Hedabideen gezurra

Liburu bat hasi naiz irakurtzen, Inon izatekotan, Juan Luis Zabala kazetariarena, eta hor esaldi hau aurkitu dut:
Hedabideek gezurra moldatzen dute, egia oinarritzat hartuta. Idazleak, gezurra oinarritzat hartuta, egia bilatzen du.
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 3 iruzkin

Adiskide maitemindua

Aurreko batean Bilbon izan nintzen, eta Herriak liburu dendatik irtendakoan, brausta!, aspaldiko lagun on batekin egin nuen topo. Kafetxe batean sartu ginen, eta lasai jarri, kontu kontari. Halako batean, aitortu zidan maiteminduta zegoela, txora-txora eginda neska batekin, bera baino dezente gazteagoa, eta orain asko ez dela ezagutua. Halako batean, esan nion: “konturatzen haiz emakumeak bezala ari garela hitz egiten, sakoneko sentimenduen gainean?”. “Bai, motel”, berak, “eta gustura sentitzen nauk horrela hitz egiten, guk ere badiagu-eta geure alderdi emea, eta nik, behintzat, neure egiten diat”. Baita nik ere.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Nire pokastinek, 68 entzule batezbeste

Euskadi Irratiak gora egin omen du audientzian, eta orain 102.000 entzule ditu, ni tartean. Poztekoa benetan. Beste maila batean, nik neuk bost pokastin egin ditut, maiatzaren 11n lehena argitaratu nuenetik. Kontuak atera ditut eta, batezbeste, 68 entzule ditut. Txarto ez, hasi berri batentzat.

Entzule kopurua, saioz saio

Hona hemen orain arte egin ditudan pokastinak, zaharrenetik hasita, eta bakoitzak lortu duen entzule kopurua:

  1. Gelditasunaren gorazarrea. 83 entzule
  2. Egunkarien gainbehera. 102
  3. Euskal Herria atzerritarren ahotan. 51
  4. Errezeloak Interneten gainean. 68
  5. Worden argi-ilunak. 37
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 2 iruzkin

Arrazakeria ezkutua?

Espainiako gobernua neurri zorrotzak hartzen ari da, hori bai, irribarrerik onenarekin, afrikarrek zapal ez dezaten iberiar penintsula. Bateko, hesi sofistikatuak, “etorkinek minik har ez dezaten”; besteko, sateliteak, antzemateko ontzi bete emigrante guztiak, baita hitzarmen bereziak Mauritaniarekin eta horren auzo herriekin, oztopa ditzaten abenturazaleen nahiak… Bitartean, ordea, hego amerikarrak ari dira ailegatzen, eta Ekialdeko europarrak. Isilik, baina kopuru esanguratsuetan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 5 iruzkin

Ez gara hain gutxi ikusle euskaldunak

Oihane Agirre Goiena Telebistako zuzendariari Goienkarian irakurri diot Goiena Telebistak 7.000 ikusle dituela Debagoienean. Eta herrialde horretan batuz gero ETB1 ikusten dutenak eta GOITBren ikusleak, gainditu egiten dutela Tele 5. Beti ere Debagoienean, jakina. Beraz, jende dezente omen dago Debagoienean telebista euskaraz kontsumitzen ohituta. Adierazgarria.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Wordetik blogera zuzenean

Joe Friend Microsofteko programa managerrak adierazi duenez, 2007an Wordek aukera eskainiko du programatik bertatik zuzenean argitaratzeko blogean. Writely sareko testu prozesadoreak badu ezaugarri hori, baina Wordek ez. Halaber, Word 2007 horrek lotura egingo du hainbat blog zerbitzurekin, hala nola MSN Spaces, SharePoint 2007, Blogger eta Community Server. Orobat, aukera emango dio erabiltzaileari mezuak kargatzeko FTP babesten duen edozein webgunetan. Hala ere, nik ez dut erabiliko.

powered by ODEO

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

Mugarri bat gehiago

Atzo, ia lau urtez lehenengo aldiz, Bego emaztearekin batera irten nintzen arineketan egitera, Miren alaba alboan genuela bizikleta gainean. Errepidera irten ginen, eta ordu erdi egin, gelditu barik. Oraindik ez daukat Begok duen erraztasuna, hauspoak bete egin zitzaizkidan tarteka, baina arineketaldi gogoangarria izan zen hirurontzat.

Lasterka egiteko modua aldatu nuenetik, izugarri aurreratu dut nire hasierako asmoetan, minik hartu barik, gainera. Hiru astean iritsi nintzen hogei minutu egitera, gelditu barik. Eta orain astebete, ordu erdi egin nuen errepidean. Noski, sasoi batean baino dezente astiroago noa orain, baina berdin-berdin balio dit, minik hartzen ez dudan bitartean hankak indartzen joango dira-eta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 5 iruzkin

Egunkarien etorkizuna, Goio Aranaren arabera

Goio Arana diseinatzaile sarituak artikulu bat idatzi du Maquetadores aldizkarian, eta hor aztertzen du egunkarien etorkizuna eta Interneten eragina berauetan. Merezi du.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Blogak, banitatearen erakusleiho

Oraingoan Felipe Juaristi idazle azkoitiarrak jakinarazi digu blogak “norberekeriak harro erakusteko tokiak” iruditzen zaizkiola, “banitatea eta hantustea biak eskutik helduta paseatzen diren zelai ezdeusak”. Gaitzerdi, bere zutabea ere halakotzat jo baitzuen maiatzaren 10ean Territorios gehigarrian argitaraturiko zutabean, El Correon.
Adiskide batek esanda jakin dut debatea izan dela euskal letretan. Nire kulpa da, aitor dut, ez dakidalako nora jo behar den polemika debatedun orriak, paperezko ala elektroniko, jotzeko. Pereza infinitua izango da nirea, ezintasunarekin batera. Interneten sartu eta blogen bila hasteko gogorik eza, noski, espazio horiek norberekeriak harro erakusteko tokiak iruditzen baitzaizkit, zutabe hauxe beezala, ezberdintasunak ezberdintasun, banitatea eta hantustea biak eskutik helduta paseatzen diren zelai ezdeusak. Ez dakit horretaraino iritsiak ote garen honako zutabegileok. Zalantza dut. Idaztea berez da banitatearen erakusleiho. Hori dakienak bide erdia egina du, norberarenak ez diren galtza harroak ez janzteko.

Eskerrik asko Iban Zalduari honen berri ematearren Eibartarrak posta zerrendan. Nik handik hartu dut.

Felipe Juaristiren jarrera ez da bakarra, badira beste idazle batzuk ikuspegi ezkorra dutenak sareari buruz. Zergatik, baina? Entzun pokastina.

powered by ODEO

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | 5 iruzkin

Egun zoragarria

Atzokoa egun zoragarria izan zen niretzat. Jai hartu nuen fakultatean, Joxeferi laguntzeko bere liburuaren aurkezpenean eta, egia esan, haurrak bezala ibili ginen, ilusioz beterik. Bai Donostian eta baita Arrasaten ere.

Arrasatetik abiatu aurretik, Iñaki agurtu genuen Ekiloren. Aspaldi ginen berarekin egon gabe, eta ordu laurden bat-edo igaro genuen ederra, AEBetako kontuak eta hemengoak jorratzen.

Donostia zoragarri zegoen. Bero bai, baina brisara ederrarekin. Topaguneko lagunak agurtu genituen KMko aretoan, tartean Joxe Rojas, aspaldiko geek mac zalea. Prentsaurrea ondo irten zen. Lagunak izan genituen han, Mikel Irizar eta bere bi lankide, tartean Joxe Austin Arrieta; Lierni Narbaiza koinata eta bere ikaskideak; Vanessa argazki ikasle katalana; Enrike bekadun berezia. Noski, kazetariak ahaztu barik, tartean Mertxe Ezeiza, Goenkaleko azken fitxajea.

Donostian

Handik irtenda, Fnac dendan sartu ginen, kuskuseatzera. Ondo dago, besterik gabe. Bi liburu erosi nituen han: Notebook, Paco Aristirena, eta Ripley trebea, Patricia Highsmith-ena. Bazkaldu ere, han ondoan bazkaldu genuen, alboko terraza batean. Kontu kontari. Eta bukatutakoan, izozki bat txokolatezkoa.

Mondragoeko aurkezpena Kajoi tabernan egin genuen, tabernak albo batean duen areto berezian, eta zer esango dizuet, oso ondo egon zen. Berrogeita hamar bat lagun, taldetan, elkarren ondoan, kopa ardoa eskuan, entzuten lehendabizi eta elkarren artean hitz egiten gero, pintxoak jan bitartean. Giro berezia izan genuen, lagun artekoa. Joxefek liburu dezente saldu zituen han, eta sinatu. Egun biribila eta gogoangarria.

Mondragoen

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin