Hillary, Obama eta Web 2.0

Artikulu interesgarria irakurri dut SuccessCREEations webgunean, bai Hillary Clinton eta baita Barack Obama lehendakarigaiek zelan erabili dituzten hedabide sozialak beren kanpainetan. Konparazio horretan Barack Obama irten da irabazle, garbi.

Egileak aukeratu ditu hainbat hedabide sozial, eta alderatu du zelan erabili dituzten hautagai demokrata biek.

Bloga
Irabazlea Obama da. Egilearen iritziz, Obamaren taldeak ahalegin handiagoa egin du blogean, eta horrek trafiko eta partehartze handiagoa erakarri du haren blogera. Ez batak ez besteak ez dute idazten beren blogetan, baina Obamaren taldeak egunean 30 bat mezu argitaratzen ditu, bost lagunek sinatuak. Clintonek, aldiz, bost mezu eguneko, pertsona berak idatziak.

MySpace
Irabazlea: Hillary. Clintonen profilak ditu 44.353 lagun eta 8.276 iruzkin. Obamarenak, aldiz, 22.467 lagun eta 1.520 iruzkin. Obamak eduki gehiago izan arren, Clintonek babes handiagoa du hemen.

Facebook
Irabazlea: Obama. Illinoisko senatariak 641.042 laguntzaile ditu hor, eta 90.723 mezu. Hillaryk, berriz, 125.114 laguntzaile eta 89.321 mezu. Harrigarria badirudi ere, hemen Obamak eduki gutxiago eskaintzen du, nahiz eta bere kanpainak lan hobea egin duen Facebook-eko komunitatearekin bat egiteko orduan.

Twitter
Irabazlea: Obama. Ez seguruenik oso lan ona egin duelako, baizik eta aurkariaren lan eskasagatik. Obamaren kontuak 6.661 jarraitzaile ditu, 73 eguneratze egin ditu, eta beste 6.793 konturen jarraipena egiten du. Hillaryren kontuak, ostera, 958 jarraitzaile ditu, 47 eguneratze egin ditu, eta ez du inoren jarraipenik egiten.

Ondorioak
Egilearen iritziz, hedabide sozialak oso lagungarri izan daitezke edozeinen mezua plazaratzeko. Obamaren taldeak horrela ulertu du, eta txertatu ditu hainbat baliabide bere marketin estrategian. Horrek eraman du Obama ezezagun izatetik faborito nagusi izatera. Alderantziz, Clintonen taldeak atxiki dio komunikazio estrategia tradizionalari, non hedabideak manipulatu egiten baitira hautagaiaren mesedetan.

Artikulu horrek oihartzuna izan du Social Media webgunean, eta hor ere Obama ikusten dute lehendakarigai egokiagoa, hedabide sozialak beste modu batean darabiltzalako:

  • Obama gutariko bat da, eta ohituta dago eztabaidatzen zer esan nahi duen kanpaina bat behetik gora eraikitzea. Irabazten badu lehendakaritza, oso kitzikagarria izango da ikustea zelan aplikatuko duen estilo hori nazioaren hiriburuan.
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

8. probintzia, 24. saioa

Horra “8. probintzia“ irratsaioaren 24. saioa. 2008ko martxoaren 2an egin dugu Euskadi Irratian, Amarauna saioan.

Edukiak
Saio honetan, honako gai hauek jorratu ditugu:

powered by ODEO

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Adobe AIR: aplikazioak on line eta off line

Adobek orain dela gutxi atera du Adobe AIR behin betiko bertsioan. Software horrekin, garatzaileek hainbat erreminta sortuko dituzte, posible egingo dutenak hainbat aplikazio on line eta off line erabiltzea. Alegia, Interneten konektatuta edo konektatu barik egonda. Horrek aldaketa handiak ekar ditzake, zelan darabiltzagun sareko aplikazioak, eta hori hobeto ulertzeko, begira dagoeneko zelakoak diren aplikazio horietako zenbait, garatzaileek moldatuak Adobe AIR horren beta bertsioa erabilita, iazko ekainean plazaratu baitzen.

  • Finetune. Atzo idatzi nuen aplikazio honi buruz Faroan. Gaur hainbat aldiz erabili dut, eta fenomeno dabil.
  • Password keeper. Aplikazio arina baina ahaltsua, gauza da-eta gordetzeko zure pasahitz guztiak leku batean. Aukeratzen duzunean ilara bat, horko datuak era automatikoan kopiatuko dira zure ordenagailuan, nahi duzun tokian itsas ditzazun.
  • Fotobooth. Aplikazio polit horietako bat, argazkiak eta Flickr maite dituztenentzat. Horrekin, erabiltzaileak di-da batean atera ditzake bere buruaren argazkiak, ordenagailuaren web kamera erabilita. Eta edita ditzake programak dituen erremintak erabilita, ondoren egindakoa Flickr-en erakusteko.
  • Analytics Reporting Suite. Aplikazio honek ekarriko dizu Google Analytics zure ordenagailuaren mahaingainera, eta horrela gai izango zara, sarean sartu beharrik barik, jakiteko zer trafiko duen zure blogak, zer sistema eragile darabilten gehien, etabar, etabar.

Informazio gehiago aplikazio hauen gainean, GO2WEB2O blogean.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Finetune, irrati bat noranahikoa

Bart gauean aurkitu dut irrati hau, eta iruditzen zait zeresan handia emango duela. Finetune deritzo, eta denetik du: berez da sareko aplikazio bat, iTunes ere uztartzen du, Facebook eta Wii bezalako tokietan jo daiteke, eta, jakina Finetune AIR aplikazioa du, ordenagailuaren mahaigainerako. Horrekin, erabiltzaileak ez omen du zertan Interneten egon musika entzuteko, aplikazioak sinkronizatu egiten baitu musika guztia nor bere ordenagailuarekin.

Bertan izena emanda, lehen zerrenda egin dut, 45 abestiz osatua. Abeslari bakoitzagandik hiru abesti aukera daitezke. Eta, halako batean, nekatuz gero abestiak aukeratzen, aplikazioak botoi bat du, I’m lazy, hor klik egin, eta berak osatuko du zerrenda, erabiltzaileak ordura arte erakutsitako musika joeretan oinarrituta. Saiatu naiz euskal abeslariak edo musika taldeak bilatzen Finetune horretan, baina oraingoz ez dut bat ere aurkitu.

Off line ere bai
Behin zerrenda sortuta, instalatu egin dut Finetune Air nire ordenagailuaren mahaigainean, eta itzali egin dut Firefox. Piztu Finetune Air nire mahaigainean, eta hortxe zeuden abesti guztiak, nahiz eta ni konektatuta egon ez Internetera. Zoragarria!

Nahi baduzue entzun nire lehen musika zerrenda, hementxe duzue, Faroan txertatuta, eskuineko zutabean. Klik egin play botoian, eta entzun.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Zelan iraun ezagutzaren gizartean

Aurrekoan Daniel Innerarity filosofoa izan zen HUHEZIn, eta bertan hitzaldi bat eman zuen: Zelan iraun ezagutzaren gizartean. Izugarri gustatu zitzaidan Innerarity, bere hitz egiteko modua, umorez zipriztindua, umiltasuna eta argitasuna. Uste dut han izan ginen gehienok gustura irten ginela hitzalditik.

Hona ekarriko ditut berak aipatutako bost estrategia, irauteko ezagutzaren gizartean:

  1. Kudeatu zeri eman arreta. Ez garenez gai bi gauza batera atenditzeko, arreta oso baliabide urria baita, kudeatu behar dugu ondo zeri eskaini arreta, zer informazio aukeratu.
  2. Suntsitu informazioa. Ahaztea iaiotasun bat da, oso baliagarria ezagutzaren gizartean, eta ahazturak bereiztu egiten ditu pertsona eta makina. Erreminduak ez du ahazten, eta erremintzen garenean, makina bihurtzen gara. Ikasi behar dugu paperontzia ganoraz erabiltzen, informazioa buru argiz bereizten. Gizarteak eskatzen ditu pertsonak, jakingo dutenak zer ez den jakin behar.
  3. Pentsatu zeure kabuz. Horrek prestakuntza eskatzen du. Gure gizartea topikoz betea da, eta faltan sentizen da jende xaloa, bere kabuz pentsatuko duena, eta eten egingo dituena topikoak.
  4. Elkarlana. Gure ingurua ondo antolatzea modu bat da mundua sinplifikatzeko. Edo hori egiten dugu, edo larregiko lanaren atzaparretan eroriko gara. Horretarako, ezinbestekoa da sistemak sortzea konfiantzan oinarrituak.
  5. Laburra izan. Beharrezkoa da laburtzeko ahalmena, gauzen gunera iristekoa. Euskal enpresarioek konpetentzia hauek eskatzen dituzte batez ere: ahalmena nork bere burua adierazteko eta sintetizatzeko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

8. probintzia, 23. saioa

Horra “8. probintzia“ irratsaioaren 23. saioa. 2008ko otsailaren 24an egin dugu Euskadi Irratian, Amarauna saioan.

Edukiak
Saio honetan, honako gai hauek jorratu ditugu:

  • Euskal blogarien erantzuna 5 urte bete direnean Egunkaria itxi zela.
  • Elkarrizketa Josu Mendikuteri.
  • Zertaz hitz egin den euskal blogosferan.
  • Bi blog aipagarri: Karrajua eta Bidasoatik.

powered by ODEO

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 2 iruzkin

Miren, Xalbador ikastegira

Egun hauetan Miren alaba Iparraldean dabilkigu, Xalbador ikastegian, Kanbon. Hiru eguneko egonaldia egiten ari dira han Elorrioko Institutuko neskak, lehen urtekoak.

Eskola orduetatik kanpo, gure seme-alabak hangoen etxeetan bizi izango dira. Trukean, apirilean, hango neska-mutikoak etorriko dira Elorriora, eta berdin egingo dute. Hori da modu bat, Euskal Herria egiteko, bai horixe.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 3 iruzkin

Egunkaria 5 urte itxita

Egunkaria 5 urte itxita

Bart gauean kode puska bat itsatsi nuen Faroan, gaur hemen sartzen denak ikus dezan goiko mezu hau, baina nik neuk ikusi ez dudanez —beharbada ez ditut gauzak ondo egin—, erabaki dut kartelaren argazkia hona ekartzea.

Eta horrekin batera, nire elkartasunik beroena azaldu nahi diet Euskaldunon Egunkariako inputatu guztiei. Besarkada handi bat.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 4 iruzkin

Imprimatur digitala

Imprimatur hitza latinetik dator, eta inprimatzeko baimena esan nahi du. Eliza Katolikoak emandako baimen ofiziala izaten zen, liburu bat edo aldizkari bat argitaratu aurretik, zentsuratzaileak ondo ziurtatuta dokumentuak ez zuela errakuntzarik edo ezer kaltegarririk fedearentzat. Modu bat zen, jakina, adierazpen askatasuna kontrolatzeko.

Orain, berriz, imprimatur digitalaz hasi gara hitz egiten, John Walker programatzaileak 2003an idatzitako artikulu baten ondorioz, The Digital Imprimatur: How big brother and big media can put the Internet genie back in the bottle / Imprimatur Digitala: Zelan Anaia Handiak eta hedabide handiek sar dezaketen Interneteko jenioa berriz ere botilan.

Agintearen azken ahaleginez ari da artikulua, mugatzeko adierazpen askatasuna Interneten. Ezkorra da, baina interesgarria.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

8. probintzia, 22. saioa

Horra “8. probintzia“ irratsaioaren 22. saioa. 2008ko otsailaren 17an egin dugu Euskadi Irratian, Amarauna saioan.

Edukiak
Saio honetan, honako gai hauek jorratu ditugu:

powered by ODEO

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina