Bloglariak: bat bitan banatzen da, berriro

Poztu nau ikusteak Berria egunkaria hasi dela blogak argitaratzen. Beste blog batean ere zoriondu dut, bihotz bihotzetik. Hala ere —nonbait, ez dago zorion perfekturik—, harritu egin naiz (baina ez naiz bakarra) ikusi dudanean blogariak izendatzeko egunkariak nola darabilen “bloglari” izena.

Euskaldunok batasuna eginda genuenean, kasu honetan hitz baten inguruan —blogari gehienok (denok ez esateagatik) “blogari” hitza erabiltzen baitugu geure burua izendatzeko—, euskal blogosferara azken datorrenak, Berria egunkariak, “bloglari” hitza dakarkigu. Ulertuko nuke beste hitz bat —bitakora, kasu— hartu balute sinonimoaren oinarri, baina bloglari hitzak ez dakarkigu aparteko ezer, blogari-ren oso antzekoa baita.

Lehendik ere egin izan ditugu antzekoak: Hego Euskal Herrian kirolen inguruan idazten hasi ginenean, “rugby” izendatu genuen kirol bat, aintzat hartu barik guk baino askoz lehenago Ipar Euskal Herrian “errugbi” deitzen ziotela kirol berari.

Aspaldi batean —Interneten hilek urteak dirudite—, Asier Sarasuak eta konpainiak oso ondo azaldu zuten zer aukera zeuden blogger esateko euskaraz, eta horiei irakurrita, askok erabaki genuen blogari erabiltzea. Eta harrezkero, horrela esan diogu blog batean idazten duenari. Eta horrela esango diogu: blogari.

Kontu horretan asko eskatzea da lehendik egindako bidea kontuan hartzea?

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

2 Responses to Bloglariak: bat bitan banatzen da, berriro

  1. egilea: iturri

    Kaixo Joxe:

    Bai, oso aldrebesa iruditzen zait izena. Erantzuna Sustatun eta posta neurean idatzi ondoren, pentsatu dut ez ote den akats bat izango, zeren eta kazetariak boglak ere aipatzen ditu.

    Ez dakit. Gaur bertan izango dugu horren berri.

    Ondo segi, Aranzabal.

  2. Blogariak dira, argi daukagu. Eta estilo liburua osatzean, Berriako zuzentzaileek, eskertuko dute blogosferak egindako aportazio oro. Blogarietako bat, Irene Arraras, horretaz mintzatuko baita batez ere, euskararen inguruko aferetaz. Esate baterako izeneko bloga osatu du. Bera zuzentzailea da Berrian, eta bertan “eztabaidatu” ahal izango dugu, behintzat.

    Kezkagarriagoa zait ordea, gaurkoa. Goizean goiz sartu naiz BERRIA.info gunean, eta blogen loturak ikusi asmo nituen… ez loturarik, ez aipamenik.
    Berria.info/blogak idatzi dut gero, eta Fatal error delako mezu bat agertu zait…

    Eta frogatzen hasi naiz, eta bat eta bestea eta gogoratzen nituenak topatu ditut horrela.

    Ez dakit, hasiera gehiago jagon beharra dagoela uste dut. Promoziorako papera baliatu dute, baina sarean pattal, pattalegi ari da Berria, ostantzean daukan maila ikusita.

    Kornerrera RSS bidez harpidetu naiz jada, Firefox nabigatzailean jasoko ditut Mikel Elorzarenak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude