Larrazabal, K.O.

Retegik %80, Larrazabalek %20. Emaitzak ez du zerikusirik pilotarekin. Biak ziren hautagai lehendakari izateko Eusko Ikaskuntzan. Aspaldiko partez, gainera, hautagai ofizialak lehiakide bat zuen, eta horrek jakinmin handia piztu bazterretan. Baina oposizioko hautagaiak huts egin du.

Nik bat egiten dut Larrazabalen taldeak Eusko Ikaskuntzarentzat hautatutako leloarekin: “gaztetu, sendotu eta zabaldu”, eta euskarari eman nahi dion indarrarekin. Hala ere, joan den ostegunean Larrazabali entzun nionean Euskadi Irratian, iruditu zitzaidan entzuten ari nintzela ume bati, pertsona heldu baten ahotsean. Orduan ez nuen ezer idatzi horretaz, ni mondragoetarra izanik, inork pentsa ez zezan Retegiren alde egiten ari nintzela.

Ez dut zalantzarik: Jesus Mari Larrazabal pertsona argia da, eta zintzoa. Baina oraingoan ez du asmatu bere taldearen mezua plazaratzen. Hari entzunda bazirudien, aprobetxaturik orain badagoela dirua Eusko Ikaskuntzan, talde berria etorriko zela, eta, Olentzerok bezala, mundu guztiari kontratu iraunkorrak egingo zizkiela, eta, aurrerantzean ez zela mugarik egongo ikertzaileei dirua banatzeko. Eta euskara ez dakiten elkarteko kideek zintzo bete beharko zituztela hizkuntza eskakizunak, Eusko Ikaskuntzan segitu nahi bazuten behintzat.

Mezu horrekin —pentsatu nuen—, gauzak oso gaizki egon behar dira Eusko Ikaskuntzan Larrazabalek irabazteko. Eta ez daude: erakundeak inoiz baino diru gehiago bide du, eta sekula baino harreman sare sendoagoa. Hala ere, garbi geratu da kide multzo bat badagoela, alienatuta sentzitzen dena, gaur egungo zuzendaritzatik urrun, eta Bizkaian oposizio horrek irabazi duela lehendakariorde bat. Retegik lege onez irabazi du, eta ondo egingo luke bere bigarren agintealdian sektore horren eskariak kontuan hartzen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Web 2.0

Astiro-astiro, softwarea aldatzen ari da: orain arte programa gehienak gure ordenagailuen disko gogorretan zeuden. Azken aldi honetan, ordea, gero eta programa gehiago ostatuta daude kanpoko zerbitzarietan, gure ordenagailuetatik at. Web aplikazio horiek Interneten jarduteko eginak daude, edozein ordenagailu edo nabigatzaile erabilita. Fenomeno horri Web 2.0 deritzo, eta orain puri-purian dago.

Hona hemen zerrenda txiki bat, web aplikazio zenbaitekin. Badira gehiago, hala ere:

  • Writely. Idazteko eta idazlanak partekatzeko.
  • Flickr. Argazkiak kudeatzeko.
  • del.ico.us. Gogoko irakurketak gorde eta sailkatzeko.
  • Bloglines. Blogak bilatu eta berauek kudeatzeko.
  • Tagzania. Mapak markatu eta gordetzeko sailkatuta.
  • Backpack Agenda moduko bat, nork bere bizitza antolatzeko.
  • Windows Live Zenbait aplikazio bilduko ditu.

Programa hauek badute beste ezaugarri bat komunean: doakoak dira. Horrek eta berauen funtzionaltasunak jende asko erakarri du modelo horretara. Hala ere, adituek diote Web 2.0 horrek oraindik ez dituela desagertaraziko beste programak, ordenagailuan ezartzekoak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Le Cirque du Soleil

Beautiful. Bikaina. Merveilleux. Perfecto. Ez daukat adjektiborik Le Cirque du Soleil izendatzeko, hain da zoragarria. Atzo iluntzean izan ginen Bilbon zirkua ikusten. Miren, Bego eta hirurok. Eta harrituta itzuli ginen hango ikuskizunarekin. Aukera baldin baduzue ikusteko, ikusi. Ez zarete damutuko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Lantokian ere, Firefox 1.5

Etxeko ordenagailuan (mac) joan den astean ezarri nuen Firefox 1.5 euskaraz, baina lanekoan (PC) atzo instalatu nuen. Bietan, arazorik ez: jaitsi, instalatu, era automatikoan inportatu Explorerren nituen laster-markak, eta kito. Ondorengo ordu erdia erabili nuen faboritoak antolatzeko nabigazio barran, karpetatan banatuta.

Firefox gozamen hutsa da: bizkorra, jan egiten ditu eskatu gabeko leihoak, traba egiten die birusei, eta aukera ematen du orri asko batera irekita izateko fitxak erabilita. Hiru lankidek instalatu genuen, zein baino zein gusturago.

Orain arreta piska bat jarriko diot orrialde honi, hor aukeran baitaude gehigarri asko, doakoak eta nabigatzailea eraginkorragoa egiteko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

Artekaria

Gogoa nuen best-seller bat irakurtzeko, eta John Grisham idazle arrakastatsuaren azken liburua erosi nuen Eroskin: El intermediario.
Jatorriz, The Broker. Amaitu dut, bizkor amaitu ere, baina ez zait gustatu.

Aitortuta Grishamek duen ofizioa, hiru akats aurkitu dizkiot nik liburu honi:

  1. Protagonista. Garai bateko lukurreroen eta puteroen erregea, orduko ezaugarrien bat ere arrastorik gabe agertzen zaigu liburuan, zerikusirik bat ere izango ez balu bezala Washingtongo artekari famatuarekin.
  2. Korapiloa. Munduko zerbitzu sekreturik ahaltsuenek jopuntuan dute liburuko protagonista, eta badakite non dagoen. Hala ere, iheslariak hanka egiten du beraien muturren parean, behin eta berriro.
  3. Dekoratua. Liburuaren pasarte askotan irudipena izan dut turismo gida bat irakurtzen ari nintzela, Bolonia hiri ederreko turismo gida.
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Terry Fox

Terry Fox berriro hizpide bihurtu da, batez ere Kanadan, AEBetan eta herrialde anglosaxoietan. Hogeita bost urte bete direnean Terry hil zela, liburu batek ekarri digu haren oroitzapena: Terry Fox and his marathon of hope, gaur egun libururik eztabaidatuena Technorati blog bilatzailearen arabera.

Terry Fox 1981ean hil, eta hurrengo urtean gu Vancouver hirira iritsi ginenean, mito bat zen. Jendea hunkitu egiten zen haren gainean hitz egiten zigunean. Eta ez zen gutxiagorako.

Minbiziak eraginda, hanka bat moztu zioten Terry gazteari. Horregatik, protesi batekin ibiltzen zen. 1980an, asmo bitxia izan zuen: nahi izan zuen dolar bat jaso kanadiar bakoitzeko, diru funts bat sortu eta erremedio bat bilatzeko minbiziaren kontra. Eta hori lortzeko, lasterka zeharkatuko zuen Kanada, Ternuan hasi eta Vancouver hiriraino, Mendebaldean. Marathon of hope deitu zion bere maratoi partikular hari, Itxaropen Maratoia.

Itxaropen maratoia

Hainbat egunez, 143, egunero maratoi bat egin zuen, 42 kilometro pasatxo. Baina 1980ko irailaren 1ean, utzi egin behar izan zuen lasterketa, minbiziak erasanda. Hamar hilabete geroago hil egin zen, baina ordurako bere ametsa betea zen, 24 milioi dolar bildu baitzituen.

Bai Vancouverren eta baita Ottawan ere, asko irakurri nuen Terry Foxen gainean. Film bat ere ikusi nuen haren balentriari buruz, The Terry Fox Story. Eta Kanadako hiriburuan askotan pasatu nintzen haren omenez eraikitako estatua baten alboan. Poztu egin naiz irakurri dudanean Terry Fox berriro puri-purian dagoela, haren erabakimena eredugarria izan baitzen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Arratsalde bat Durangon

Abenduaren 8an Durangon izan nintzen, Euskal Liburu eta Disko Azokan, liburuak sinatzen, Elkar argitaletxearen txoznan. Mirenekin izan nintzen, alabarekin, eta sinatu, liburu gutxi sinatu nituen, sei, baina, hori bai, jende ugarirekin egin nuen topo.

Iritsi bezain laster, Txantxon Zubeldia agurtu nuen. Baita Manuel Arregi ere. Txikitan elkarrekin ikasiak gara hirurak, eta, aspaldi elkar ikusi gabe egon arren ere, erraz lotu genion elkarrizketari. Txelu Angoitia agertu zen orduan, azokako argazkilari ofiziala. Lehendabizi Unai Elorriagari egin zion argazkia, eta gero nigana etorri zen. Nola ez genuen kartel handirik liburuaren azalarekin, hantxe bertan otu zitzaion liburuaren azala aprobetxatea argazki berezi bat egiteko, hemen erakusten dudana. Argia da Txelu, eta argazkilari aparta, hemen ikus dezakezuen bezala.
Pozik aurkitu nuen Kimetz Zenitagoia Lor taldeko bateria jolea. Bezperan kontzertua eman zuten Plateruenan, kafe antzokia jendez lepo zegoela, eta disko mordoa saldu zutelako. Josu Azpillaga ere han ikusi genuen, konpainia onean, eta beti bezain sinpatiko.

Arratsalde erdian-edo, Patxi Trapero agertu zen, hiru seme-alabekin. Gogoz eman nion bostekoa, aspaldi nuen-eta gogoa ezagutzeko gure arteko blogaririk originalena. Gozoa da Patxi, eta gozoa izan zen gure arteko elkarrizketa. Mikel Irizar eta Fatima Aranzabal ere hurbildu ziren gurera, Allan Griffin eta Txitxi Irizarrekin batera.

Koldo Zuazo ere agertu zen, anteoju barik, eta ia ez nuen ezagutu. Eta bukaera aldera, “Iñaki Lasagabaster”:http://www.criticadelibros.org/I%F1aki-Lasagabaster-Herrarte eta Esti Gandariasbeitia etorri ziren, horiek ere aspaldiko lagunak. Eta, betiko moduan, barre batzuk egin genituen.

Gu han izan ginen bitartean, Unai Elorriagaren liburua, Vredaman, saldu zen gehien. Eta haren atzetik, Bekatuak, Ana Urkizarena, zeina, batez ere, neska gazteek erosten baitzuten. Mendaroko txokolatea ere polito saldu zen, “Iñaki Irasizabalena.”:http://zubitegia.armiarma.com/egileak/00599.htm Noski, Elkarren mahai pare batez hitz egiten ari naiz, ez azoka osoaz. Bide batez, eskerri asko Eduri eta Oihanari, egin ziguten harrera beroagatik.

Libururik salduenak

Azoka utzi eta San Agustin kultur gunera joan ginen, Gotzon Garate irakasle ohiaren omenaldira. Hango kronika hementxe duzue polito. Hunkigarria izan zen, eta apur bat *passé*, nire gusturako. Arrese Beitiaren poemarik negartienak kantatu ziren, non euskara ama hiltzen ari den… Hori, adibidez, ez zitzaidan gustatu.

Omenaldia Gotzon Garateri

Jende asko bertaratu zen Gotzoni zorionak ematera, eta hantxe agurtu genituen Gotzon bera, Alberto Arrasate, Rikardo Badiola, Jon Irazabal eta Nerea Mujika, Gerediaga elkarteko lehendakaria.

Irteteko orduan, baina, Itziar Irazabal agurtu genuen. Afrikatik etorri berria zen, Txadetik hain zuzen, eta, esan zigunez, hura beste kontu bat da: “Hego Amerika haren ondoan, Suitza da”. Hitz adierazgarriak, egunari amaiera emateko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Neskak

“Aitor Larrañaga”:http://www.flickr.com/photos/79549933@N00/21155219/ koinatuak argazki sorta ederra ipini du Flickr webgunean, tartean gaur erakusten dizuedan hau. Hor dituzue gure etxeko neskak, Miren alaba eta Bego emaztea. Ez dut gogoratzen non dagoen aterata, baina oso polita iruditu zait, eta argitaratzea erabaki dut.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Eroskiren poltsa gardenak

Gurean Miren konturatu zen, orain pare bat aste-edo, Eroski hasi zela plastikozko poltsa gardenak eskaintzen, erosketak eramateko. “Poltsa hauekin dena ikusten da”, esan zigun Mirenek, “barruko guztia”. Orduan larriok ez genion garrantzi handirik eman aldaketari. Orain, berriz, konturatu naiz beste batzuek ere Mirenen antzeko kezka dutela.

Niri, egia esan, erosterakoan baino, zaborra botatzerakoan egiten zitzaidan apur bat arraro, guk Eroskiko poltsak erabiltzen baititugu zaborrak botatzeko, bai organikoak eta bai bestelakoak. Gero, ordea, pentsatu nuen ondo dagoela gure zaborrak ere diren modukoak eramatea zabor edukiontzira.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Beste blogari bat Euskadi Irratian

Hilabete-edo izango da Elena Laka blogari eibartarra Euskadi Irratian hasi zela hitz egiten, Mezularia irratsaioan, arratsaldeko 19:30etik aurrera.

Elena Lakak blog bat dauka, Izan eta esan, Goiena.net-en blog komunitatean.

Oraingoz Elena ostiraletan soilik parte hartzen du tertulian, Mikel Aramendirekin eta Mikel Irizarrekin batera, azken hau ere Piperrautsa blogaren egilea. Nik Elgetan ezagutu nuen Elena, blogarien lehen bilkura hartan, eta iruditzen zait Euskadi Irratiak oso fitxaje ona egin duela.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1