Jon eta Zanna ezkondu egin dira

Bego, Jon eta Zanna
Atzo egun gogoangarria izan zen familian, Jon eta Zanna iloben ezkontza ospatu genuen-eta. Elorrion izan zen, Alkartu sozietateko lorategian. Hantxe elkartu ginen ezkonberrien senitartekoak eta lagunak, eta hantxe ospatu genuen ezkontza, berez Jon eta Zanna orain hilabete eta erdi ezkondu baitziren, hor nonbait, Elorrioko udaletxean.

Eguraldi ona, mahai bat, mahai zapia, bi ikurrin —gurea eta Brasilgoa—, lore sorta bat, atrila, mapa bat (Matto Grossokoa, Zanna hangoa baita) eta maitasunezko hitz batzuk, Begok esanda, nahikoa izan ziren ekitaldia hunkigarria egiteko. Ondorengo bazkaria ere primerakoa izan zen, Balen Irazolak prestatua, berak bakarrik dakien moduan. Argazki gehiago, Flickr-en. Zorionak, bikote!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Scribd liburuak saltzen hasi da

Orain arte, dokumentuak
partekatzea izan da Scribd online zerbitzuaren helburua. Aste honetan,
ostera, liburu denda digitala ireki du. Ez edozelan, gainera, Simon
& Schuster
argitaletxe handia bertan hasiko da-eta liburuak
saltzen, tartean Stephen King eta Chelsea Handler idazle ospetsuen
liburuak. Horrezaz gain, argitaletxe horrek eskainiko ditu Scribd
zerbitzuaren webgunean milaka eta milaka liburu-pasarte, eta horiek
lotura egingo dute Simon & Schuster argitaletxearekin.

Orain
arte argitaletxeek gogor egin dute Scribd zerbitzuaren aurka, leporatu
izan baitiote bere zerbitzuan jaits zitezkeela liburu askoren edizio
piratak. Ikusita negarrak ezer gutxirako balio duela, euretariko bat,
handienetakoa, ausartu egin da demonioarekin bat egitera, Scribd
zerbitzuarekin alegia. Amazonek, aurkari bat gehiago izango du, eta ez
edozelangoa.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Juan Bautista

Gaur joan da azkenengoz lanera, 45 urtez beharrean ibilita, ikasi
bitartean ere –Eskola Politeknikoan zebilen, Mondragoen– lan egiten
baitzuen egun erdiz. Anaia dut Juan Bautista, mutiletan zaharrena,
nahiz eta denetan bigarrena den.

Nola aita zenak Unión Cerrajeran egin zituen laneko urte guztiak, hala
Juan Bautistak ere Fagor kooperatiban eman ditu bere lan urteak. Beti
enpresa berean, gaur arte. Hemendik aurrera Aloña inguruek –Aizkorri
eta Urbia barne– sarri ikusiko dute Juan Bautista, mendia du-eta
gustuko. Ekain jaio berriari ere eskainiko dio astirik, seguru nago,
aitaitaren zereginetan.

Besarkada handi bat, Juan, eta gozatu hemendik aurrerakoak!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Anaia txikia

Zenbait adituk Anaia txikia esaten diote lan egiteko era honi. Amazon liburu dendan
sartzen garen bakoitzean, arrastoak uzten ditugu: liburu jakin
batzuetan bakarrik egiten dugu klik, guri interesatzen zaizkigunak.
Amazonen robotak, anaia txikiak, zaindu egiten ditu gure mugimendu
guztiak, eta ondorioak ateratzen ditu: “Joxeri gustatzen zaizkio
teknologia berrietako liburuak, diseinuari buruzkoak eta Apple
enpresaren produktuak lantzen dituztenak”. Hori horrela da. Hortik
aurrera, Amazonek astean behin bidaltzen dit mezu bat posta
elektronikora, eta mezu horretan ematen dit informazioa ustez niri
gustatzen zaizkidan liburu horien inguruan.

Horrekin batera,  klik egiten dudanean liburu batean, Amazonek esaten
dit: “liburu hori erosi duen zenbait jendek beste liburu hauek ere
erosi ditu”, eta erakutsi egiten dit zer liburu diren horiek. Behin
baino gehiagotan, kontuan hartzeko proposamenak ikusi ditut iradokizun
horretan. Ikusten? Amazonek zelatatu
egiten nau, zelatatu egiten gaitu, baina informazio hori erabiltzen du
bere zerbitzua hobetzeko. Horregatik esaten zaio teknika horri Anaia
txikia, eta ez Anaia handia, azken honek oso konnotazio negatiboak
dituelako, esan nahi baitu kontrola eta zaintza, askatasuna murrizteko.

Googlek
gauza bera egiten du. Etengabe ari da ondorioak ateratzen guk bere
bilatzailean uzten dugun informazioan, guri eskaintzeko bere zerbitzuak
modu zehatzagoan. Googlek ez digu kobratzen bilatzailea, posta
elektronikoa edo Office paketea erabiltzeagatik, baina, horren truke,
publizitatea bidaltzen digu bilaketa bakoitzean, oso publizitate
diskretua, bilaketaren eskuineko zutabean. Kontua da publizitate horrek
zerikusia duela guk egindako bilaketarekin. Beraz, hartzen du balio
erantsia: bilaketak ez badu balio, akaso publizitatean aurkituko dugu
geure galderaren erantzuna. Hor ere Anaia txikia ari da lanean, gure
mesederako.

Gai hau ere jorratu nuen joan den asteazkenean Euskal Kulturgintzaren Transmisioa ikastaroan, eta ikus daiteke bertan erabili nuen aurkezpenean.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Flickr eta jendetzaren jakituria

Flickr argazki zerbitzuak gauza asko ditu, harrigarriak. Horietako bat da egutegia, egunez egun osatzen duena eguneko argazkirik onenekin. Sekula ez baduzue ikusi, sartu eta begiratu lasai, argazkiak ederrak dira-eta, benetan. Zelan aukeratzen ditu Flickr-ek argazki horiek?

Flickr-ek ez dauka editore talde bat bereizteko zeintzuk diren argazkirik onenak, zeren milaka horrelako beharko lituzke lan hori egiteko, egunean milioika argazki igotzen baitira Flickr-era. Horren ordez, fidatzen da erabiltzaileok argazki bakoitzari emandako puntuazioaz, Flickr-ek, modu automatikoan, beti aukeratzen baititu puntu gehien dituzten argazkiak.

Alegia, Flickr oinarritzen da jendetzaren jakiturian —erabiltzaileon irizpidean— egutegia egiteko. Eta emaitza ezin ederragoa da.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Zer egingo luke Googlek Euskaltzaindia balitz?

Edo zer egingo luke Googlek Orotariko Euskal Hiztegiarekin? Aztertzen badugu zer egin zuen Google Maps aplikazioarekin, garbi dago zer egingo lukeen: sarean ipini OEHren bertsio digitala (nahikoa litzateke word dokumentu bat), eta aukera eman euskaltzaleei aplikazioak sortzeko, hiztegian oinarrituta.

Google Mapsen kasua
Googlek atera zuenean Google Maps, ez zuen berau gorde erresumaren pitxirik preziatuena balitz bezala, kontuan hartuta zein ona zen. Kontrara, aukera eman zien nahi zuten internautei mashup deitzen direnak egiteko, hau da, zerbitzu osagarriak sortzea Google Mapsen oinarri hartuta: batzuek sortu zuten Panoramio, zerbitzu bat uztartzen dituena Googlen mapak eta argazkiak. Adrian Holovaty kazetari-teknologoak sortu zuen ChicagoCrime.org, zerbitzu bat uztartzen zituena Chicagoko poliziaren informazioa hilketen inguruan Googlen mapekin, halako eran non Chicagoko bizilagunek kontsulta zezaketen uneoro, auzoz auzo, non gertatu ziren hilketak. Eta euskaldun batzuek, CodeSyntaxekoak, sortu zuten Tagzania, aplikazio bat mapak gorde eta sailkatzeko, del.icio.us aplikazioak artikuluekin egiten duen era berean.

Googleko jendea oso bizkorra da, baina Google Maps ireki aurretik, inori ez zitzaion bururatu ere egin horiek eta beste ehunka aplikazio sor zitezkeenik. Konfiantza izan zuten jendetzaren jakiturian, eta asmatu egin zuten, gaur egun aplikazio horiei esker, Google Maps askoz ere baliotsuagoa baita merkatuan, eta askoz ere erabilgarriagoa.

Zer egin OEHrekin?
Era berean, ez dago asmatzerik jendeak zer egingo lukeen Orotariko Euskal Hiztegiarekin. Batek, beharbada, hori erabiliko luke hiztegitxo bat sortzeko iPhone eta Kindle liburu irakurle digitalentzat, halako eran non irakurtzen ari zarela ez baduzu ulertzen hitz bat, berau aukeratu eta tak, hitzaren esanahia agertuko litzaizukeen. Horrela, harritu egingo ginateke zenbat aplikazio sortuko liratekeen. Noski, batzuek arrakasta izango lukete, handia, eta beste batzuek ez hainbeste. Merkatuak berak erabakiko luke hori, euskaldunon merkatuak.

Zergatik ez

Zoritxarrez, Euskaltzaindiak ez du Orotarikoa jarri Interneten. Zergatik?

  1. Ez du konfiantzarik. Euskaltzaindiari ez da fidatzen euskaltzaleok zer egingo dugun hiztegi handi horrekin. Pentsatzen du edukia manipulatzen hasiko garela, eta adjektibo jartzen duen tokian aditza jarriko dugula (Googleri bururatu ere ez zitzaion egin erabiltzaileak hasiko zirela aldatzen mapen edukia, Donostia dagoen lekuan Paris jarrita, edo Washington-en ordez Mosku ipinita).
  2. Ez du ikasten. Euskalbar irten zenean, denak zur eta lur geratu ginen. Hori da guretzat aurrekaririk egokiena. Adibide horrekin, Euskaltzaindiak ikas zezakeen nondik nora doazen kontuak Interneten.
  3. Ez du nahi. Bere garaian, Euskaltzaindiak negoziatu zuen argitaletxe batekin, Gutenberg galaxiakoa, eta badirudi hori nahikoa dela.

Galdetegia
Egun hauetan, galdetegi luze-luzea (esan nahi dut: lu-ze-lu-ze-a) jaso dut Euskaltzaindiak bidalita, eta ez naiz sentitu indarrez berau erantzuteko. Barka diezadala. Horren ordez, liburu bat gomendatuko diot: What Would Google Do?, Jeff Jarvis kazetariarena.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 3 iruzkin

Internet elkarrizketa da

Ekainaren 3an hitzaldia egin nuen Euskal Kulturgintzaren Transmisioa aditu tituluan, Huhezin bertan. Aurkezpena
hitzen osagarri antolatu nuenez, eta berau ikusita bakarrik zail izango
denez han esandakoak asmatzea, laburbildu egingo dut zer esan nuen.

Hasi nintzen hitzaldia Internet merkatuekin konparatzen, merkatuak
elkarrizketak direlako, eta baita Internet ere. Cluetrain manifestua
ekarri nuen gogora, eta zelan Internetetik sortzen ari diren lan
egiteko molde berriak, adibidez, wiki moldea, auzolan global eta lokal
moduan ikusita.

Aztertu nuen zelan egiten duten lan Interneten
arrakasta handia izan duten enpresek, Googlek eta Amazonek esate
baterako, eta, kontraste moduan, konparatu nuenOrotariko Euskal Hiztegiaren kasuarekin. Jeff Jarvis kazetariari jarraituta, galdera
egin genuen: zer egingo luke Googlek bere esku balego Orotariko Euskal
Hiztegia
kudeatzea? Galdera bera egin genuen Berria egunkariaren kasuan.

Hortik,
pasatu nintzen 8. probintzia aztertzera, euskara Interneten sortzen ari
den esparrua. Historia apur bat egin nuen, eta iritsi ginen sare
sozialetara eta bideo jokoetara, bi esparru non makal samar gabiltzan.

Euskaltzale
tipologia berria aipatu nuen, jende gaztearen artean sortzen ari dena,
eta Informatikari Euskaldunen Biltzarrean ikus daitekeena. Eta bukatu
nuen merkatuetan berriro, merkatu txikietan. Merkatu espezializatuak
dauden moduan –txoriak, liburuak eta diskoak saltzeko–, sortu behar
dugu beste merkatu bat, esparru bat Interneten euskaldunontzat.
Batzuetan merkatu globalean ibiliko gara, ingelesez, zenbaitetan, erdi
mailako merkatuetan, gaztelaniaz edo frantsesez, eta sarri, gure
merkatu txikian, euskaraz. Gure lana izango da euskarazko hori bizia
eta oparoa izatea, merkatu on guztiak bezala.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Espainiako kultura industriaren itsukeria

Egin atzera denboran, eta irudikatu itzainen sindikatuak proposatzen duela eraikitzen ari diren burdinbidean trenak derrigor geratu beharko direla ordu erdi bi orduz behin, horrela, motelago ibilita, trenak arriskuan jar ez dezan itzainen etorkizuna. Edo trenek gurpil karratuak erabili beharko dituztela. Antzeko zentzugabekeria egin nahi du Espainiako kulturaren industriak Interneten, El Paísen irakurri dudanez:

  • La industria cultural aboga por limitar sólo el ancho de banda para evitar las descargas

Kulturaren industriak segitu nahi du dirutza itzelak egiten oraingo negozio eredu zahartikuari atxikita, sinistarazi nahi digu lapurrak garela, eta orain, gero eta aplikazio gehiago pasatzen ari direnean hodei informatikora, hau da, banda zabalera inoiz baino inportanteagoa bihurtzen ari denean, mehatxatu nahi digu banda zabalera elbarrituko digula.

Itzainek gurdiak gidatzen egiten zuten bizimodua. Trenaren etorrerak desagertarazi zituen mapatik, ez zuten-eta asmatu garai berrietara egokitzen. Gaur egun, inork ez ditu faltan sentizen. Espainiako kultura industriak ere ez du egokitu nahi garai berrietara, baina, zoritxarrez, boteretsuagoa da garai bateko itzainak baino, eta tematzen ari da aldaketaren kontra. Horrela segitzen badu, izorratuko gaitu aldi baterako, baina azkenean, ezin izango du berrikuntzaren oldea geldiarazi. Eta orduan, guk ere ez dugu faltan sentituko gizatxar koadrilla hori.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Nor gogoratzen da Ronaldinhoz?

Atzo iluntzean Barçak denboraldi
honetako hirugarren txapela jantzi zuen, Manchester United ahaltsuaren
kontra irabazita. Partida ona izan zen, emozioz betea, ikusgarria.
Katalanek txapeldunen pare irabazi zuten, futbol ona eginez. Benetan
poztu nintzen.

Denboraldi honetan Barçak egin duen jokoak
agerian utzi du zelako talde ona duen, eta zein era penagarrian galdu
zituen azken bi denboraldiak, taldea izarrez beteta zegoela, eta izar
guztien buru, Ronaldinho. Nahikoa izan da bera eta Deco kanporatzea,
Alves eta Piqué hartzea, eta Guardiola gidari jartzea, Barça inoizko
Barçarik onena bihurtzeko.

Behin Chelsea eta Manchester United
mendean hartuta eta hiru txapelketa irabazita, nor gogoratzen da
Ronaldinhoz? Bestela esanda, nori inporta zaio? Zorionak Barçari!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 2 iruzkin

Mikel Zarateren luma jostaria

1978an argitaratu zuen Leopoldo Zugazak Mikel Zarate zenaren Euskal Ortografia, nik sarri eta gustura erabili dudan liburua. Liburu horrekin finkatu nuen nik euskal ortografia, berau beste inon baino hobeto eta atseginago baitzetorren azalduta. Mikelek horrelako esaldiak erabiltzen zituen, kasu honetan Z lantzeko:

  • Ekidazuarrek Zazpiki esaten diote Gezalari. Hain zuzen ere, zazpi kale luze ta zabal, zazpi plaza eder, zazpi parke apain, zazpi diru-etxe boteretsu, zazpi jolastoki atsegingarri, zazpi kafeteria lasai ta zazpi hotel ikusgarri ditu herriaren sabelean. Zazpiki bai baina, handikien zazpikia da Gezala. Eta, badakizu, txikikien bederatzikiak baino ederragoak, osasuntsuagoak eta majoagoak izaten dira handikien zazpikiak. (58. or.)

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina