Hizkuntzak eta dialektoak

“Zerk bereizten ditu hizkuntza eta dialektoa?” galdetu omen zioten behin Ferdinand de Saussure hizkuntzalari suitzarrari. “Kanoiek” erantzun omen zuen hizkuntzalaritza modernoaren aitak.

Atentzioa eman zidan anekdota honek, El Periódico egunkarian irakurria, artikulu interesgarri batean. Bertan aztertzen da Interneten eragina hizkuntzetan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Berriz eskolara eta liburuak

Liburuak eskolan 2000. urtean
Zaila izan behar da asmatzea zelakoa izango den eskola ehun urteren bueltan. Ariketa horixe egin zuen Jean Cote izeneko batek 1899an, eta marrazki honetan irudikatu zuen 2000. urtean ikasleek zelan jasoko zuten liburuetako jakintza. Bertan, irakasleak aparailu mekaniko bat darabil transmititzeko ikasleei liburuetako edukiak. (Via Visual Teach blog)

Bistan da ez zuela asmatu, baina horrek ez dio meriturik kentzen Jean Cote delakoari, aurrera egiteko saiatu beharra dugu-eta amets egiten. Ondo hasi denok 2010-2011 ikasturtea!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1

Bilbon, Aste Nagusian

Bilbon, Elorrioko lagunekin
Atzo arratsaldean, autobusa hartu eta Bilbora egin genuen, Elorrioko zenbait lagunekin. Atseden tabernan afaldu, su festak ikusi, trago bat jo, eta etxera, Gau txori autobus zerbitzua hartuta. Ondo ibili ginen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Karmele Igartua, agur

Abuztuaren 20a ezkero, izar errari bat ikus daiteke zeruan. Etorrian joan da, enara beltzen antzera. Karmele Igartua da, poeta aretxabaletarra.

Igandea arte, ez nekien nor zen Karmele Igartua, baina irakurri nuenean Berrian haren heriotzaren berri, jakin-mina piztu zitzaidan: nor ote zen Aretxabaletako poeta hori? Atzo goizean, berriz, Arantxa Irastorzari entzun nion Euskadi Irratian Karmelez hitz egiten, eta une hartan erabaki nuen irakurri behar nuela Karmeleren libururen bat, edozein. Arratsaldean, Arrasatera joan, eta Denbora enaren hegaletan erosi nuen.

Liburu ederra
Karmelek berak neurtitzetan kontatzen digunez, une jakin batean lubaki batek irentsi zuen bere mundua, ikara izugarri batek ezkutatu iragana eta geroa, “min bizi-bizi batek”, beste poema batean dioen legez. Idazteak sosegua ematen diola-eta, poema hauek idatzi ditu, eta hor hausnarketa egiten du denboraren inguruan, orain baibaitaki denbora mugatua duela.

Liburua maitasun kantu bat da —zein ederra etxeko izarrei eskainitakoa!—, testamentu bat, gaixoaldian barrena ematen du-eta ekaitzaren ostean (“Pasa dadila denbora hau!”) Karmelek aurkitu zuela sosegua (“Eta orain, ba, / ez nau hiltzeak arduratzen / biziak bai, eta bizirik bizitzeak”), eta sosegu horren berri ematen digu liburuan, hizkuntza harrigarri ederrean.

Bai. Etxera iritsi, eta irentsi egin nuen liburua. Hunkitu egin ninduen. Ahal baduzue, irakurri, bertan poeta peto-petoa aurkituko duzue-eta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Hitz jasoak, kaka esplikatzeko

Egun hauetan harrituta ikusi dut zelako ahalegina egiten ari den Euskal Telebista, zezenketak hizkuntza jasoan aurkezteko, berauek arte sublimearen aparra balira bezala.

Donostiako zezenketez ari zela, kazetariak artea, nobletasuna, dotorezia eta antzeko berbak esaten zituen bitartean, ikusleok ikusten genuen zelan zigortzen zuten zezena, behin eta berriro, erabat odoletan jarri eta hil arte.

Horrelakoetan, Jon Sudupe filosofoaren hitzak etorri zaizkit burura, orain asko ez dela Berrian idatzitakoak. Sudupek zioen eboluzioaren teoriak senidetu egin gaituela landareak, animaliak eta gizakiak; parekatu egin gaituela gainerako animalia eta izaki bizidunekin. Ez dagoela, beraz, animaliak gaizki tratatzeko eskubiderik.

Ados nago Jon Suduperen hitzekin, eta bat nator, erabat, bere artikuluaren amaieran idatzi zuenarekin:

  • “Gizakiaren bihotza animaliekiko tratuarengatik neur daitekeela” adierazi zuen Kantek. Animaliei ere errespetua zor diegu. Ez diegu alferrikako sufrimendurik eragin behar. Zezenketak, oilar eta ahari jokoak, idi demak eta bestelako jolas edo “kirol” basatiak debekatu beharreko ikuskizunak dira. Tradizioaren aurretik dago tratu etikoa (zentzu horretan, adierazpen desegokiak egin ditu gure Lehendakariak).
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 6 iruzkin

Darwin bidaiaria

Beste liburu bat irakurri dut, Darwin bidaiaria, hau ere oso ona, kontuan izanda bederatzi eta hamabi urte bitarteko neska-mutilentzako bilduma batean datorrela, Nor da? izenekoa, Txertoa argitaletxean.

Liburuak oso ondo azaltzen du nor izan zen Charles Darwin eta zeintzuk izan ziren zientzialari ingelesaren ekarpenik handienak, hori guztia hizkuntza erraz eta entretenigarria erabilita. Meritu itzela, beraz, Nicolas Cuvi egilearena eta baita Martin Anso euskaratzailearena ere. Bukaeran, gainera, liburuak hainbat ariketa dakartza, eta bertan kontuan hartzen da Darwinen teoriak Euskal Herrian izandako oihartzuna. Horreraz gain, Interneteko hainbat helbide ematen ditu —horietako zenbait, Euskal Herrikoak— gaia lantzen segitu nahi duenarentzat.

Liburu interesgarri honek badu, hala ere, eragozpen bat, eragozpen tontoa: bertako testua tinta berdez idatzita dago, eta horrek zaildu egiten du berau irakurtzea. Ez dut ulertzen oraindik ere, XXI. mendean, nolatan egin daitezkeen horrelako hanka-sartzeak, jakinda zuria beltzaren gainean irakurtzen dugula errazen eta erosoen. Guztiarekin ere, seme-alaba gaztetxoak dituzuenak, aintzat hartu liburu hau, baita zuentzat ere.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Esther Tusquets, dama prestua

Bi egunez, irakurri baino ez dut egin, ezin gusturago. Confesiones de una vieja dama indigna irakurri dut, Esther Tusquets argitaratzaile katalanak idatzitako autobiografiaren bigarren zatia. Seguru asko, berau izango da aurten irakurritako liburuetan gusturen leitu dudana.

Urtebete inguru izango da Bego emazteari oparitu niola liburu hau —bide batez esanda, horrelakoetan, ez nago seguru berak irakurtzeko oparitzen ote dizkiodan ala nik leitzeko, oraingoan gertatu den moduan—, kontua da berak ez duela gogoratzen irakurri ote duen. Eta ni ez aurrera-ez atzera nenbilenez beste liburu batekin, erabaki nuen behar nuela bat harrapatuko ninduela, eta Esther Tusquetsena aurkitu nuen, hauts fin batek estalia.

Esther Tusquets berrogei urtez izan zen Lumen argitaletxeko editorea, eta liburu honetan kontatzen digu bere historia argitaratzaile moduan eta pertsona bezala. Hor agertzen dira, berarekin batera, La Gauche Divine talde batzelonarra (Carlos Barral, Terenci Moix, etab.) eta frankismo garaiko idazle piloa, gehienak gaztelaniaz idazten zutenak, eta nik Triunfo aldizkarian irakurtzen nituenak. Horrezaz gain, Estherren lekukotza dago: aberaskumea zen, baina oso
gazterik hautsi zituen frankismo eta elizarekiko loturak eta saiatu zen
beste bizimodu bat izaten, erabat urrun orduko molde eta
estereotipoetatik.

Liburua oso ondo idatzita dago, zintzotasunez eta umorez, eta nik, behintzat, gozatu ederra hartu dut berau irakurtzen.  Erabat gomendagarria.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Hezur-muin emailearekin bazkaltzen

Zumaiako portuko faro ondoan
Zazpi urte bete direla-eta hezur-muin transplantea egin zidatela, atzo Zumaian izan ginen bazkaltzen, Bedua erretegian, Fatima arrebarekin —orduan bera izan baitzen emailea— eta Mikelekin. Bigarren aldia zen hara gindoazela, eta lehenbizikoan bezala, ederto jan genuen: tomatea, piperrak, bixigua eta postrea.

Ondoren Zumaiara joan, eta bertan paseatzen ibili ginen: barra inguruan lehenengo, eta Itzurun hondartzan gero. Eguraldia gorabehera, egun ederra izan zen. (Argazkian: Mikel Irizar, Fatima Aranzabal, Bego Larrañaga eta Joxe Aranzabal)

tagzaniapaste
Bedua erretegia map

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Lanzaroten, oporretan

El Maño jatetxean, bazkaldu ondoren
Astebe honetan Bego emaztea eta biok Lanzaroten izan gara, Playa Blanca inguruan ostatu hartuta, Hesperia Playa Dorada hotelean.

Aste ederra izan da. Eguraldi paregabea, garbia eta ez oso beroa. Inguruak ere politak, garbiak eta ondo zainduak. Bertan ginela, errutina nagia sortu genuen: goiz jaiki, bapo gosaldu, hondartzan ibili, irakurri, lasterka egin, arin bazkaldu, lo kuluska egin, irakurri, garagardoa edan terraza batean, afaldu, paseatu, irakurri eta lo. Niri dagokidanez, egunean behin edo birritan, nabigatu egiten nuen Interneten, hoteleko wi-fia aprobetxatuta.

Asteartean, uztailak 27, aprobetxatuta zazpi urte betetzen zirela hezur-muineko transplantea egin zidatela, bazkaltzera joan ginen El Maño jatetxera, hoteletik hamabost minutura oinez. Bazkari gogoangarria izan zen guretzat, jana, edana, zerbitzua eta lekua zoragarriak izan baitziren. Inoiz hurbiltzen bazarete paraje horietara, lasai joan El Mañora bazkaltzera, merezi du-eta.

Orduko argazkiak ikusi nahi badituzue, Flickr-en daude ikusgai.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Zazpi urte transplantea egin zidatenetik

Gaurko egunez, orain zazpi urte, hezur-muineko transplantea egin zidaten Santanderren, Valdecilla Ospitalean. Bego emaztea beiraren bestaldean zela, Fatima arrebak emandako hezur-muina sartu zidaten, minbizia osatzeko helburuarekin.

Zorionez, dena ondo joan zen, eta orain hemen gaude, kriskitinak baino alaiago, oporretan gainera. Carpe diem.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | 5 iruzkin