Blogariok, nagiago?

Euskadi Irratian entzun nuen atzo, behin oporrak amaituta, blog asko geldirik daudela, lozorroan moduan. Blogariok alpertu ote gara?

Nik ere ez dut egunero idatzi behin 2008-2009 ikasturtea hasita. Baina ez nabil alpertuta. Prestatzen nabil beste proiektu bat, glosategi bat komunikazioaz, eta egun hauetan horrek kendu dit denbora. Egindako lanaren zati bat, tipografia glosategia, joan den astean argitaratu nuen hementxe bertan, baina baditut tartean beste lan batzuk proiektu horretan.

Beraz, bai, gutxiago nabil idazten neure blogean, baina sarean nabil, hala ere. Oraingoz ez naiz alpertu.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

Glosategi bat tipografiaz

Egun hauetan glosategi bat osatzen ibili naiz, tipografiaren gainean. Horretarako, hiru erreferentzia erabili ditut:

  1. ESNAL, Pello & ZUBIMENDI, Joxe Ramon (1993): Idazkera-liburua. Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen-Zerbitzu Nagusia. Gasteiz.
  2. BERRIA (2006): Estilo liburua. Berria. Andoain.
  3. WILLIAMS, Robin (1994): How to boss your fonts around. Peachpit Press. Berkeley.

Laster,
beste glosategi handiago batean txertatuko dugu hau, Komunikazio
glosategi bat egingo dugu-eta Huhezin, nahi duenak erabil dezan.
Bitartean, hona hemen lehen emaitzak.

Aipu marka.
Ortografi ikurra, balio dute hitzez hitzeko adierazpenak eta aipuak
txertatzeko, edo hitz bereziak markatzeko. Aipu markak bakunak izan
daitezke, eta erabiltzen dira adierazpenen barruan beste inoren hitzak
markatzeko.

Alargun.
Paragrafo
bateko azken lerro oso laburra, laburregia paragrafoaren zabalera
kontuan hartuta. Akats bat da, konpondu beharrekoa. (widow).

Autoedizio. Ordenagailuak
erabiltzea argitalpenak sortzeko (aldizkariak, berripaperak, esku
orriak…). Edozeinek erabil dezake autoedizioa, ez soilik hedabide
handiek. (desktop publishing).

Azpimarra. Lerro bat da,
eta egiten da idatzitako zerbaiten azpian, hura nabarmentzeko.
Ordenagailuetan, oso itsusi geratzen da azpimarra, testuari itsatsita
geratzen delako. Horren ordez, gomendatzen da beste baliabide batzuk
erabiltzea: letra italikoa, letra lodia edo beste letratipo bat.
(underline).

Azpiletratxo. Letra txiki bat da, eta jartzen da arrunt idatzitako letraren, zenbakiaren edo hitzaren beheko saihetsean.

Behe mutur. Zenbait letraren zatiak, x alturatik behera jaisten direnak, adibidez letra hauek: g, p, q, y. (descenders).

Bola. Biribil handi honi esaten zaio bola: • eta erabiltzen da informazioa sailkatzeko, zenbakiak bezala. (bullet)

Erreka. Letra arteko hutsune nabarmen eta itsusiak, agertzen dira ezker-eskuin lerrokatutako testuetan. (river).

Familia tipografiko.
Biltzen ditu letratipoak, diseinu ezaugarri (eta izen) berdinak
dituztenak. Adibidez, Garamond, Garamond Bold, Garamond Italic,
Garamond Bold Italic, Garamond Condensed eta Garamond Ultra Condensed.
Denak dira familia bateko kide.

Gainletratxo. Letra txiki bat da, eta jartzen da arrunt idatzitako letraren, zenbakiaren edo hitzaren goieneko saihetsean.

Goi mutur. Zenbait letraren zatiak, x alturatik gora daudenak, adibidez letra hauek: b, d, h, l, t. (ascenders).

Hutsune soil.
Une huts bat da, hitz bitartekoa. Hutsune soilari takateko bakarra dagokio.

Hutsune zatiezin.
Hutsune berezi bat da, esaldi batean loturik beharko lukeen osagairen
bat bi lerrotan ez apurtzeko. Ordenagailu askotan, hutsune zatiezina,
neurriz, izaten da takateko bakarreko hutsune soila baino zabalagoa,
eta bi takatekoz sortutako hutsunea baino estuagoa.

Irakurgarritasun. Letrakeraren bereizmen maila. Alegia, erraz ala zail egiten zaigun letrakerak bereiztea, adibidez, “n” eta “h”. (legibility).

Karakter.
Izan daiteke letra bat, puntu bat, zenbaki bat, takateko bat. Testu
prozesadoreak agertu zirenetik, hainbat hedabidek karakterretan
eskatzen dituzte artikuluak, berauek neurri jakin batera moldatu behar
direnean.

Kerning. Letren arteko espazioa ajustatzea,
letrartekoa kontsistentea ager dadin. Hori egin behar izaten da batez
ere izenburuetan, “Ta” edo “Vo” letra multzoetan, adibidez, berez tarte
handiegia dutelako letren artean.

Koska. Hutsune berezia
da, eta joaten da lerrokadaren hasieran, letra larriaren aurrean. Puntu
eta aparte bakoitzaren ondoren, hurrengo lerroan atera behar da koska,
lerro hasieran. Berez, ez da hutsune ortografikoa, hutsune tipografikoa
baizik. (sangría, indent)

Koska frantses. Alderantzizkoa
ere esaten zaio. Koska frantsesa ateratako lerrokadan, lehenengo lerroa
izaten da beti luzeena. Zenbait kasutan, oso erabilgarria izan daiteke.

Lerroarte. Tarte
bat da, dagoena lerropeko marra nagusi batetik bestera. Lerroartea oso
garrantzitsua da, beronen araberakoak izaten baitira letra alturak: bai
letra xehearen altura (x altura), bai letra larrien altura, eta baita
lerroarteko hutsuneak ere.

Lerroarteko hutsune. Bi lerroren artean dagoen hutsunea. Lerroarte jakin bakoitzari lerroarteko hutsune jakin bat dagokio: berezkoa.

Lerrokatu.
Lerroen saihetsak antolatzea, goitik behera datorren ezkutuko marra
baten arabera. Lau eratara lerroka daiteke testu bat: ezkerrean,
eskuinean, erdian edo ezker-eskuin.

Lerropeko marra. Ezkutuko marra bat da, eta horren gainean antolatzen dira letrak eta espazioak, lerro baten barruan. (línea de base, baseline).

Letra beltz. “Gotikoa” ere esaten zaio, edo “letra
beltz alemana”, herrialde hartan eutsi egin baitiote letratipo horri,
nahiz eta irakurtzeko zailagoa izan. (black letter).

Letra etzan. Horrela deritzo ordenagailuak etzanarazitako letra normalari. (oblique)

Letra hustu. Bakarrik erakusten du letraren soslaia, barruan ezer ez duela. Gutxi erabiltzen da.

Letra italiko. Eskuinera dago makurtuta, eta
irudikatzen du eskuz idatzitako letra mota. Bereziki diseinatua da, eta
ez du zerikusirik letra etzanaraziarekin. (italic)

Letra kapitular. Letratzar bakarrari esaten zaio, atal baten
hasieran erabiltzen dena. Dezente handiagoa da inguruko letrak baino.
(initial cap).

Letra larri. Esaldien eta izen berezien hasieran ipintzen da. Maiuskula ere esaten zaio. (capital).

Letra larri motz. Irudiz, letra larria da; baina letra xehearen alturakoa. (versalita, small cap).

Letra lodi. Marra lodikoari esaten zaio, eta erabiltzen da hitzak nabarmentzeko. (negrita, bold).

Letra lodi samar. Lodia baino estuagoa. (demi bold).

Letra oso lodi. Lodia baino gizenagoa. (extra bold).

Letra xehe. Tamaina txikiko letra. Minuskula.

Letra zuzen. Letrakera normala. (roman).

Letratarte. Letra
bitartea. Letratipo bakoitzak era jakin batera antolatzen ditu
letratarteak eta letren zabalerak. Courier letratipoak, esate baterako,
espazio berdina ematen die letra guztiei, m izan ala i izan,
idazmakinaren garaian bezala. Beste batzuek, berriz, Times kasu, letra
bakoitzari antolatzen diote lekune bat, bere zabaleraren arabera. Hemen,
i letrak halako hiru hartzen du m letrak. Lerroartea puntuka neurtzen
da, eta letrak ere bai. Hamabi puntuko letra, esate baterako, da hamabi puntuko lerroarteari dagokion letra.

Letratipo. Letra multzo bat, eta biltzen ditu ezaugarri tipografiko bereko letra guztiak.

Letratipo kamuts. “Serif gabea” ere esaten zaio
kategoria honi, letrak ez duelako ertzik, ez eta trantsiziorik loditik
mehera. Letra mota honetan marra guztiek lodiera bera dute alde guztietan.
Zenbait adibide: Helvetica, Arial eta Frutiger, besteak beste. (sans serif).

Letratipo zorrotz. “Serifduna” ere esaten zaio
kategoria honi, bertako letrak ertzak dituztelako bukaeran —serif
horixe da, ertza—, eta beronen marrak lodi-mehe trantsizioak dituelako.
Adibideak: Times, Garamond eta Baskerville, besteak beste. (serif).

Ligatura. Bi letra edo zeinu, batean. Sortzen dira
konpontzeko espazio edo diseinu arazoak. Adibidez, “fi” eta “fl”
bikoteen arazoak konpontzeko sortzen dira ligatura bereziak, eta hor
letra biak modu dotorean uztatzen dira.

Marra. Erabiltzen da akotazioak egiteko. Marratxoa baino luzeagoa da.

Marratxo. Hitzak-eta lotzeko erabiltzen da, esaldi honetan bertan bezala.

Ontza. Neurri mota bat da, sei dozena puntuz osatua. (pulgada, inch).

PostScript. Hizkuntza grafiko bat da, eta erabiltzen da ordenagailuetan, inprimatzeko letrakera eta grafiko konplexuak.

Puntu. Didot puntua ere esaten zaio. Bera da oinarrizko neurria tipografian.

QWERTY.
Diseinurik ohikoena teklatuetan, bai idazmakinetan, ordenagailuetan eta
baita sakelako telefono zenbaitetan ere. Berauetan, lehen sei letrak
dira q, w, e, r, t eta y.

Takateko. Kolpe bat da, eta ordenagailuaren espazio barrari ematen zaio, hitzak bereizteko. (spaceband).

Tipografia. Arte edo prozesu bat da sorkuntza lanak
egiteko, irar-letrak edo kaligrafia erabilita. Halaber, izen hori
erabiltzen da izendatzeko zer itxura duen inprimaturiko lan batek:
“diseinatzaile horrek oso tipografia dinamikoa erabiltzen du”.

x altura.
Letra xehearen altura; x altura handiago, eta muturrak laburrago;
letratipoak handiagoa dirudi. x altura txikiago, eta muturrak luzeago.
Letratipoak txikiagoa dirudi. (x-height).

Zizero. Neurri unitate bat, eta aspaldi asko erabili zen. Hamabi puntu zituen: 4,23 milimetro. (cicero).

Zurtz. Paragrafo
bateko azken lerroa, bakarrik geratzen denean hurrengo zutabearen
goialdean, edo paragrafo bateko lehen lerroari, bakarrik zutabe baten
hondoan. Akats bat da, konpondu beharrekoa. (orphan).

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 3 iruzkin

Hiru aurkezpen bikain

Aspertuta zaude aurkezpen aspergarriak egiten Powerpoint, Impress, Keynote edo Google Docs erabilita, baina ez dakizu nondik nora jo? Trankil. Hiru adibide ekarriko dizkizut, bikainak, eta horiek eredu hartuta abia zaitezke bikaintasunera bidean.

Munduko aurkezpenik onenak
SlideShare webguneak —zeinek ostatu ematen baitie milaka eta milaka aurkezpeni, erabiltzaileon artean parteka ditzagun— lehiaketa bat antolatu berri du, “The World’s Best Presentation Contest”, eta hor aurkeztu dira 2.415 aurkezpen. Horrezaz gain, 22.000 lagunek eman dute botoa, 130 herrialdetakoak. Horiek kontuan hartuta, eta lan guztiak ondo aztertuta, epaimahaiak ondorengo hiru aurkezpen hauek aukeratu ditu beste guztien gainetik.

  1. saria: Thirst (Egarria), Jeff Brenman-ek egina, urari buruz.
  2. saria: Foot notes (Oin oharrak), Melanie Kahl-ek egina, bidaien gainean.
  3. saria: Zimbabwe in crisis (Zimbabwe krisian), Daniel Hrstich-ena, Zimbabweren inguruan.

Zelan hobetu zure aurkezpenak
Nahi baduzu hobetu zure aurkezpenak, ikusi aurreko adibideak, eta hasi galderak egiten: benetan eraginkorrak dira aurkezpen horiek? Zergatik? Zertan bereizten dira zuk egiten dituzunetatik? Zer baliabide erabiltzen dituzte zuk erabiltzen ez dituzunak? Posible ikusten duzu zuk zeuk horrelako aurkezpenak egitea?

Eta gura baduzu sakondu bide horretan, gaia interesatzen zaizulako, irakurri liburu interesgarri bat, Presentation Zen, eta bertatik bertara jarraitu Garr Reynolds adituaren webgunea, hori ere Presentation Zen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 2 iruzkin

Espainiako itzulia Euskadi Irratian

Egun hauetan automobilean suertatu zait entzutea Espainiako itzulia, Euskadi Irratian. Lau lagunek egiten dute saioa: Joxe Mari Apaolaza koordinatzaile, Kepa Iribar etaparen gorabeherak kontatzen, eta gonbidatu gisa Txomin Perurena eta Xabier Usabiaga.

Talde ona osatzen dute, eta ganoraz aztertzen dute egunean eguneko etapa, eta baita txirrindularitza oro har ere. Lehenengo biek ofizioa dute, eta ondo betetzen dute beren lana. Txominen oharrak ere aipagarriak izaten dira, gure haurtzaroko txapeldun baten ikuspegitik. Eta Xabier Usabiagari entzutea plazer handia da. Nire ustez, bera da kirol komentaristarik onena euskarazkoen artean, eta dezente hobea gaztelaniaz hortik zehar entzuten diren gehienak baino: zehatza, neurtua, jakintsua eta zuhurra hitz egiterakoan.

Eurei entzuten, di-da batean egiten dut Eskoriatzatik Elorriorako bidea, konturatu barik ia. Etxera iristen naizenean, etapa amaitu barik baldin badago, irratia pizten dut, amaiera entzuteko. Horien ondoan, RTVEko komentaristak arruntak iruditzen zaizkit. Zorionak!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Musu bat, berezia

Gaur goizean, etxetik irtetera nindoala, Bego hurbildu zait eta “Zorionak” esan dit, musu bat eman ondoren, “orain sei urte baino hobeto gaude”. Izan ere, horrelako egun batean, orain sei urte, minbizia aurkitu zidaten.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 6 iruzkin

Gazte

Gure gazteak mundu digitalean murgiltzen diren neurrian, sortzen ari
dira “hizkuntza digital” bat. Euskaraz adibiderik argiena izango da Kike
Amonarrizek-eta
sortu zuten SMS hiztegia, non ispilatzen baita gure
gazteen hiztegia esamesak idazteko orduan.


Ikusi nahi baduzue ingelesez zelako aldea dagoen hizkuntza
estandarra eta hizkuntza digitalaren artean, bada webgune bat, The
AOLer Translator,
non sartzen baduzue esaldi bat, ingeles estandarrean, aplikazioak itzuli egingo dizue 12
urteko gazte batek idatziko lukeen moduan.Adibide bat:

  • Today I will go to the bookstore, because I want to
    buy a CD about Spielberg´s latest movie. Would you come with me?

Nik horrela idatzi nuen goiko esaldia, baina itzulgailuak beste hau eman zidan:

  • 2DAY I WIL GO 2 TEH BOKS2RE B/C I WANT 2 BUY A CD ABOUT SPEILBRG´S
    LAETST MOVEI!1!111!1! OMG WTF WUD U COMA WIT M3?????? WTF LOL

Zuek ere egin proba, jolas polita da-eta, eta laguntzen du
ulertzen hizkuntza guztiak, ez bakarrik euskara, zenbateraino aldatzen ari
diren teknologia berrien eraginez.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 4 iruzkin

Antsietatea, larregiko informazioak eragina

Batezbesteko bulegari amerikarrak orduro 6 etenaldi izaten ditu lanean.
Egun batean jasotzen ditu 52 telefono dei, 36 mezu posta elektroniko
bidez, 23 mezu entzuteko, 18 gutun, 18 barne memorandum, 14 fax, 13
post-it, 8 dei bilatzailera, 4 dei eskuko telefonora eta 3 mezulari.
Horrela irakurri nuen Microsiervos webgunean.

Horra, bada, antsietatea, infoxikazioa edo informazio betekada. Kontuz horrekin.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

Baliteke nire hurrengo ordenagailua PC izatea

1991 ezkero nire ordenagailuak beti izan dira macintosh. Orain Powerbook bat daukat, eramangarri bat, eta pozik nabil berarekin. Hala ere, zalantza dut zer erosiko dudan hurrengo: mac bat ala PC bat.

Beti erabili ditut mac ordenagailuak, horiekin hasi nintzelako Arrasate Pressen, eta niretzat Applen ordenagailuak erabilerrazagoak izan direlako. Hala ere, azken urteotan, gehien erabiltzen ari naizen aplikazioak —Office modukoak, argazkiak, bloga, egutegia, posta elektronikoa, informazio batzailea, mapak, etab.— ez daude nire ordenagailuan, baizik eta hodei informatikoan, alegia, hortik zehar dauden zerbitzari batzuetan.

Hori horrela izanda, zer zentzu du bi bider gehiago ordaintzea ordenagailu eta aplikazio batzuengatik eta lotzea aplikazio jabedun sorta bati, aldian behin, berriro ordaindu behar izango dut-eta berauek eguneratzeko?

Zergatik ez erosi ordenagailu bat merkea eta ahaltsua, oinarrizko sistema ireki batekin, Dell enpresak saltzen duen Inspiron Mini 9 bezalakoa, zeina baitator Ubuntu 8.04 sistema eragilearekin, Wifi konexioaarekin, eta salduko baita 300 eurotan? Burutazio horiekin nabil egunotan, eta uste dut azkenean horrelako zerbait egingo dudala, garbi dut-eta Windows ez dudala sartuko nire esparruan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Iruzkin 1

Demokratak eta errepublikanoak

Interneti esker, ikusi egin ditut hautagai garrantzitsuenen hitzaldiak bai demokraten biltzarrean, Denverren, eta baita errepublikanoenak, Saint Paulen, biak AEBetan. Batzuetan, CBS erabili dut horiek ikusteko, eta bestetan NBC.

Demokratak, ondo
Demokraten artean, bost hizlari nabarmenduko nituzke: Michelle Obama, Hillary Clinton, Bill Clinton eta, denen gainetik, Barack Obama. Lehenengo lauren hitzaldiak onak iruditu zitzaizkidan, mamitsuak eta ondo bilbatuak, bakoitza bere estiloan: hunkigarria Michelle, indartsua Hillary, eraginkorra Bill. (Joe Biden ere ondo egon zen, baina militarrei egindako keinuak ez zitzaizkidan gustatu).

Baina Barack Obamarena neurriz kanpokoa iruditu zitzaidan: hura ez zen izan hautagai baten hitzaldi alderdikoia, baizik eta manifestu bat erabatekoa, bere herriak aurrera egin dezan bere gidaritzapean. Begori eta zenbait neba-arrebari ere antzeko zerbait iruditu zitzaien, denok ikusi baititugu hitzaldi hauek guztiak. Baina harrigarriena izan da ikustea Pat Buchanan kazetari kontserbadoreak zelako loreak egin dizkion Obamari bere hitzaldiagatik, haren ustez horixe izango baita AEBetako historian horrelako biltzarretan sekula egin den hitzaldirik onena.

Errepublikanoak, hutsal
Sarah Palin hautagaiaren hitzaldia ikusi nuen, eta, ondo irakurri bazuen ere, hutsala iruditu zitzaidan, bere hitzaldia esaldika eraikita baitzegoen, bakoitzaren bukaeran txaloak jasotzeko asmoz, eta gehienak ziren ziriak demokratei botatakoak (bide batez, behin bakarrik aipatu zituen izenez, bestela “our oponents” izendatzen baitzituen, “gure aurkariak”), oso modu alderdikoian.

Eta zer esan McCain lehendakarigaiaren gainean? Zer ikusirik ez aurreko guztiekin. Bera izan zen eskasena nire iritziz, esandakoak ere txarto esan zituelako.

Postscriptum: Hizlari guztiek hiru teleprompter erabili zituzten beren hitzaldien testua irakurtzeko. Baina horretan ere, batzuk hobeto moldatu ziren, nire gusturako Bill eta Barack denen gainetik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Altxor uhartean berriro

Egun hauetan Altxor uhartea irakurtzen ari naiz berriro, Robert Louis
Stevenson
idazlearen eleberririk ezagunena seguruenik, oraingo honetan
Elkar argitaletxeak argitaratuta. Lanetik etxeratu bezain laster,
liburua hartu, jarri eta irakurtzen hasten naiz Jim Hawkins gaztearen
gorabeherak bukaneroen artean. Izugarri gozatzen ari naiz liburua,
nahiz eta badakidan gaur bertan amaituko dudala.



Gauez, piraten orroak

Seminarioan sartu berri ginela, Saturraranen, noiz edo behin,
jeneralean larunbatetan, Altxor uhartea jartzen ziguten lo hartzeko
orduan, disko batean baitzuten grabatuta Stevensonen lana, oso ondo
eginda, gainera. Logela handietan egiten genuen lo orduan, ikasle piloa
batera, oheak ilaratan zeudela, eta denok desiratzen izaten ginen
istorio hura entzuteko: “Ron, ron, ron, la botella de ron…!” Inor ez
zen lokartuko, harik eta azken korapiloa askatu arte, halakoxea baitzen istorioaren indarra.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina