Genesia, R. Crum-en arabera

Noe, R. Crum-en begietan
Boinbboing webgunean irakurri dugu zelan Robert Crumb marrazkilariak Genesiaren liburua atera duen, komiki moduan, eta hautsak harrotu dituela, batez ere zenbait kristau talderen artean, bertan sexua eta indarkeria gordin agertzen direlako, Biblian bezain gordin.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Mediku eta erizain euskaldunen artean

OEEren jardunaldiak Altsasun
Atzo Altsasun izan nintzen, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundearen XIX. jardunaldietan, bertan hitzaldi bat eman nuen-eta —Eriaren ikuspuntua—, nire gaixoaldiaren gainean. Bego emaztearekin batera joan nintzen, eta Iortia kulturune bikainean 60 bat mediku eta erizain euskaldun izan nituen aurrez aurre.

Arreta handiz entzun zuten nire azalpena, gogotsu txalotu zuten Bego, bera han zegoela esan nienean, eta ederki parte hartu zuten galde-erantzunetan. Iñaki Peña agurtu genuen —gure Patxi Lurra blogari fina—, eta berak esan zigunez, datorren urteko jardunaldiak Arrasateko Ospitaleko mediku eta erizain euskaldunek antolatuko dituzte, Arantzazun, Gandiaga gunean.

Pozik irten ginen Altsasutik, ikusita, gainera, parte hartzaileen artean mediku eta erizain gazte asko zegoela.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1

Nahiago itxaron, irakurgailu digitala erosteke

Sasoi batean Kindle irakurgailuak dezente erakarri ninduen, baina une honetan nahiago dut urtebete itxaron ezer erosi aurretik, irudipena dut-eta aldaketa handiak etor daitezkeela. Izan ere, zertarako erosi orain Kindle bat, baldin eta laster batean Applen arbel digitala etortzen bada, koloretan eta teknologia askoz aurreratuagoarekin? Horrelakoetan, gainera, lehiak ondorio onak ekartzen ditu prezioei dagokienez.

Interneten irakurriz gero, erraz ikus daiteke liburu digitalen merkatua puri-purian jartzen ari dela: Amazon 100 herrialdetan hasiko da saltzen Kindle irakurgailua; Barnesandnoblek laster aurkeztuko du bere irakurgailua; Applek aurki kaleratuko omen du arbel digitala; eta 2010eko lehen erdian Google Editions irekiko da, Googlen liburu denda elektronikoa.

Googlen liburu denda elektronikoak 500.000 liburu digital eskainiko ditu, eta bertan erosleek erosi ahal izango dute zuzenean Googletik ez ezik, baita Amazon eta Barnesandnoble saltzaileen bidez ere. Ordenagailutik, altzoko eramangarritik edo telefonotik erosi ahal izango dira liburuak, Googlen kontuak erabilita.

Esandakoa: oraingoz, nahiago dut itxaron, uste baitut hamaika ikusteko garela.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1

Berandu, baina zorionak Euskaltzaindiari

Opari ederra egin digu Euskaltzaindiak bere 90. urteurrenean: orain lau urte paperean amaitutako hiztegia, Orotariko Euskal Hiztegia, sarean ipini du. Hala ere, Ricardo Gomezek eta Eneko Astigarragak adierazi bezala, OEH ez da libre izango, CC lizentzia “ez-komertziala” izango baitu.

Hala ere, zorionak Euskaltzaindiari. Seguruenik, ez du asmatu moduan, baina bada zerbait. Espero dezagun laster izango dugula aukera berau erabiltzeko Euskalbarren, eta tresna berriak sortuko dituela hiztegia zuzentzeko eta osatzeko, wiki moldeari dagokion eran.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Miret Magdalena

Miret Magdalena hil da, teologo espainiar aurrerakoia. Seminarioan nengoela, Triunfo aldizkaria irakurtzen nuen astero. Eta aldizkari horren barruan, arreta berezia eskaintzen nion haren orrialdeari, erlijio kontuak oso modu irekian tratatzen baitzituen, gauza bitxia garai haietan, 1970ean.

Egun batean, gutun bat idatzi nion —Sobre el celibato— Herbehereetako gotzainek idatzitako dokumentu bat oinarri hartuta, eta bertan eskatzen nuen abade katolikoek aukera izan behar zutela ezkontzeko, gura izanez gero, behintzat. Gutuna argitaratu egin zen aldizkariaren 402. zenbakian, eta nire inguruan bazterrak nahastu egin ziren apur bat.

Peñaflorida Institutuan, adibidez, bertan ari baikinen batxillergoa egiten, literatura irakasleak aukera eman zigun eskola-ordu oso bat har genezan gutuna eztabaidatzeko. Seminarioan, berriz, irakasle bat etorri zitzaidan gelara, esanez nik benetan pentsatzen banuen gutunean esandakoa, utzi egin beharko nuela seminarioa, ordurako jakin behar nuen-eta nire eskaria ez zela posible Eliza Katolikoaren barruan.

Ikasturte hura amaitutakoan, utzi egin nuen seminarioa, ordurako elizaren kortsea itogarria egiten zitzaidalako. Miret Magdalenak erakutsi zidan elizaren beste alde bat, irekiagoa eta interesgarriagoa, eta, gerora alde batera utzi baditut ere elizarekiko kezkak, beti gorde dut harekiko miresmena. Gaur jakin dut Miret Magdalena hil egin dela. Atseden har beza.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Joseba eta Agurtze ezkondu dira

P1060993
Larunbata egun oparoa izan genuen Elorrio aldean: batzuk mahatsa biltzen ari ginen bitartean, beste batzuk —Joseba Knörr eta Agurtze Olaetxea— ezkondu egin ziren. Tabernariak ditugu Joseba eta Agurtze, tabernari atsegin eta maitagarriak, Xara tabernan. Txantxibiri kaleko bizilagunen partetik, zorionik beroenak biei!

Aitor Larrañaga ibili zen argazkilari lanetan haien ezteietan, eta Flickr-en ipini ditugu haren argazkiak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Mahats biltze bikaina

P1000743
Atzo mahats biltze eguna izan genuen Esteñibar baserrian, Elorrion. Beldurrez hasi ginen lanean, goizeko lehen orduan sirimiri apur bat egin baitzuen, baina, iragarpenak gorabehera, eguraldi ona eta mahats biltze bikaina izan genuen.

Urtero legez, jende asko eta ona elkartu ginen Esteñibarren, eta lan egin genuen martxa eta umore ezin hobean. Lehen orduan Edurne Ayuso kazetariaren bisita izan genuen (argazkian, Mikel Irizar eta Mikel Garaizabal enologoaren artean), Amarauna irratsaioko berriemailea Euskadi Irratian. Eta hark ere gauza bera esan zuen: zer giro ona genuen beharra egiteko orduan.

Arratsaldean, berriz, Skype erabili genuen Itziar Irizarrekin hitz egiteko, bera Mexikon baitago, Monterreyko Unibertsitatean, lehen lauhilekoa egiten. Elkarrizketa hunkigarria izan zen, bestela Itziarrek ez baitu hutsik egiten mahats biltze egunetan.

Egun biribila izan genuen; niretzat behintzat, urteko egunik seinalatuenetakoa. Pozik itzuli ginen etxera, jakinda, gainera, oraindik beste bi egun ditugula atsedena hartzeko.

Atzoko argazki guztiak ikusi nahi dituenak, Flickr-en ditu nireak, eta Picasan Juan Bautista anaiak ateratakoak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Iruzkin 1

Pasahitz seguruagoak

Arazoak saiheste aldera, Googlek hainbat gomendio eman ditu pasahitzak ahalik eta seguruen izan daitezen:

  1. Webgune bakoitzeko erabili pasahitz bana, ez bat webgune guztietan.
  2. Nahastu letrak, zenbakiak eta sinboloak pasahitz batean.
  3. Datu pertsonalak erabili barik, sortu pasahitz zailak asmatzeko.
  4. Gorde zure pasahitzen zerrenda leku sekretu batean.
  5. Ziurtatu aukera duzula pasahitz bat berreskuratzeko.
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Tomas Ondarraren blogak

Badut lagun bat, Tomas Ondarra, bizibidez infografikogile eta ilustratzailea. Gaur egun El País egunkarian egiten du lan, paperezko edizioan, baina azken aldi honetan, jauzi egin du sarera, eta gaur egun bi blog ditu, astero eguneratzen dituenak.

  • El Dibu. Hor Tomasek ateratzen ditu El Paísen argitaratzen dituen ilustrazioak.
  • Desde mi arco. Athletic Bilbaoren jarraipena egiten du hor Tomasek, athletic zale amorratua baita.

Ezagutu nuen Tomas SND elkartearen bidez. Artean El Correon egiten zuen lan, Bilbon. Handik Argentinara joan zen, Clarín La Nación egunkarira, hango Infografia departamendua zuzentzera. Zenbait urteren ostean, El País-era egin zuen salto, eta gaur egun hantxe segitzen du, Madrilen. Astero-astero jasotzen dut mezu bat postan, esanez Tomasek eguneratu egin dituela blogak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Telefono bat, kontuan hartzekoa

HTC Tatoo
HTC konpainiak Tatoo telefonoa aurkeztu du, Android sistema eragilearekin. Atentzioa eman dit, zeren, iragarri dutenez, aske salduko dute, derrigorrean telefono konpainia bati lotuta egon beharrik barik, aintzat hartzeko prezioan: 300 euro inguru.

Enpresak, gainera, esan du bai hardwarea zein softwarea pertsonalizatu ahal izango direla telefono honetan, hortik Tatoo izena, tatuajea. Kontuan izanda ezaugarri horiek, eta izango dituela Google Calendar, Gmail, Maps eta beste hainbat zerbitzu, hala nola lotura Twitter, Facebook eta beste sare sozialekin, hasi naiz pentsatzen nire hurrengo telefonoa Tatooren antzekoa izan daitekeela.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 4 iruzkin