zidan Luxio Murgoitiok berari euskaraz hitz egiten ahalegintzen nintzen bakoitzean, hain txarto egiten nuen-eta berba. Ikasle nintzela, uda denboran Amat kooperatibara joaten nintzen, Arrasaten, diru apur bat irabazi eta ikasketak ordaintzen laguntzeko. Hor euskaldun asko zebilen lanean, tartean Luxio Murgoitio, euskaldun petoa eta Udala auzoko bizilaguna. Nik barre asko egiten nuen Luxiorekin, gizon barregarria baitzen, baina berak ere sekulako algarak egiten zituen nire lepotik, euskaldun traketsa bainintzen.

Urteak pasata, behin baino gehiago egin dut topo Luxiorekin, eta biok gogotik egin dugu barre Toledoko euskaldunaz gogoratzean. Aspaldi, ordea, ez dut ikusi bera, eta ez dakit bizi den edo ez.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Internet eta idazkuntza, etsaiak?

Luistxo Fernandezen blogean irakurri nuen nola Joan Mari Irigoien idazle finak adierazpen batzuk egin zituen DV egunkarian, eta hor ondorengo hau esaten zuen:
Lo mío es escribir, pero tenemos grandes enemigos como Internet o las nuevas tecnologías, que sin duda, afectan a nuestro campo. Pero seguiré ahí, escribiendo a diario.
Niri dagokidanez, esango nuke ezetz: Interneti esker, inoiz baino gehiago ari naiz idazten, bai laneko kontuetan, eta baita lanetik aparte ere.

Adibidez, artikulu hori irakurri nuen egunean, uztailaren 7an, lanean nengoela 22 mezu elektroniko idatzi nituen. Egun hartan, bestalde, beste bi artikulu idatzi nituen: bata blog honetan ateratzeko, eta bestea Gizakom blogean kaleratzeko.

Haratago joanez gero, ezin dut ahaztu liburu bat ere idatzi dudala, Medikuak esan dit minbizia dudala, baina hori papereratu aurretik Sustatun idatzi nuela goitik behera, hau da, Interneten.

Ez dakit Joan Mari Irigoienek nondik atera duen Internet eta teknologia berriak direla idazkuntzaren etsai. Gehiago iruditzen zait aurreiritzi bat, zerbait objektibo baino.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Autografo bat ipurdian

Orain arte sekula ez zait egokitu autografo bat idaztea ipurdi batean. Miren alaba udalekuetara joan arte. Maleta prestatzen ari zela amatxorekin, deitu egin zidan bere gelara, begien aurrean ipurdi bat ipini, eta eskatu zidan nire autografoa idazteko ipurdi hartan.
Ipurdia trapuzkoa zen, eta Urdiñeri zegokion, Mirenen panpin gogokoenari. Sinatu nuenean konturatu nintzen bazituela idatzita beste bi sinadura, Mirenena eta Begorena. Beraz, familia santuaren izenpeak eraman ditu Mirenek udalekura, panpinaren trapuzko ipurdian gordeta.

Hasieran, neure artean barre egin nuen Mirenen burutapenarekin, baina, aldi berean, hunkitu ere hunkitu ninduen, atxikimenduzko erakutsi nabarmena baitzen. Gauero Urdiñe estutzen duenean, gu ere besarkatuko gaitu, eta haren belarrietara xuxurlatzen dionean maite gaituela, guk ere halaxe erantzungo diogu.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Hasi naiteke ariketa egiten

Urtebetez galtza berezi bat jantzi behar izan dut ezker hankan, tronbosiaren ondorioz. Herenegun, baina, medikuak esan zidan kentzeko galtza hori, eta nahi izanez gero, hasteko ariketa fisikoa egiten, poliki-poliki. Horiek izan ziren ondoriorik behinenak ospitalera egindako bisitatik.
Beraz, 11 hilabete ditut Arrasate-Oñati lasterketa prestatzeko. Mantso hasi beharko naiz, ordea, minik ez hartzeko. Medikuak berak esan zidan ezker hanka apur bat atrofiatuta dudala; beraz, onena izango da hasieran etxeko bizikletan hastea, hankak gogor daitezen apur bat. Eta gero futbol zelaira, arineketaldi kontrolatuak egitera.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 9 iruzkin

Larrimina

Atzo ospitalean egin nuen denbora dezente, bi kontrol nituen-eta Galdakaon egiteko: kardiologian lehendabizi, eta hematologian gero. Itxaron gelan sartu nintzenean, kardiologian, eseri eta irakurtzen hasi nintzen, eguneko Berria. Itxaron gela, beteta. Halako batean, emakume bat jarri zen nire eskuinean, hola, hola. Irakurtzen segitu nuen, gustura. Halako batean, hasperen sakon bat. Alboko emakumea zen. Ez nion begiratu, baina iruditu zitzaidan presak janda zegoela gaixoa, noiz sartuko kontsultan, dena oso astiro zihoan eta. Handik minutugarreneko, beste hasperen bat, hori ere barru-barrutik aterea. Eta orduan, galdetu nion, “zer, presaka zabiltza ala?” Eta orduan, ustegabean, andrea hitz egiten hasi zen, gelditu barik, eta bere barrua hustu zuen, denon aurrean.

Ez, ez daukat presarik —esan zidan, gaztelaniaz, baina galiziar doinuarekin—, munduko denbora guztia daukat, baina sekulako estuasuna dut hemen barruan, senarra oso gaixorik dut-eta. Estuasun hori askatzeko modu bakarra da noizbehinka hasperen luze bat egitea. Hori egiten dudanean, esan liteke lasaitu egiten naizela. Beraz, barkatu traba egin badizut; semeak ere esaten dit, zertan zabiltza ama, denak aidean jartzen gaituzu hasperen horiekin.

Larriminak jota nago

Gaur bakarrik etorri naiz, analisi batzuen emaitzak jasotzera. Gure senarrak denetik du, bihotza gaizki, gibela, tentsioa… eta baita eskizofrenia ere. Nik uste dut diabetesa baino ez duela falta gizajoak. Ermuan bizi gara, baina zaharretxe batean sartu dugu, Durangon, bestela hil egingo ninduen-eta, eskizofreniak jota. Jo egin nahi izaten nau, eta sekulako itsusikeriak esaten dizkit, gizajoak, baina eskizofreniak eraman du horretara. Aurreko batean, bera garbitzen eta orrazten ari nintzela, esan zidan: “Ez zaitut bat ere maite!”. Eta nik erantzun orduan: “Bada nik, bai, asko maite zaitut!”, eta besarkatu egin nuen… Ez dakit, baina, ezer geratzen zaion nire hitzetatik.

Gizon onik bada, bera izan da bat, baina eskizofreniak jo zuenetik, lotu behar izan dugu, bestela edozer egiteko gai zen. Ez dakizu zein gogorra den zure senarra ohera lotu behar izatea. Eta 65 urte baino ez ditu, bi baino ez dizkit ateratzen niri, ez dakizu zer guapoa den oraindik. Hasi behar ginenean bizitza gozatzen, hauxe.

Hori dena boz goraz esan zuen, denok entzuteko moduan. Batzuetan eten egiten zitzaion jarduna, eta behin baino gehiagotan, busti egin zitzaizkion begiak. Berba egiteko premia zuen, eta askatu egin zuen barrena.

Agur

Orduan, erizainak nire izena esan zuen, sartzeko kontsultan. Irtendakoan, hantxe ikusi nuen jarrita, lehengo lekuan. Berarengana joan, eta bi musu eman nizkion, animoarekin batera. “Eskerrik asko entzuteagatik”, esan zidan, eta han geratu zen larrimina menderatu ezinik, baina apur bat lasaiago.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 3 iruzkin

Zabriskie gizajoa

Orain urte dezente, “Luis Ocaña,”:http://www.step.es/personales/jms/heroes/ocana.htm ezin nozitu-eta Eddy Merck handiaren erasoak, erori eta utzi egin behar izan zuen Tourra, soinean elastiko horia zuela. Iaz, faboritoen urrezko sortan zegoela, Iban Mayok ere muin egin zion lurrari, eta lasterketa utzi egun batzuetara. Joan den ostiralean, Tourra hasteko bezperan, Jan Ullrich zauritu egin zen, auto batek jota. Eta atzo, lider zihoala, Zabriskie jausi egin zen, kilometro bat faltako zela, hor nonbait.
Armstrong, berriz, ez da erortzen. Esan liteke beste guztiak kikilduta doazela, eta ezin dutela agoantatu amerikarrak ezartzen dien presioa. Azkenean, arrazoia izango du Gorka Etxabek, horrek dio Euskaltel nahita dagoela oraingo egoeran, bere txirrindulariei presioa kendu eta gauza handiagoak egin ditzaten, liderren baimenarekin. Nork jakin?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin