Mondragoe, a zer anabasa!

Sorry, your browser doesn’t support iframes.

Halaxe da, bai, Arrasate hankaz gora dago, jasota. Mutur batean, Kataide eta Eroskiko lotune amaigabea egiten; barrurago, kiroldegia, Gelmako etxeak eta Zerrajerakoak; erdigunean, lurrazpiko aparkalekuak; harago, autobidea… Orain, berriz, hiru hilabeterako itxi dute Kanpazartik Mondragoera doan bide zaharra, eta, horren ondorioz, ordu gorrietan sekulako auto iladak antolatzen ari dira Kataideko biribilgunean, autobidea bukatzen den lekuan. Eta, hori gutxi balitz, laster hasiko dira lanak Olandixoko tunela eta tranbiaren bidea egiteko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 3 iruzkin

Zeren arabera saritu diseinua

Business 2.0 aldizkariak diseinu sariak eman berri ditu bigarren aldiz, Botton Line diseinu sariak. Irabazlea, hilkutxa bat, Uono enpresa alemaniarrak atera duen hilkutxa arrauzkara. Hori bezain harrigarria, ordea, epaimahaiak zer irizpide erabili dituen sariak emateko, oso kontuan hartzekoak iruditu zaizkit-eta.

Izan ere, Business 2.0 aldizkariak eratutako epaimahaia estetika baino harago joan da sariak epaitzeko orduan. Hauek izan dira irizpideak:

  1. Estetika.
  2. Erabiltzaile esperientzia.
  3. Marka estrategia.
  4. Iraunkortasuna.
  5. Berrikuntza.
  6. Arrisku hartzea.
  7. Estrategia korporatiboa.
  8. Eragina negozioan.
  9. Kultur eragina.
  10. Sorpresa.

    Eta hamar onenak hauek izan dira, Business 2.0 aldizkariaren arabera:

Hamar onenak

  1. Hilkutxa arrauzkara.
  2. My M&Ms webgunea.
  3. Sling Media Slinbox.
  4. Google Maps.
  5. Citroen C4.
  6. Erabili eta botatzeko bideo kamera.
  7. Nemo Hypno kanpin denda.
  8. Dyson DC-15 xurgagailua.
  9. Apple iPod Nano.
  10. Target ClearRX boteila.
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Txernobil gogoan

Egun hartan bero egiten zuen, eta erabaki nuen lasterka egitea elastikorik gabe. Kibutza utzi eta basamortuan barneratu nintzen, beduinoen herriskaraino. Kibutzera bidean, ordea, euriak harrapatu ninduen. Biharamonean irakurri nuen The Jerusalem Post egunkarian Israelen bezperan egindako euria erradiaktiboa izan zitekeela, Txernobiletik zetorren-eta, non bizpahiru egun lehenago indarretxe nuklear bat lehertu baitzen. Egia balitz, kutsatuta nengoke.

Orain hogei urte, indarretxe nuklear bat lehertu zenean Txernobilen, gu Israelen geunden, Mishmar Hanegev kibutzean. Egun erdiz hebreera ikasten eta beste erdiz, lanean. Zur eta lur geratu ginen hondamendiaren berri izan genuenean, eta gure artean eztabaida ugari izan zen, zenbaitek uste baitzuten amerikarrek asmatutako albiste bat zela, Sobiet Batasuna ahultzeko.

Egun hauetan arretaz irakurri dut National Geographic aldizkariak Txernobilen inguruan argitaratutako erreportajea. Mila historia hunkigarri daude horren atzean.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Erosle kaskarra

Oraingoan hanka sartu dut hondoraino. Tenerifen geundela, argazki makina bat erostera joan ginen, opari bat egiteko, baina azkenean bideo kamera bat ere erosi genuen, eta magnetofono digital bat. Lehenbizikoarekin komediatan nabil, bideo kamerak ez baitu mac ordenagailua ezagutzen, eta bigarrenarekin ere behar leku dezente oraingoz. Nola gertatu zen, baina?

Jeneralean zerbait erosi behar badut, saiatzen naiz horren gainean irakurtzen eta galdetzen, erostera joan aurretik jakinaren gainean egoteko. Iragan astean, berriz, lasai joan ginen argaki makina bat erostera, eta sartu ginen Los Cristianos auzoan dauden ehunka denda txiki horietako batean. Ravi indiar gazteak hartu gintuen. Gozo hitz egiten zuen, eta ez zen larregi saiatzen denetik saltzen, nahiz eta, bide batez, erakutsi zigun bideo kamera bat guk eskatu barik.

Merkea zen, erabilerraza, eta balio zuen gure argazki makina apalak orain hiru urte baino gutxiago. Hori ikusita, burura etorri zitzaidan erreminta ona izan zitekeela bideokastina egiteko, eta animatu nintzen erostera, aintzat hartu barik Macintosh bat dudala, etab. Gogoan nuen argazki makina oso ondo dabilela iPhoto programarekin, eta pentsatu nuen bideo kamera ere halaxe ibiliko zela. Kia. Baina errua nirea da, berotan erosi nuelako, aurrez egin beharrekoak egin barik. Ikasiko dut.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 3 iruzkin

Bukatu dira oporrak

Joan den astea Kanarietan igaro dugu, Tenerife uhartearen hego aldean: eguraldi ona, pasiera luzeak goizean, irakurraldi lasaiak egunean zehar, berbaldi pausatuak, kafeak Gomera uharteari begira iluntzetan… Kirioak lasai eta suspertuta ekarri ditugu.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Gidabaimena beste hiru urterako

Atzo lehen opor eguna aprobetxatu nuen gida baimena berrizteko. Hiru urterako berritu didate, esan zidaten-eta hamar urte igaro behar direla “remisión completa” aitortu zidatenetik. Hiru igaro dira, beraz, 2013a arte hiru urtez behin berrituko didate gidabaimena. Egia esan, berdin dit hiru urtez behin egitea edo bost urtez behin. Kontua da gidabaimena edukitzea.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Oporretan!

Etxeko wi-fia izorratuta daukagu, baina gaur, Esteñibar baserrian gaudela, eta aprobetxaturik hemen wi-fia badabilela, idaztera noa mezu labur bat. Familiako kide asko elkartu gara belar txarrak garbitzera Mikelen eta Fatimaren mahastietan, eta egun zoragarria igaro dugu. Goizean lana jo eta ke, eta eguerdian bapo jan eta bapo edan. Horixe egin dugu. Arratsaldean, berriz, lo kuluxka bat egin eta gero, trikitia atera eta dantza saio paregabea izan dugu. Argazkian, hortxe dituzue Miren, Bego eta Bernar, tulipanen ondoan. Nahi baduzue argazki gehiago ikusi, gaur ateratakoak klik egin hemen

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Blogari gazteak

Herenegun Deustuko Unibertsitatean izan nintzen —30 urte beteko dira aurten bertan amaitu nituela unibertistate ikasketak, eta harrezkero itzuli barik nengoen—, mahai inguru batean hitz egiten. Ez zen jende asko bildu aretoan, 30-35 bat lagun, baina giro ona izan genuen, eta pozik itzuli nintzen, gazte jator eta bizkor asko ikusi nuen-eta han.

Letren Astearen barruan gonbidatu gintuzten Deustura, eta han esandakoak dagoeneko jaso da bi blogetan: Nire begietatik eta 29A Ez noa, beraz, horiek esandakoa errepikatzera.

Julen Gabiria izan nuen ondoan, eta DUko lau ikasle eta blogari: Janire Enzunza, Lander Azaola, Eneko Zuloaga eta Janire Rodriguez, denak gertu euskal blogosferaz hitz egiteko. Zintzoak aurkitu nituen ikasle mahaikideak, beharginak, ideiak garbi eta ilusioz beterik. Konturatu nintzen, halaber, sekulako lana egin duela beraiekin Joseba Abaitua irakasleak, berak ipini baititu hango ikasle gehienak blogeatzen Littera blogen bidez.

Josebaren ikasle zenbait lehendabizi hantxe trebatzen dira blogintzan, baina, aldi berean, irekitzen ari dira beste blog batzuk, Goiena.net-en adibidez, beren benetako zaletasunak lantzeko.

Gotzon Garate ere agurtu genuen, gure aspaldiko irakaslea. Esan zigunez, hiztegi bat prestatzen ari da BBKren enkarguz, euskal modismoen gaineko hiztegi bat, eta pare bat urtean espero du kalean izango dela.

Atzo, berriz, ez nuen aukerarik izan Deustura joateko, Blogak 2.0 jardunaldietara. Hala ere, gustura irakurri nuen Mutilmedia taldeak egindako erreportajea.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | 3 iruzkin

Flickr hastapenean

Vancouver hirian sortu zen Flickr argazki webgunea, Kanadan, sarerako jokoak egiten zuen enpresa batean, Ludicorp izenekoa, eta ez, harrigarria bada ere, argazkigintzan ziharduen batean.

Caterina Fake berehala konturatu omen zen zerbait berezia zutela esku artean, bere enpresako ingeniari batek sortu zuenean erreminta bat argazkiak partekatzeko. Bera eta bere senarra ohartu ziren jokoan barik, dibertimendua zegoela argazkiak partekatzean. Horrela sortu zen Flickr. Handik urtebete pasatxora, Yahook erosi eta 11 laguneko taldea Kaliforniara eraman zuen. Historia osoa, USA Today egunkarian.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Maistra baten historia

Urte pare bat bai, ibili naiz liburu honen bila —Historia de una maestra, Josefina Aldecoarena— eta egun hauetan irakurri dut, erosi eta berehala. Gustura irakurri ere.

Aurretik beste liburu bat irakurri nion Josefina Aldecoari, En la distancia, hori ere Alfaguarak argitaratua, eta orduan liluratuta geratu nintzen emakume horren nortasunarekin eta idazteko moduarekin. Hantxe izan nuen beste liburu honen berri, eta orduan sartu zitzaidan berau irakurtzeko gogoa.

Liburu honek kontatzen ditu maistra gazte batek 1923ko Espainian irakasle titulua aterata bizi dituen gorabeherak. Hasten da Franco koronela ezkontzen den egunean, egun horretan jaso baitzuen irakasle titulua gure protagonistak, eta amaitzen da hamahiru urte geroago, Franco generala matxinatzen denean Espainiako Errepublikaren kontra.

Maistra idealista bat

Protagonista emakume gazte bat da, Gabriela, Leon probintziakoa, zeinen aitak hezi baitu askatasunaren ametsarekin. Zinez sinesten du hezkuntzaren bidez alda dezakeela gizartea, hobe dezakeela eta denen artean sor daitekeela gizarte justuagoa, eta horrek eramango du hainbat herrixka eta esperientzia bizitzera. Herri txiki galdu batean biziko da, gure Obabako maistra gaztearen moduan, Ekuatore Gineara joango da gero, baita nekazari herri batera ere, non ezkonduko baita beste maisu batekin, eta, azkenik, meatz herri batera. Eta han bizi izango du 1934ko matxinada.

Gabrielak sinesten du hezkuntzaren indar eraldatzailean eta horrek emango dio indarra aurrera egiteko, baina bidean oztopoak etorriko zaizkio bata bestearen atzetik: elizaren jarrera atzerakoia, beldurrak, meatxuak, ezjakintasuna, dirudunen presioak… Buru eta bihotz egingo du lan bere ametsaren bila, eta hor senarra izango du bidaide, baina hori ere urruntzen hasten zaionean, alabarengan eta eskolan aurkituko du kontsolamendua.

Amets zoragarri baten historia da hau, Espainiako maisu-maistra idealista askoren amets urratua, “Institución Libre de Enseñanza”:http://www.fundacionginer.org/ haren jarraitzaileak baitziren.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin