Susa eta euskarazko liburu digitalak

Ostiral arratsaldean irakurri nion Hasier Etxeberriari pozik zegoela, postan mezu bat jaso zuelako Susa argitaletxearena, esanez bi euro irabazi zituela, ordu batzuk lehenago baten batek erosi baitzuen Mutuaren hitzak liburuaren ale digital bat Susa argitaletxearen Literatura dendan. Ni ere poztu egin nintzen, bezpera arratsaldean neuk erosi bainuen liburu hori. Hasierren mezua irakurrita, jakin nuen Susa serio ari dela idazleen alde liburu digitalen kontu horretan.

Hala ere, ordu batzuk lehenago, Argian irakurri nuen Susak nahita utzi duela aukera zabalik bere liburu digitalak ordainduta edo ordaindu barik jaisteko. Hori horrela bada, pentsatu nuen, Susako jendea oso idealista da eta txaloak merezi ditu, baina arazoak izan ditzake bere politika ezarri berria aurrera eramateko, hainbat jendek (auskalo zenbatek, hor dago koska) ordaindu barik jaitsi ditzakeelako liburuak. Kasurik okerrenean, idazle gutxik jasoko lukete Hasierrek ostiralean jasotako mezuaren tankerakoa, eta, aldiz, beste askok ez lukete motibazio berezirik modelo horretan sartzeko, bertan ez lukete-eta ikusiko irabazpide garbirik.

Ez dakit aurrerantzean zer gertatuko den, baina pentsatu nahi dut euskaldunok zentzuz jokatuko dugula eta aitortuko diogula Susari egin duen ahalegina.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , , . Gorde lotura.

6 erantzun Susa eta euskarazko liburu digitalak-ri

  1. egilea: piban

    Joxe,

    Azpimarratu behar da Susak aurrerapauso bat egin duela bere ibilbidean. Esan beharra dago orain dela urte asko (beno Euskal Literaturan murgildu nintzenetik, orain dela 3-4 urte) Susako liburuen eduki guztiak sarean zeuden irakurlearen esku eta horregatik sosik ez zen ordaindu behar. Eta hala ere liburuak argitaratzen jarraitu dute, beraz gauzak ez dituzte hain gaizki egiten. Jendeak aukera du edukiak interneten izateko, orain paperean baino merkeago edo jarraitzekko dohainik izaten. Eta gustatzen bazaie edukia hor daukate aukera liburua edo pdf-a erosteko.

    Hala ere, esan duzuna, ikusiko dugu etorkizunean ze moduz dohakion politika-ekonomiko honekin.

  2. Joxe Aranzabal egilea: Joxe Aranzabal

    Bat nator zurekin, Piban, Susa ondo ari da, eta txalotu egiten dut. Ez nuke nahi nire artikulu honek beste zerbait adierazterik. Kontua da politika txalogarri horren barruan erabaki bat ikusten dut bere kontra bihur daitekeela, baina ikusiko dugu. Denborak esango digu.  Ondo segi!

  3. Beraz, liburutegiek ere ez dute laguntzen irakurzaletasunean?
    Edukiak libre uztea, eta ordainketara ez derrigortzeak uxatu egingo ditu egileak?
    Ez dakit nondik atera dituzun ondorio hoiek Joxe, benetan.
    Susako katalagoan, ehundaka liburu daude sarean. Osorik argitaratzen diren lehen egunetik. Eta ondorioa argia da, Susak liburu gehiago saltzen ditu.
    Marka bilakatu da, erreferentzia. Literaturan eta sarean.
    Liburu elektronikoen gaian, ezinezkoa dena da, DRMa eta prezio izugarriak izatea, idazleak erakarriko direlakoan, horrek ez du ez hanka ez buru.
    Nik dakidana da, Susak idazle guztiekin berba egin duela liburuak molde honetan argitaratu aurretik ere, eta %99ak, ebookak horrela jartzea erabaki du. Parte izan da.
    Egile berrien zerrendari begiratuta, aurten ere badago nobedadeen artean, bere lehen liburua Susarekin argitaratu duenik.
    Gure edukiak, gure sorkuntza zelan hedatu, zabaldu, argitaratu eta bideragarri egin… hori da gure kezka. Ez dezagun dena, termino merkantiletara ekarri, otoi.
    Argi dago sosik gabe ez dagoela sorkuntzarik… baina sorkuntzarik gabe ez da kulturarik, nahiz eta sosak inguruan egon.

  4. Joxe Aranzabal egilea: Joxe Aranzabal

    Nire ustez, Susak negozio modelo sendoagoa izango luke liburuak salduta, joan den astea ezkero oso prezio zentzuzkoak ditu-eta. Baina Susak erabakitzen badu bere liburu digitalen ordaintzea borondatezkoa izan behar dela, bejondeiola. Igoal beste modelo bat sortuko du, erabat apurtzailea. Hala bada, hala biz. Zorterik onena opa diot.

  5. egilea: Iñaki

    “Gure edukiak, gure sorkuntza zelan hedatu, zabaldu, argitaratu eta
    bideragarri egin… hori da gure kezka. Ez dezagun dena, termino
    merkantiletara ekarri, otoi.” dio Gaztelumendik.

    Eta nor dira/gara/da “gu” hori?

  6. egilea: Jaime

    Sorkuntza eta diruaren gaia ateratzen denean bada ideia bat denek -edo hori iruditzen zait neuri behintzat- onartzen dutena. Alegia ptx-ek gorago esana duen: “Argi dago sosik gabe ez dagoela sorkuntzarik.”
    Bada nik ez dut uste etekina ateratzea sorkuntzaren sine qua non baldintza denik, inondik ere. Literaturaren historiak berak -literaturaz ari baikara- kontrakoa erakusten digu, garbi erakutsi ere. Beren obren truke sosik jaso ez duten idazleen zerrenda amaigabea litzateke. Eta nik zalantza dut beren obreetatik bizibidea -edo are osperik ere- atera duten idazleak ez ote diren gutxiengoa; edo behintzat gutxiengoa gaur egun kanonikotzat hartzen ditugunen artean.
    Ez dut esan nahi egungo artistek ez dutela ordainik atera behar beren lanagatik, baina uste dut sortzeko -idazteko- irrika diruaz haraindi doala, zorionez.

Utzi erantzuna piban(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude