Artekaria

Gogoa nuen best-seller bat irakurtzeko, eta John Grisham idazle arrakastatsuaren azken liburua erosi nuen Eroskin: El intermediario.
Jatorriz, The Broker. Amaitu dut, bizkor amaitu ere, baina ez zait gustatu.

Aitortuta Grishamek duen ofizioa, hiru akats aurkitu dizkiot nik liburu honi:

  1. Protagonista. Garai bateko lukurreroen eta puteroen erregea, orduko ezaugarrien bat ere arrastorik gabe agertzen zaigu liburuan, zerikusirik bat ere izango ez balu bezala Washingtongo artekari famatuarekin.
  2. Korapiloa. Munduko zerbitzu sekreturik ahaltsuenek jopuntuan dute liburuko protagonista, eta badakite non dagoen. Hala ere, iheslariak hanka egiten du beraien muturren parean, behin eta berriro.
  3. Dekoratua. Liburuaren pasarte askotan irudipena izan dut turismo gida bat irakurtzen ari nintzela, Bolonia hiri ederreko turismo gida.
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Terry Fox

Terry Fox berriro hizpide bihurtu da, batez ere Kanadan, AEBetan eta herrialde anglosaxoietan. Hogeita bost urte bete direnean Terry hil zela, liburu batek ekarri digu haren oroitzapena: Terry Fox and his marathon of hope, gaur egun libururik eztabaidatuena Technorati blog bilatzailearen arabera.

Terry Fox 1981ean hil, eta hurrengo urtean gu Vancouver hirira iritsi ginenean, mito bat zen. Jendea hunkitu egiten zen haren gainean hitz egiten zigunean. Eta ez zen gutxiagorako.

Minbiziak eraginda, hanka bat moztu zioten Terry gazteari. Horregatik, protesi batekin ibiltzen zen. 1980an, asmo bitxia izan zuen: nahi izan zuen dolar bat jaso kanadiar bakoitzeko, diru funts bat sortu eta erremedio bat bilatzeko minbiziaren kontra. Eta hori lortzeko, lasterka zeharkatuko zuen Kanada, Ternuan hasi eta Vancouver hiriraino, Mendebaldean. Marathon of hope deitu zion bere maratoi partikular hari, Itxaropen Maratoia.

Itxaropen maratoia

Hainbat egunez, 143, egunero maratoi bat egin zuen, 42 kilometro pasatxo. Baina 1980ko irailaren 1ean, utzi egin behar izan zuen lasterketa, minbiziak erasanda. Hamar hilabete geroago hil egin zen, baina ordurako bere ametsa betea zen, 24 milioi dolar bildu baitzituen.

Bai Vancouverren eta baita Ottawan ere, asko irakurri nuen Terry Foxen gainean. Film bat ere ikusi nuen haren balentriari buruz, The Terry Fox Story. Eta Kanadako hiriburuan askotan pasatu nintzen haren omenez eraikitako estatua baten alboan. Poztu egin naiz irakurri dudanean Terry Fox berriro puri-purian dagoela, haren erabakimena eredugarria izan baitzen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Arratsalde bat Durangon

Abenduaren 8an Durangon izan nintzen, Euskal Liburu eta Disko Azokan, liburuak sinatzen, Elkar argitaletxearen txoznan. Mirenekin izan nintzen, alabarekin, eta sinatu, liburu gutxi sinatu nituen, sei, baina, hori bai, jende ugarirekin egin nuen topo.

Iritsi bezain laster, Txantxon Zubeldia agurtu nuen. Baita Manuel Arregi ere. Txikitan elkarrekin ikasiak gara hirurak, eta, aspaldi elkar ikusi gabe egon arren ere, erraz lotu genion elkarrizketari. Txelu Angoitia agertu zen orduan, azokako argazkilari ofiziala. Lehendabizi Unai Elorriagari egin zion argazkia, eta gero nigana etorri zen. Nola ez genuen kartel handirik liburuaren azalarekin, hantxe bertan otu zitzaion liburuaren azala aprobetxatea argazki berezi bat egiteko, hemen erakusten dudana. Argia da Txelu, eta argazkilari aparta, hemen ikus dezakezuen bezala.
Pozik aurkitu nuen Kimetz Zenitagoia Lor taldeko bateria jolea. Bezperan kontzertua eman zuten Plateruenan, kafe antzokia jendez lepo zegoela, eta disko mordoa saldu zutelako. Josu Azpillaga ere han ikusi genuen, konpainia onean, eta beti bezain sinpatiko.

Arratsalde erdian-edo, Patxi Trapero agertu zen, hiru seme-alabekin. Gogoz eman nion bostekoa, aspaldi nuen-eta gogoa ezagutzeko gure arteko blogaririk originalena. Gozoa da Patxi, eta gozoa izan zen gure arteko elkarrizketa. Mikel Irizar eta Fatima Aranzabal ere hurbildu ziren gurera, Allan Griffin eta Txitxi Irizarrekin batera.

Koldo Zuazo ere agertu zen, anteoju barik, eta ia ez nuen ezagutu. Eta bukaera aldera, “Iñaki Lasagabaster”:http://www.criticadelibros.org/I%F1aki-Lasagabaster-Herrarte eta Esti Gandariasbeitia etorri ziren, horiek ere aspaldiko lagunak. Eta, betiko moduan, barre batzuk egin genituen.

Gu han izan ginen bitartean, Unai Elorriagaren liburua, Vredaman, saldu zen gehien. Eta haren atzetik, Bekatuak, Ana Urkizarena, zeina, batez ere, neska gazteek erosten baitzuten. Mendaroko txokolatea ere polito saldu zen, “Iñaki Irasizabalena.”:http://zubitegia.armiarma.com/egileak/00599.htm Noski, Elkarren mahai pare batez hitz egiten ari naiz, ez azoka osoaz. Bide batez, eskerri asko Eduri eta Oihanari, egin ziguten harrera beroagatik.

Libururik salduenak

Azoka utzi eta San Agustin kultur gunera joan ginen, Gotzon Garate irakasle ohiaren omenaldira. Hango kronika hementxe duzue polito. Hunkigarria izan zen, eta apur bat *passé*, nire gusturako. Arrese Beitiaren poemarik negartienak kantatu ziren, non euskara ama hiltzen ari den… Hori, adibidez, ez zitzaidan gustatu.

Omenaldia Gotzon Garateri

Jende asko bertaratu zen Gotzoni zorionak ematera, eta hantxe agurtu genituen Gotzon bera, Alberto Arrasate, Rikardo Badiola, Jon Irazabal eta Nerea Mujika, Gerediaga elkarteko lehendakaria.

Irteteko orduan, baina, Itziar Irazabal agurtu genuen. Afrikatik etorri berria zen, Txadetik hain zuzen, eta, esan zigunez, hura beste kontu bat da: “Hego Amerika haren ondoan, Suitza da”. Hitz adierazgarriak, egunari amaiera emateko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Neskak

“Aitor Larrañaga”:http://www.flickr.com/photos/79549933@N00/21155219/ koinatuak argazki sorta ederra ipini du Flickr webgunean, tartean gaur erakusten dizuedan hau. Hor dituzue gure etxeko neskak, Miren alaba eta Bego emaztea. Ez dut gogoratzen non dagoen aterata, baina oso polita iruditu zait, eta argitaratzea erabaki dut.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Eroskiren poltsa gardenak

Gurean Miren konturatu zen, orain pare bat aste-edo, Eroski hasi zela plastikozko poltsa gardenak eskaintzen, erosketak eramateko. “Poltsa hauekin dena ikusten da”, esan zigun Mirenek, “barruko guztia”. Orduan larriok ez genion garrantzi handirik eman aldaketari. Orain, berriz, konturatu naiz beste batzuek ere Mirenen antzeko kezka dutela.

Niri, egia esan, erosterakoan baino, zaborra botatzerakoan egiten zitzaidan apur bat arraro, guk Eroskiko poltsak erabiltzen baititugu zaborrak botatzeko, bai organikoak eta bai bestelakoak. Gero, ordea, pentsatu nuen ondo dagoela gure zaborrak ere diren modukoak eramatea zabor edukiontzira.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Beste blogari bat Euskadi Irratian

Hilabete-edo izango da Elena Laka blogari eibartarra Euskadi Irratian hasi zela hitz egiten, Mezularia irratsaioan, arratsaldeko 19:30etik aurrera.

Elena Lakak blog bat dauka, Izan eta esan, Goiena.net-en blog komunitatean.

Oraingoz Elena ostiraletan soilik parte hartzen du tertulian, Mikel Aramendirekin eta Mikel Irizarrekin batera, azken hau ere Piperrautsa blogaren egilea. Nik Elgetan ezagutu nuen Elena, blogarien lehen bilkura hartan, eta iruditzen zait Euskadi Irratiak oso fitxaje ona egin duela.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1

Orotarikoa, formatu digitalean

Egia da, jaun-andreak: Orotariko Euskal Hiztegia (OEH) formatu digitalean dago oraintxe bertan, nahiz eta Ibon Sarasolak behin eta berriro esan —eta azkenengoz Sautrela saioan, joan den larunbatean—, hiru urte gehiago beharko direla —OEH orain urtebete bukatu zen, berez— hiztegia formatu digitalera pasatzeko. OEH formatu digitalean dago, eta, nahi izatera, sarean ipin daiteke bost minutu baino lehenago.

Digitala, definizioz, zenbakien bidez adierazten da. Horixe dio Ibon Sarasolaren Euskal Hiztegiak. Eta nola ordenagailu guztiek zenbakiekin egiten duten lan, beraietan landutako produktuak digitalak dira. Horixe dio Robin Williams adituaren Jargon hiztegi teknikoak. Horrek esan nahi du ordenagailuetan gordetzen den guztia digitala dela: testu bat, argazki bat, marrazki bat, audio zati bat, bideo bat… Artikulu hau berau, Faroan argitaratu aurretik ere, nire ordenagailuan gordeta zegoela, gai digitala zen. Orobat, OEH guztia formatu digitalean dago, berau egiteko ordenagailuak erabili direlako. Nire aurretik Jabi Zabalak ere ederki azaldu zuen hori erantzun batean.

OEH sarean ezartzea bost minutuko kontua izan daiteke. Euskaltzaindiak di-da egin lezake hori, horrela erabakiko balu. Eta erabaki zoragarria izango litzateke, geroko gerotan eta luzamendutan ibili gabe —hiru urte gehiago itxaron beharra horixe baita—, denon eskura ipiniko luke-eta sekulako altxorra.

Orotarikoaren fruituak

Eta nola Ibon Sarasolak lan mardula egin baitu Zehazki hiztegiarekin, zeina, egileak horrela esanda, oinarritu baita Orotarikoan, hala egin dezakete beste askok altxor horretan oinarrituta. Luistxo Fernandezek dagoeneko aurreratu ditu zenbait lan ildo. Eta gero besteok, merkatuak alegia, erabakiko dugu lan horiek onak diren edo ez. Nik, adibidez, erosteko asmoa dut Zehazki hiztegia. Eta, geroago ere, prest egon naiteke beste batzuen lanak ere erosteko.

Adar jotze galanta izango litzateke OEH diru publikoarekin egin eta gero, lau urte behar izatea —dagoeneko bat joan da, bobilis-bobilis—, lau urte eta diru publiko gehiago, hori denon eskura ipintzeko. Eta are adar jotze handiagoa Euskaltzaindiak era mugatuan ipiniko balu sarean, Euskalterm dagoen bezala, hitzez hitz kontsultatzeko moduan bakarrik, horrela urteak atzeratuko bailuke, alferrik, OEHn oinarritutako ikerkuntzaren eta produktuen zabalkundea.

Entzun, Euskaltzaindia

Euskaltzaindiak ez du diru publiko gehiago behar, ez eta hiru urte gehiago ere, OEH sarean jartzeko bere osoan. Gaur bertan egin lezake hori. Nik ere horixe eskatzen diot.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 4 iruzkin

Blogari baten erantzunak

Joan den larunbatean berandu ireki nuen posta elektronikoa. Iñigo Bilbao kazetariaren mezu bat nuen, biharamonean Berria egunkarian erreportaje bat egin nahi zuela euskal blogarion gainean, eta ea erantzungo nizkion galdera batzuei. Erantzun nion, baina berandu zen. Ordurako egunkaria eginda zegoen-eta. Hala ere, hona ekarriko ditut orduan idatzitako erantzunak.

Noiztik daukazu eta elikatzen duzu bloga?

2004ko azaroaren 8an sortu nuen nire lehen bloga, Blogger plataformarekin. Geroago, 2005eko otsailaren 22an Goiena.net-era pasatu nintzen, eta harrezkero hortxe nago, Goiena.net-en blog komunitatean. Lehenago, baina, 2001ean hasi nintzen parte hartzen Sustatu.com talde blogean. Hantxe hasi nintzen ikasten blogintzari buruz.

Zerk bultzatu zintuen bloga sortzera?

Gaixotu nintzenean, artikulu sorta bat idatzi nuen Sustatun, gero liburu batean batu zirenak, Medikuak esan dit minbizia dudala. Harrezkero, esan zitekeen bide bat irekia nuela, esperientzia pertsonalak kontatzearena. Beraz, bukatu nuenean Sustatuko artikulu sorta hura, logikoa ikusi nuen neure bloga sortzea, hor denetariko gauzak azaltzeko. Beharbada heriotzari adarrak ikusi izanak areagotu egin du niregan idazteko gogoa, ez dakit, hori pentsatu dut José Luis Sampedroren azken liburua irakurritakoan, Escribir es vivir. Hori izan liteke. Baina bada beste kontu bat, eta horrek izugarri erakartzen nau: blogek zelako askatasuna eskaintzen duten gauzak argitaratzeko. Doakoak dira, eta ez dute beste hedabideen morrontza asko eta asko. Eta elkar erabileak dira, irakurleek ere aukera dute-eta beren iritziak sartzeko.

Hasierako asmoekin jarraitzen duzu edo, egin ahala moldatuz joan zara?

Esperientziak beti behartzen zaitu gauzak moldatzera, baina uste dut hasierako asmoarekin segitzen dudala: egunero zerbait idatzi: hausnarketa bat, kontakizun bat, albiste bat… zerbait.

Sarearen hoztasuneik haratago blogean sortutako harremanek eragin dituzte bestelako loturak?

Nork dio sarea hotza dela? Sarea da beste hedabideak bezain hotza edo beroa, neutroa delako. Geuk egiten dugu sarea hotz edo bero. Nik, behintzat, horrela ikusten dut. Eta, bai, hainbat harreman egin dut sarean, eta oso aberatsak izan dira. Niretzat sarea leiho handi bat izan da, eta horren bitartez munduari egin diot kuku, bai gaixorik nenbilenean, eta baita gero ere. Asko zor diot sareari.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Euskara, sinbolo eta traba

Euskadiko Lan Elkartuko Kooperatiben Federazioari gertatu zaio Euskal Herrian erakunde askori gertatzen zaien gauza bera, euskara erabiltzen dutela, sinbolo gisa, itxurak gordetzeko. Eta horrelakoetan, igarri, nola ez. Diseinu enpresa bati eman enkargua kartelak egiteko, han inork ez daki euskaraz, sekulako hanka sartzea egiten dute… baina nola inork ez duen kalitate kontrolik egiten euskarazkoan, aurrera doa, banatu egiten da, gure eskuetara iritsi arte.

Gonbita bat jaso nuen atzo, Euskadiko Lan Elkartuko Kooperatiben Federazioak bidalita, abenduaren 14an joan nadin Gasteizera, jardunaldi batzuetara: Ekialdeko herrialdeek eta Europar Batasunaren zabaltzeak Euskadiko kooperatibetan duten eragina. Esku programa ikusi nuenean, ordea, harrituta geratu nintzen; dena hankaz gora, gaztelaniaren hurrenkeran: Buruzko jardunaldia – Ekialdeko herrialdeek eta Europar Batasunaren zabaltzeak Euskadiko kooperatibetan duten eraginari.

Horrelako hanka sartzeak irain bihurtzen dira euskaldunontzat. Inork ez gaitu errespetatzen, ez dugu kalitate kontrol minimorik ere merezi. Erabaki dut abenduaren 14an baditudala gauza garrantzizkoagoak egiteko, Gasteizera joatea baino.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 3 iruzkin

Ezustekoa Israelen

Zur eta lur geratu nintzen atzo, irakurri nuenean The Jerusalem Post egunkarian Shimon Peres politikari israeldarrak Alderdi Laborista utzi eta Kadima alderdiari emango diola laguntza, Ariel Sharonek orain bi aste inguru sortutako alderdi berriari. Txaketero baten azken txiribuelta ote, ala komentzimenduak gidatu du Peres beteranoa?

Dezente pentsarazi dit Peresen erabakiak. Izan ere, 61 urte eginda Alderdi Laboristan, Bake Nobel saria irabazita, eta 82 urte beteta, ez dut uste kargu baten goseak eraman duela Peres alderdiz aldatzera. Urteak egin dituzte israeldarrek bakebidean aurrera egin ezinik, eta egoera horrek nonbaitetik egin behar krak. Ondorioz, Israelgo mapa politikoa errotik aldatuko da. Orain, baina, jakin egin behar aldaketak nola eragingo dien palestinarrei, horren guztiaren atzean Palestinaren arazoa baitago.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina