Ateoa naiz, eta zer?

Bai, ateoa naiz. Baina ez larritu, ni txikitan izutzen nintzen bezala, ateo hitza entzuten nuen aldiro. Orduan bai abadeek eta baita nire inguruko liburuek ere hondamendirik gorriena iragartzen zuten ateoentzat. Denborarekin baina, asko irakurrita eta erlijioek zelan egiten duten lan ikusita, iritsi naiz ondorio horretara, alegia, mundua esplikatzeko ez dela ezein jainkoren premiarik, eta hiltzen naizenean hortxe amaituko dela nire ibilbidea.

Hitzaren estigma
“Minbizi” hitzak oraindik ere ikara eragiten badigu, are eta gehiago eragiten du “ateo” esateak, bi mila urtez elizak esan digu-eta ateoek perbertsiorik handienen jabe direla eta erabat kondenatuta daudela. Gaur egun ere, AEBetan adibidez, jendea ez da fidatzen ateoez. Richard Dawkins zientzialariak El espejismo de Dios liburuan dioen legez, 1999an Gallup etxeak galdeketa bat egin zuen estatubatuarren artean, bertan galdetuta ea botoa aldatuz gero, berau emango lioketen era honetako pertsona kualifikatu bati (15. or.):

  • Emakumea (%95ek, baietz)
  • Katoliko erromatarra (%94)
  • Judua (%92)
  • Beltza (%92)
  • Mormoia (%79)
  • Homosexuala (%79)
  • Ateoa (%49)

Zenbat ateo inguruan?
Jende dezente ezagutzen dut praktikan ateo dena, baina, honengatik edo hargatik, agerian adierazi ez duena. Aldiz, jende gutxi ezagutzen dut inguruan bere burua ateotzat jo duena era publikoan, gehienak blogariak. Pako Aristi da horietakok bat, “Euskal Herriko organojole ateo bakarra”, bere hitzetan. Mikel Hernandez Abaitua ere multzo horretan sartzen da, Azukre xehea gatz larria liburuan berak aitortzen duen legez, kontatzen duenean zelan, karrera amaitu berritan, Deustuko Unibertsitateak lana eskaini zion Donostiako campusean irakasteko:

  • Ni bezalako ateo batentzat ez zitzaidan batere egokia jesuiten menpe lan egitea, eta epe luzera pentsatu nuen batxilergo institutu batean beti egongo nintzela hobeto. (70-71 orr.)

Irakurle estimatua, ikusten duzunez, ni ere armairutik irten berri naiz, eta orain badakizu ateoa naizela. Hala ere, espero dut aurrerantzean ere zure konfiantza izatea. Blog hau beti izango duzu irekita.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 5 iruzkin

2010ean irakurritako liburuak

Bost urtean irakurritako liburuak
2010ean 39 liburu irakurri nituen, nahi baino gutxiago, seguruenik, baino azken urteotan baino gehiago. Horietatik %61,5 euskaraz; %36, gaztelaniaz; eta %2,5, ingelesez. Hauek dira liburuak:

  • Cometas en el cielo. Khaled Hosseini (Salamandra)
  • Aurpegirik gabeko hiltzaileak. Henning Mankell    (Erein)
  • Arrotza. Albert Camus (Herri-gogoa)
  • El hombre más buscado. John Le Carré (DeBolsillo)
  • Zekale artean harrapaka. J.D. Salinger (Elkar)
  • Euzkadi merezi zuten. Koldo Izagirre (Susa)
  • Nora ez dakizun hori. Irati Jimenez (Elkar)
  • Crímenes truculentos en el País Vasco. Santiago Aizarna (Txertoa)
  • Todo va a cambiar. Enrique Dans (Deusto)
  • El adversario. Emmanuel Carrère (Anagrama)
  • De qué hablo cuando hablo de correr. Haruki Murakami (Tusquets editores)
  • Darwin geurean. Kepa Altonaga (Pamiela)
  • Ehun ipuin hitz gutxitan. Joxantonio Ormazabal (Elkar)
  • Ipurtargiak paradisuan. Mariasun Landa (Elkar)
  • Abereen etxaldea. George Orwell (Elkarlanean)
  • Yes We Did. Rahaf Harfoush (Gestión 2000)
  • Bela Kabelatik Ternuara. Atxagaren HGL. Xabier Etxaniz Erle (Pamiela)
  • Viejas historias de Castilla la Vieja. Miguel Delibes (Alianza Editorial)
  • Deception Island. Xabier Artola (Alberdania)
  • Gerla Handia, muga sakona. Eneko Bidegain (Utriusque Vasconiae)
  • Augustin Zubikarai. Ana Urkiza (Elkar)
  • Maigret. Georges Simenon (Igela)
  • Almirante en tierra. Patrick O’Brian (Pocket Edhasa)
  • Bi marra arrosa. Jasone Osoro (Txalaparta)
  • Las huellas de la vida. Tracy Chevalier (Lumen)
  • Eat, pray, love. Elizabeth Gilbert (Penguin Books)
  • Naizen apurra. Patxi Iraola (Auspoa)
  • Confesiones de una vieja dama indigna. Esther Tusquets (Bruguera)
  • Darwin bidaiaria. Nicolas Cuvi (Txertoa)
  • Denbora enaren hegaletan. Karmele Igartua (Pamiela)
  • Lectura de Pablo Antoñana. Miguel Sánchez-Ostiz (Pamiela)
  • Izatearen arintasun jasanezina. Milan Kundera (Alberdania-Elkar)
  • Atsekabe zaitut. Irati Jimenez (Txalaparta)
  • Eta orain, zer? Ignazio Arregi S.J. (Alberdania)
  • Hilobiko isiltasuna. Arnaldur Indridason (Batera saila)
  • Mourinho versus Guardiola. Juan Carlos Cubeiro & Leonor Gallardo (Alienta editorial)
  • Errepidea. Miren Agur Meabe (Erein Auskalo)
  • Un traidor como los  nuestros. John Le Carré (Plaza & Janés)
  • Anne Franken egunkaria. Anne Frank (Erein)
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Azukre xehea gatz larria

Urte berriak ekarri dit Azukre xehea gatz larria irakurtzeko plazerra, Mikel Hernandez Abaituaren azken liburua. Bertan, Hernandez Abaituak kronika sentimental bat idatzi du, 1970etik aurrerakoa, eta bertan literatura, musika eta politika jorratzen ditu.

Liburua oso ondo idatzita dago, erraz irakurtzen da, eta aukera eman dit hobeto ezagutzeko belaunaldi gazteago bat, garai batean Susa aldizkariaren inguruan ibili zena. Hala ere, liburuak batez ere lagundu dit Mikel Hernandez Abaitua bera hobeto ezagutzen. Gustatu zaizkit haren zintzotasuna, bizitzarekiko konpromisoa eta xalotasuna. Ahal baduzue, irakurri.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Sautrelan, gaixotasunaz hitz egiten

Urteberri egunean Sautrelan agertu ginen Marijose Oraa eta biok geure gaixotasunei buruz hitz egiten, orduko hartan “Mina eta literatura” landu zuten-eta saioan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 2 iruzkin

Estatu propioaren alde, Katalunian

Ferran Mascarell Kultura sailburua izan zen PSCren gobernuan eta Kultura sailburua da, berriro, oraingoan Artur Masen gobernuan, Katalunian alegia. Gaur elkarrizketa egin dio La Vanguardia egunkariak, eta esaldi hau bota du sailburu izendatu berriak:

  • Nos conviene un Estado propio y eficiente. Podemos compartirlo con Europa y también con España siempre que resulte eficiente y, por supuesto, de igual a igual. El Estado español no es eficiente para el resto de España y menos para Catalunya.

Hitz horiek irakurrita, Blanca Urgell etorri zait gogora, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Hotel beltzak, dirua zuritzeko

Un traidor como los nuestros bere azken eleberrian, John Le Carré idazleak azaltzen du, besteak beste, zenbait lekutan zelan erabiltzen diren hotelak dirua zuritzeko. “Hotel beltzak” deritze egileak. Horrela kontatzen du, euskarara ekarrita:

  • Begira, Billy. Erosten duzu lur sail bat primerakoa, jeneralean itsaso bazterrean. Ordaintzen duzu eskura, eraikitzen duzu hotelgune bat bost izarrekoa. Agian bat baino gehiago. Dena eskura. Eta gehitzen dizkiozu berrogeita hamar bat bungalow, lekua geratuz gero. Eramaten dituzu altzaririk onenak, mahai tresneria, portzelana, arropa zuria. Hortik aurrera, hotelak eta bungalowak beteta daude. Nahiz eta bertan inork ez duen ostaturik hartzen, ulertzen? Bidaia agentzia batek deitzen badu: sentitzen dugu, dena erreserbatuta dago. Hilean behin, agertzen da bankuan furgoi bat segurtasun konpainia batekoa, eta hustu egiten du jasotako diru guztia, bai geletan eta baita bungalowetan ostatu hartutakoena, jatetxeetan, kasinoetan, gau klubetan eta tabernetan. Urte pare baten buruan, hotelguneak saltzeko gertu daude, txosten komertzial bikaina dutela. (200. or)

Horrelako zenbat ez ote dira egongo Espainiako kostaldean? Eta hotelak dioenak, urbanizazioak edo jatetxeak dio.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Le Carré eta Assange

Irakurri berri dut John Le Carré idazlearen azken eleberria, Un traidor como los nuestros, eta izugarri gustatu zait. Seguruenik, lehenago ere idatzi dut, baina berriro esango dut: niretzat Le Carré da gure gizartearen trapu zikinak hobetoen kontatzen dituen idazleetako bat.

Estilo lasaia du, badirudi bere lanetan ezer ez dela gertatzen, baina ez da horrela: bere eleberrietan gauza asko kontatzen dira, jeneralean hedabide handietan-eta azaltzen ez direnak, baina horrek ez die sinesgarritasunik kentzen. Kontrara.

Azken aldian, Wikileaksek kaleratutako dokumentuak irakurri bitartean, sarri gogoratu naiz John Le Carrérekin, berak askotan kontatu izan baititu antzeko kontuak, era nobelatuan, jakina. Eta azken eleberri hau irakurri bitartean Julian Assengerekin gogoratu naiz, batak zein besteak begi-bistan utzi dizkigute mundu guztiko politikarien hipokrisia eta azpijokoak.

Un traidor como los nuestros oso ondo idatzita dago eta biziki da interesgarria ulertzeko zelan uztartzen diren gaizkileria eta gobernuak, eta zelan egiten duten lan gizartearen estoldek. Berau irakurtzen ordu gozoak igaro ditut. Horra liburuaren lehen kapitulua.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Ramon Ugalde hil da

2003ko uztail-abuztuetan hiru euskaldun geunden Valdecillako Ospitalean, Santanderren, hezur-muinaren transplantea egiteko: Ramon Ugalde, Carlos Atutxa eta hirurok. Han ezagutu genuen elkar, eta harrezkero, harremanetan izan gara. Urtean behin, gutxienez, telefonoz hitz egiten genuen Gabon gauean.

Atzo, berriz, telefonoz deitu zidaten, esateko larunbatean Ramon hil egin zela. Zur eta lur geratu nintzen. Carlos ere, halaxe, berri txarra eman nionean. Arratsaldean, Usurbilen izan ginen, hileta elizkizunean. Edurne besarkatu, alarguna, eta etxera bidean jarri ginen, hausnarrean bezala, Ramonen heriotza irentsi ezinik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Protagonismo nekagarria

Jimmy Walesen eskaria
Hilabete izango da, hor nonbait, Wikipedia irekitzen dudan bakoitzean —berdin euskaraz, gaztelaniaz nahiz ingelesez— goiburuan Jimmy Wales Wikipediako fundatzailearen mezu bat agertzen dela, argazki eta guzti. Bertan klik eginez gero, Walesen gutun labur bat agertzen da, erabiltzaileok animatzen dirua eman diezaiogun Wikipediari, honek ez baitu publizitaterik onartzen bere orrietan.

Gutuna ondo idatzita dago, eta bat nator bere planteamenduarekin. Aldiz, nekatzen hasita nago Jimmy Walesen protagonismoarekin. Uste dut horrelako eskariak egitea bidezkoa dela, baina iruditzen zait egin daitezkeela beste modu batean, hainbeste zentratu barik sortzailearen irudian.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 9 iruzkin

Blake Edwards

Blake Edwards hil da, The Party film mitikoaren zuzendaria. Guk ikusi genuenean, orain urte dezente, El guateque izenarekin ikusi genuen. A zelako barreak egin genituen orduan, nik eta neure ingurukoek, ia-ia txiza egiteraino…

Geroago, zelan ez, Pantera arrosa
etorri zen, eta hor atentzioa eman zidaten musikak eta filmaren
atarikoak, alegia, bertan parte hartzen zutenen izen-deiturak azaltzen
zituen atalak.

Aspaldi ez nuen haren berri, atzo arte, jakin nuenean zinegile amerikarra hil dela. Ez dugu erraz ahaztuko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina