Udalatx mendiaren tripan

Larunbat goizean Udalatx mendiaren barrunbean sartu nintzen, 300 bat metro barrura, beste hiru lagunekin batera, Kanpanzar Harrobiko nagusiak gonbidatuta. Eztabaida gune beroa, beraz, nahiz eta hor barruan sekulako haize lasterrak ibili, eta hotzak.

Azken urteotan Kanpanzar Harrobiak sekulako haginkada egin dio Udalatxi, Kanpazar mendatearen aldetik. Hor, baina, baimena du harria ateratzeko beste hamabost urterako. Hori ikusita, harrobikoak hasi dira pentsatzen beste alternatibetan, eta, nazioartean horrelako zer beste kasu dauden aztertuta, proposatu dute, Oviedoko Unibertsitatearen laguntzarekin, Udalatx ustiatzea barrutik, harria ateratzea mendia zulatuta.

Beren proiektua onartuz gero, hogeita bost bat urtez aterako lukete harria Udalatxen tripatik, horren barruan galeria sistema bat erabilita, beti ere zutabe sendoak utzita, ezer erori ez dadin. Suedian, Italian, eta beste herrialde batzuetan dagoeneko erabiltzen omen da sistema hori, eta ondoren, geratzen diren galeria handi horiek aprobetxatu egiten dira beste jarduera batzuetarako.

Kanpanzar Harrobiak ohartarazi zigun Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, Debagoienean bakarrik 15 tona harri behar izaten direla bizilaguneko (Euskal Herrian, 9,7). Izan ere, datozen urteotan Arrasaten bakarrik, autobidea egin behar da, Olandixo tunela, sekulako parkina Garibai etorkidean, eta milatik gora etxebizitza, besteak beste. Alegia, Debagoienak sekulako eskaria duela, beste inon baino handiagoa, harria erabiltzeko.

Kontrako ahotsak

Udalatx zulatzearen kontrakoek, berriz, diote proiektu horiek datozen laupabost urteotan egiteko direla, alegia, mendia zulatzen hasi baino urte dezente lehenagokoak. Beraz, proiektu horiek ez liratekeela sartuko orduko harri premietan.

Edonola ere, Kanpanzar Harrobiaren egitasmoak gizarteratu egin du askotan ikusi nahi ez dugun kontraesana: etxebizitzak, autobideak, bideak, tunelak, parkinak eskatzen ari gara, horiek egiteko harria behar da, baina ez dugu jakin nahi nondik ekarriko den harri hori. Harrobiak berak proposatzen du hemen bertan ateratzea harria, ingurumenari kalte txikiagoa eginda, garraio kostu txikirekin, aprobetxaturik lan horretan duten jakituria eta makineria, lur azpian erabiltzeko, eta lanpostuei eutsita.

Badakit Kanpanzar Harrobiak enpresa bat dela, eta operazio hortatik dirua egin nahi duela, munduko enpresa guztiek bezala, baina iruditzen zait zintzo eta ausart jokatzen ari dela kontu horretan. Etorkizunari begira jarri da, ziurtatzeko bere jardueraren jarraipena, eta horretarako Oviedoko Unibertsitatearen lankidetza ziurtatu du, asturiarrek gehiago baitakite lur azpian lan egiteko kontuetan. Prest dago, hala ere, beste jarduera batzuetan bilatzeko negozioaren jarraipena, baldin eta agizarteak erabakiz gero beste garapen eredu bat nahi duela, porlan eta asfalto gutxiago erabilita.

Nik eskertzen diot Juan Luis Etxeberriari egin zigun gonbita, eta eskaini zigun denbora hura guztia azaltzeko. Eta iruditzen zait Debagoieneko jendeak ere entzun beharko lituzkeela Montxonek emandako azalpenak, eta ikusi hark erakutsitakoa, eta hortik, ekologistekin eta bertan parte hartu nahi duten guztiekin batera, abiatu eztabaida, zer garapen eredu nahi dugun, zer zerbitzu behar ditugun, izadia non geratzen den horretan guztian, eta Udalatx zulatu edo ez. Iruditzen zait eztabaida zabala izan behar dela, emankorra izango bada.

Informazioa zabaldu

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

12 Responses to Udalatx mendiaren tripan

  1. egilea: Patxi

    Urretxutik Azkoitia aldera zoazela ere badago harrobi bat, eta honen zuloa nere harriduraren tamainan haziz doa. Ez dakit harritzen bakarra naizen, baina mendiari jaten ari zaion pusketa ez da nolanahikoa. Nahiko zokoan geratzen dala ta… Horregatik izango da.

    Nere ezjakintasunean, mendiari barrua jateari ez diot inolako eragozpenik ikusten. Kontra daudenen iritzia zein dan jakin behar. Zertan kaltetu dezake ingurua, mendi bati tripa hustutzeak?

    Zertarako erabiltzen dan harria, hori beste kontu bat da.

  2. egilea: J.

    Nik ere, Joxeren azalpenak irakurrita, proiektua nahiko ondo ikusten dut, hobeto azpitik harria ateratzea, ez da ikusten eta mendia ez da bertan behera jausiko, eta hobeto behar dugun harria bertatik ateratzea (buruaskitasuna edo autosufizientzia); kontua da harrobiko arduradunei ia ez diotela aukerarik eman azalpenak emateko.
    Nire burua ekologistatzat daukat, baina ez nator bat inguru honetan daukagun ekologista traszendentalista horiekin; Udalatx mendi sakratua dela, ukiezina, eta enparauak.
    Finean, ekologista traszendentalista horien goreneko helburua Fort California furgoneta erostea baino ez da. Kontradikzioz josita daude.

  3. egilea: J.

    lapsus bat izan dut: Wolksvagen California esan nahi nuen.

  4. egilea: J.

    Uluen ekuazioaz ari gara? Kontrakoek zarata handia atarako dute: manifak, pankartak, sinadura-bilketak, etab. Aldekoak, ixilik.
    Hortan, gizartearen erantzuna: itxuraz, guztiz kontrakoa. Benetakoa ote?

  5. egilea: Joxe Aranzabal

    Niri ere atentzioa eman zidan Etxeberriaren jarrerak, bera prest baitago eztabaida baten emaitza onartzeko, baina eztabaida gizartearen garapen eredua. kontuan hartuta, eta ez mugatuta Udalatxen sinbologiara.

  6. egilea: Patxi
    1. ri, gogoeta batzuk:

    Ixilik daudenak, batzuk alde egongo dira, beste batzuk indiferente, eta beste batzuk kontra, uluak egin zale ez direlako beharbada, edo beren ezadostasuna azaltzeko toki apropos-eraginkorrik aurkitzen ez dutelako.

    Herriari komeni zaizkion erabakiak hartzeko aukera partidu politikoen esku uzten da, lau urtetik behin, baina horrek ez du esan nahi, kontu jakin batzuetan, partiduek herriaren gehiengoaren borondatea errespetatzen dutenik. Makina bat aldiz, guztiz kontrakoa gertatu da.

    Batez ere naturarekin zerikusia duten gaiekin, partiduek eskrupulosoak izan beharko lukete, herriaren iritzia zein dan jakite aldera.

    Bestaldetik, uluak egiten dituztenak, ondo dokumentatuta egoten direla esango nuke, eta ulu egiteko motibuekin. Nere irudipena da. Beste kontu bat da uluak errentagarri diren jende gehiagoren atxikimendua lortze aldera.

  7. egilea: Patxi

    Jotari berriz, ahaztutako bat:

    Kontradikzioz beteta danok gaude. Hala ere, justua iruditzen zaiena defendatzen saiatzeak, kontradikzioz beteta egonda ere, euren alde hitzegiten du, ez kontra. Nere ustez.

    Emaidazu neri nahi adina ekologista traszendentalista, Volkswagen California eta guzti, Volkswagen Californiadun ajolagabe koadrila bat baino. Lehenengoei sikiera koloreak atera zeniezaizkieke. Bigarrenei hori ere ez.

  8. egilea: J.

    Patxi:
    dena ezin da utzi “herriaren” esanetara, demagogia oso merkea delako; alderdi politikoen esanetara ere ez, noski; eta are gutxiago, interes ekonomiko haundien esanetara. Oraindik ez dugu asmatu “herriaren” edo gizartearen eritzia neurtzen, eta ziurraski ez dugu asmatuko sekula.

    Jon Sarasuaren esaldi batekin bukatuko dut:

    “herriak ez du barkatuko; gizarteak apenas ere ez”.

  9. egilea: J.

    Kasu konkretu honetan, harrobiarena, ezetz borobila irtengo zen erreferendum hipotetiko honetan. Ni, printzipioz, eta gaur egun daukadan informazioarekin, ez nago proeiktu horren kontra, baina ez dakit joango nintzakeen nire aldeko botoa ematera; ez baitaukat inolako interes berezirik proiektu honetan. Aldiz, kontrako indarrek berehala mobilizatuko lirateke kontrako botoak jasotzeko.
    Erreferenduma erabiliz, ziur nago Guggenheim edota Kursaal bezalako eraikinak sekula ez zirela eraikiko. Orain ez dakigu zein den euren eritzia, baina Guggenheim-en proiektua aurkeztu zenean, hau ere anatema zen ekologista eta euskal kulturaren defendatzaileentzat.
    Erreferenduma ez da panazea.
    Eta bai, eszeptikoa naiz.

  10. egilea: Patxi

    Erreferendumak ez du ziurtatzen noski, erabakien zuzentasuna, edo egokitasuna (gaurko sistimak bai?), baina bai ahalbidetzen du, aldekoen zein kontrakoen ahalegina, bakoitza bere arrazoiak defendatzen, aurretik eta ondoren, eta gizartearen partehartze zuzenagoa. Gizarte paketsuagoa izango genukeela, nik ez daukat inolako zalantzarik.
    Gugghenheim-arena adibide bat da. (kontra zeudenek salatzen zituzten kultura hutsuneak betetzen lagundu al du museo honek?) Adibideak bilatzen hasita, uste det makina bat ere aurkituko dituzula, beste aldekoak. Sufrimentu asko eragindako hamaika adibide. Hala ere, errentagarritasunari kasu eginez, zuk erabilitako zakutik, horra nere adibidea: Urola trena. Kendu zuten, eta orain danak penatan, kentzearen alde zeudenak barne. Turistikoki Urola garaiarentzako izugarria izango zana, baina…

  11. egilea: J.

    Bai, kasu askotan erreferenduma izan daiteke soluzioa; baina, oro har, masa soziala oso kontserbadorea izaten da eta aldaketari eta berrikuntzari beldurra dio.
    Beti beharko da elite bat (gaur egun, klase politikoa ezin da izan, inondik inora, elite hori; non dago, beraz, elite hori?) gauzak beste modu batean ikusten duena, eta berrikuntzak sustatzen dituena. Beharbada, eskumakoa izan daiteke planteamendu hau (eta zer?), baina uste dut dena ezin dela herriaren eskuetan utzi.

  12. egilea: Patxi

    Egitasmo bat plazaratu, eta inor kontra ez badago, ez du zentzurik kontsulta egiteak jakina. Kontua da tartean tartean sortzen direla, kontrario asko dituzten batzuk, egitasmo hoien komenigarritasuna zalantzan jartzera eramaten gaituztenak. Kasu hoietan litzateke logikoa informazio zehatza ematea, eta gizarteari kontsulta.

    Kontserbadoreak gerala? Ez genukeela aurrera egingo? Baliteke. Ikasi egingo genuke ordea. Eta gizartea batuago egongo litzateke, konprometituago, motibatuago. Orain dana da goian dagoenari errua botatzea, gauzak penagarri ikusita ere isiltzea, utzikeria, eszeptizismoa, asperdura, esperantzarik eza.

    Eta eskerrak, ekonomikoki eroso gabiltzan (ikusi egin behar, batzuk dioten bezela, gauzak okertzen hasten badira).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude