Saturraran

Aurreko batean Saturraranen izan ginen. Ondarroatik iritsi ginen hara, oinez, itsas bazterreko pasealeku berrian zehar. Pasealekua ederra da, eta bat egiten du gure haurtzaroan Saturraranen zegoen ibiltoki laburrarekin. Saturraranen, berriz, ez dago igartzerik garai batean han zegoen eraikin multzoa eta bizitasuna: apaizgaitegiaren bospasei eraikin, Goardia Zibilaren etxea… dena eraitsita dago, desagertuta.

Apaizgaitegiari dagokionez, kostatu zitzaidan Begori eta Mireni esplikatzea non zeuden logelak, non ikasgelak, etab. Orain begiratuta, gezurra dirudi hutsune horietan hainbeste gauza sar zitekeenik. Baina oroimenak huts egiten ez badit, hor zeuden denak, eta inguruan batetik bestera, zarata batean, berrehun bat mutiko, Gipuzkoa osokoak.

Ordu erdi bat-edo egin genuen Saturraranen, eta berriz Ondarroara bueltatu ginen, zaparrada hasi aurretik. Atzera bidean hasi aurretik, Mirenek atera zigun goiko argazkia.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 6 iruzkin

Aitor Larrañagaren erakusketa

Aitor adiskidea dut, eta koinatu. Argazki zale amorratua da, eta azken urte hauetan bereziki gozatzen ari da argazkigintza. Olympus kamera digitala alde batetik, eta bi ordenagailu bestetik, Windows sistemarekin bata eta Mac sistemarekin bestea, sekulako laboratorioa dauka etxean, baina lehen erabiltzen zituen likidoen usainik barik.

Herenegun Lekeition izan ginen egun pasa, eta hantxe aprobetxatu genuen Aitor Larrañagaren azken argazki erakusketa ikusteko. Erakusketa Txiki Txoko gozotegian dago, Lekeitioren erdialdean, eta, egia esatera, izugarri gustatu zitzaidan.

Azken erakusketan Aitorrek argazki serie bat antolatu du, ikusgarria, eta hor uztartzen ditu Lekeitio eta Uxue herriak, bata itsas bazterrean, eta bestea Nafarroaren bihotzean, baina orobat itsaso ikusgarri baten jabe, lainoz osatua. Badira beste argazki batzuk ere, Lekeition ateratakoak batzuk, eta Elorrion beste batzuk, Aitorren bihotzeko herriak, bera elorriarra izan arren, bere ama lekeitiarra baitzen.

Lekeitiora bazoazte, joan Txiki Txokora, kafe bat eskatu, eta gozatu erakusketa. Merezi du.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Roquetas del Mar

Espainian jende asko aztoratuta dabil, beste asko ez, Roquetas del Mar herrian Goardia Zibileko bederatzi agentek herriko nekazari bat hil dutelako ustez, kolpeka. Han gertatutakoa salbuespena omen, salbuespen deitoragarria diote Espainiako hedabide gehienek.

Baina Amnesty Internationalek datu batzuk eman ditu gaur, geure burua engaina ez dezagun.

  • 1995 eta 2002 urteen artean, AIk 320 kasu jaso ditu, non presoek tratu txarrak salatu dituzten.
  • Urtebete eta bederatzi hilabetean, 20 pertsona hil ziren Goardia Zibilaren kustodiapean zeudela.

Salbuespena ala araua? El Correo egunkariak eman du horren berri gaur.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Bizikleta

Hiru urte badira bizikleta errepidean erabili ez dudanetik, gaixotu nintzenetik bai. Atzo, ordea, berriz probatu nuen, aldapan behera, eta gaua nagusitzen ari zitzaiola egunari. Eskerrak Bego eta Miren nire atzean zetozela berebilean, argia ematen.

Lasterka hasi, eta min hartu. Horixe gertatzen ari zait behin eta berriro Elorrioko futbol zelaira joan eta entrenatzen hasten naizenean, nahiz eta lasterkaldiak tartekatzen ditudan ibilaldiekin. Ezker hanka ahul daukat, eta argi dago berau indartzeko ez dela nahikoa izango lasterkaldiak eta ibilaldiak uztartzea. Bizikletaldiak ere tartean sartuko ditut. Horregatik eraman nuen txirrindua dendara, presta ziezadaten berriz errepidean ibiltzeko.

Bizikleta horrek 20 urte ditu, izan ere, 1085ean Begok eta biok bizikleta bana erosi genuen Ottawan, Peccos dendan. Prezio onean erosi genituen, eta Guy lagunak esan zigunez, hori zen piezak Japoniatik eramaten zirelako, gero Ottawan denak muntatu eta saltzeko. Etxeratu ginenean, gurekin ekarri genituen.

Japoniatik Euskal Herrira, Kanadatik zehar

Makinatxo kilometro egin ditugu inguru hauetan bizikleta horiekin. Lasterketako bizikletak dira, baina hemengoak baino astunagoak. Guri, baina, horrek ez digu axolarik.

Dendatik Esteñibarrera eraman genuen bizikleta, eta hantxe garbitu, gainean hiru urteko kraka baitzeukan trastoak. Konturatu orduko, baina, iluntzen hasia zen. Afari pasada eginda, Mikelek jaka potolo samarra utzi zidan, gaueko hotzetik babesteko, aldapan behera dezente igartzen da-eta haizearen eragina.

Ume baten antzo

Ni aurretik abiatu nintzen, eta Bego eta Miren atzetik, argia ematen berebiletik. Eskerrak horrela egin genuela, bestela, zenbait lekutan piperrik ere ez nuen ikusten, arbola artean ilun-ilun. Lipar batez, iruditu zitzaidan hamabost urte nituela. Aurpegian, haize hotza, bihotzean emozioa, eta barrenean, oihu egiteko gogo bizia. Mirenek antzeko zerbait sentitu, antza, bera hasi hasi baitzen oihuka nire atzetik: “aupa, aita, txapelduna!”, esaten zidan burua leihotik aterata. Orduan barre egin nuen, zoriontsu, ezkerreko eskua manillerrean tinko, eta eskuinekoa frenoan.

Ia pedalei eragin barik iritsi nintzen errepide nagusira, dena aldapan behera. Handik garajera, berriz, ziztu batean. Iritsi ginenean, Bego barrezka ari zen, eta Miren zer esanik ez. Ez dut uste erraz ahaztuko duenik jaitsiera hori, Nik ere ez.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Bizkaia maite

Atzo arratsaldean txango ederra egin genuen. Paula eta Kontxa beribilean hartu, egun hauetan gure ama eta Mikelena Esteñibarren baitaude astea pasatzen, eta Bizkaiko zenbait leku polit bisitatu genituen.
Ziortza

Lehenik eta behin Ziortzara joan ginen, eta han monasterioa bisitatu. Ondoko argazkia hantxe atera genuen, monasterioaren klaustroan. Ezkerretik eskuinera, hor dituzue Miren, Fatima, Kontxa, Paula, Bego eta Mikel. Han ginela, hainbat erromes iritsi ziren, ostatu bila, Ziortza Done Jakue bidean baitago, kostaldeko bidean.

Ziortza utzi eta Ansotegi hotelera joan ginen, gure amek ikus zezaten antzinako burdinola, gaur egun hotel bihurtua. Ez genuen hutsik egin, izugarri gustatu zitzaien-eta nola berriztu duten behialako burdinola. Freskagarri bat hartu, eta osteratxo bat egin genuen hango bidegorrian zehar, eguraldi ona lagun.

Gero Ziortzabeitian izan ginen, eta kafe gozo bat hartu genuen orain hilabete baino gutxiago Miren egondako udalekuen egoitzan. Hara ere erromes talde bat iritsi zen, aprobetxaturik 60 litera dituztela aterpetxean. Andre batek esan zigunez, urtetik urtera gero eta erromes gehiago iristen dira, batez ere Interneten ezarri zutenetik kostaldeko bidearen berri. Guretzat ezustekoa izan zen, ez genuen uste-eta hainbeste jende ibiliko zenik bide horretatik. Antza denez, Debatik etortzen joaten dira Ziortzara, eta hurrengo etapa Ziortza-Gernika izaten dute.

Aprobetxaturik gerttu geundela, Barinagarako bidea hartu, eta, lehendabizi, Iturbe baserria bisitatu genuen, Jose Maria Arizmendiarrietaren jaiotetxea. Kanpotik ikusi besterik ez genuen egin. Gero bai, Barinagara joan, eta hura bisitatu genuen, Bego emazteak gidaturik, txikitan bera eta bere familia udaro joaten baitziren hara uda pasatzera, urte haietan osaba Benito baitzuten abade Barinagan. Han Mari Errota agurtu genuen, Jose Maria Arizmendiarrietaren arreba, eta baita Gregori, Txasio pilotarien ama, zeinek oparitu baitzigun sorta bat albaka usaintsua.

Ansotegi

Bidaia bukatu aurretik, eta etxera bidean berriz, Trabakuan sartu ginen, eta han Josu Mendizabalek afari gozoa prestatu zigun: Gernikako piperrak, onddoak, kroketak, hegaluze paparrak, pellak, eta beste jaki gozo jan genituen.

Barinaga

Trabakua

Gaueko 23:30ean iritsi ginen etxera, pozik, aseturik, eta umore onean. Bizkaiak merezi du.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Aupa Martin!

Hasieran uste genuen pare bat ordu ikusita nahikoa izango zela, neskatilak berehala aspertuko zirelako, baina kia, bost ordu eta erdi egin genituen han, eta ezin gaztetxoak ipini etxera bidean, hain gustura ari baitziren plato hartan, artisten eta teknikarien artean!

Joan den ostegunean Donostian izan ginen, Miramonen, ikusten nola grabatzen zen Martin telesailaren atal bat. Bego, Miren eta hirurok joan ginen, eta Mirenen beste bi lagun, Maddalen eta Ainhoa. Inoiz esan dut gurean oso gustura ikusten dugula Martin telesaila, eta horregatik, neskatilek pozez zoratzen hartu zuten Bea Zabalondo lagunaren gonbita.

Izan ere, bai Eneko Olasagasti zuzendariak nola Aitor errealizatzaileak eta hango artista guztiek sekulako harrera egin ziguten, amoltsu neskatilekin, eta arretatsu gurekin. Oso ondo pasatu genuen. Mila esker Beari eta Martin egiten duzuen talde osoari.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 3 iruzkin

Armstrong

Aspaldiko partez, atzo patxadaz irakurri nuen “El País”:http://www.elpais.es/index.html egunkaria. Astelehena zen, eta sakon irakurri nituen kirolak, niretzat El País baita kirol egunkaririk onena inguru hauetan. Noski, atzokoan Lance Armstrong txapeldunaren azken balentriak orrialde asko bete zituen.
Baina denetan artikulu batek eman zidan atentzioa, Alejandro Lucíak idatzitakoak. “Al límite humano”:http://www.elpais.es/articulo/elppordep/20050725elpepidep_6/Tes zuen izena, eta, besteak beste, aztertzen zuen Armstrongen egitandia medikuntzaren ikuspegitik, minbizia bizi izan dugunoi ekar diezagukeen onuragatik. Honela zioen pasarte batek: — Su hazaña refleja la capacidad del cuerpo humano de adaptarse al entrenamiento físico, por muy deteriorado que sea su estado previo. Gracias a los avances de la biomedicina, la tasa de supervivencia de muchos tipos de cáncer ha aumentado muy significativamente en los últimos años. Así, un importante desafío al que se enfrenta la medicina del siglo XXI es el de mejorar la calidad de vida y el estado físico en el que quedan todos aquellos que consiguen vencer al cáncer y a otras enfermedades crónicas. Y en ello el entrenamiento físico tiene mucho que aportar.

Argi dago Armstrong gai izan bada zazpi Tour irabazteko minbizia garaituta, gu ere gauza garela bizimodu normala egiteko, uko egin barik eguneroko kirol jarduerari, berau apala izan arren. Eskerrik asko, Lance!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Atarikoen bazkaria

Halaxe da, hamalau bat urte igaro dira lehen bazkaria egin genuenetik Berrio-Otxoa kaleko 41. atariko bizilagunok, hemen, Elorrion. Luze iritzita, erabaki genuen beste bat egin behar genuela, oraingo honetan partaide bat gehiagorekin, Miren ere gurekin izango zen-eta.
Eta halaxe egin genuen larunbat eguerdian. Hiru mahai jaitsi atarira, eta, hantxe bertan jarri ginen hamaika lagun, atari horretan bizi garen guztiak. Aitor izan genuen sukaldari eta antolatzaile nagusi, eta Joseba laguntzaile primerakoa.

Hasteko zizka-mizkak jan genituen; gero, entsalada eta kokotxak; ondoren azpizuna, eta, bukatzeko ostopila, bikaina. Ondo hasi ditugu oporrak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Folksonomia

Lehenengo del.icio.us atera zen. Gero, Flickr. Eta orain Tagzania. Azken honetaz beste egun batean hitz egingo dut, Euskal Herriko enpresa batek sortu baitu, CodeSyntaxek, eta dagoeneko hautsak harrotu baititu Interneten. Kontua da hirurek lan egiten dutela etiketak erabilita, eta horien bidez, sortzen ari direla beste modu bat, erabat bestelakoa, informazioa antolatzeko.
Halakoa da etiketek sarera ekarri duten iraultza zer hitz berri bat sortu da izendatzeko informazioa kudeatzeko modu hori, non erabiltzailea den jaun eta jabe. Hitz hori da folksonomia.

Folksonomia da elkarren arteko mailaketa bat, norberak aukeratutako etiketak erabilita. Modu errazagoan esanda, neologismo hori erabiltzen da izendatzeko jende multzo bat hasten dena bere kasa elkarlanean informazioa kategoriatan antolatzen. Sailkatzeko metodo formaletan ez bezala, fenomeno hori jeneralean agertzen da komunitate ez hierarkikoetan, hala nola webgune publikoetan, eta ez talde mailakatuetan. Nola informazio antolatzaileak diren berorren lehen erabiltzaileak, folksonomiak sortzen ditu emaitza batzuk zeinek ispilatzen duten zehatzago populazio horrek zer modelo kontzeptual duen informazioaren gainean.

Definizioa

Bai del.icio.us, nola Flickr, eta Tagzania folksonomiaren adibide argiak dira. Badira beste adibide batzuk.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Cibelle-ren zain

Azken bost asteburuotan bapo gozatu dugu musikaz Elorrion, Musikaire jaialdiei esker. Datorren hau izango da, gainera, azken asteburua aurten. Azkena bai, baina ez makala gero! Izan ere, Cibelle dator Elorriora, Brasildik etorri den izar distiratsua. Nik, behintzat, sekulako gogoa dut Cibelleri entzuteko, eta desiratzen nago gaua noiz helduko, herriko plazan lasai jarri, eta artista brasildarraren arteaz gozatzeko. Horregatik, hain zuzen, gaur ohi baino lehenago jaitsi beharko gara kafea hartzera Piponera, plaza jendez mukuru egongo baita.

Gehiago jakin nahi duzuenok, bai Musikairez eta baita Cibelle-ren gainean, Sustatun duzue informazio gehiago. Ondo segi, eta gauera arte, gonbidatuta zaudete-eta Elorriora etortzera.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina