Publizitate gogaikarria sarean

Gero eta gehiago, publizitate enpresak erabiltzen ari dira teknika oso erasokorrak sarean, bertan publizitatea zelan edo halan ikusarazteko. Sartu zara hedabide batean, eta zuk eskatutakoa agertu aurretik, pop-up leiho bat agertu zaizu hainbat segundotarako, publizitatea duena. Edo, irakurtzen ari zarela testu bat, bat-batean leiho bat agertu zaizu pantailaren ezkerretik eskuinerantz doana, testua estaliz.

Erreta ikusten ditut marketin arduradunak, ikusita publizitateak gero eta eragin eskasagoa duela guregan. Eta hortik taktika erasokor horiek. Ez dira konturatzen kontra jartzen gaituztela, haserretu egiten garela horrelako jarreren aurrean.

Zergatik ez dira ahalegintzen publizitatea egiten, baina beste modu batean, gu errespetatuta? Ni prest nago publizitate kuota bat irensteko, badakit-eta doako zenbait zerbitzu horrela finantzatzen direla, baina publizitateak berak errespetatzen baldin banau, trabarik egiten ez badit.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , . Gorde lotura.

4 Responses to Publizitate gogaikarria sarean

  1. Zeharo ados, Joxe.

    Publizitate hain intrusiboak ez du funtzionatzen, ez bada justu bilatzen duenaren kontrako zentzuan.

    Eta begirunez zaintzen ez gaituzten iragarleek jai dute. Begirunea eskatzen dugu, eta ez bakarrik gure gainera hain modu bortitzean salto egin ez dezaten, begirunea baita ere gu izaki inteligente moduan trata gaitzaten (zenbat spam, iragarki engainagarri… agian gehiago sarean beste euskarrietan baino).

    Hala ere, bada zure esaldi bat guztiz asetzen ez nauena: “Erreta ikusten ditut marketin arduradunak, ikusita publizitateak gero eta eragin eskasagoa duela guregan”. Egia da garai eta egoera berrietara moldatzeko ahaleginak egiten, noraezean, zailtasun handiekin dabiltzala marketin arduradunak. Baina benetan uste duzu “publizitateak gero eta eragin eskasagoa duela guregan”?… Nik uste dut, zoritxarrez, hori ez dela hola…

    Segi fin.

     

  2. Joxe Aranzabal egilea: Joxe Aranzabal

    Aupa, Iñigo, aspaldiko! Erabat ados zure lehen adierazpenekin. Egiten didazun galderaz, esango dizut gero eta arreta handiagoa jartzen diedala nire inguruko iritziei (edo beste kontsumitzaile batzuenei) publizitatetik iristen zaizkidan mezuei baino.

    Londresen hotel bat aukeratu behar badut, begiratu egiten dut hotelak zelako zerbitzuak dituen, prezioa, etab., baina gero saiatzen naiz hotel horretan izan diren bezeroen iritziak jasotzen. Iritzi horiek ez badira onak, hotelak jai dauka nirekin.

    Hori esan nahi dut diodanean publizitateak gero eta eragin eskasagoa duela guregan. Besarkada bat.

  3. Gora zu, Joxe, aspaldiko.
    (Ikusten duzunez, isilik baina gustora jarraitzen dut zure bloga).

    Egia da sareak aukera ematen digula markek publizitatean egiten dituzten promesak zenbateraino egi diren baieztatzeko. Eta egia da, baita ere, jendeak sarean emandako iritziek asko laguntzen/baldintzatzen dituztela gure erosketa erabakiak eta beste.

    Baina Turkiako hotel askoren gaineko iruzkinetan, adibidez, nabarmen sumatzen da bertako jabe edo langileen eskua… Eta turkiarrak komunikazio kontuetan iaioegiak ez direlako, Londresen dezente gehiago baitakite hortaz…

    Adibide horrekin ez dut nahi esan sarean topatzen ditugun iritziek sinesgarritasunik eta eraginik ez dutenik. Ezta gutxiago ere. Nago, ordea, jendeak ez duela sarean hainbeste parte hartzen, eta modu ez etikoegian aritzea ere erraza dela (oraingoz behintzat), eta marketing sistemak asmatuko duela errealitate berrira moldatzen…

    Hau da, nire iritziz, aldaketa asko eta garrantzitsuak ari da ekartzen sarea eta 2.0 mugimendua, ez dago zalantzarik; eta nahi nuke iraultza guzti honetatik indar korrelazio berri bat geratuko balitz etorkizunean komunikazioaren eremuan; baina itxura denez, zu baino agnostikoagoa, eszeptikoagoa edo ezkorragoa naiz, nire zoritxarrerako.

    Besarkada bat zuri ere, Joxe.

     

  4. egilea: Joxe Aranzabal

    Aupa, Iñigo! Plazer handia da zurekin hitz egitea.

    Diozu: “eta marketing sistemak asmatuko duela errealitate berrira moldatzen…”. Seguruenik, bai, baina orain guk ditugu askoz ere baliabide gehiago lehen baino, gure arteko ahotsak kontuan hartzeko. Horregatik, ez dut uste marketinak ere aintzat hartu beharko duela hori.

    Segi gogor!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude