Agur disketeari

Sonyk esan du ez duela
diskete gehiago egingo. Kito. Arrazoia: eskaririk eza, nahiz eta 2009an
Japonian bakarrik 12 milioi diskete saldu ziren. Hamabi urte igaro dira
–erraz esaten da: hamabi–, Applek kendu zuenetik diskete irakurgailua
iMac
-etan.

Disketea 1981ean asmatu zen
baina, faxa eta beste asmakizunekin batera, berehala erori da
ahanzturaren putzuan, berrikuntza teknologiko etengabeak irentsita. Gaur
USB edo pendrive bezalako gailuetan gordetzen dugu informazioa, baina
horiek ere zenbatuta dituzte egunak, gero eta gehiago hodeia erabiltzen
ari baikara informazioa gordetzeko.

Atseden izan beza disketeak,
eta alerik baldin baduzue, gorde pare bat zuen ondorengoei azaltzeko
zertarako erabiltzen ziren.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Hagin bat gutxiago

Urte asko dira azken hagina atera zidatenetik. Atzo arte, bat eta berau
luzea atera zidaten-eta. Nire adinean, gainera, ez daukat Agirre
sagutxoaren
pozgarririk. Poltsa bat bete izotzarekin konformatu behar,
eskuin masaila puztu ez zekidan. Horrela nengoela, aspaldiko oroimenak
etorri zitzaizkidan gogora, zelan aldatu den nire jarrera dentisten aurrean.

Haurra nintzela, lasai joaten nintzen haginlariarengana. Nerabe egiteaz
batera, ordea, eta zergatik ez dakidala, izua sartu zitzaidan, eta
ahalik eta gutxien joaten nintzen hura bisitatzera. AEBetan eta Kanadan
berreskuratu nuen lasaitasuna dentisten aurrean. Orain, berriz,
hezur-muinaren transplantearen ondorioz, ahoa oso sentibera geratu zait,
eta galdu egin du malgutasuna. Hori dela-eta, sarri luzeak eta minberak
egiten zaizkit dentistaren aurreko saioak, atzokoa bezala, nahiz eta
dentista bera saiatzen den ahalik eta gozoen lan egiten. Gaur, ostera,
hobeto nago.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1

Zinema saioak etxean

Ostiral arratsaldeetan, ahal badut, film bat ikusten dut lanetik irten eta berehala. Etxera iritsi, ogia eta txokolatea hartu, DVDa sartu, eta filma ikusten dut, etxean bakarrik nagoela. Murgildu egiten naiz, erabat, pelikulan.

Horrela, une gogoangarriak bizitzen ari naiz ostiraletan, zinea ari naiz-eta berreskuratzen. Kubrick, Forman, Coen, Marilyn… jende asko eta interesgarria ikusten ari naiz, oso film onetan.

Uste dut laneko giroak baduela zerikusirik zine zaletasun berraurkitu honekin, han jendez inguratuta bainago, zinea pasioz bizi duena. Eskerrik asko zuei.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Ariniketan egiten Murakamirekin

Irakurri berri dut Haruki Murakami idazlearen azken liburua: De qué hablo cuando hablo de correr. Irakurri diodan lehen liburua izan da, gustura irakurri ere, batez ere bizipen asko partekatzen dugulako asfaltoaren gainean, ez baitaramagu alferrik hogeita hamar urte baino gehiago lasterka egiten, ni polikiago eta distantzia laburragoak egiten, hori bai.

Ez nago seguru korrikalari ez direnek gozatuko ote duten liburua, nahiz eta bertan gauza asko kontatzen diren Murakamiren bizitzaz, egokiak, akaso, idazlearen jarraitzaileentzat.

Gabonak aurretik, Gauaren sakonean erosi nuen Durangon, nik dakidala, Murakamiren lehen liburua euskaraz. Hor daukat, alboratuta. Pare bat aldiz hasi naiz berau irakurtzen, baina ezin pasatu lehen orrialdetik. Arrotza egin zait itzulpena.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Twitter-en hazkunde izugarria

Twitter-en inguruko datuak zotina kentzeko
modukoak dira. Joan den asteazkenean Biz Stone sortzailetariko batek
Chirp
bileran adierazi zuenez, gaur egun Twitter-ek ditu 105.779710
erabiltzaile
izena emandakoak, eta egunean 300.000 gehiago gehitzen
zaizkio. Horietatik, %60 AEBetatik kanpokoak dira.

Joseph
Tartakoff
kazetariaren iritziz, horrek esan nahi du Twitter-en
hazkundea
urtean %1.500ekoa dela.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Radio Euskadin, Ramonekin

Ramon anaia inoiz egon barik zegoen irrati batean, joan den larunbatean Radio Euskadin izan zen arte, Mas que palabras irratsaioan. Hala ere, trankil ikusi nuen. Goiz iritsi ginen EITBren eraikinera, eta aprobetxatu egin genuen bertako erredakzioa ikusteko. Ramon harrituta geratu zen, hain da-eta handia.

Han geundela, atentzioa eman zidan Javier Vizcaino eta Edurne Mendia hain bakarrik ikusteak. Entzule gisa, irudipena dut MQP saioak bizitasun handia duela, bertan gauza asko eta interesgarriak gertatzen direlako. Hara iritsita, berriz, eurak biak ikusi genituen bakarrik, eta oso kontzentratuta lanean. Guztiarekin ere, harrera beroa egin ziguten, eta guk eskertu.

Elkarrizketa ondo joan zen, eta anaia biok gustura bueltatu ginen etxera, pozik aukera izan genuelako Ramonen proiektua azaltzeko, gaingiroki bada ere. Nahi izate aldera, elkarrizketa orduan entzun ez zenutenok orain duzue parada berau entzuteko. Hamar minutukoa da.

euskaltube.com audioak | Izenburua: Ramon MQP irratsaioan | Erabiltzailea: joxearanzabal

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , , | Utzi iruzkina

Hau ote liburuen etorkizuna?

“Ez daukat iPadik”, dio Mathew
Ingram
kazetariak, “baina bideo hau ikusita, non ikusten baita Alizia
Lurralde Miresgarrian izeneko aplikazioa, sekulako gogoa eman dit
arineketan dendara joan eta bat erosteko”. Niri, ez horrenbeste, baia
ia-ia.

Liburu guztiekin ezin izango da horrela jokatu; asko,
gainera, hobeto irakurtzen dira isilean, baina liburu honek tilin egingo
die haur askori, hain da-eta erakargarria. Liburu interaktiboaren
adibide ona da, Atomic Antelope enpresak propio egina iPadentzat.
Bertsio honek 8,99 dolar balio du, baina badago beste bertsio bat,
doakoa eta arinagoa.

Zer iruditzen? Hau ote liburu elektronikoen
etorkizuna? Emango ote digu inoiz Pamiela argitaletxeak Alizia liburuaren
euskarazko bertsioa iPaderako egokituta?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Aurkaria

Aste Santuan liburu bat irakurri dut, ona bezain kezkagarria, El adversario, Emmanuele Carrere idazle frantsesak idatzia, eta bizitza errealean oinarritua. 1993ko urtarrilaren 1ean, gizon batek bere emaztea, seme-alabak eta gurasoak hil zituen. Orobat, saiatu zen bere burua hiltzen, baina lortu ez. Hemezortzi urte zeramatzan gezurra esaten, ez baitzen mediku, ez baitzebilen Munduko Osasun Erakundean, berak zioen moduan, ez baitzeukan dirurik, bere bizitza mailak adieraz zezakeen bezala.

Gezurra da liburuaren gaia, eta irakurlea deseroso sentitzen da, ni behintzat bai, bertan Carrerek ezin trebeago aztertzen baitu zelako mekanismoak ditugun gezurrak asmatzeko, gezur zuriak edo gezur larriak, askotan batak bestera eramaten baitu. Ahal baduzue, irakurri, merezi du-eta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1

Webmaster lanetan, Ramon anaiarekin

Ramon Aranzabal bere estudioan
Ekainaren 25ean, San Joan biharamuna, egure anaia Ramonek arte ekitaldi bat egingo du Bergaran, Munibe plazan, eta bertan uztartuko ditu pintura, musika, dantza eta irakurketa. Ekitaldiak izena du “Gau magikoak Munibeko plazan”, eta berorren berri zabaltze aldera, estrategia bat antolatu dugu Interneterako.

Ez da erraza horrelako ekitaldi bat antolatzea, eta are gutxiago krisi garaian. Horregatik, Ramonek galdera egin zidan, zer aukera zegoen Internet erabiltzeko ekitaldiari laguntze aldera. Bien arteko elkarrizketak berehala argitu zuen bidea: bloga erabiliko zuen komunikazioaren ardatz, performance horren berri emateko, bi blog zehatzago esanda: bat euskaraz, Gau magikoak Munibeko plazan, eta gaztelaniaz bestea, Noches mágicas en la plaza Munibe, biak WordPress plataforman sortuak, bakoitza bere hartzaileekin.

Horrezaz gain, aintzat hartuta ekitaldian hainbat baliabide erabiliko direla (pintura, musika, dantza, irakurketa…), kontu bana sortuko ditu haiek kudeatzeko, zerbitzu hauetan:

  • Flickr. Erakusteko aurrez egindako pinturak eta Gau magikoen inguruan sortutako argazkiak.
  • Blip.tv. Bertara igotzeko hemendik eta San Joan biharamuna bitartean sor ditzakegun bideoak.
  • Euskaltube. Ostatu emateko beharko ditugun audio artxiboei.
  • del.icio.us. Bertan gordetzeko han eta hemen ekitaldiaz argitaratzen diren artikuluak.
  • Twitter. Lanen berri eman eta elkarrizketa sortzeko jendearekin.

Argi dago, beraz, Web 2.0 erremintak erabiliko ditugula ekitaldiaren berri zabaltzeko. Horrek aukera emango digu jendearen feedbacka jasotzeko, eta lagundu egingo dio Ramoni bere nortasun digitala garatzen. Lan horretan ni izango nau bidelagun eta webmaster, bera lan artistikoan eta ekitaldiaren antolakuntzan zentratuko den bitartean. Biontzat esperimentu interesgarria izango da.

Gau magikoak
“Gau magikoak Munibeko plazan” oinarrituko da Jean Sibelius musikari finlandiarraren Tuonelako zisnea obran. Bertan zisnea, lamia eta heriotza izango dira kontakizuneko elementuak, ahaztu barik aurora boreala. Berau irudikatzeko, Ramonek kolore biziko margoak erabiliko ditu, indartsuak. Horrekin batera, Musiraka dantza taldeak, Osintxukoa bera, prestatzen dihardu koreografia ekitaldirako.

Ramon Aranzabal
Mondragoen jaio zen 1950ean, eta Bergaran bizi da emaztea eta alabarekin. Fagorren egin zuen lan, harik eta, 2008an, erretiroa hartu zuen arte.

Hala ere, 1995ean hasi zen pintatzen, horixe da-eta bere benetako zaletasuna. Pintura abstraktua egiten du, hasieran pastela erabilita, eta akrilikoa oraingo proiektu honetarako. Gogoak horixe eskatzen dio, baina baita oihalen tamainak ere, oraingoan koadro handiak egiten ari baita. (Argazkia: Josetxo Arantzabal, Goienkaria)

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , | Utzi iruzkina

Arte Ederretako Museoan

Jabierrekin, Arte Ederretako Museoan
Joan den ostegunean Bilbon izan ginen, Arte Ederretako Museoan. Hogeita hamabost bat urte izango ziren azkenengoz han izan nintzela. Horregatik, bezperan, Begoña arrebak proposatu zidanean hara joatea, baietz esan nion, zalantza barik.

Elorrion autobusa hartu, eta hara joan ginen Begoña, Jabier koinatua eta hirurok. Lehendabizi Alberto Schommer argazkilariaren atzera begirakoa ikusi genuen, ederra. Ondoren, gainerakoa. Gustura itzuli nintzen, harrituta Flandesko pintoreen ugaritasunaz, Iturrinoren koloreez eta euskal artisten lanez.

Nire oroimenean oso atzenduta nituen zenbait oroitzapen, zelan Henao kalean bizi ginela ikasle-pisu batean, noizbehinka museoko lorategira joaten nintzen Triunfo edo beste zerbait irakurtzera, eta zelan kanpoko urmaelaren erdian zegoen estatuak soinekoa zuen jantzita, frankismoak lotsagabea irizten baitzion original biluztuari, gaur egun zorionez berriro erakusten den estatuari.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina