Atzo, ia lau urtez lehenengo aldiz, Bego emaztearekin batera irten nintzen arineketan egitera, Miren alaba alboan genuela bizikleta gainean. Errepidera irten ginen, eta ordu erdi egin, gelditu barik. Oraindik ez daukat Begok duen erraztasuna, hauspoak bete egin zitzaizkidan tarteka, baina arineketaldi gogoangarria izan zen hirurontzat.
Lasterka egiteko modua aldatu nuenetik, izugarri aurreratu dut nire hasierako asmoetan, minik hartu barik, gainera. Hiru astean iritsi nintzen hogei minutu egitera, gelditu barik. Eta orain astebete, ordu erdi egin nuen errepidean. Noski, sasoi batean baino dezente astiroago noa orain, baina berdin-berdin balio dit, minik hartzen ez dudan bitartean hankak indartzen joango dira-eta.


