Aste gogorra

Joan den aste hau gelditu barik ibili naiz, laneko kontuak direla eta. Urriaren erdi aldean Mondragon Unibertsitateak aldizkari bat kaleratuko du, paperezko aldizkari bat, eta ni nabilenez berau koordinatzen, jo eta su tokatu zait ibiltzea: elkarrizketak egiten, datuak jasotzen, artikuluak idazten, deiak, zuzenketak, pantaila aurreko ajusteak… Hori eta fakultateko beste kontu batzuk, hala nola praktikak eta karrera amaierako proiektuak, barne komunikazioa, prentsa oharrak… Kontua da apenas izan dudala astirik Faroa eta Gizakom blogetan idazteko, ez eta besteen blogetan sartzeko ere.

Erredakzio Kontseilua osatzen dugunok horrela ibili gara, baina, zorionez, guri dagozkigun lan gehienak eginak daude, eta hemendik aurrera espero dut apur bat lasaixeago ibiltzea, Interneten gehiago begiratzea, irakurtzea…, eta ariketa fisikoa egiten hastea, irailean erabat lagata izan dut-eta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Maria Luisaren alaba

Bitxia izan zen. Txoritokian nengoen, ordenagailuan, etxeko neskak Goenkale ikusten ari ziren bitartean. Halako batean, telebistatik zetorren musika erabat aldatu zen, eta jite dramatikoa hartu. Behera jaitsi nintzen berehala, sumatu bainuen une erabakigarria zetorrela. Eta halaxe izan.

Maria Luisak neska heldu bat zuen aurrez aurre, eta horrek ez zion esan, bada, bere alaba zela! Begiak platerak bezala zituen gure Mirenek, nahiz eta aurretik jakin Maria Luisari alaba bat agertuko zitzaiola, telebistak berak aurreratu zuelako behin baino gehiagotan.

Jarraipena ikusteko gogoz geratu ginen, baina itxaron beharko dugu, atzo behintzat, Athleticek hartu baitzuen Goenkaleren lekua pantaila txikian.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Ene Zerak

Aitor Larrañaga aspalditxotik zebilen jolasean blog batekin, batez ere hor bere argazkiak eskegitzeko, baina ausartu barik frogatik harantzago egiten. Orain bai. Hortxe duzue Ene Zerak, Aitor Larrañaga elorriarraren bloga. Edo hobeto esanda, fotobloga.

Oraingoan 10 serie eskegi ditu blogean, batzuk argazki bakarrekoak, eta beste batzuk bikoak, gehienak Lekeition erakutsitakoak uda honetan. Ia denetan itsasoa du gai nagusi Aitorrek erakusketa horretan, lehorrekoa (Uxuen), eta bestea (Lekeition).

Sartzen bazarete Aitorren blogean, klik egin argazki bakoitzean, eta orduan gozatuko duzue benetan erakusketa.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 4 iruzkin

Ibarretxerekin berbetan

Atzo gertatu zen, Oñatin. Mondragon Unibertsitatearen ikasturte hasiera egin behar zen Santa Ana aretoan, eta hantxe egokitu zitzaidan, txiripaz, Juan Jose Ibarretxeé_Ibarretxe_Markuartu Euskadiko lehendakariarekin berba egitea. Zertaz hitz egin genuen?

Lehendakaria sartu zenean, jende asko hurbildu zitzaion, agintariak batez ere. Guk, hori ikusita, atzera egin genuen, eta kristalezko hormaren kontra jarri ginen, jendeari trabarik ez egiteko. Halako batean, baina, Ibarretxe zuzenean etorri zen gure arteko lankide batengana, Susana Azpilikuetarengana, eta, agurtu ondoren, harekin hitz egiten aritu zen apur batez. Gero gu ere agurtu gintuen, Susanarekin geunden lankideak, Miren Gabantxo eta biok. Eta hirurokin geratu zen, aurrez aurre.

“Eta, atzo ibili zinen bizikletaz?” galdetu nion nik, bai bainekien igande gehienetan Ibarretxe bizikletaz ibiltzen dela. Eta berak berehala erantzun zuen baietz, Gorbeia aldean ibili zela, “mendiko txirrindulaz”. Eta benetan gozatu zuela eguraldiaz, fresko egin arren.

Laurok berbetan ari ginela, argazkilari ugari hurbildu ziren, eta, bat-batean, flash mordoa disparatu ziren inguruan, aktoreak bagina legez. Guk, berriz, berba eta berba, oraingoan udazkenaren ederraz. Ibarretxe atsegin egon zen, eta erakutsi zigun badakiela jendetasuna zer den. Aldendu zenean, barre egin genuen, egoeraren bitxiagatik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Udalatx mendiaren tripan

Larunbat goizean Udalatx mendiaren barrunbean sartu nintzen, 300 bat metro barrura, beste hiru lagunekin batera, Kanpanzar Harrobiko nagusiak gonbidatuta. Eztabaida gune beroa, beraz, nahiz eta hor barruan sekulako haize lasterrak ibili, eta hotzak.

Azken urteotan Kanpanzar Harrobiak sekulako haginkada egin dio Udalatxi, Kanpazar mendatearen aldetik. Hor, baina, baimena du harria ateratzeko beste hamabost urterako. Hori ikusita, harrobikoak hasi dira pentsatzen beste alternatibetan, eta, nazioartean horrelako zer beste kasu dauden aztertuta, proposatu dute, Oviedoko Unibertsitatearen laguntzarekin, Udalatx ustiatzea barrutik, harria ateratzea mendia zulatuta.

Beren proiektua onartuz gero, hogeita bost bat urtez aterako lukete harria Udalatxen tripatik, horren barruan galeria sistema bat erabilita, beti ere zutabe sendoak utzita, ezer erori ez dadin. Suedian, Italian, eta beste herrialde batzuetan dagoeneko erabiltzen omen da sistema hori, eta ondoren, geratzen diren galeria handi horiek aprobetxatu egiten dira beste jarduera batzuetarako.

Kanpanzar Harrobiak ohartarazi zigun Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, Debagoienean bakarrik 15 tona harri behar izaten direla bizilaguneko (Euskal Herrian, 9,7). Izan ere, datozen urteotan Arrasaten bakarrik, autobidea egin behar da, Olandixo tunela, sekulako parkina Garibai etorkidean, eta milatik gora etxebizitza, besteak beste. Alegia, Debagoienak sekulako eskaria duela, beste inon baino handiagoa, harria erabiltzeko.

Kontrako ahotsak

Udalatx zulatzearen kontrakoek, berriz, diote proiektu horiek datozen laupabost urteotan egiteko direla, alegia, mendia zulatzen hasi baino urte dezente lehenagokoak. Beraz, proiektu horiek ez liratekeela sartuko orduko harri premietan.

Edonola ere, Kanpanzar Harrobiaren egitasmoak gizarteratu egin du askotan ikusi nahi ez dugun kontraesana: etxebizitzak, autobideak, bideak, tunelak, parkinak eskatzen ari gara, horiek egiteko harria behar da, baina ez dugu jakin nahi nondik ekarriko den harri hori. Harrobiak berak proposatzen du hemen bertan ateratzea harria, ingurumenari kalte txikiagoa eginda, garraio kostu txikirekin, aprobetxaturik lan horretan duten jakituria eta makineria, lur azpian erabiltzeko, eta lanpostuei eutsita.

Badakit Kanpanzar Harrobiak enpresa bat dela, eta operazio hortatik dirua egin nahi duela, munduko enpresa guztiek bezala, baina iruditzen zait zintzo eta ausart jokatzen ari dela kontu horretan. Etorkizunari begira jarri da, ziurtatzeko bere jardueraren jarraipena, eta horretarako Oviedoko Unibertsitatearen lankidetza ziurtatu du, asturiarrek gehiago baitakite lur azpian lan egiteko kontuetan. Prest dago, hala ere, beste jarduera batzuetan bilatzeko negozioaren jarraipena, baldin eta agizarteak erabakiz gero beste garapen eredu bat nahi duela, porlan eta asfalto gutxiago erabilita.

Nik eskertzen diot Juan Luis Etxeberriari egin zigun gonbita, eta eskaini zigun denbora hura guztia azaltzeko. Eta iruditzen zait Debagoieneko jendeak ere entzun beharko lituzkeela Montxonek emandako azalpenak, eta ikusi hark erakutsitakoa, eta hortik, ekologistekin eta bertan parte hartu nahi duten guztiekin batera, abiatu eztabaida, zer garapen eredu nahi dugun, zer zerbitzu behar ditugun, izadia non geratzen den horretan guztian, eta Udalatx zulatu edo ez. Iruditzen zait eztabaida zabala izan behar dela, emankorra izango bada.

Informazioa zabaldu

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 12 iruzkin

Lerro bakarreko izenburuak

Faroa Goiena.net-en komunitatera ekarri nuenetik, sei hilabete luzez, beti idatzi ditut artikuluen izenburuak bi zatitan: titulua eta azpititulua. Goiena.net-ek horretarako aukera ematen zidanez, erabaki nuen berau aprobetxatzea, eta, horrela, hasi nintzen, askotan majo kostata, formula hori erabiltzen, titulua eta azpititulua.

Orduan nire burua behartu nahi izan nuen, ikusteko zer moduz moldatzen nintzen, eta zenbateraino nintzen gai horrela titulatzeko, ganoraz. Urte erdiz bete dut hasierako asmoa, eta orain erabaki dut nahikoa dela. Hemendik aurrera —hobeto esanda, badira egun batzuk
titulatzeko modua aldatu dudala—, aurrerantzean nire artikuluek izenburu bakarra eramango dute. Ikusiko dugu noiz arte.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Maketo

Tabernaren ertz batean nago, koinatua agurtzeko zain. Nire ondoan, bi gizon nagusi, txikito bana edaten. Euskaraz ari dira. Halako batean hirugarren bat hurbiltzen da, erdalduna, eta zerbait esaten die, adar soinuan. “¡Vete por ahí y déjanos en paz, maketo!”, erantzun dio haietako batek, hura ere adar soinuan. Ilea laztu zait hori entzunda. Bromatan ere, ez zait bat ere gustatzen maketo hitza.

Etxera etorri, eta gogoratu naiz Koldo Mitxelenari irakurri niola zerbait maketo hitzaz. Eugenio Ibarzabalen liburua hartu dut esku artean, eta irakurri egin dut:
Maketo es un término no vasco, como sabía perfectamente Sabino Arana, introducido aquí por el nacionalismo de influencia vizcaína. En la Ría se trata de un préstamo montañés. En Torrelavega, donde estuve un año, me llevé una gran sorpresa al oírlo emplear corrientemente para designar a la gente de Palencia, como solían explicar; es decir, a los ‘castellanos’. No se trata, pues, de ningún invento nuestro. (17. or.)

Kantabriarren asmakizuna izan edo geurea, niri, behintzat, ez zait bat ere gustatzen hitz hori inoren ezpanetan entzutea.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Mariano Ferrer, Radio Euskadin

Astelehen gauean ohera joan aurretik, haginak garbitu bitartean, irratia piztu eta, hara non, Ganbara irratsaioan Mariano Ferrer kazetariaren ahotsa entzun nuen, Radio Euskadin. Irratsaioa bukatzear zegoen, baina bi ahots, behintzat, ezagutu nituen: Marianorena, eta Jose Felix Azurmendirena. Antza denez, Mariano izan da Radio Euskadiren azken fitxajea gauerako.

Ez dakit gauero arituko den, egun biz bat, edo astean behin, baina poztu egin nintzen Marianoren ahotsa berriro entzuteaz, haren iritziak beti dira-eta interesgarriak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Eguraldia eta mahatsa

Igande gauean oheratu zenean, esan zidan Mirenek: “aita, entzun duzu zelako zaparrada?”. Baietz, nik, gogor ari zuela. “Hori ez da izango, bada, ona mahastientzat”, erantzun berak. Behin irailera iritsita, familia osoa eta lagun asko horrela ari gara pentsatzen, eguraldia neurtzen dugu kontuan hartuta ona izango ote den, edo kaltegarria, Esteñibarko mahastientzat.

Orain arteko eguraldia primerakoa izan da mahatsarentzat: eguzkitsua eta lehorra. Horregatik, mahatsa dago ona eta ugari “Esteñibarren.”:http://www.goiena.net/blogak/piperrautsa/66 Orain, berriz, euria etorri da, eta denok arduratan, asko eginez gero kaltegarri izan daiteke-eta alearentzat.

Ordu asko egiten ditugu Esteñibarren, gauza bat ez bada, beste bat egiten (baita tripafestak ere), eta bat egiten dugu Mikelen eta Fatimaren ardurarekin, eurek asko dute-eta jokoan, urtean hainbeste lan eginda. Eguraldia lagun, mahats bilketa irailaren 24an izan daiteke. Ea bien bitartean eguzki ederra egiten duen. Eskatzeagatik…

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Ipotxa eta nanoa

Applek iPod Mini aurkeztu zuenean, 2004ko otsailean, “ipotxa” deitu genion. Izan ere, txiripa hutsa bazen ere, musika jogailua oso txikia baitzen, eta izen biek bazuten antzekotasun handia, batez ere fonetikoa. Joan den asteazkenean Steve Jobsek aurkeztu zuen iPod Nano, eta horri, bistan da, deituko diogu “nanoa,” soinuz ezezik, esanahiz ere berdinak baitira.

Nanoak kritika oso onak jaso ditu. Hala ere, nik ez dut orain erosiko, gustura nabil-eta ipotxarekin, nahiz eta nirea astunagoa izan berria baino. Iaz oparitu zidaten ipotxa, nire urtebetetzerako, eta espero dut urte batzuk irautea, jakinda ere Applek ez duela gehiago produzituko. Hala izan bedi.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina