Erasmus ikasleak

Erasmus ikasleak HUHEZIn 2
Dagoeneko bi eskola egun izan ditut Filiz, Seda, Amarens, Renske eta Kira ikasleekin, bostak atzerritik etorriak HUHEZI fakultatera
Erasmus programari esker. Eskolak ingelesez eman ditut, batean Euskal
Herria azaltzeko eta bestean Mondragoeko kooperatiba mugimendua.
Oraindik beste eskola egun bat geratzen zait, baina gero horietako bi
nirekin joango dira Goiena Komunikazio Zerbitzuetara, urtarrilerako
dokumental bat egin beharko dute-eta ingelesez Goienaren inguruan.

Oso neska irekiak dira, jatorrak, eta gertu Euskal Herria eta
euskaldunok ezagutzeko. Gaur, une labur batez Maritxu Kajoi jaiaren
berri eman diet, bostek Arrasaten hartu baitute ostatu. Uste dut hasi
direla pentsatzen zelan jantziko diren egun horretarako.

Hauek dira gure ikasleak

  • Seda Eyyupoglu. Irakasle ikasketak egiten ari da Mustafa Kemal Unibertsitatean. Hatay hiritik dator, Turkiako hegoaldean.
  • Filiz Karadagli. Irakasle ikasketak egiten ari da Mustafa Kemal Unibertsitatean. Hatay hiritik dator, Turkiako hegoaldean.
  • Renske Opheikens. Irakasle ikasketak egiten ari da Hanze University Groningen Unibertsitatean. Groningen hiritik dator, Herberehetako iparraldean.
  • Kira Evve. Komunikazioa-Kazetaritza ikasten ari da Tallin Unibertsitatean. Tallin hiritik dator, Estoniako hiriburuan.
  • Amarens de Jong. Komunikazio Kazetaritza ikasten ari da Windesheim Unibertsitatean. Zwolle hiritik dator, Herbeheretako erdialdean.

Urriaren 12an beste lau etorriko dira, Stephanie, Liesbeth, Kathleen eta Tara, denak ere KHLIM Unibertsitatetik, Flandestik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 2 iruzkin

Txortan

Mezu bat jaso dut, anonimoa —pentsatzen ordenagailuz ordenagailu ibiliko dela—, eta hor azaltzen da nondik etor daitekeen “txortan” hitza. Si non e vero, e ben trovato, egia ez bada, ondo asmatua da. Eta grazia izugarria du:

  • Ondala gitxi entera na nundik datorren “txortan” berbi. Euskal Herriko arrantzalik, aspaldi, ondala urte asko, aparteko uretan ibiltxen zinin, Terranova ingurun edo Gran Sol aldin, egun askoko marik etxen ben, denpora asko etxetik kanpo. Han ingurun lurre joten benin (esate bateako Eskozi aldin) popi galdute putetxea bisitxa juti normala zan. Eta denpora gitxi eukelako alde batetik, eta diruaz be ezebizelako franko bestetik, hango emakimunin oferti hauxe zan: “Short Time”. Hori gure gixonantzako “txortan” zan.
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

The Sartorialist

Begi zorrotza du Scott Schuman blogariak modarako, hain zorrotza ze Time aldizkariak izendatu du modako 100 eragilerik handienetako bat. Manhattan auzoan gora eta behera ibiltzen da, New York hiriaren bihotzean, beti kamera aldean duela, eta ikusten duenean zerbait deigarri, tak, argazki bat atera eta The Sartorialist bere blogean argitaratzen du, zenbaitetan iradokizun eta guzti. Merezi du.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Eztei ederrak

Ezkonberriak beren amandreekin
Joan den larunbatean, hilak 15, Oñatin izan ginen Naia eta Unai loben ezteietan. Aspaldiko partez, trajea jantzi nuen, korbata eta guzti. Egun paregabea bizi izan genuen: eguraldi ona, ezkontza bera polita, bazkari bikaina, dantza alaia… Nekatuta etxeratu ginen, baina pozik, dena oso ondo irten zelako. Orduko argazkiak, Flickr-en ipini ditut.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

8. probintzia, Euskadi Irratian

Datorren igandean, irailak 15, Euskadi Irratiak leiho txiki bat irekiko dio euskal blogosferari, Amarauna izeneko irratsaioaren barruan. Igandero, goizeko 10:15ean, “8. probintzia” egingo da, tarte bat hamar bat minutukoa, eta hor nik hitz egingo dut Arantxa Kalzadarekin batera.

Hamar minutu berehala pasatzen dira, baina tarte horretan saiatuko gara erakusten zertan den euskal blogosfera, zertaz idatzi den aste horretan, nor dabilen blogeatzen, etab. “8. probintzia” izena Anjel Lertxundiren omenez hartu dugu, berak deitu baitzuen horrela Internet, Xenpelar oinarri hartuta, izen horrekin adierazi nahi baitzigun euskararentzat ezinbestekoa izango dela sarea.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 7 iruzkin

Madeleine

Nahastuta nabil kontu honekin, Portugalen orain hilabete batzuk galdu zen Madelein haurraren kontuarekin. Beste askok bezala, nik ere bat egin nuen orduan haren gurasoen saminarekin.

Orain, ostera, galdera asko eta hainbat froga kaleratu dira, kolokan jartzen dutenak bahiketaren hipotesia. Bat ere egia bada azken egunotan idatzi dena, alegia, Madeleine txikia hil zela desagertutako egun berean eta, seguruaski, gurasoek emandako pilula loeragile batzuek eraginda, aurreko guztia hankaz gora geratuko litzateke.

Badaezpada, McCann senar-emazteek alde egin dute Portugaldik eta kontratatu egin omen dute Pinocheten abokatu bat, hari lagundu ziona Espainiarako estradizioa saihesten. Oraingoz, Erresuma Batuko hedabideak alde dituzte, baina ikerketak aurrera egin behar du egia azaleratzeko. Hori, behintzat, zor diete hasieran mundu osoan gurasoekin bat egin zuten guztiei, eta batez ere zor diote Madeleine txikiari.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 3 iruzkin

Errusiako blogari emankorrak

Sergei Kutznetsov kazetari errusiarrari irakurri diot Dispatches from Blogistan liburuan, blogari errusiarrak izanda munduko blogarien %3 baino gutxiago, zelan idazten dituzten blogosferako mezu guztien %10.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Pornografia 2.0 erara

Go2Web2 webgunean irakurri dut erabiltzaileak sortutako edukiak —hori baita Web 2.0ren ezaugarririk behinenetako bat— iritsi direla pornografiara ere. Kontua da hainbat aplikazio sortu direla hortik zehar, jendeak bertara igo ditzan bideo pornoak, besteekin partekatzeko. Hona hemen, bada, zenbait komunitate porno aipatzeko modukoak:

  • Megarotic. Hemen bisitariek nabigatu, ikusi eta puntua ditzakete bideoak, musutruk. Hala ere, Megarotik-ek mugatu egiten ditu zenbat bideo ikusi ahal diren egunean (bazkide ez bazara, 10; bazkide bazara, 20). Gura baduzu zure bideoak igo (artxiborik handiena 5GB), jaitsi, etab., orduan premium kontu bat ireki behar, alegia, 9,99 dolar hileko (urtean 69,99 dolar).
  • Fantasti.cc. Antolatuta dago edozein Web 2.0 webguneren tankera, nahiz eta edukiak oso bestelakoak izan. Hemen ez dago mugarik, dena da doan. Erabiltzaileek bilatu egin dezakete, ikusi eta jaitsi (ala eraitsi?) hor dauden 60.000 bideo baino gehiago.
  • Nipplebyte. Zabaldu.com-en tankerako webgunea, baina hor edukiak pornoak dira. Ikusten baduzu zure gustuko bideo bat, eta gura baduzu besteekin partekatu, bidali NippleByts horretara. Jendeak gustuko badu, zabaldu egingo du, harik eta webguneko azalean agertu arte. Bost boto nahikoa dira edukia azaleratzeko.
  • StumblePorn. Nahi baduzu egunero eduki freskoak aurkitu, jaitsi StumblePorn barra eta instalatu zure nabigatzailean. Barra horrek lagunduko dizu kalitatezko pornoa bilatzen, eta aukera emango dizu zuk aukeratzeko zer formatutan gura duzun ikusi (argazkiak, bideoak, zuzeneko webcamak, etab.).
  • Pornotube. Onenatako bat, antza, Web 2.0ren ikuspegitik. Izena emana duten erabiltzaileek denetik egin ahal dute hor: igo bideoak, txertatu beren blogetan, partekatu, sailkatu, iradokizunak idatzi… Hala ere, ez duzu sinatu beharrik nahi adina bideo ikusteko. PornTubek bere playerra du; horrek esan nahi du ez zaituela eramango beste webgune batzuetara, banner eta iragarkiz josita dauden horietarkoetara.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 14 iruzkin

Aurkik 608 informazio iturri eskaintzen ditu

Joan den larunbatean, irailak 8, berriro sartu nintzen Aurki.com informazio batzailean, eta zenbatu egin nituen zenbat feed eskaintzen dituen, informazio hori eguneratu beharra nuen-eta nire ikerkuntza lanerako. Iragan larunbatean, Aurki.comek 608 informazio iturri eskaintzen zituen, 16 ataletan banatuta.
    •    Politika-gizartea: 51 informazio iturri.
    •    Teknofiloak: 49
    •    Albisteak: 12
    •    Herriak: 146
    •    Euskara: 42
    •    Pertsonalak: 96
    •    Idazleak: 32
    •    Hedabideak: 13
    •    Musika: 11
    •    Kirola: 15
    •    Udalak: 12
    •    Kultura: 42
    •    Hezkuntza: 19
    •    Zientzia eta teknologia: 25
    •    Zerrendak: 5
    •    Argazkiak: 18

Bistan da Aurki.comek bistaratzen duela Interneten euskaraz egiten den produkzioaren zati esanguratsu bat. Berau izango da, zalantza barik, Anjel Lertxundik 8. probintziatzat hartu zuenaren ispilurik fidagarriena.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Twitter eta ni

Atzo arratsaldean Twitter kontu bat ireki nuen joxearanzabal erabiltzaile izenarekin, kostata, hori bai, justu orduan zerbitzariak aldatzen ari baitziren. Berandu bada ere, probatu nahi dut zer eman dezakeen aplikazio horrek. Txioka.net agertzeak lagundu dit pauso hori ematen, orain argiago ikusten baitut zertarako erabili Twitter, adibidez euskal komunitate baten berri izateko, nahiz eta oso modu arin eta azalekoan izan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1