Bideoak Google News zerbitzuan

Bideoak Google News-en
Nazioarteko informazioa irakurri nahi dudanean, edo teknologiaren gainekoa, sarri Google News zerbitzura jotzen dut, di-da batean informazio piloa jartzen baitu nire esku. Azken aldi honetan, berriz, konturatu naiz Google hasi dela bideoak ere sartzen eskaintza horretan. Plus (+) zeinua agertzen den bakoitzean, bideo bat erakusten du, informazioaren aberasgarri. Klik egin + zeinuan, eta pantaila bat zabalduko da, Google News-en bertan.

Garbi dago informazioa jasotzeko modua aldatzen ari dela, aberasten esango nuke, formatu bakarrean baino, testuan alegia, informazioa hainbat formatutan eskaintzen baitzaigu. Kultura digitalaren abantailak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

ETAren zentzugabekeria

Beste norbaitek ezin hobeto adierazten duenean, ez dago zertan asmatzen ibili. Nik ere bat egiten dut Javier Vizcainorekin, Anjel Lertxundirekin eta Mikel Iturriarekin.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Apture: gehigarri harrigarria blogentzat

Atzo ezkero, eta Gari Araolaza adiskidearen laguntzarekin, Apture aplikazioa erabiltzen ari naiz blog honetan. Gehigarri honi esker, testuari testuinguru multimedia erants diezaioket —dela argazki bat, dela bideo bat, dela aipamen bat Wikipediatik hartuta—, halako moldez non ohiko loturak zaharkituak gelditzen baitira. Apture honekin, hipertestuak pauso bat gehiago egin du, eta baita Interneteko idazkuntzak ere. Aukera eskaintzen du, gainera, irakurlea orrian gera dadin, hortik zehar joan beharrik barik.

Probatzeko, pasatu kurtsorea hemengo loturen gainean. Horietako zenbaitetan, leiho bat irekiko da, eta hor ikusiko da, bertatik alde egin barik, loturaren bestaldean dagoena: argazki bat, bideo bat, edo aipu bat. Han eta hemen begiratuta, konturatu naiz oso ondo dabilela Flickr, YouTube eta Wikipediarekin.

Zelan instalatu
Printzipioz, Apture prestatuta dago Blogger eta Typepad blog plataformentzat, baina gurean ere erabil daiteke. Horretarako, izena eman behar da aplikazioan, eta kode puska bat itsatsi albo-zutabean, hor egon daitezkeen beste kode batzuen ondoren. Guk horrela egin dugu Faroan, nahiz eta beste plataforma batzuetan Apturek gomendatzen duen diseinuko plantillan txertatzea.

Loturak betiko moduan egiten dira, baina emaitzak ezin dira ikusi artikulua argitaratu arte. Hala ere, lan asko ondoren egin behar izaten da, aplikazioak tutorialean erakusten duen moduan. Egoki ikusten baduzue, probatu.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 5 iruzkin

Galtzailearen motiboa

Harrituta
irakurri dut Hillary Clintonek 21 milioi dolar zor duela, baina harrituago geratu
naiz jakin dudanean AEBetako hauteskundeen historian irabazleek lagundu izan
dietela beren aurkariei zorra kitatzen.

Beraz, galtzaileak beti du motibo bat
oso materiala irabazleari laguntzeko hemendik eta azaroa arte, azken bozketa
egiten denean.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Debagoiena, zigortuta

Leintz Gatzagan hasi eta Bergara bitartean, badaude hainbat proiektu, behar beharrezkoak, baina geldirik daudenak: tranbia da horietako bat. Aspalditik hasita behar zuen, baina geldirik dago. Olandixoko tunela da beste bat, Mondragoen, eta hori ere geldirik dago. Mankomunitateko presidentea, bestalde, kartzelan dago, Ino Galparsoro.

Sinestuta nago batek baino gehiagok, Madrilen eta hemen, ordainarazi nahi dietela debagoiendarrei ezker abertzaleari eman izana botoa. Horregatik daude proiektu horiek hasi barik.

Arrasateko Udala, geldirik
Mondragoeko Udala, bestalde, geldirik dago, egoera berezian, gai ez dela aurrera eramateko arnas luzeko proiekturik. Horrela egon zen aurreko agintealdiaren azken bi urteak, orduko eskandalu inmobiliarioak zirela-eta, eta horrela segituko du agintealdi honetan, zentsura mozioak aurrera egin edo ez. Mondragoetarrei ez zaie urik faltako etxeko iturrietan, baina hortik aparte, gauza gutxi.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 4 iruzkin

Amerikar dinastiak

Gazteagoak ginenean, pozik ikusi genituen Kennedy-tarrak politikaren gorenean (John, Robert, Edward), eta, behin eta berriro, deitoratu genuen bidean izan zituzten kalamitateak. Erabat idealizatuta genituen, eta ez genuen kontuan hartu hor dinastia bat zebilela lanean, koroarik gabea izan arren.

Geroago baina, eskuin muturreko beste bat agertu zitzaigun, Bush-tarrak (George aita, George semea, Jeb, Neil), eta hori hamabi urtez jasan behar izan dugu agintean. Bazegoen hirugarren bat bidean, Clinton-darrak, (Bill, Hillary eta Chelsea), baina badirudi amerikarrak nekatu egin direla dinastien jokoekin. Ni ere bai.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

8. probintzia, 33. saioa

Horra “8. probintzia“ irratsaioaren 33. saioa. 2008ko maiatzaren 11n egin dugu Euskadi Irratian, Amarauna saioan.

Edukiak
Saio honetan, honako gai hauek jorratu ditugu:

boomp3.com

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Arazoak mikroipuinekin

Orain hiru hilabete erosi nuen Karlos Linazasoro idazlearen azken liburua, Diotenez, baina arazoak ditut aurrera egiteko. Ipuin oso laburrez osatua dago liburu gehiena, batzuk zoragarriak, baina nekez egiten dut aurrera, seguruasko liburuak ipuin beste hari dituelako, alegia, mordoa.

Badirudi nik arnas luzeko hariak behar ditudala, eta horregatik, segurutik, erosoago sentitzen naiz eleberriekin ipuin laburrekin baino.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Safari nabigatzailearen hiztegia

Safari nabigatzaileak badu aplikazio bat oso erabilgarria ingelesezko testuak irakurtzeko: ingeles hiztegi bat. Testu bat irakurtzen ari zarela, estrapozu egiten baduzu hitz batekin ez dakizuna zer esan nahi duen, jarri punteroa hitz horren gainean, eta sakatu komando + control + D: leiho txiki bat irekiko da, eta hor agertuko da hitz horren esanahia, ingelesez.

Firefox erabiltzen dut nabigatzeko, baina topo egiten badut ingelesez idatzitako artikulu interesgarri batekin, eta horren barruan zenbait hitz ezezagun, ireki egiten dut Safari, eta hiztegia erabili. Primeran datorkit.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

Kerobiaren musika jaitsi dugu

Jakin bezain laster Kerobia taldeak prest zuela azken diskoa jendeak libre jaisteko, sartu egin nintzen taldearen webgunean, eta jaitsi egin nuen diskoa. Ondoren, iTunes programan sartu, eta entzun egin nuen. Perfect.

Mireni aipatu nion zelan jaitsi nuen diskoa, eta eskatu egin zidan. Orain kopia bat dauka bere pendrivean, eta, seguruenik, pasatu egingo die bere lagunei. Eskerrik asko Kerobia taldeari, eta zorterik onena disko berriarekin.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1