Kindle erosi, bai ala ez?

Gustukoa dut irakurtzea eta etxea liburuz beteta daukat. Horregatik, hasita nago Jimu Iturraldek Garan proposatutakoa egiten, alegia, etxean liburu berri bat sartzen dudan bakoitzean, zahar bat ateratzen dut (eman, bota edo utzita). Joan den astelehena ezkero baina, badut beste irtenbide bat: Kindle irakurgailu digitala.

Abantailak
Kindle irakurgailuak badu abantailarik, noski: Amazonen liburu dendan begiratzea (90.000 titulu ditu prest formatu digitalean); aldean liburu mordoa eramatea, 200; eta, paperean barik, liburu digitalak argitaratzea. Alegia, aurrerantzean papera izan daiteke bakarrik idazle kontsagratuen pribilegioa; besteok aprobetxa dezakegu liburuak formatu digitalean ateratzeko. Ez moldiztegiko kosturik, ez banaketakorik. (Bide batez, Euskal Herriko argitaletxeak has daitezke hausnartzen liburu digitalek zer aldeketa ekarriko dizkien negozioa antolatzeko orduan).

Desabantailak
Garestia da, 400 dolar. Itxia da, Amazonen bakarrik eros daiteke. Halamoduzko diseinua omen du. Ezin zaio pasatu lagun bati, paperezkoak pasatzen diren moduan. Bitxikeria bat: Amazonen bertan jasotako lehen 500 kritiken artean, bakarrik %30ek eman diote 4 edo 5 izan Kindleri. Erdiak, berriz, nota kaskarra eman diote, 1 edo bi izar. E pur, ale mordoa saldu omen dira.

Nire kasuan, oraingoz kasu egingo diot Jimuren aholkuari. Seguru nago berandu baino lehen liburu irakurgailu hobeak eta merkeagoak irtengo direla. Eta orduan bai, erosiko dut bat.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

8. probintzia, 11. saioa

Horra “8. probintzia“ irratsaioaren 11. saioa. Azaroaren 25ean egin dugu Euskadi Irratian, Amarauna saioan.

Edukiak
Hamaikagarren saioan honako gai hauek jorratu ditugu:

  • Zelan konfiguratu nabigatzailea euskaraz.
  • Zertaz hitz egin den aste honetan euskal blogosferan.
  • Bi blog aipagarri: Irratia.com eta Sukaldean.com

powered by ODEO

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Faroak 101 harpidedun Bloglinesen

Bloglines

Atzo konturatu nintzen Faroak 101 harpidedun
dituela  Bloglines informazio batzailean. Eskerrik asko blog hau aukeratu duzuen
guztioi. Segi gogor.
 
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 3 iruzkin

Wikieu-L posta zerrenda

Asteartean, jakin bezain laster posta zerrenda bat sortu zela, Wikieu-L izenekoa, euskarazko Wikipediaren inguruan, berehala eman nuen izena. Eta, nik bezala, beste 27 lagunek ere gauza bera egin zuten. Batzuek esperientzia luzea dute euskarazko Wikipedian, eta beste asko oraintxe hasi gara lehen urratsak egiten. Azken horientzat, ni barne, erreminta ona izango da posta zerrenda, euskarazko Wikipedia hobeto ezagutzeko, eta ikasi beharrekoak barneratzeko.
 
Zuek ere nahi baduzue parte hartu Wikipediaren proiektuan, eman izena Wikieu-L posta zerrendan. Irekia da-eta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 6 iruzkin

Wiki hitza Oxford Ingeles Hiztegian

Angela Beesley wikilariari irakurri diot Oxford English Dictionary izeneko hiztegi ospetsuak “wiki” hitza onartu duela hiztegian. Wikia da webgune bat, elkarlanerako egina, eta gehienetan bisitariek edita dezakete hango edukia. Wiki hitza dator hawaiieratik, eta esan nahi du “bizkor”.

Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan egin dut galdera, ea wiki hitza agertzen den, baina erantzun hau jaso dut: “ez da aurkitu”. Iritsiko da.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Arazoak aspaldiko dokumentuekin

Aurrekoan Faktorian entzun nion Gari Araolazari esaten bere ustez OpenOfficen abantailarik handienetako bat dela, denbora igarota ere, formatu horretan egindako dokumentuak berdin-berdin irekiko direla hemendik urte mordora. Word eta beste aplikazio zenbaitekin egindakoak, berriz, ez.

Uste dut Gari zuzen dabilela. Joan den asteazkenean berreskuratu nahi izan nuen testu bat orain 12 urte idatzitakoa Word 5.0 bertsioarekin. Aurkitu eta ireki nuen, baita irakurri ere. Baina kopiatu eta gorde egin nahi izan nuenean, ez zidan utzi; marrak agertzen zitzaizkidan nonahi. Lagun bati bidali behar izan nion dokumentua, berak oraindik gordetzen baitu Word 5.0 classic moduan.

Orain badakit ezin izango dudala ireki dokumenturik Word 5.0 edo bertsio zaharragoekin idatzitakoa izanez gero. Eta horrelako asko daukat. Beraz, hurrengo ordenagailua erosten dudanean, oso kontuan izango dut software librearen aukera.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

8. probintzia, 10. saioa

Horra “8. probintzia“ irratsaioaren 10. saioa. Azaroaren 18an egin dugu Euskadi Irratian, Amarauna saioan.

Edukiak
Hamargarren saioan honako gai hauek jorratu ditugu:

  • Blogak, multimedia.
  • Zertaz hitz egin den aste honetan euskal blogosferan.
  • Bi blog aipagarri: Teketen 2.0 eta The Indezents.

powered by ODEO

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Lana egiteko beste modu bat

Gaur egun enpresa askok posta elektronikoa erabiltzen dute elkarri jakinarazteko zer arazo sortzen diren sistema informatikoetan sortzen diren arazoak, horiek lehenbailehen konpontze aldera. Hona hemen adibide bat; hiru pertsonaren arteko mezuak dira, webgune bat arazoak izaten hasi zenean:

  1. Orain ezin da gure webgunetik artikulurik onartu, Mail error ematen du: Zerbitzuen kodifikazioarekin du zerikusia horrek. Izatez, ez da Zerbitzuen elementurik ikusten portadan.
  2. Joder, nik plantillako Zerbitzuak ezabatu nituen, baina nere ondoren Inaziok berriz kargatu zuen, eta horrengatik jarraitzen du kakaztuta. INAZIO! Kode gidoi horrek kakazten dituela Zerbitzuak!
  3. Oraintxe enteratu naiz, sorry! Aldatu dut. Kode hostia hau 😉

Kasu honetan baina, hiru pertsona horiek enpresa berean ari ziren lanean, gela berean, elkarrengandik oso gertu. Mezuak idatzi bitartean, burua altxatu ere ez zuten egin, ezta elkarren artean hitz egin ere. Dena posta elektronikoz. Lan egiteko moduak aldatzen ari dira.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Laugarren gizona

Jose Mari Eraña

Atzo arratsaldean Ekiten eguna izan genuen HUHEZIn, jardunaldi bat ekintzailetasuna sustatzeko Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Humanitateak-Enpresa ikasten ari diren ikasleen artean. Hori dela-eta, hiru hizlari izan genituen fakultatean: Xabier Letona Argia astekariko zuzendaria, Jose Mari Eraña Arrasate Press eta Arrasate Telebistako sortzailetariko bat eta Mikel Irizar, Goienako lehen zuzendaria.

Une batean, Jose Mari Erañak esan zuen zenbait unetan egoera eskizofrenikoa bizi izan zuela Arrasateko Udalean, askotan berak proposatu behar izaten baitzuen zer egin Arrasate Pressetik etortzen zitzaizkion eskariak, hain zuzen ere berak isilean proiektuko bultzatzaile moduan bidaltzen zituen proposamenak. Horregatik, beti ilunpetan geratu behar izan zuen, jakinda bera zela proiektuaren sortzailea. Eta, atzo aitortu zuenez, zenbaitetan hori gogorra egin zitzaion.

Hori entzunda, gogoratu nintzen inoiz idatzi nuela artikulu labur bat horren inguruan. Aurkitu dut artikulua, zeina argitaratu baitzen 1995ean Arrasate Pressen, Mondragoeko aldizkariak 300. alea bete zuenean, eta hona ekartzea erabaki dut, Jose Mariren omenez:

Laugarren gizona
“Zazpi urte igaro diren arren, gogoan dut nola Jesus Garmendiak deitu zidan Bergarako Udal Euskaltegira esanez ea Arrasatera etorriko nintzen bilera batera “aldizkari bat-edo, egiteko”. Bilera AEDn egin zen eta lau lagun bildu ginen. Hantxe hasi zen gerora Arrasate Press izango zena.

Lau lagun haietatik, lehen zuzendaria izan nintzelako seguruenik, neu bilakatu nintzen Arrasate Presseko aurpegi publikoa. Gainerako sortzaileak ez ziren hainbeste agertu. Hala ere, euren lana ezinbestekoa izan zen aldizkaria sortzeko eta iraunarazteko.

Iñaki Mendigurenek euskarari zegozkion irizpideak ezarri zituen aldizkarian. Idatzi, zuzendu, itzuli… denetarik egiten zuen. Arrasate Presseko bigarren zuzendaria izan zen.

JFDT, José Félix Díaz de Tuesta alegia, tresneriaz, diru kontuez eta publizitateaz —zertaz ez?— arduratu zen. Taldeko suhiltzailea. Arrasateko Udaleko Euskara zerbitzu burua izanik, badaezpada ez zen larregi agertzen aldizkariko ordezkari moduan. Hala ere, jendeak bazekien buru-belarri sartuta zebilela.

Baina, nor zen laugarrena? Laugarren gizona, itzalean geratu zena, proiektuaren sortzailea izan zen, hain zuzen: Jose Mari Eraña. Berak zuzendu zuen AEDn egin genuen lehen bilera hura. Aldizkari bat euskaraz egiteko asmoa azaldu zigun eta ea zer iruditzen zitzaigun galdetu. Taldeko estratega bihurtu zen, begirada urrutien luzatzen zuena. Oztopoak aurrez ikusteko eta saihesteko iaiotasun aparta zuen. Bere esku hartzea halabeharrezkoa egin zen udalbatzako zinegotziekin eta alderdi politikoekin hitz egin behar izan zen guztietan. Baita herriko elkarte eta taldeekin izan beharreko harremanak prestatzeko orduan ere. Arrasateko Udaleko idazkaria zen, ordea, eta horregatik, eta bere izaeragatik, bigarren mailan geratu zen beti.

Zazpi urte eta hirurehun zenbaki joan dira eta jende berriak daraman aldizkari berritua dugu Arrasate Press. Horixe da lehen bilera hartan ereindako haziaren fruiturik onena. Zorionak denoi!”.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Sei urte blogeatzen

Joan den azaroaren 8an Faroak hiru urte bete zituen, 2004an hasi bainintzen blog honetan idazten, nahiz eta orduan Blogger plataforman izan. Sustatun, berriz, 2001eko hondarrean hasi ginen. Beraz, sei urte blogeatzen, hor nonbait. Gaur kopa bat ardo edango dut hori ospatzeko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 10 iruzkin