Irizartarrak, RW. Aranzabaldarrak, RO

San Joan bezperan, Esteñibarren
Lawrence Lessig irakasleak ederto azaltzen du Remix liburuan zelan gramofonoaren aurretik kultura RW erakoa zen, alegia, Read/Write, gaurko geek-en hizkuntza erabiltzeagatik. RW kulturan, jendea etengabe ari zen abestien bertsioak egiten, horretarako ahotsa eta musika instrumentuak erabilita. Gramofonoak, diskoak eta enparauek, berriz, RO kultura ekarri zuten, alegia Read/Only kultura, non jendeak kontsumitu egiten baitu kultura, modu pasiboan, berau sortu edo birsortu barik.

Gurean oso garbi ikusten dut bereizketa hori. Esteñibar baserrian, Elorrion, Irizartarrak eta Aranzabaldarrak elkartzen gara. Irizartarrak RW eran ulertzen dute musika, etengabe ari baitira euren gogoko abestien bertsioak egiten, ahotsak edo instrumentuak erabilita: gitarra, alboka, trikitixa, panderoa, txirula edo gaita. Aranzabaldarrok, ostera, gozatu egiten dugu musika, baina beste modu batean, berau entzunda. RO petoak gara.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Night Ripper: remix adibidea

Greg Gillis ingeniari biomedikoa da, eta orain 28 urte jaio zen Pittbusrgh hirian, AEBetan, baina mundu guztiak ezagutzen du Girl Talk bezala, izen horrekin egiten baitu musika, mash-up edo remix estiloa erabilita. 2006an Night Ripper kaleratu zuen, sei minutuko remix bat, non Gillis gazteak nahastu zituen 200 eta 250 musika zati inguru, 167 artistaren lanetatik hartuta. Rolling Stone eta Pitchfork aldizkariek izendatu zuten Night Ripper urteko albumik onenetakoa.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1

Hil liburua 2.0

Aspaldiko ezagun baten heriotza tarteko, aurkitu dut enpresa bat, Legacy.com, eskaintzen dituena hainbat zerbitzu online, hildakoak ohoratu eta gogoratzeko. Zerbitzu nagusia hil liburua iruditu zait, non hildakoaren ezagunek idatziak eta argazkiak partekatzen baitituzte.

Gure kasuan, The Idaho Statesman egunkariak eskaini zigun bidea sinatzeko Adamen familiak sortutako hil liburuan. Nahi baduzu hildakoaren familiak zurekin harremanetan jartzea, idatzi zure helbide elektronikoa, inork ez baitu ikusiko.

Idatzi duzun mezuari dagokionez, enpresak gainbegiratu egingo du, argitaratu aurretik. Kasu horretan, email bat bidaliko dizu, esanez zure mezua onartu egin dela, laster argitaratzeko. Ez badakizu zer idatzi, enpresak berak iradokiko dizkizu hainbat esaldi, zuk aukeratzeko. Nahi izate aldera, bestalde, hil liburuaren jarraipena egin dezakezu, mezu bat gehitzen den aldiro Legacy.com-ek mezu bat bidaliko baitizu horren berri ematen.

Hil liburua urtebete inguru egongo da online. Denbora hori igarota, aukera duzu liburua paperean inprimatzeko, txukun-txukun, edo webgune bat sortzeko, hildakoaren memoria iraunarazteko. Aukera bakoitzak, noski, prezio bat du, baina iruditu zait Legacy.com-ek oso ondo aprobetxatzen dituela Web 2.0 erremintak zerbitzu dinamiko eta eraginkorra sortzeko. Nor animatuko da gure artean horrelako zerbait egiten?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

Euskal kooperatiben oihartzuna nazioartean

George Cheney
irakasle estatubatuarrak badu liburu bat, Values at Work, non aztertzen
dituen Euskal Herriko kooperatibak. Cheneyk hitzaurre bat gehitu zion
liburuaren bigarren argitalpenari, eta hor aipatzen du Mondragon taldeko
kooperatibek zelako oihartzuna duten munduan. Hona hemen berak aipatzen
dituen esperientziak:

  • San Frantsiskon, AEBetan, Mike Miller
    Social Policy aldizkariko argitaratzaileak sarri erabiltzen du
    Mondragon taldearen adibidea, erakusteko ekonomia alternatiboek zelako
    posibilitateak dituzten, eta argudiatzeko kooperatibetan oinezko
    langile-jabeek ere behar dutela ordezkaritza independentea.
  • Baita
    San Frantziskon, AEBetan, Dave Karoly eta Tim Huet laguntzen ari
    zaizkie enpresa hasiberriei, hala nola Arizmendi okindegi eta pizzeria
    kateari, lotura egin dezaten bertako Rainbow Grocery kooperatiba
    indartsuarekin.
  • Missoula herrian, Montanan, Dean Ritz eta
    Jeannette Rankin Peace Center delakoa antolatzen ari dira eztabaida
    sorta bat, Demokrazia definitzen, aurre egiteko enpresen kontrol
    kontzentrazioari.
  • Chuck Sperry eta bere lagunak Mondragon
    moduko kooperatiba esperientziak antolatu nahi dituzte Rocky mendien
    inguruko basomutil eta nekazarien artean, Rocky Mountain Center for
    Economic Democracy
    erakundearen bidez.
  • Cape Bretonen, Nova
    Scotia probintzian, Kanadan, Greg McLeod eta bere lagunak jardunaldiak
    antolatzen ari dira Ipar Ameriketako jendearentzat, bertan aztertzeko
    Mondragon taldearen arrakasta historiak. McLeod-ek berak liburu bat
    dauka, From Mondragon to America: Experiments in Community Economic
    Development.
  • Auckland hirian, Zeelanda Berrian, Manase Lua ari
    da enpresa haztegi bat indartzen Tongan jendearentzat, eta horretarako
    Euskal Herriko kooperatiben kasua darabil eredu gisa.
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

What Would Google Do?

Dagoeneko hainbat aldiz aipatu dut liburu hau, What Would Google Do?, baina oraingoan bereziki gomendatu nahi dizuet, liburu aparta iruditu zait-eta. Jeff Jarvis kazetariak idatzi du, eta bertan jasotzen du Internet zelako aldaketa handiak eragiten ari den gure kulturan, negozioetan eta bizimoduan.

Kontuan hartuta Google dela enpresarik esanguratsuena Internet aroan —Amazon, eBay, Facebook, Craigslist eta Wikipediarekin batera, besteak beste—, egileak aztertzen du zelakoak izango liratekeen gure enpresak eta erakundeak —auto enpresak, unibertsitateak, egunkariak, administrazioa, etxe agentziak, etab.—, baldin eta beren jardueran aplikatuko balituzte Googlek-eta ezarri duten lan metodologia.

Ahal baduzue, irakurri liburua. Udarako Millenium trilogiaren osagarri egokia izan daiteke.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Bekatxoa

Joan den osteguna ezkero pikorta bat daukat betazalaren beheko ertzean, ezker begian, eta horrekin nabil amorratuta, oraindik ez da-eta desagertu, nahiz eta tantak ematen ari naizen konjuntibitisa osatzeko, antza denez horixe baita bekatxoaren eragilea.

Atzo lagunarteko bazkaria izan genuen, eta bertan hainbat izen entzun nituen era horrelako pikorta izendatzeko, lagunen jatorriaren araberakoak:

  • Mimor, Mondragoen.
  • Begitxindor, Elorrion.
  • Erle-kisten, Goierrin.

Behin etxean, Hiztegi Batuan begiratu nuen, eta hor bekatxo agertzen da. Galdera egin nahi dizuet bekatxoa izan duzuenoi: zelan osatu duzue? Mila esker, aurretiaz.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 4 iruzkin

Biozu rollua? Saiatu Zugaz

Zer egiten dute gaztetxoek etxera iristen
direnean, lagunei agur esanda? Seguruenik, txateatu bost minutu
lehenago kalean agurtutako lagun berberekin, baldin eta etxean
ordenagailua eta Interneteko konexioa baldin badute. Gaur egungo
gaztetxoak etengabe ari dira elkarrekin komunikatzen.

Zugaz sare
soziala da —Goienak sortu berria— eta, seguru asko, areagotu egingo du
joera hori gure inguruko gaztetxoen artean, era guztietako tresnak
eskaintzen baititu —doan— gazteak komunikatu eta elkarrekin jolas
daitezen, horretarako mezu laburrak, argazkiak eta bideoak erabilita.
Eta bideo joko pilo bat.

Zugaz hobeto ezagutze aldera, bertan
kontu bat sortu eta saltseatzen ibili naiz. Atentzioa eman dit zenbat
aukera eskaintzen dituen eta zein erraza den nabigatzeko. Goienak
plataforma bat sortu die Euskal Herriko gazteei, euskaraz. Orain haien
esku dago berau erabiltzea, hobetoen egiten dutena egiteko: “zmz wapa”,
“zutaz pentsatzen… TeKiero!!”, “biozu rollua?” Garai bateko
erromerietan bezala, baina aro digitalean.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Adam Shandro gogoan

Zortzi urte zituela ezagutu nuen Adam Shandro, 1981eko neguan, hilabete batzuetan bere etxean bizi izan nintzenean, Boisen, AEBetan. Atzo jakin nuen ekainaren lehen egunetan hil zela, 36 urte zituela, bere kirol hegazkinak Atlanta mendiaren kontra jo zuenean, Idahon bertan.

Adam iritsiko zen goi mailako kirolaria izatera, AEBetako olinpiar taldekoa izan baitzen kayak espezialitatean. Kayak utzita, hegazkinlari trebe bihurtu zen, nahiz eta segitu zuen kirola egiten, hainbat espezialitatetan. Alarguna utzi du, Lori, eta bi alaba: Adelyn eta Ellen, ezagutzen ez ditugunak.

Biziki eskertzen diot Mertxe Urrutiari gutuna bidali izana, The Idaho Statement egunkariko zatikiekin, Adamen heriotzaren berri ematen. Ezbeharraren berri izan bezain laster, gogoratu egin zen ni Shandrotarrekin bizi izan nintzela, eta erabaki zuen gutuna di-da batean bidaltzea, Mertxe lege zaharrekoa baita, eta ez baita konpontzen Internetekin.

Asko zor diegu Shandrotarrei, etxekotzat hartu baininduten ingelesik apenas nekienean, eta jarrerarik abegikorrena izan baitzuten gurekin. Cathy, Tim eta Jamie-ri, eta baita beren familiei, gure doluminik sentikorrenak.

Ohar hau idatzi dugu gonbidatuen liburu digitalean, familiak The Idaho Statement egunkarian jarri duena:

  • The Shandro family treated us as members of their family in the early 80s, when Adam was eight years old, and we barely spoke any English. Today is a day of sorrow for us too, here in the Basque Country. We remember Adam, and we keep you in our hearts Cathy, Tim, Jamie and your families. On June 21st, we will toast to Adam with txakoli, a Basque white wine, just looking to the Udalatx and Anboto mountains. Joxe, Bego and Miren (Elorrio, Basque Country)
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Familia bila Erasmus ikasleentzat

Irailean 15 ikasle etorriko
zaizkigu Europatik HUHEZI fakultatera, Erasmus egitasmoaren barruan.
Hori dela-eta, familia bila gabiltza, prest egongo direnak ikasle
horiek hartzeko beren etxeetan. Lau hilabeteko kontua izango da:
irailetik abendura, biak barne. Aldi horretan, ikasle horiek ikasi
egingo dute, unibertsitate ikasketak osatzera datoz-eta.

Jeneralean
ikasle horiek ingelesa dute bigarren hizkuntza, eta ez dute jakiten ez
euskararik, ez eta gaztelaniarik ere. Hemen dauden bitartean, ingelesez
ikasiko dute. Alde horretatik, komeni da hartuko dituztenek ere
ingelesa jakitea. Kasu horretan, aukera oso ona da etxeko seme-alabek
ingelesez hitz egin dezaten aldi batez etxean bertan, eta lagunak egin
ditzaten atzerrian, eurek ere kanpora doazenerako.

Diruari
dagokionez ere, aukera interesgarria izan daiteke etxeko hipotekak
ordaintzen laguntzeko, gela bakarra hartuz gero, 300-350 euro artean
ordaintzen baitute errenta hilero.

Formula hau, kanpoko ikasleak
familiatan hartzea, asko erabiltzen da Europan, eta baita Ameriketan
ere. Guk ere bide hori jorratu nahi dugu, abantailak baino ez baitizkiogu
ikusten. Inor animatzen bada, utz dezala erantzun bat blog honetan
bertan, edo dei dezala fakultatera: 943 71 41 57, eta galdetu Txema
Egaña
z (119 luzapena).

15 ikasle Europakoak
Datozen ikasleetatik, 10 etorriko dira Irakasle
ikasketak egitera. Gainerako bostek Ikus-entzunezko komunikazioa
aukeratu dute. Erdi Europa eta Eskandinaviatik etorriko dira ikasle
guztiak

  • Belgika: 8
  • Herberehereak: 3
  • Danimarka: 1
  • Finlandia: 1
  • Suedia: 1
  • Norvegia: 1

Datorren
ikasturtekoa izango da Erasmus egitasmoaren hirugarren aldia. Lehen
urtean 9 ikasle etorri ziren Huhezira. Bigarrenean, 5. Hirugarrenean,
berriz, 15.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Evelyn Berezin, emakume aitzindaria

Emakume gutxi pasatu dira Informatikaren historiara. Horietako bat, zalantza barik, Evelyn Berezin da, informatikari estatubatuarra, 1925ean jaioa. 1953an berak asmatu zuen lehen bulegoko ordenagailua, Underwood enpresan zebilela. Geroago, Olivettik erosi zuen Underwood, eta Berezinen asmakuntza ahazturaren putzuan geratu zen.

Geroago, Berezin Teleregister enpresara joan zen, eta han asmatu zuen United Airlines enpresarentzat lehen online erreserba sistema, hegazkineko txartelak erosteko.

1968an Evelyn Berezinek asmatu zuen lehen testu prozesatzailea, idazkariek eta edozeinek idatzi, editatu eta gorde zitzaten testuak, ordura arteko idazmakina elektrikoekin baino erosoago. Burroughs Corporation enpresak erosi zuen Berezinen asmakuntza, baina gorde egin zuen armairuan, eta huts egin zuen aukera paregabea lider izateko testu prozesugintzan.

Gaur egun, Evelyn Berezin lotuta dago hainbat unibertsitate eta erakunderekin, Informatika bultzatzen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina