Papillon

Izango zen 1972an. Donostian ikasten ari ginen, eta diruz nahiko urri genbiltzan. Hotsa zabaldu zen pelikula bat filmatu behar zela Hondarribian, eta hara joan ginen, aktore lanak egitera, estra moduan. Egun hauetan, eta aspaldiko partez, berriro ikusi dut Papillon, huraxe izan baitzen film haren izena, eta gustatu zait.

Filmaren hasieran agertzen dira Hondarribian hartutako irudi gehienak, baina gure buruak, ezta sumatu ere. Gogoan dut nola egun pare batez soldadu frantsesez jantzita ibili nintzen. Eta beste batean, kaletar xumez. Fatima, berriz, balkoi batean paratu zen, paradore pareko plazatxo hartan.

Egun politak izan ziren haiek. Gu haurrak baino alaiago, jakina. Han ikusi genituen Steve McQueen eta Dustin Hoffman handiak. Baita Ali MacGraw ere, garai hartan Steve McQueenen neska laguna. Eta orduan ikusi genuen, lehen aldiz, nola filmatzen zen pelikula bat. Eta ez zitzaigun bat ere inporta eszena bat bost edo hamar aldiz errepikatu behar baldin bazen. Guretzat jolasa zen hura.

Egun hauetan ikusi dut berriro filma, DVD formatuan. Film ona iruditu zait, nahiz eta apur bat luzea gaurko neurrietarako.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Berria, RSS eta izenburuak

Oso pozik nabil Firefox laneko ordenagailuan ipini nuenetik. Nabigatzailearen euskarazko bertsioak Berria egunkariaren izenburuak ekartzen dizkit RSS bidez, baina zenbait kasutan izenburu horien mezua oso ilun geratzen da, lerro bakoitzak neurri jakin bat izanda, esaldiak ez baitira osorik agertzen, eta nola izenburu horien gune nagusia atzealdean doan, bada asmatu egin behar horietan zer esaten den.

Bost adibide

Horrela agertzen zaizkit Berria egunkariaren izenburu batzuk Firefox nabigatailearen barran:

• Huescan zendutako bi mendizale gipuzkoarren h…

• Bahituei eta presoei buruz FARCekin negoziatze…

• Akordio soziopolitikorako bidean adostasuna es…

• Batasunak ez duela Espainiako Gobernuarekin b…

Horrela irakurrita, ezer gutxi atera liteke nondik nora doan albistea. Horrek arrazoi garbi bat du: esaldien gunea atzealdean dago, eta nola atzealde hori ez den agertzen esaldian, kasu horretan nabigatzaileak muga bat ipintzen diolako RSS jarioari, bada ezin jakin justu-justu zertaz doazen albiste horiek.

• MMEren aurkako manifestarien aurka gas parali…

Izenburuak osorik

Arazoa hobeto ulertzeko, hona hemen izenburuak bere osoan:

• Huescan zendutako bi mendizale gipuzkoarren h…ilotzak gaur helduko dira Euskal Herrira

• Bahituei eta presoei buruz FARCekin negoziatze… a onartu du Uribe Kolonbiako presidenteak

• Akordio soziopolitikorako bidean adostasuna es… katu du Jaurlaritzak

• Batasunak ez duela Espainiako Gobernuarekin b… atere harremanik ziurtatu du Barrenak

Berriako kazetariek kontuan hartu beharko lukete arazo hori, eta izenburuak beste modu batean idatzi, irakurleok bat-batean jakin dezagun esaldiok zer mezu dakarkiguten. Hona hemen proposamen bat izenburu horiek hobetzeko:

• MMEren aurkako manifestarien aurka gas parali… zatzailea erabili du Hong-Kongeko Poliziak

Izenburu egokiagoak

• Gaur helduko dira Euskal Herrira hilotzak, Huesc… an zendutako bi mendizaleenak

• Uribe Kolonbiako presidenteak onartu du negozia… tzea FARCekin bahituei eta presoei buruz

• Jaurlaritzak adostasuna eskatu du akordio sozio… politikorako bidean

• Barrenak ziurtatu du Batasunak ez duela harrema…nik Espainiako Gobernuarekin

• Hong Kongeko poliziak gas paralizatzailea erabili… du MMren aurkako manifestarien aurka

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Bihar, lanera

Joan den larunbata ezkero ohean izan naiz, bronkitisak jota. Hasieran, bazirudien asteburua ohean igaroz gero erraz osatuko nintzela, baina uste baino egun gehiago behar izan dut, eta antibiotikoen laguntza, neure onera itzultzeko. Okerrik ez bada, bihar lanera itzuliko naiz.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 3 iruzkin

Zer da arrakasta?

Atzo txiste bat bidali zidan lagun on batek, sarean hara eta hona dabiltzan horietako bat. Zer da arrakasta? zioen txistearen izenburuak. Hemen erantzuna:

  • 3 urterekin: Txizarik gainean ez egitea.
  • 6 urterekin: Gogoratzea zer egin duzun egunean.
  • 12 urterekin: Lagun asko izatea.
  • 18 urterekin: Gida baimena edukitzea.
  • 20 urterekin: Sexu harremanak izatea.
  • 35 urterekin: Diru asko edukitzea.
  • 50 urterekin: Dirua barra-barra edukitzea.
  • 65 urterekin: Sexu harremanak izatea.
  • 70 urterekin: Gida baimena edukitzea.
  • 75 urterekin: Lagun asko izatea.
  • 80 urterekin: Gogoratzea zer egin duzun egunean.
  • 85 urterekin: Txizarik gainean ez egitea.
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Gurpegi digitala

Bagenekien Athleticek jokalari on bat duela, Gurpegi abizenekoa, baina ez genekien izen horretaz askoz ere gehiago, harik eta Steve Jobsi entzun genion arte digital hub esaten, alegia, gurpegi digitala, hori baitzen aspalditik Apple enpresaren helburua, bere ordenagailuak gurpegi digital bihurtzea gure etxeetan, tramankulu bat non uztartzen baitira etxeko aparailu digital guztiak.

Gurdi bateko gurpilean gurpegia da zulo bat errueraren erdian, non biltzen baitira gurpilaren erradioak. Irudi horrek ere balio du irudikatzeko gurpegi digitala: erdian ordenagailua dago, eta horri konektatuta beste tresna digitalak: argazki kamera, telebista, musika jogailua, inprimagailua, eskanerra…

Harrigarria hitzek nolako jauziak egiten dituzten nekazaritza arotik silizio arora, bat ere xarmarik galdu barik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Earki gatxink!

Joan den urriaren 5ean artikulu bat argitaratu nuen hemen bertan, Wazemank, eta harrezkero mezu hark 42 erantzun jaso ditu, Faroan beste edozeinek baino askoz ere gehiago. Astean behin-edo beti agertzen da erantzunen bat, gehienetan saioaren jarraitzaileren batek idatzita, eta saioaren alde.

Wazemank saio polita da, barregarria, freskoa eta arrakastatsua, bai horixe. Ordea, zer egingo du ETBk orain, gu iguindu orain arte emandako atalak behin eta berriro errepikaturik ala astero saio berriak eskaini? Nik, behintzat, saio berriak nahiago.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 3 iruzkin

No apto

Gabonak aurretik miaketa egin, eta atzo iritsi zitzaidan Lagun Aro mutuaren erantzuna. Haren iritziz, ez naiz gai Lagun Aroko mutualista izateko.

Abenduan HUHEZIko Errektore Kontseiluak onartu ninduen kooperatibako behin behineko bazkide moduan. Hori zela eta, azterketa medikoa egin behar izan nuen Lagun Aron, kooperatiba horrek eskaintzen baitie gizarte babesa kooperatibetako bazkide guztiei.

Atzo bertan jakinarazi zidaten Lagun Aro EPSV-ren erantzuna, eta hemen jasotzen dut, ahalik eta zehatzen:
Después de analizar la información médica aportada y realizar el reconocimiento médico, y adoptando como referencia los criterios de actuación respecto a la incorporación de mutualistas aprobados por el Consejo Rector de Lagun Aro EPSV en sus sesiones de 26 de mayo y 30 de diciembre de 1997, consideramos que dada la patología que presenta, Joxe Aranzabal Mendizabal, profesor de HUHEZI es NO APTO para su incorporación como mutualista.

Axularren hizkuntzan esanda: minbizia izan dut, eta garestiegia naiz Lagun Arok bere magalean har nazan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 5 iruzkin

Salem gogoan

Atzo bazkari-omenaldi bat izan genuen Ormaiztegin, urte bat bete baita Salem Hach-Embarek laguna hil zela. 70 lagun inguru elkartu ginen Gurutze Irizar emaztea eta Beñat eta Garazi seme-alaben inguruan, erakusteko gure atxikimendua eta maitasuna.

Saharako erresistentziak, bestalde, argazki batzuk ezarri ditu Flickr zerbitzuan, eta hor ikus daiteke nolako jipoiak eta torturak ari diren nozitzen Sahara okupatuko bizilagunak Marokoko indar okupatzaileen eskutik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

Prednisona

Bi urtean lehenengo aldiz, gaur ez dut hartu Prednisonarik, kortikoide bat laguntzeko erretxazoaren ondorioak konpontzen. Hala ere, oraindik hartzen ari naiz botika hori, baina egun biz bat.

Hezur-muinaren transplantea egin eta zazpi bat hilabetera, kendu egin zidaten ziklosporina, eta orduan hasi nintzen prednisona hartzen. Artean helburua zen desagerraraztea erretxazoaren ondorioak, zeinak nire kasuan agertzen baitziren batez ere ahoan eta azalean. Eta, egia esan, prednisonak ederto konpondu zizkidan arazook. Trukean, talo aurpegia egin zitzaidan, eta konkor bat bizkarrean.

Harrezkero, hainbat ahalegin egin ditugu prednisona poliki-poliki jaisteko, baina maila batera iritsita, beti agertzen zitzaizkidan zauriak ahoan, eta arazoak azalean. Horregatik, behin eta berriro atzera egin behar izan dugu, berriz hasteko jaisten.

Orain, berriz, inoiz baino urrutiago iritsi naiz jaitsiera horretan: atzo 10 miligramo prednisona hartu nituen; gaur, ostera, ezer ez; bihar berriro 10 mg, eta etzi ezer ez…, horrela hilabetez. Dena ondo joanez gero, hurrengo hilean tartekatu egingo ditugu 5 mg egun batean eta ezer ez hurrengoan, beste hilabetez.

Egun birik bat

Medikuak esan zidanez, berez gorputzak egunean 7 mg hormona sortzen ditu, prednisonaren oso antzekoa, baina azken bi urteotan ez du ezer sortu, kanpotik eman diogulako, modu artifizialean. Hori dela eta, astiro, baina behartu egin behar dugu gorputza, berriz ere hormona hori sortzen has dadin.

Gaurtik aurrera, batez beste egunean 5 mg prednisona hartuko dut, hots, oso kopuru txikia. Hori dela eta, dagoeneko kendu zait talo aurpegia, eta gorputza bere onera etorri zait, bertako koipeak eta gantzak bere lekura itzultzen ari direlako.

Talo aurpegirik ez

Hala ere, prednisonak utzi dit ondorio bat, nahi gabekoa: azazkalak oso siku dauzkat, batzuk pitzatuta, eta bitan tolesturak sortu zaizkit. Oraingoz horrek ez dit arazo berezirik eragin, eta esperantza dut prednisona erabat kendutakoan azazkalak bere onera etorriko zaizkidala.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Ina Uriarte

Lagun bat galdu dut gaur, minbiziak eramanda: Ina Uriarte mediku elorriarra. Urtebete eta lau bat hilabete egin ditu minbiziarekin burrukan, burruka heroikoa zenbaitetan, baina azkenean, gaixotasuna gailendu.

Minbiziaren bigarren agerraldia zuen hau Inak, orain urte asko izan baitzuen beste jazoera bat. Bigarrengoz agertu aurretxoan, elkarrekin izan ginen bazkaltzen Argiñetan, lagun taldeak urtero antolatzen duen bazkarian. Galdera asko egin zidan nire gaixoaldiaz, eta luze eta zabal hitz egin genuen hartaz. Handik gutxira jakin zuen berak tumor bat antzeman ziotela berriro. Harrekero borroka latza eta une larriak bizi izan dituzte Inak eta bere familiak.

Hil kanpaiak entzuten diren honetan, besarkada handi bat Ana emazteari eta Jon eta Aitor semeei. Maite zaituztegu.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina