Idaztea bizitzea da

Egun hauetan liburu bat irakurri dut, “José Luis Sampedro”:http://www.clubcultura.com/clubliteratura/clubescritores/sampedro/home.htm idazlearen azkena, Escribir es vivir, eta iruditu zait zoragarria, edonori gomendatzeko modukoa.

Nire urtebetetzean oparitu zidaten, aurretik adirerazi bainuen liburu hori erosteko gogoa, izan ere, egun batzuk lehenago liburu dendan nengoela, liburua esku artean hartu eta esaldi hau irakurri nuen:
No he venido aquí a hacer retórica, ni literatura… he venido aquí a VIVIR, a vivir cuando se me está acabando la vida y, por tanto, a disfrutarla más.

Esaldi horrek harrapatu egin ninduen, eta orduan erabaki nuen irakurri egin behar nuela liburua. Eta halaxe esan inguruan. Arima errukigarri batek entzun, eta oparitu. Bihotz-bihotzetik eskertzen diot, bitxi bat erregalatu zidan-eta.

Goiko hitzak Santanderren esan zituen José Luis Sampedrok, 2003ko udan, ni ere Santanderren nengoela, hezur-muinaren transplantea egiten. Bost egunez, beste horrenbeste hitzaldi eman zituen Sampedrok orduan bere lanari buruz, Egilea eta bere lana zikloaren barruan. Liburuak orduko hitz haiek jasotzen ditu, idazlearen bigarren emazteak idatziak, Olga Lucas idazleak:
Aquí cuento yo mi vida, pero es narrada con palabras de Olga Lucas, que son mías aun siendo suyas.

Gizon berezi bat aurkitu dut liburu honetan: erabatekoa, maitemindua idazkuntzarekin bezainbeste gizateriarekin, bizkorra eta polifazetikoa. Liburuan zehar, gainera, arrasto ugari eskaintzen ditu nola idazten duen eta zelan lantzen dituen liburuak. Bitxi bat.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 5 iruzkin

Blogak hizpide

Hizpide aldizkariak artikulu bat argitaratu du blogen gainean: Weblog-ak: euskararen ikas-irakaskuntzarako tresna berriak. Eta hor egileek diote blogak erreminta egokiak izan daitezkeela bigarren hizkuntza ikasten ari direnentzat.

Agurne Aizpitartek eta Natxo Guillének sinatzen dute artikulua, eta berau dator Hizpide aldizkariaren 59. zenbakian. Artikulua idatzita dago euskara irakasleei begira, Hizpide Habe erakundeak argitaratzen baitu, eta, horregatik, oinarrizko informazioa eskaintzen du blogen gainean, baina ondo hornitua, lotura mordoa eskainita artikuluan aurrera egin ahala.

Blogak zer diren azaltzen du artikuluak lehendabizi, definizio bat ematen du, eta gero esplikatzen du nola sortu ziren eta zer bilakaera izan duten gaur egun arte. Blog motak erakusten ditu gero, eta berauen egitura azaldu.

Azken atala irakaskuntza arloko blogei eskaintzen die. Hainbat blog aipatzen ditu ikasle eta irakasleentzat eredu, eta, azkenik, hainbat ideia ematen ditu nola erabili blogak hizkuntza geletan, eta nola ebaluatu blogetan egindako lanak.

Edublogak

Artikulua interesgarria da, eta irakurterraza, hizkeraz eta luzeraz (12 orrialde). Tamalez, ez dugu aurkitzerik izan beronen bertsio elektronikoa, zuek hara bideratzeko, orduan bai, irakurri ahala, klik egin hemen eta klik han, askoz ere dinamikoagoa izango bailitzateke.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 4 iruzkin

Emakumea erditzen

Dena ez da zaborra telebistan. Ale ederrik ere ikus daiteke egongelako pantailan. Aurreko batean, ostiralean uste dut izan zela, cuatro ikusten ari ginela, emakume bat erditzen ikusi genuen. Miren gurekin zegoen, eta berarentzat harrigarria izan zen benetan. Shock bat. “Horrela jaiotzen dira umeak? Ba nik ez dut umerik edukiko”, esan zuen.

Dokumentalaren lau momentuk batez ere harritu zuten Miren:

  1. Erreparatu zuenean emakumearen alua gero eta gehiago zabaltzen zela.
  2. Ikusi zuenean nola irten zen haurraren burua lehendabizi eta gorputza gero.
  3. Begiratu zuenean haur jaio berriak zuen kolore morea.
  4. Bistaratzerakoan nola ateratzen zioten plazenta emakume erditu berriari.

Gauza asko oso denbora laburrean. Gu ondoan gintuen, azaldu zitekeena azaltzen, eta lasaitzen, ikusten ari zen ikuskizun harrigarriaren aurrean. “Inoiz ikusi izan duzu Pelo, pico, pata saioan behi bat erditzen, ezta? Bada hori berdina da, baina pertsonekin”.

Erreportajeak aurrera egin ahala, Miren lasaituz joan zen, orduan beste modu batean ikusten baitzuen haurra: gurasoen besoetan, amamaren musua jasotzen, bere ahizparena…, ordurako jaioberria gure arteko bat gehiago zen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Urduñan

Asteburu honetan Urduñan izan gara, hotel-bainuetxe batean. Gutizia bat izan da, Begoren eta bion urtebetetzeak ospatzeko. Gau bakarra egin dugu, baina pozik itzuli gara, paraje ederrak sumatu ditugu-eta inguru hartan.

Gasteiz aldetik iritsi ginen “Urduñara,”:http://www.euskalnet.net/kmendibil/orduna_principal.html euripean eta behe lainoak lagunduta. Hala ere, ordeka zoragarriak sumatu genituen inguruan. Hotela eraikin izugarri handia da, neoklasikoa, eta herriko plazan dago. Garai batean aduana hor zegoen, eta bertan kobratzen zitzaien zerga Gaztelatik Bizkaira sartzen ziren jeneroei. Oraindik ere atentzioa ematen du eraikinaren handiak.

Gaur egun hotela eta bainuetxea da behialako aduana. Gure neskek esan zuten bainuetxe gisa ez zela beste munduko ezer, beraiek hartu baitzuten bainua. Hotel bezala, berriz, nota hobea jaso zuen. Hala ere, gau eskasa igaro genuen, kalean sekulako oihuak entzuten ziren, gazte talde bat alboko arkupeetan aterpetu baitzen gauari aurre egiteko.

Bi ostera labur egin genituen Urduñan zehar, biak euripean: bat larunbat gauean, afaldu aurretik, eta bestea hoteletik irtendakoan, beribilera bidean. Herri ederra begitandu zitzaigun Urduña, denboraren joanean apur bat baztertuta geratu baldin bada ere Euskal Herriko komunikabide nagusietatik. Ez dakit zergatik, baina iruditzen zait itzuliko garela paraje haietara, eguraldi hobearekin ere zoragarria izango da eta.

Saiatu ginen Interneten bidez informazioa jasotzen eta erreserba egiten, baina ezin. Aduana hotela, horrela deitzen baita Urduñako hotela, kate baten barruan dago Aisia Hotelak, baina hor sareko kontuak ez dira iristen ezta eskaparate huts izatera ere.

Interneten, eskas

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Tesirako gaia: Aurki.com

Aldatu egin dut nire doktore tesiaren aztergaia: euskal blogosfera barik, Aurki.com agregatzailea aztertuko dut, besteak beste Aurki.com delako gaur egun euskal blogosferaren ispilurik osoena.

Atzo bukatu genuen doktorego ikastaroaren lehen atala, arau metodologikoei dagokiena, eta hor etengabe aritu gara ikerkuntza proiektuak zehazten.

Ikusita nola lan egiten den doktore tesiarekin, iruditu zitzaidan hasieran aurkeztu nuen aztergaia, euskal blogosfera, zabalegia zela. Ohartu nintzen, halaber, jendeari izugarri kostatzen zitzaiola ulertzea zer den euskal blogosfera. Eta orduan pentsatu nuen, Aitor Zuberogoitia lankidearekin nengoela —bera izango da nire tesi zuzendaria hasiera honetan—, Aurki.com dela modurik egokiena irudikatzeko gaur egungo euskal blogosfera. Horratx aldaketaren zergatia.

Zergatik aldatu

Blogak izugarri ari dira hazten sortu zirenetik: iragan urriaren erdian 19,6 milioi blog zeuden munduan. Azken hiru urteotan bost halakotu egin da blogosfera. Euskal blogosfera ere, bere txikian, hazi egin da nabarmen, batez ere azken urtean.

Aurki.com

Hazkunde horrek oparotasuna dakar informazioaren ikuspegitik, inoiz ez bezalako oparotasuna eta aukera. Aitzitik, oparotasun hori pozoi bihur daiteke irakurlearentzat, gehiegizkoa den neurrian. Horra hor infoxikazioa hitz berria: intoxikazioa, informazio gehiegiak eragina.

Agregatzaileek, baina, lagun diezagukete informazio hori kudeatzen. Izan ere Bloglines eta Aurki.com bezalako agregatzaileek erabat aldatu dute irakurleok nola kudeatzen dugun informazioa Interneten.

Nire tesiaren helburua da zehaztea zer eragin izan duen Aurki.com agregatzaileak euskarazko prentsa elektronikoaren irakurleok nola kudeatzen dugun informazioa.

Helburua eta hipotesiak

Hiru helburu zehatz ere baditut, eta horiekin lotuta, beste horrenbeste hipotesi antolatu ditut, lanaren abiapuntu:

  1. Aurki.com agregatzailearen erabiltzaileek denbora gutxiago behar izaten dute informazio gehiagora iristeko.
  2. Aurki.com agregatzailearen erabiltzaileek errazago saihesten dute infoxikazio arriskua.
  3. Gaur egun, Aurki.com da Interneten argitaraturiko euskarazko prentsaren ispilurik osoena.

    Hauxe dut, oraingoz, punturik makalena hasierako lan honetan, baina gaingiroki aurreratuko dut nondik nora abiatuko dudan ikerkuntza lana.

Metodologia

  1. Agregatzaileak aztertuko ditut, eta zer eragin izan duten.
  2. Aztertuko dut euskarazko prentsa elektronikoaren egoera Aurki.com agertu aurretik.
  3. Aurki.com agregatzailea aztertuko dut.
  4. Ondorioak aterako ditut.

Ikusi duzuenez, aldatu egin dut hasierako asmoa. Mugatu egin dut gaia, eta aldatu ikerlanaren ikuspegia. Euskal blogosferak hor segitzen du, baina orain Aurki.com agregatzailearen leiarretik aztertuko dut. Hala ere, oraindik buelta asko ematen ari natzaio gaiari, eta, nork daki, baliteke aurrerago berriz aldatzea ikuspegia. Ez ikaratu hori gertatzen bada, ikasten ari naiz-eta nola egin ikerkuntza lana.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 3 iruzkin

Ibon Sarasola, berriro Interneten

Gustura irakurri nuen Ibon Sarasola berriro hasiko zela idazten Erabili.com-en, garai batean egin zuen moduan, astean behin. Oraingoan, baina, Ibonek aintzat hartu beharko luke Erramun Gerrikagoitiak Erabili.com-en egin dion proposamena, alegia, erantzun diezaiela irakurleek bere artikuluei egindako oharrei.

Ni bat nator Erramunekin, Internet elkarrizketarako plaza paregabea baita. Horrela denok irabaziko genuke, Ibonek berak (nahiz eta agian nekagarria ere gerta dakiokeen berari) eta irakurleok. Ea animatzen den, Ibonek oso estilo egokia baitu Interneterako: labur idazten du, eta zehatz. Eta ez zaio piperrik falta, edozein eztabaida hornitzeko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

Esnatu, Amorrortu!

Zein gogorra den futbol entrenatzaileen bizimodua! Bapo irabazten dute, baina gaur egun ez dute nahikoa futbolaz jakitea; horretaz gain, liderrak izan behar dira, psikologoak, eta… komunikatzen jakin behar dute. Bestela, jendeak barre, herenegun “Maracaná 05”:http://www.cuatro.com/programas/deporte/maracana05/ saioan Jose Mari Amorrorturen kontura egin zuten legez.

Minutu batez-edo, saioko aurkezleek —eta platoan zegoen publikoak— lo itxurak egin zituzten atzeko pantaila erraldoian, Amorrortu hitz egiten ari zen bitartean.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

53 tako

Zorioneko ni. Azaroak 8 ditu gaur, eta badut zer ospaturik. Lehenik, nire urtebetetzea: 53 urte, horietatik hiru, nire bigarren bizialdikoak, alegia, minbizia aurkitu zidatenetik honakoak. Bigarrenik, osasun kontuak: atzo medikuak esan zidanez, dena ondo doa. Eta hirugarrenik, Faroa: nire blogak gaur bete du lehen urtea, iaz sortu bainuen Blogger zerbitzuan.

Bigarren bizialdia

Atzo Valdecillako ospitalean izan ginen, Santanderren, eta betiko medikuak barik, beste batek hartu gintuen, Ana Batlle izeneko emakume gazte batek. Esan zigunez, dena ondo doa.

Halaxe da. Minbizia aurkitu zidatenean 50 urte betetzeko nintzen. Eta harrezkero hiru pasatu dira, hiru urte erregaloz bizi izan ditudanak. Askotan sentitzen dut bigarren bizialdi bat bizitzen ari naizela, bigarren aukera bat. Horregatik, bizi dudan egun bakoitza —urte bakoitza— garaipen bat da.

Osasuna, ondo

Laster beste TAC bat egin beharko dut, eskaner berezi bat, eta sei hilabete barru, ordurako prednisona erabat kendu badut, txerto-egitasmo berezi batean sartu beharko naiz, transplantatuentzat bereziki egina. Horrek esan nahi du txikitan hartutako hainbat txerto —polio, malaria, etab.— berriro hartu beharko ditudala, transplantearen kausaz txikitan hartutakoen eragina erabat ezabatu zait eta.

Bai horixe, urtebete igaro da Faroa lehen aldiz piztu nuenetik, artean Blogger zerbitzuan eta ixilka-mixilka, probak egiteko asmoz. Handik hamabost egunera, ordea, Faroa publiko egin zen, eta, harrezkero, Bloggerren lehendabizi eta Goiena.net blog komunitatean gero, hemen ibili naiz neure penak eta pozak zuekin partekatzen.

Galdetu nion azken txertoaz, linfoma folikularretik babesteko sortutakoaz, eta esan zidan ez didala gomendatzen berau hartzea, ni orain ondo bainago, eta txerto hori gaixotasuna dutenentzat sortu baita. “Ez pentsa, gainera, txerto horiek pagotxa direnik —adierazi zidan—, hedabideetan beti hots handiagoa ematen zaie”.

Faroak, urtebete

Honaino iritsi banaiz, zuei esker izan da. Beraz, bihoakizue nire eskerrik beroena zuei guztioi: familiari, lagunei, lankideei eta irakurleei. Maite zaituztet.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 17 iruzkin

Plaza-gizonak

Orain astebete erosi nuen Donostian Manuel Lasarte bertsolariaren azken liburua: Plaza-gizonak, Auspoa argitaletxeak kaleratua. Asteon irakurri dut, eta ez zait gustatu.

Liburuak jasotzen ditu Manuel Lasarteren 56 artikulu, gehienak idatziak 2000 eta 2002 urteen artean DV egunkarian, non Leitzako bertsolariak zirriborratzen baititu hainbat pertsona ospetsuren biografiak, gehienak herri kirolariak eta bertsolariak.

Euskara aldetik liburuak ez dauka aitzakiarik, baina artikuluek mami eskasa dute. Kasurik gehienetan egileak ez du ia ezer esaten pertsonaien gainean. Joxe Mari Rekondo torero euskaldunari, adibidez, hiru orrialde eta erdi eskaini dizkio, baina denak bukatutakoan gogoekin geratu naiz jakiteko nor zen torero hori, Lasartek hainbeste maite zuena. Basarri bertsolariari buruz ere apenas dioen ezer. Eta horrela, kasurik gehienetan.

Betelana egiten du egileak, eta jeneralidadeak esan (zezenketez, bertsolaritzaz, aizkol jokoen gainean…), datuak eman beharrean. Pena hartzen dut hau esatean, baina azkenerako aspertu egin naiz.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Cibermedios

Prentsa digitalak hamar urte bete ditu Espainian, eta, hori dela eta, zenbait adituk liburu bat atera dute: “Cibermedios. El impacto de internet en los medios de comunicación en España.”:http://e-periodistas.blogspot.com/2005/11/se-publica-cibermedios-un-repaso-diez.html Ramon Salaverriak koordinatu du lan hori, eta Espainiako Hezkuntza Ministerioak ordaindu.

Liburua honako irakasle hauek egin dute: Mª Ángeles Cabrera González, Rosario Calvo Diéguez, Rafael Cores Fernández-Ladreda, Javier Díaz Noci, Manuel Gago Mariño, Antonio Isasi Varela, Moisés Limia Fernández, Xosé López García, Koldo Meso Ayerdi, José Luis Orihuela Colliva, Mª Bella Palomo Torres, Xosé Pereira Fariña, Idoia Portilla Manjón eta Charo Sádaba Chalezquer. Denak irakasleak Malaga, Santiago de Compostela, Nafarroa eta EHU unibertsitateetan.

Liburuak kontuan hartzen ditu, atal batean, zibermedioak euskaraz. Baita blogak ere.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | 6 iruzkin