Agortu da liburuaren lehen argitalpena

Merkatuan ia zortzi hilabete eginda, nire liburuak, Medikuak esan dit minbizia dudala, 1.500 ale saldu ditu. Hori dela eta, Elkar argitaletxeak bigarren argitalpena egin du urrian bertan.

Pozik nago berri horrekin, liburu hori zail samarra baita ondo saltzeko. Izan ere, jakinda hainbat jendek erosiko duela duen gaiagatik —familiartekoren bat edo lagunen bat minbiziak jota dutelako—, beste askok ikusi ere ez dute nahi izango, ez dutelako gura historia tristerik irakurri. Gabon garaian afalkide batek oso argi adierazi zigun: “nik ez dut liburu tristerik erosten. Erostekotan, entretenituko nauten liburuak erosten ditut”. Ulertzekoa, bestalde.
Hala ere, aspaldi konturatuta nengoen jende asko ari zela liburua irakurtzen, batez ere handik eta hemendik jasotzen nituen azalpenetan. “Hi, irakurri diat hire liburua!”, batek; “asko gustatu zaidak hire liburua”, beste batek. Aleak sinatzeko eskatzera ere hainbat jende etorri zait, batzuetan ezagunak, eta bestetan ezezagunak, gehienetan gaixoak animatzeko.

Otsailaren 22an aurkeztu zen Medikuak esan dit minbizia dudala Donostian eta Arrasaten, elurrak bazterrak estaltzen zituela. Bitarte horretan, liburuak izan du oihartzunik, eta egin du bidea. Orain lehia gogorra izango du, hasi dira-eta kaleratzen nobedadeak Durangoko Azokarako, eta beroiek jasoko baitute hedabideen arreta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 9 iruzkin

Bloglariak: bat bitan banatzen da, berriro

Poztu nau ikusteak Berria egunkaria hasi dela blogak argitaratzen. Beste blog batean ere zoriondu dut, bihotz bihotzetik. Hala ere —nonbait, ez dago zorion perfekturik—, harritu egin naiz (baina ez naiz bakarra) ikusi dudanean blogariak izendatzeko egunkariak nola darabilen “bloglari” izena.

Euskaldunok batasuna eginda genuenean, kasu honetan hitz baten inguruan —blogari gehienok (denok ez esateagatik) “blogari” hitza erabiltzen baitugu geure burua izendatzeko—, euskal blogosferara azken datorrenak, Berria egunkariak, “bloglari” hitza dakarkigu. Ulertuko nuke beste hitz bat —bitakora, kasu— hartu balute sinonimoaren oinarri, baina bloglari hitzak ez dakarkigu aparteko ezer, blogari-ren oso antzekoa baita.

Lehendik ere egin izan ditugu antzekoak: Hego Euskal Herrian kirolen inguruan idazten hasi ginenean, “rugby” izendatu genuen kirol bat, aintzat hartu barik guk baino askoz lehenago Ipar Euskal Herrian “errugbi” deitzen ziotela kirol berari.

Aspaldi batean —Interneten hilek urteak dirudite—, Asier Sarasuak eta konpainiak oso ondo azaldu zuten zer aukera zeuden blogger esateko euskaraz, eta horiei irakurrita, askok erabaki genuen blogari erabiltzea. Eta harrezkero, horrela esan diogu blog batean idazten duenari. Eta horrela esango diogu: blogari.

Kontu horretan asko eskatzea da lehendik egindako bidea kontuan hartzea?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Aspaldiko laguna

Atzo bazkaltzen izan nintzen aspaldiko lagun batekin. Orain dela gutxi ebakuntza egin diote buruan, kentzeko hiru tumor minbizidun. Ordu batean geratuak ginen, eta sartu nintzenean jangelan, une batez zalantza egin nuen bera ote zen gizona, bisera buruan, egunkaria irakurtzen ari zena. Bai, bera zen. Besarkada batez agurtu genuen elkar.

Luze eta zabal hitz egin genuen bataren eta bestearen esperientzien gainean. Bera oraindik errekuperatzen ari da ebakuntzatik, eta datorren hilean hasiko da kimioa hartzen. Uste dut ondo egingo diola aurre tratamenduari, kementsu eta baikor aurkitu bainuen. Eta pozik.

Seguruenik sekula ez dugu horrela hitz egin, hain zintzo eta argi. Gaixotasunak hurbildu egin gaitu. Besarkada estu batez agurtu genuen elkar.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Blook: Internetetik moldiztegira

Urte asko igaro dira Gutenberg-ek moldiztegia asmatu zuenetik, 450, eta oraindik liburu kategoria berriak sortzen ari dira. Azkenari blook deritzo.

Blook (blog eta book) liburu bat da, eta jasotzen ditu lehendik blog edo webgune batean argitaraturiko materialak. Adibidez, Medikuak esan dit minbizia dudala blook bat da, horko edukiak lehenik blog batean argitaratu zirelako, Sustatun. Eta Xabier Mendiguren Elizegi prestatzen ari dena ere blook bat izango da, jasoko baititu Xabierrek bere blogean idatzitakoak.

Antza denez, gero eta blook gehiago argitaratzen ari dira, eta orain Lulu enpresak, zeinek argitaratzen baititu liburuak eskatu ahala, sari bat antolatu du, The Lulu Blooker Prize, eta hor era horretako liburuak aurkeztu ahal dira, ingelesez argitaratuak badira.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Bloglines eta euskaldunak

Euskaldunok asko erabiltzen dugu Bloglines blog biltzailea. Estatu espainiarrean geuk erabiliko dugu gehien. Hala ere, harritzekoa da zein gutxi darabilgun harpidetza publikoa zerbitzu horretan. Zergatik ote?

Comparablogs webguneak emango digu hori aztertzeko parada. Aukeratuz gero 100 eta 250 harpidedun dituzten blogen artean, alderatu egingo ditugu Sustatu eta Telendro adibidez. Sustatuk 155 harpidedun ditu Bloglines-en. Telendrok, berriz, 141. Hala ere, Sustatuk 33 harpidedun ditu soilik perfil publikoa dutenak, Telendrok baino dezente gutxiago. Badakizue harpidedun batek aukeratzen badu perfil publikoa izatea, edonork ikus dezakeela harpidedun horrek zer irakurtzen duen.

Compareblogs horretan saltseatzen ibilita, ondorio hauek atera ditut euskaldunok zenbat, nola eta zergatik erabiltzen dugun Bloglines.

Ondorioak

  1. Euskaldunok dezente gehiago erabiltzen dugu Bloglines geure gustuko blogak irakurtzeko, espainiar estatuko beste askok baino. Xabier Mendiguren Elizegik (63), adibidez, Eduardo Haro Tecglen kazetari famatuak (58) baino harpidedun gehiago ditu.
  2. Hori CodeSyntax enpresaren meritua da, sekulako lana egin baitu Bloglines-en berri ona zabaltzen euskaldunon artean.
  3. Euskaldunok beste batzuek baino gogokoagoa dugu perfil pribatua, seguruenik ezkutatzeko zer irakurtzen dugun. Joera horrek, ordea, exajeratua dirudi, blog euskaldun guztietan errepikatzen baita.

    Hasieran, Bloglinesen harpidetza egin nuenean, neuk ere erabili nuen perfil pribatua. Baina Luistxo Fernandezek eta bere lagunek erakutsi zidaten hobe zela plaza publikoan jokatzea, aberatsagoa baita irakurketak partekatzea.

Perfil irekiaren alde

Bide horretatik, etekin handia atera diot perfil publikoari, adibidez, del.icio.us eta Bloglines uztartuta, edo harpidetza eginez nire lagunen harpidetzetan. Lerro hauen bidez gonbita egin nahi dizuet perfil pribatuan ari zareten Bloglines zaleei, publikora pasa zaitezten, lotsa eta beldurrak alde batera utzita.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 9 iruzkin

Zertarako irakurri?

Kazetari batek kontatua: “Behin kazetaritza ikasle bat izan genuen praktiketan, eta hemen ibiltzen zen gure erredakzioan. Neska bizkorra zen, ikasketak nota onekin gainditzen zituen horietakoa. Bere urtebetetzea iritsi zenean, liburu bat oparitu genion denon artean. Jasotzerakoan, esan zigun hura izango zela irakurriko zuen bigarren liburua, ordu arte bat baino ez baitzuen leitu”.

Hogeita hiru bat urte, eta kazetaritza bukatzen. Urte horietan liburu bat baino ez omen zuen irakurrita. Salbuespena ala ohikoa?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 3 iruzkin

Estresa

“Enpresaz aldatu behar dut, ezin dut gehiago. Joan den asteazkenean, negarrez irten nintzen fabrikatik”. Hauek izan ziren nire lagunaren hitzak, elkar agurtu bezain laster. Harrituta geratu nintzen, bera gizon alaia baita, eta indartsua.

Urteak daramatza nire lagunak enpresa horretan, eta ardurak ditu aspalditik. Irabazi ere, ondo egiten du. Ordainetan, baina, ordu asko egiten ditu lanean, “batzuetan goizeko 07:00etan sartzen naiz, eta 18:30etan irten, eguerdian ogitarteko bat janda, besterik ez. Beste batzuetan, goizeko 04:00ak arte ezin irten fabrikatik. Leher eginda nago, batez ere ikusten dudanean beste jende asko potrojorran dabilela”.

Triste dago nire laguna: “jota nago, iruditzen zait ez dudala balio ezertarako ere. Baina badakit beste egoera batean balio dudala. Horregatik, erabaki dut enpresa uztea. Hasi naiz beste leku batzuetan begira, eta galdetzen. Ez zait inporta gutxiago irabaztea, dirua ez da dena”. Berrogeita bi urte besterik ez, eta erreta. Ezin gehiago.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Gerra Zibila, Barojaren ikuspegitik

Egun hauetan Pio Barojaío_Baroja zenaren liburu bat irakurri dut, La guerra civil en la frontera. Beharbada ez da puntako liburua izango, baina bai interesgarria. Pio Barojak mugaz bestaldera egin behar izan zuen gerra hasi bezain laster, justu-justu salbatu baitzuen larrua faxistek preso hartuta. Mugaz haraindi, Hendaiatik ikusitakoak kontatzen ditu askotan, baina Donibane Lohitzunen bizi izandakoak ere.

Liburu hori Pio Barojaren memoria liburuen arteko bat da, baina idatzi zenetik argitaratu gabe egon da, badaezpada. Gogora ekarri dit Fermin Irigarai Larrekok gerra ostean idatzitako beste hura: Gerla urte, gezur urte, hura ere urte askoan argitaratu gabea, frankisten beldur. Bietan, gerraren krudelkeriak ilundu egiten ditu idazleen espirituak, eta baita irakurleona ere.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Berria

Atzo Andoainen izan ginen, Berria egunkariaren egoitzan, Ikus-entzunezko Komunikazioa karreraren berri ematen, eta egunkaria bera bisitatzen. Harrituta geratu nintzen, zein ondo dagoen dena han: eraikina bera, sarrera, bulegoak eta erredakzioa. Dena bikain antolatua eta ezin txukunago. Lan giroa ere, ona eta isila, nahiz eta goiza zen, eguneko aldirik lasaiena egunkarietan. Munduko egunkari askok baino itxura hobea zuen. Zorionak!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Wazemank, umore freskoa

Atzo hasi zen ETBren lehen katean Wazemank saioa, eta dagoeneko konturatu gara asteartero arazoak izan ditzakegula etxean, saioak orain arte bezala segitzen badu: Miren eta biok barre batean, eta oherako bidea hartu ezinik. Halako batean, jakina, Begok txartel horia atera zigun.

Egia da bigarren aldi honetan saioa lehen baino beranduago hasten dela, baina hain dago ondo egina, eta hain da freskoa, Mirenek ere merezi baitu lasai barre egitea zoro koadrilla horren kontura, nahiz egun horretan ordu erdi beranduago joan ohera. Denboraldiaren bukaeran oparitxo bat egingo diogu Begori, eta denok pozik.

Atzokoan, gainera, konturatu ginen pertsonaje berriak iritsi direla saiora, Mendebaleko hizkera eta soinua ekarri diotenak. Aupa Wazemank!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 80 iruzkin