Arineketan, astiro

Negu luze honetan nahi baino dezente gutxiago egin dut lasterka, kasurik gehienetan lanak eta eguraldiak behartuta. Orain, ostera, berriro hasi naiz ariniketan egiten apurka-apurka, eta esan behar dut gozatzen ari naizela minutu bakoitza. Plazer handia da sentitzea gorputza badoala, erantzun egiten duela…

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Israel, lotsagarri

Haserretu egin nintzen, irakurri nuenean Israelek gutxienez 10 lagun hil dituela itsasontzi batean, berau nazioarteko uretan zihoala Gaza aldera, giza laguntza eramaten.

Geroago baina, are haserreago jarri nintzen irratian entzun nionean Israelgo enbaxadoreari justifikatzen erasoa, berau kondenatzen zituztenak fundamentalistatzat hartuta. Lotsagarria iruditu zitzaidan Israelgo gobernuaren jarrera, defenda ezina defendatu guran, horretarako mundu erdia baino gehiago kakaztu behar baldin badu ere.

Min ematen dit, lagunak baititut Israelen, baina ordua da astindu dezaten beldurra, barne-muinetan daramatena, zeinaren bidez beren gobernuak edozer justifikatzen duen, baita ekintzarik odoltsuena ere. Israelek erantzun egin beharko du nazioarteko komunitatearen aurrean, bestela berau geratuko da barregarri.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Parker

Gure haurtzaroan Parker markako luma estilografiko bat esku artean hartzea izaten zen esperientzia ia erlijiosoa —gaur egun, akaso, iPhone edo iPad bat hartzea zenbaitentzat izango den tankerakoa—, hura hain zen-eta dotore eta leuna.

Gero, berriz, bolalumak agertu ziren, Bic bereziki, eta erabat alboratu genuen luma estilografikoaren ametsa. Jaso ere, jaso genituen horietako batzuk opari, baina berandu zen. Gaur egun Parker izen handi baten oroimin hautseztua baino ez da, niretzat behintzat.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Iruzkin 1

Jose Luis Elkoro

Beti izan dut Jose Luis Elkoro gizon
ohoragarritzat, Bergarako alkate moduan antolatu zuenean, beste
askorekin batera, Euskal Herriko Alkateen mugimendua, eta ondoren, ezker
abertzalearen aldeko hautua egin zuenean. Gizon lasaia da, eta
konprometitua bere herriarekin.

Min ematen dit ikusteak zelan
daukaten orain espetxean usteltzen, Jose Luisek 75 urte baititu, eta
pasatu berria baitu minbizia. Hura espetxean ikusteak gehiago du
mendekutik justiziatik baino, kondenatu baitzuten Egin egunkaria
argitaratzen zuen enpresako presidente izateagatik.

Horregatik,
nik ere ozen eskatzen dut Jose Luis Elkoro lehenbailehen aska dezatela.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

Emakumeak artean

Bea Zabalondo lankideari esker iritsi naiz bideo honetara, “Women in Art”, Philip Scott Johnsonek egina, Bach musikariaren doinuarekin, berau Yo-Yo Mak jota. Bertan artearen historia kontatzen da, emakumeen margolanak morfeatuta. Ikusgarria bezain ederra.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Publizitate gogaikarria sarean

Gero eta gehiago, publizitate enpresak erabiltzen ari dira teknika oso erasokorrak sarean, bertan publizitatea zelan edo halan ikusarazteko. Sartu zara hedabide batean, eta zuk eskatutakoa agertu aurretik, pop-up leiho bat agertu zaizu hainbat segundotarako, publizitatea duena. Edo, irakurtzen ari zarela testu bat, bat-batean leiho bat agertu zaizu pantailaren ezkerretik eskuinerantz doana, testua estaliz.

Erreta ikusten ditut marketin arduradunak, ikusita publizitateak gero eta eragin eskasagoa duela guregan. Eta hortik taktika erasokor horiek. Ez dira konturatzen kontra jartzen gaituztela, haserretu egiten garela horrelako jarreren aurrean.

Zergatik ez dira ahalegintzen publizitatea egiten, baina beste modu batean, gu errespetatuta? Ni prest nago publizitate kuota bat irensteko, badakit-eta doako zenbait zerbitzu horrela finantzatzen direla, baina publizitateak berak errespetatzen baldin banau, trabarik egiten ez badit.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 4 iruzkin

Libranda, lehengo lepotik burua

Irakurri berri dut El Pais digitalean Espainiako zenbait argitaletxek Libranda sortu dutela, literatura katalogo bat gaztelaniaz. Sortzaileak ez dira nolanahikoak: Planeta, Santillana eta Random House, besteak beste, eta kazetariak dioenez, ondo ikasi dute kulturaren beste industriek egindako akatsetatik, hala nola zineak eta musikak.

Aurrerago baina, jakin dugu Librandak ez diola zuzenean libururik salduko erosleari, “hori lehia arriskutsua izango litzateke-eta liburu dendentzat”. Orduan, non dago zerbitzu berriaren berritasuna? Zertarako behar dut nik Libranda, alboan Amazon baldin badaukat? Eta zer egingo dute euskal argitaletxeek?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Aupa Goiena!

Maiatzaren 20an Goiena.net-ek jakitera eman zituen CIES erakundearen udaberriko audientzia neurketak zer emaitza eman dituen Debagoienean eta Gipuzkoan. Emaitzak izugarri onak dira Goiena taldearentzat, eta Goiena.net-en bertan irakur daitezke. Zorionik beroenak Goiena taldeari, horrek erakusten du-eta gauzak ondo ari dela egiten.

Hala ere, gaurkoan puntu txiki bat azpimarratu nahiko nuke, CIESek emandakoetatik: 2004an, Euskal Autonomia Erkidegoan Internetek 375.000 erabiltzaile zituen egunero. 2010ean, ostera, 994.000. Hau da: 2004tik 2010era artean, hedabideen hazkundea hau izan da:

  • Irratia: %4,3
  • Telebista: %2,7
  • Papera: %2,6
  • Internet: %265

Ondo irakurri duzue: sei urtean Internet %265 hazi da gure artean. Hau irakurrita, oraindik ere Internet gutxiesten duenak jai dauka.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 2 iruzkin

El Correo, Athletic eta Yeste

Larunbatean El Correo egunkariak argazki deigarri bat erakutsi zuen azalean, bertan Fran Yeste agertzen baitzen, itsasontzi batean eguzkia hartzen biluzik, alboan Athleticeko beste bi lagun zituela.

Deigarria egin zitzaidan, ez argazkiak erakusten zuenagatik, baizik eta beronek zeukan asmo gaiztoagatik. El Correok azal horrekin justifikatu nahi izan zuen Athleticek Yesteri kontratua ez berritu izana, eta horretarako erakutsi zigun Basauriko jokalaria ia larru gorritan eguzkia hartzen, esanez, gainera, “Agur Yesteri, erremediorik gabeko jenioa”. Deigarria eta deitoragarria.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 5 iruzkin

Iritsi dira sanisidroak

Bai. Berandu, baina iritsi dira. Gazte berde ginenean, sanisidroak ziren urteko egunik esanguratsuenetakoak guretzat. Batetik, Musakola auzoko jaiak zirelako, gure auzokoak, eta bestetik, eguraldi ona eginez gero, egun haietan irekitzen zelako igerileku dotorea, Union Cerrajerak Mondragoen zuena, beste askoren inbidiarako. Horregatik, deseatzen egoten ginen, noiz iritsiko maiatzaren 15a.

Aurten gogoratu naiz, bai, egun horiekin, baina okerreko arrazoiengatik, asteburuan egindako eguraldi negargarriak horretara eraman nau-eta. Pentsatu nahi dut aurten sanisidroak apur bat atzeratu egin direla, eta astelehena ezkero dugun eguraldi hauxe dagokiela maiatz erdiko jaiei. Hala bada, hala biz, eta ez bada, ora pronobis.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin