Irratitik podcastera, mac bat erabilita

 Aurreko batean Gari Araolazak azaldu zuen bere blogean nola grabatu irratiko programa bat Internet bidez Ubuntun. Nik, berriz, azalduko dut zelan grabatu nuen joan den igandeko irratsaioa Mac ordenagailu batean, ondoren horrekin podcast bat egiteko.

Nire kasuan hiru bat aplikazio probatu nituen, denak mac-erako eginak, baina batekin bakarrik asmatu nuen, Audio Hijack izenekoarekin, Gari Araolazaren laguntzari esker.

Zelan grabatu
1. Instalatu Audio Hijack programa.

2. Aplikazioa irekita, klik egin “Input” izeneko fitxan, eta ezker zutabean Windows Media Player aukeratu, Euskadi Irratiak hori erabiltzen baitu sarean emititzeko.

3. Ondoren kode zati hau itsatsi erdiko kutxa batean, Windows Media Player izenaren azpian, horren bidez, programa harremanetan jartzen baita Euskadi Irratiaren playerrarekin:

  • mms://a1468.l881320286.c8813.e.lm.akamaistream.net/
    D/1468/8813/v0001/reflector:20286

4. Klik egin “Recording” fitxan, eta erabaki non gorde grabazioa eta beronen izena.

5. Dena prest dagoenean grabatzeko, klik egin “record” botoian, eta segundu batzuen buruan, Euskadi irratiaren playerra ireki, eta grabatzen hasiko da Audio Hijack.

6. Grabazioa amaitu nahi duzunean —gogoan izan Euskadi Irratiaren emisioa 30 bat segundo atzerago dabilela Interneten irratian baino, beraz itxaron apur bat amaitu aurretik—, berriz klik egin “Record” botoian, itxi playerra, eta kitto. Zure grabazioa eginda dago.

Audio Hijack

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

8. probintzia, 3. saioa

Hemen duzue 8. probintzia irratsaioaren 3. saioa, irailaren 30ean egin genuena Euskadi Irratian, Amarauna saioan.

Edukiak
Hirugarren saioan honako gaien inguruan egin genuen berba:

  1. Zertaz hitz egin den aste honetan euskal blogosferan.
  2. Hiru blog aipagarri: Gaztelumendi.org, Harrikadak eta Patxitrapero.
  3. Zelan egin blog bat.

Saio hau neuk grabatu nuen neure mac ordenagailuan Audio Hijack aplikazioa erabilita. Bihar esango dizuet zelan egin nuen.

powered by ODEO

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 4 iruzkin

Erasmus ikasleak, Elorrion

Elorrio, ederra
Atzo iluntzean Erasmus ikasleak izan genituen Elorrion. Lehendabizi herria bisitatu genuen, eta ondoren afaltzera joan ginen Alkartu izeneko elkartera. Han jaki gozoak genituen prest, Balen eta Aitor lagunek prestatuta, ardo gozoekin, tartean Mendraka txakolina, Elorrion bertan egina.

Elorrio izugarri gustatu zitzaien. Polita, lasaia eta alaia iritzi zioten. Alkartun, ostera, harrituta ibili ziren, hango sukaldea ikusita jendez betea, hainbat afari prestatzen. Pozik itzuli ziren, eta gu ere gustura geratu ginen haiek pozik ikusita. Argazkian, ezkerretik eskuinera: Bego, Miren, Amarens, Renske, Seda eta Filiz. Flickr-en eskegi ditut argazki gehiago.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Euskaldun fededun

EITBk aspaldi erabaki zuen euskaldunok fededunak garela, eta horregatik, ETB1n eta Euskadi Irratian igandero oparitzen digu meza santua, Eliza Katoliko Apostolikoaren meza.

Jakin nahiko nuke zeren arabera hartu duen EITBk erabaki hori, zein datutan oinarrituta. Euskaldunok fededunagoak gara euskotarrak baino? Sarriago joaten gara mezatara? Maizago aitortzen dizkiogu abadeari gure bekatuak? Elizatik ezkontzen gara, euskotarrak zibilez ezkontzen diren bitartean? Eustatek izan lezake erantzuna, baina sumatzen dut tiroak ez doazela hortik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 3 iruzkin

Zertara dator “web gune” hori?

Webgune hitz berria da, ingelesezko “web site” igualtsuaren parekoa. Ekinaren ekinez, euskaraz lortu da zelanbaiteko batasun bat webgune hitz horren inguruan. Horren froga, Asier Sarasuak bere blogean, Eibartik, emandako datuak. Orduan, zertara datoz Elhuyar eta Uzei “web gune” proposatuz? De facto lortutako batasuna apurtzera? Ez dauka zentzurik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

8. probintzia podcast bidez

Gari Araolaza lagunari esker, berak grabatu baitzidan “8. probintzia” atalaren bigarren irratsaioa Euskadi Irratiaren Amarauna programan, gaur ipintzea daukat atal horren podcasta hemen. Entzun ez zenutenok, hortaz, aukera duzue hemen entzuteko atzo esandakoak.

Edukiak
Bigarren irratsaio honetan honako gaiok landu ditugu:

  1. Izenak: weblog, blog, bitakora.
  2. Zenbat blog dauden euskaraz.
  3. Aste honetan zertaz hitz egin den euskal blogosferan.
  4. Hiru blog aipagarri: Sarean.com, Txioka.net eta Etxebarri.

Mila esker, berriro ere, Gari Araolazari egindako mesedeagatik.

powered by ODEO

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 5 iruzkin

Erasmus ikasleak

Erasmus ikasleak HUHEZIn 2
Dagoeneko bi eskola egun izan ditut Filiz, Seda, Amarens, Renske eta Kira ikasleekin, bostak atzerritik etorriak HUHEZI fakultatera
Erasmus programari esker. Eskolak ingelesez eman ditut, batean Euskal
Herria azaltzeko eta bestean Mondragoeko kooperatiba mugimendua.
Oraindik beste eskola egun bat geratzen zait, baina gero horietako bi
nirekin joango dira Goiena Komunikazio Zerbitzuetara, urtarrilerako
dokumental bat egin beharko dute-eta ingelesez Goienaren inguruan.

Oso neska irekiak dira, jatorrak, eta gertu Euskal Herria eta
euskaldunok ezagutzeko. Gaur, une labur batez Maritxu Kajoi jaiaren
berri eman diet, bostek Arrasaten hartu baitute ostatu. Uste dut hasi
direla pentsatzen zelan jantziko diren egun horretarako.

Hauek dira gure ikasleak

  • Seda Eyyupoglu. Irakasle ikasketak egiten ari da Mustafa Kemal Unibertsitatean. Hatay hiritik dator, Turkiako hegoaldean.
  • Filiz Karadagli. Irakasle ikasketak egiten ari da Mustafa Kemal Unibertsitatean. Hatay hiritik dator, Turkiako hegoaldean.
  • Renske Opheikens. Irakasle ikasketak egiten ari da Hanze University Groningen Unibertsitatean. Groningen hiritik dator, Herberehetako iparraldean.
  • Kira Evve. Komunikazioa-Kazetaritza ikasten ari da Tallin Unibertsitatean. Tallin hiritik dator, Estoniako hiriburuan.
  • Amarens de Jong. Komunikazio Kazetaritza ikasten ari da Windesheim Unibertsitatean. Zwolle hiritik dator, Herbeheretako erdialdean.

Urriaren 12an beste lau etorriko dira, Stephanie, Liesbeth, Kathleen eta Tara, denak ere KHLIM Unibertsitatetik, Flandestik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 2 iruzkin

Txortan

Mezu bat jaso dut, anonimoa —pentsatzen ordenagailuz ordenagailu ibiliko dela—, eta hor azaltzen da nondik etor daitekeen “txortan” hitza. Si non e vero, e ben trovato, egia ez bada, ondo asmatua da. Eta grazia izugarria du:

  • Ondala gitxi entera na nundik datorren “txortan” berbi. Euskal Herriko arrantzalik, aspaldi, ondala urte asko, aparteko uretan ibiltxen zinin, Terranova ingurun edo Gran Sol aldin, egun askoko marik etxen ben, denpora asko etxetik kanpo. Han ingurun lurre joten benin (esate bateako Eskozi aldin) popi galdute putetxea bisitxa juti normala zan. Eta denpora gitxi eukelako alde batetik, eta diruaz be ezebizelako franko bestetik, hango emakimunin oferti hauxe zan: “Short Time”. Hori gure gixonantzako “txortan” zan.
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

The Sartorialist

Begi zorrotza du Scott Schuman blogariak modarako, hain zorrotza ze Time aldizkariak izendatu du modako 100 eragilerik handienetako bat. Manhattan auzoan gora eta behera ibiltzen da, New York hiriaren bihotzean, beti kamera aldean duela, eta ikusten duenean zerbait deigarri, tak, argazki bat atera eta The Sartorialist bere blogean argitaratzen du, zenbaitetan iradokizun eta guzti. Merezi du.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Eztei ederrak

Ezkonberriak beren amandreekin
Joan den larunbatean, hilak 15, Oñatin izan ginen Naia eta Unai loben ezteietan. Aspaldiko partez, trajea jantzi nuen, korbata eta guzti. Egun paregabea bizi izan genuen: eguraldi ona, ezkontza bera polita, bazkari bikaina, dantza alaia… Nekatuta etxeratu ginen, baina pozik, dena oso ondo irten zelako. Orduko argazkiak, Flickr-en ipini ditut.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina