Blogari baten erantzunak

Joan den larunbatean berandu ireki nuen posta elektronikoa. Iñigo Bilbao kazetariaren mezu bat nuen, biharamonean Berria egunkarian erreportaje bat egin nahi zuela euskal blogarion gainean, eta ea erantzungo nizkion galdera batzuei. Erantzun nion, baina berandu zen. Ordurako egunkaria eginda zegoen-eta. Hala ere, hona ekarriko ditut orduan idatzitako erantzunak.

Noiztik daukazu eta elikatzen duzu bloga?

2004ko azaroaren 8an sortu nuen nire lehen bloga, Blogger plataformarekin. Geroago, 2005eko otsailaren 22an Goiena.net-era pasatu nintzen, eta harrezkero hortxe nago, Goiena.net-en blog komunitatean. Lehenago, baina, 2001ean hasi nintzen parte hartzen Sustatu.com talde blogean. Hantxe hasi nintzen ikasten blogintzari buruz.

Zerk bultzatu zintuen bloga sortzera?

Gaixotu nintzenean, artikulu sorta bat idatzi nuen Sustatun, gero liburu batean batu zirenak, Medikuak esan dit minbizia dudala. Harrezkero, esan zitekeen bide bat irekia nuela, esperientzia pertsonalak kontatzearena. Beraz, bukatu nuenean Sustatuko artikulu sorta hura, logikoa ikusi nuen neure bloga sortzea, hor denetariko gauzak azaltzeko. Beharbada heriotzari adarrak ikusi izanak areagotu egin du niregan idazteko gogoa, ez dakit, hori pentsatu dut José Luis Sampedroren azken liburua irakurritakoan, Escribir es vivir. Hori izan liteke. Baina bada beste kontu bat, eta horrek izugarri erakartzen nau: blogek zelako askatasuna eskaintzen duten gauzak argitaratzeko. Doakoak dira, eta ez dute beste hedabideen morrontza asko eta asko. Eta elkar erabileak dira, irakurleek ere aukera dute-eta beren iritziak sartzeko.

Hasierako asmoekin jarraitzen duzu edo, egin ahala moldatuz joan zara?

Esperientziak beti behartzen zaitu gauzak moldatzera, baina uste dut hasierako asmoarekin segitzen dudala: egunero zerbait idatzi: hausnarketa bat, kontakizun bat, albiste bat… zerbait.

Sarearen hoztasuneik haratago blogean sortutako harremanek eragin dituzte bestelako loturak?

Nork dio sarea hotza dela? Sarea da beste hedabideak bezain hotza edo beroa, neutroa delako. Geuk egiten dugu sarea hotz edo bero. Nik, behintzat, horrela ikusten dut. Eta, bai, hainbat harreman egin dut sarean, eta oso aberatsak izan dira. Niretzat sarea leiho handi bat izan da, eta horren bitartez munduari egin diot kuku, bai gaixorik nenbilenean, eta baita gero ere. Asko zor diot sareari.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , . Gorde lotura.

2 Responses to Blogari baten erantzunak

  1. egilea: patxi lurra

    Faroa, blog bero eta goxoa da. Argi dago. Eta argi deuko, faro honek. Argiztatzen dauala, alegia.

    Beste blog batzuk beroak dira be bai, bestetzuk epelak, bestetzuk hotzak, bestetzuk hotz-hotzak…

  2. egilea: Joxe Aranzabal

    Eskerrik asko, Patxi, loreengatik. Beti ez dugu asmatzen, baina, saiatu behintzat, saiatzen gara. Besarkada bat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude