Vanessa Sanchez

Atzo ikusi nuen lehen aldiz Euskal Telebistaren bigarren katean, albisteak esaten. Eta gustatu zitzaidan. Vanessa Sanchez dagoeneko ez dago Parisen. Han behin eta berriro erakutsi zigun trebea zela albisteak kaletik esateko. Nortasuna zuen, eta patxada, kamera aurrekoa egiten. Atzo, berriz, platoan zegoen, beste giro batean, baina ederto moldatu zen, plano motz zein luzeetan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

Neskatila adoretsua

Ni gaixotu nintzen garaian bera ere gaixotu egin zen, minbiziak jota. Ebakuntza gogorra egin zioten, eta kimio saio luzeak. Hori guztia zazpi bat urterekin. Azken aldian ondo zebilen, pozik eta pisua berreskuratuta, baita oreka ere, denbora luzean erren egiten baitzuen ebakuntzaren ondorioz. Orain, baina, ohiko kontrol batean, mantxa bat aurkitu diote. Denak larri bere inguruan.

Bidegabekeriarik baldin bada, hori da bat, eta handia: haurrak gaixotasun larriak jota ikustea. Ni gainditu egiten nau horrek, guk, azken batean, bizi izan dugu-eta bizitza bat, nik behintzat, bai. Baina ume batek oraindik dena du bizitzeko. Eutsi goiari, laztana, irabaziko duzu-eta!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Kirol nazionalismoa

Ostiral iluntzean, Neguko Olinpiar Jokoak irekitzen ari zirela Torinon, eta TVEren 2. katea ekitaldiaren berri ematen ari zela zuzenean, telebista beraren 1. katean iritsi zenean albistegien orduan, eta horren barruan kirolen txanda, horrela ireki zuten tartea: “Maria, los deportes hoy tienen un nombre… Pau. Porque, por primera vez en la historia, un español ha sido convocado para el partido All Stars de la NBA”. Aipatu ere ez Neguko Olinpiar Jokoak. Premonizio moduko bat izan zen.

Larunbatean telebistaren aurrean jarri, eta egun osoan txintik ere ez Neguko Olinpiar Jokoen gainean. Iganean ere, antzeko zerbait: laburpen labur batzuk besterik ez. Nola aurten Espainiak ez duen Juanitorik, nola edo hala dominak irabaziko dizkionik, bada ez ikusiarena egin, eta laugarren mailako beste kirol batzuk ematen jardun zuen.

Niretzat hori da kirol nazionalismoaren adibide garbia: norberak etekinik espero badu, Pau Gasol saskibaloilariaren kasuan espainoltasunaren aldarria egiten ari ziren, jo eta ke arituko dira horren inguruan. Aitzitik, ez badute ezer espero, eman ez, eta kito. Kontuan hartu barik jende askok gustura ikusiko genukeela izotz gaineko irristaketa, eta iraupen eskia, izotz gaineko hokeya, edo jaitsierak nahiz jauziak. Tamalgarria.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 3 iruzkin

Barautsa

Amat kooperatiban nenbilela, Arrasaten —hamabost urte nituela han hasi nintzen lanean uda partean, diru batzuk ateratzeko—, Txominek erakutsi zidan hiztegi txiki bat, eta handik hitz bat ikasarazi: barautsa, artean barautsarekin ari bainintzen lanean, pieza batzuen ahoa irekitzen, gero tutuak lotzeko erabiliko ziren eta. Hura izan zen nik ikasitako lehen hitz teknikoa, enpresarekin lotua. Pena dut ez dudala hitztegitxo hura aurkitzen, urte batzuk geroago erosi egin bainuen, jakinaren gainean Juanito San Martinek eta eibartar talde batek egina zela.

Eskerrik asko Txomini, ni orduan euskaldun treketsa izan arren, pazientzia handiz erakutsi zizkidalako hori eta beste hainbat gauza, euskararekin lotuak, eta mila esker Juan San Martini eta beste hainbat eibartarri, halako altxorra utzi zigutelako. Bejondaizuela.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Gorriuneak

Atzo Galdakaon izan nintzen, ospitalean. Aurrez ez nuen hitzordurik, baina nola azken astean-edo gorriuneak azaldu zaizkidan gorputzean, hara joan nintzen, medikuak eskatuta, ikusteko zerk eraginda izan zitezkeen gorriuneok. Lasai itzuli nintzen, denak kontrolpean dirudi-eta.

Dagoeneko bi urte izango dira prednisona hartzen ari naizela, kortikoide bat laguntzen didana erretxazo arazoak konpontzen, transplante baten ondoren, beti agertzen baita erretxazoa, modu batean edo bestean. Niri ahoan agertzen zait jeneralean, eta baita azalean ere.

Hainbat ahalegin egin ditut prednisona kopurua jaisteko, baina, beste horrenbestetan, atzera egin behar izan dut, erretxazo zantzuak agertu zaizkidalako, mingarriak gehienetan. Azken aldian, baina, egutegi bat egin genuen, oso luzea, prednisona poliki-poliki jaisteko. Eta azken hilabetean, adibidez, hil osoa igaro dut egunero batezbeste 5 mg prednisona hartzen. Berez, tartekatu egiten dut: egun batean 10 mg, eta hurrengoan ezer ere ez. Batezbeste, 5 mg

Kontua da hasi naizenetik egun birik batean ezer ez hartzen, agertu zaizkidala gorriuneak eta zenbait urradura gorputzean.

Jesus Ojangurenek esan dit nire guruinen iturriak, Prednisonaren pareko hormona naturala sortzen dutenak, seguruenik oraindik ez direla hasi lanean normal. Logikoa, bestalde, kortikoidea denbora luzez hartu dutenen artean, nire kasuan bezala. Eta horrek eraginda, agertu zaizkidala berriro erratxazo arrastoak, nahiz eta oraindik ere modu apalean agertu. “Neurri batean seinale ona da, horrek adierazten baitu transplanteak eragin ona izan duela zugan, oso ona”, esan dit.

Zergatik ote?

“Kontuan hartuta odolean aldagai guztiak ondo dituzula —oso nekatuta ibili bazina, datuetan agertuko zatekeen—, itxaron egingo dugu aste pare bat gehiago, ikusteko ea iturri horiek gehiago ireki eta oraingo arrasto gorri horiek desagertzen hasten diren”. Horretan geratu gara, beraz.

Okerrago sentituz gero, lehenago joango naiz, baina bestela, bi aste barru itzuliko naiz Galdakaora.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

Blogak.com

Probatu dut Blogak.com, eta gustura geratu naiz: diseinu argia du, eta erraza da oso bertan blog bat sortzea, Blogger plataforman bezain erraza bai, behintzat. Erreminta dezente ditu testua janzteko (letra beltzak, etzanak, loturak, etab.), eta alboko loturak Bloggerren baino errazago sor daitezke. Hala ere, badu zer hobeturik oraindik.
Blogak.com izeneko bloga gustatzen zait bereziki. Bertan agertzen dira, era automatikoan, plataforma horretan argitaratzen diren blogen azken artikuluak, goian berrienak, behean zaharrenak. Zehatzago esateko, artikuluen lehen lau lerroak.

Modu erraza asmatu dute etiketak sortzeko, eta baita ikusteko ere. Beste horrenbeste esan daiteke blog guztietan agertzen den irudiaren gainean: gazteak ohituta daude horrelako irudiak erabiltzen messenger erabiltzerakoan, eta uste izatekoa da horrek erakarri egingo dituela, aintzat hartuta, gainera, irudiaren ordez argazki bat ere ipin daitekeela.

Hala ere, plataforma berriak badu zer hobeturik nire ustez. Bi kontu batez ere:

Hobetzekoak

  1. Plantilla gutxi. Lau txantiloi baino ez dituzte jarri aukeratzeko. Gutxi iruditzen zait, batez ere estilo batekoak direla kontuan hartuta. Eskertzekoa litzateke 6-10 bat gehiago ipintzea.
  2. Testuaren kolorea. Nik ikusi ditudan blogetan testua ez da beltza, kolore horren trama bat baizik, %80koa, hor nonbait. Testua kolore horretan dotorea da, baina irakurgaitza. Eta horrelako blogetan testua ez bada ondo irakurtzen, akabo.
  3. Safarin ez dabil. Firefox nabigatzailearekin oso ondo dabil Blogak.com, baina Safari erabiliz gero, mac ordenagailuen nabigatzailea, ezin da bertan idatzi eta editatu, botoi asko ez dira ikusi ere egiten-eta.

Behin Blogak.com eta Blogari.net plataformak kaleratuta, 2006an sekulako eztanda gertatuko da euskal blogosferan, orain edozeinek sor bailezake bere bloga amen jesus batean, eta euskaraz.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 2 iruzkin

Karpetas itzuli da

Joan den astean, berriro Arraldeko ertzainburu izendatu zuten egun berean, Andoni bere bulegoko mahaian jarri, eta karpetak irekitzen hasi zen. Hastapenetan bezala. Gurean horregatik deitzen diogu, aspalditik, Karpetas.

Goenkale asko aldatu da hasiera hartatik, hobera esango nuke nik, baina noiz edo behin azaldu egiten dira hasierako tik haiek. Adibidez, hasieran Andoni beti agertzen zen bere bulegoan sartuta, eta hitz egiten ez zebilenean, planoak irekitzeko edo ixteko, beti karpetak astintzen agertzen zen. Hortik Karpetas goitizena gurean. Horregatik, aurrekoan grazia egin zigun, ertzainburu karguaz jabetu bezain laster, nola sartu zuten karpeta artean, lehengo moduan. Atzo ere, berdin.

Baina gurean sortu dira, berez-berez, beste goitizen batzuk Goenkaleko pertsonaien artean. Bi aipatuko dizkizuet, ea asmatzen duzuen nortzuk diren:

  • Hasperentxo.
  • Don Zerapio.
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Agur, Arrasate Press

Joan den ostiralean, nola Goienkaria berrituan ez den joango Arrasate Press izeneko gehigarririk, galdetu zidaten Goiena Telebistan ea zer iritzi nuen mantxeta hori desagertzeaz, ni izan bainintzen Arrasate Presseko lehen zuzendaria.

Erantzun nien ezer ez dela betiko, ez konstituzioak ez eta egunkarien mantxetak ere. Hori baino inportanteagoa dela Debagoienean badela komunikazio talde bat oso dinamikoa, eta talde hori gero eta zerbitzu hobea eskaintzen ari zaiela bere irakurleei, nahiz eta horretarako Arrasate Press aldi batez desagertu. Aurrerantzean Goiena izango da marka horren jabe, eta berak ikusiko du erabiliko duen berriro, noiz edo nola.

Arrasate Pressek bilakaera logikoa izan du: lehendabizi aldizkaria izan zen, Arrasaten bertan banatzekoa. Gero gehigarri bihurtu zen, bailarako agerkari baten barruan. Eta orain desagertu egingo da aldi batez, debagoiendarrek astekari oso bat jasoko baitute, 56 orrialdekoa, eta hor bailarako herri guztien gaineko informazioa eskainiko da.

Beraz, agur Arrasate Pressi, baina ez adiorik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

Arrate Plazaola

Gaur goizean Euskadi Irratian hitz egin dut eta, Itsaso Peñarekin batera, tarte batean osatu dut Faktoria saioak Arrate Plazaola medikuari egin dion elkarrizketa, zeren eta gaur Minbiziaren kontrako nazioarteko eguna baita. Niretzat pribilegio bat izan da une batez irratia partekatzea Arraterekin.

Orain hiru bat urte elkarrizketa gogoangarri bat entzun nuen Euskadi Irratian. Galdetzailea, Jaime Otamendi, eta erantzuten, Arrate Plazaola. Ordubetez, kieto jarrita egon nintzen, ezin aldendu irrati aparailutik. Emakume hark hitz egiten zuen heriotzaz, gaixotasunaz eta beste gauza askoren gainean halako patxadaz eta naturaltasunez, non harrituta utzi ninduen. Gaur bezala.

Beti aldarrikatu izan dut horrelako medikuak behar ditugula: garbi hitz egin bai, baina neurriz eta bizitzaren ikuspegi praktikoarekin. Nire medikua, Jesus Ojanguren, horietako bat da. Eta Arrate Plazaola ere bai. Egun berezi honetan, bihoakie nire omenaldia eta eskerrona Arrate Plazaolari eta bera bezala, minbiziaren kontra jo eta ke ari diren mediku saiatu guztiei.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Gugan bego

Aurreko batean, asko estimatzen dudan lagun baten blogean irakurri nuen: Gugan bego. Juan Mari Lekuona hil berriaz ari zen, eta berehala piztu zitzaidan argi bat. Izan ere, behin baino gehiagotan aritu naiz esapide egoki bila, hil berri bati buruzko hitzak bukatzeko, eta aurkitzen ez, zeren ohiko goian bego horrek ez nau asetzen.

Ez dakit nire lagunak nire antzeko arrazoiak izan dituen gugan bego hori idazterakoan, berak asmatu duen edo beste norbaiti hartu dion. Kontua da gustatu zaidala, eta aurrerantzean horixe erabiliko dudala. Eskerrik asko!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 4 iruzkin