Arrate Plazaola

Gaur goizean Euskadi Irratian hitz egin dut eta, Itsaso Peñarekin batera, tarte batean osatu dut Faktoria saioak Arrate Plazaola medikuari egin dion elkarrizketa, zeren eta gaur Minbiziaren kontrako nazioarteko eguna baita. Niretzat pribilegio bat izan da une batez irratia partekatzea Arraterekin.

Orain hiru bat urte elkarrizketa gogoangarri bat entzun nuen Euskadi Irratian. Galdetzailea, Jaime Otamendi, eta erantzuten, Arrate Plazaola. Ordubetez, kieto jarrita egon nintzen, ezin aldendu irrati aparailutik. Emakume hark hitz egiten zuen heriotzaz, gaixotasunaz eta beste gauza askoren gainean halako patxadaz eta naturaltasunez, non harrituta utzi ninduen. Gaur bezala.

Beti aldarrikatu izan dut horrelako medikuak behar ditugula: garbi hitz egin bai, baina neurriz eta bizitzaren ikuspegi praktikoarekin. Nire medikua, Jesus Ojanguren, horietako bat da. Eta Arrate Plazaola ere bai. Egun berezi honetan, bihoakie nire omenaldia eta eskerrona Arrate Plazaolari eta bera bezala, minbiziaren kontra jo eta ke ari diren mediku saiatu guztiei.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude