Blogak.com

Probatu dut Blogak.com, eta gustura geratu naiz: diseinu argia du, eta erraza da oso bertan blog bat sortzea, Blogger plataforman bezain erraza bai, behintzat. Erreminta dezente ditu testua janzteko (letra beltzak, etzanak, loturak, etab.), eta alboko loturak Bloggerren baino errazago sor daitezke. Hala ere, badu zer hobeturik oraindik.
Blogak.com izeneko bloga gustatzen zait bereziki. Bertan agertzen dira, era automatikoan, plataforma horretan argitaratzen diren blogen azken artikuluak, goian berrienak, behean zaharrenak. Zehatzago esateko, artikuluen lehen lau lerroak.

Modu erraza asmatu dute etiketak sortzeko, eta baita ikusteko ere. Beste horrenbeste esan daiteke blog guztietan agertzen den irudiaren gainean: gazteak ohituta daude horrelako irudiak erabiltzen messenger erabiltzerakoan, eta uste izatekoa da horrek erakarri egingo dituela, aintzat hartuta, gainera, irudiaren ordez argazki bat ere ipin daitekeela.

Hala ere, plataforma berriak badu zer hobeturik nire ustez. Bi kontu batez ere:

Hobetzekoak

  1. Plantilla gutxi. Lau txantiloi baino ez dituzte jarri aukeratzeko. Gutxi iruditzen zait, batez ere estilo batekoak direla kontuan hartuta. Eskertzekoa litzateke 6-10 bat gehiago ipintzea.
  2. Testuaren kolorea. Nik ikusi ditudan blogetan testua ez da beltza, kolore horren trama bat baizik, %80koa, hor nonbait. Testua kolore horretan dotorea da, baina irakurgaitza. Eta horrelako blogetan testua ez bada ondo irakurtzen, akabo.
  3. Safarin ez dabil. Firefox nabigatzailearekin oso ondo dabil Blogak.com, baina Safari erabiliz gero, mac ordenagailuen nabigatzailea, ezin da bertan idatzi eta editatu, botoi asko ez dira ikusi ere egiten-eta.

Behin Blogak.com eta Blogari.net plataformak kaleratuta, 2006an sekulako eztanda gertatuko da euskal blogosferan, orain edozeinek sor bailezake bere bloga amen jesus batean, eta euskaraz.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , . Gorde lotura.

2 Responses to Blogak.com

  1. egilea: Blogak.com

    Aupa Joxe, mila esker aipamenagatik eta hobetzeko iradokizunengatik.

    Blogaren itxura aldatzea erabiltzaileen esku dago, baina arrazoia duzu. Landuta daude eta laster plantilla gehiago ipiniko ditugu sarean.

    Koloreena konponduta dago plantilla berrietan eta begiratuko dugu Safarikin zer gertatzen den.

    Eskerrik asko!!

  2. egilea: Joxe Aranzabal

    Eskerrak zuei, oso lan ona egiten ari zarete eta. Segi gogor.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude