Terry Fox

Terry Fox berriro hizpide bihurtu da, batez ere Kanadan, AEBetan eta herrialde anglosaxoietan. Hogeita bost urte bete direnean Terry hil zela, liburu batek ekarri digu haren oroitzapena: Terry Fox and his marathon of hope, gaur egun libururik eztabaidatuena Technorati blog bilatzailearen arabera.

Terry Fox 1981ean hil, eta hurrengo urtean gu Vancouver hirira iritsi ginenean, mito bat zen. Jendea hunkitu egiten zen haren gainean hitz egiten zigunean. Eta ez zen gutxiagorako.

Minbiziak eraginda, hanka bat moztu zioten Terry gazteari. Horregatik, protesi batekin ibiltzen zen. 1980an, asmo bitxia izan zuen: nahi izan zuen dolar bat jaso kanadiar bakoitzeko, diru funts bat sortu eta erremedio bat bilatzeko minbiziaren kontra. Eta hori lortzeko, lasterka zeharkatuko zuen Kanada, Ternuan hasi eta Vancouver hiriraino, Mendebaldean. Marathon of hope deitu zion bere maratoi partikular hari, Itxaropen Maratoia.

Itxaropen maratoia

Hainbat egunez, 143, egunero maratoi bat egin zuen, 42 kilometro pasatxo. Baina 1980ko irailaren 1ean, utzi egin behar izan zuen lasterketa, minbiziak erasanda. Hamar hilabete geroago hil egin zen, baina ordurako bere ametsa betea zen, 24 milioi dolar bildu baitzituen.

Bai Vancouverren eta baita Ottawan ere, asko irakurri nuen Terry Foxen gainean. Film bat ere ikusi nuen haren balentriari buruz, The Terry Fox Story. Eta Kanadako hiriburuan askotan pasatu nintzen haren omenez eraikitako estatua baten alboan. Poztu egin naiz irakurri dudanean Terry Fox berriro puri-purian dagoela, haren erabakimena eredugarria izan baitzen.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude