Google Latitude

Atzo ikasle ohi batek gonbidatu ninduen telefono bidez bere laguna izatera Google Latitude geolokalizazio zerbitzuan, eta nik onartu. Izena ematerakoan, konturatu nintzen aurretik banuela beste gonbita bat, koinatu batena, eta hura ere ontzat eman nuen. Ondoren, saltseatzen hasi nintzen, eta hiru bat gonbita bidali nituen, nire sarea zabaltzearren.

Horrelakoetan, ez dut oso garbi izaten zerbitzua komeni zaidan edo ez, baina aurrera egiten dut, ikastearren batez ere, jakin bai baitakit edozein momentutan atzera egin dezakedala. Ikusiko dugu zer gertatzen den honekin.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Aurtengo ikasleak

IKO 2010
Aurten ere Web 2.0 ematen ari naiz Mondragon Unibertsitatean, Ikus-entzunezko komunikazioan, 1. mailan zehazki. Ikasle gehienak 1992an jaiotakoak dira, denek dute eskuko telefonoa, ida denak dabiltza Tuentin, gutxiago Facebooken, eta, orain arte, bloga ukitu ere ez dute egin.

Aurten, berriz, bloga izango dute ikasketaren ardatz, horren inguruan landuko dituzte-eta Web 2.0ko beste baliabide asko.

Nire lana izango da natibo digital hauek konpetente digital bihurtzea. Uste dut lortuko dugula, gazte behargin, alai eta bizkorrak baitira.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Amazon, film hornitzaile

Atzo ezkero, Amazonek eskaintzen ditu 5.000 film eta telebista-saio doan, Amazon Prime egitasmoko harpidedunentzat. Filmok streaming bidez eskura daitezke ordenagailuan. Erabaki honekin, Amazon aurrez aurre jarri zaio Netflix zine hornitzaileari, lehia bizian, eta baita Apple indartsuari.

Inork probatu nahiko balu Amazon Prime hori, lehen hilean doan izango luke; hortik aurrera, urtean 79 dolar ordainduta. Albistea iragarri zenetik, Amazon Prime trend topic beroenetako bat bihurtu zen Twitter-en.

Azken ordua
Letra txikia hobeto irakurrita, ikus daiteke Amazon Prime bakarrik AEBetan dabilela, oraingoz behintzat. Eskerrik asko, Luistxo:

  • Instant video is available only to Amazon Prime members located in the continental United States, Alaska, and Hawaii.
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Gorilak giltzapean

Erein argitaletxeak Dian Fossey zoologo amerikarraren liburu txiki bat argitaratu berri du Perzebal bilduman: Gorilak giltzapean, edo hiru gorila txikiren istorio jakingarriak. Arratsalde batean irakurri nuen, eleberri bat balitz bezala, erabat harrapatu baininduen Fossey anderearen kontakizunak.

Bertan, Dian Fosseyk kontatzen du hiru gorilakumeren historia —Coco, Pucker eta Bonne Anné—, hirurak animalia-lapurrek indarrez bahituak Ruanda inguruetan, eta berak zelako lanak egin behar izan zituen gorilakumeak bere onera ekartzeko.

Liburu ederra eta hunkigarria zenbait momentutan, ustegabe ederra inondik ere. Erabat gomendagarria.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Amaitu da eritasuneko baimena

Hogeita zortzi egun egin ditut fakulatea zapaldu barik: lau Galdakaoko Ospitalean, eta gainerakoa, etxean. Aldi horretan atsedena hartu dut, asko irakurri eta paseatu. Baina hori ere amaitu da, joan den ostiralean jaso nuen-eta senda agiria.

Atzo, eguraldi ona baliatuta, arineketan egitera irten nintzen. Poliki-poliki, 28 minutu egin nituen. Gustura eta pozik etxeratu nintzen.

Gaur, berriz, lehendabizi osasun etxera joan behar, odola ateratzera, eta gero fakultatera. Anjel Lertxundik atzo idatzitako zutabea etorri zitzaidan burura —Bileritis—, itzuli baino ez, hiru bilera izango ditut-eta. Ez dakit noiz egingo dudan lan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Zhivago doktorea

Aspaldi nuen asmoa liburu hau irakurtzeko, El doctor Zhivago, eta ospitaleratu nindutenean, urtarrilaren 24an, berau irakurtzen hasi nintzen, jakin barik astia izango ote nuen liburutzarrori (747 orrialde ditu) ganoraz leitzeko. Zorionez, izan dut astia, eritasuneko baimena uste baino luzeago joan da-eta. Pozik irakurri dut, eta oso gustura geratu naiz.

Hamahiru bat urte izango nituen El doctor Zhivago filma ikusi nuenetik, eta erabat ahaztuta nuen, egia esan behar badut. Azken urteotan, berriz, behin eta berriro irakurri dut Boris Pasternak idazlearen gainean, eta nahi nuen bere libururik ezagunena irakurri. Bertan aurkitu dut sentiberatasun handiko idazle bat, izadi maitalea eta pertsonengan sinisten duena. Liburu hau maitasun historia bat da, baina XX. mende hasierako Errusian kokatua, orduan gertatu ziren auzi, talka, gerra eta iraultza artean. Atzealdean, gerraren doilorkeria eta iraultzaren gehiegikeriak. Ez harritu Sobiet Batasuneko agintariak haserretu baziren Pasternakekin, liburuak zorrotz kritikatzen baititu sobietarren desmasiak ere.

Liburua artean amaitzeke nuela, joan den larunbatean, Documentos RNE entzun nuen harrikoa egin bitartean, eta, kasualitatea, Boris Pasternak zuen aztergai. Esan beharrik ez dago, arreta handiz entzun nuela irratsaioa, eta horregatik ekarri dut hona, badaezpada zuetariko baten batek berau entzun nahiko balu. Boris Pasternak pertsona interesgarria da, eta Zhivago doktorea, liburu ederra. Ahal baduzue, irakurri.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

Txantxibiri kalea, jasota

Tanger taberna inguruak zulatzen
Egun hauetan Txantxibiri kalea, gurea, hankaz gora dago, langileak jo eta ke ari dira-eta, sanjuanak ondoren berau soilik oinezkoentzat izan dadin. Dena hankaz gora, baina kurioso, hemen ari diren langileak, portugesak gehienak, oso garbiak eta zainduak direlako. Eskerrik asko, Xose!

Porlana berdintzen

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , | 3 iruzkin

Stefan Zweig-en beste aurpegia

Egun hauetan Stefan Zweig idazlearen biografia bat irakurri dut, Una vida de Stefan Zweig. Nostalgias europeas, Jean-Jacque Lafaye idazle frantsesak idatzia. Liburuak idazle austriarraren beste aurpegi bat erakutsi dit, haren joera suizidak, ahuldadeak eta, batez ere, haren lehen emaztea, Friderike, orain gutxi arte erabat ezezaguna niretzat.

Orain urte pare bat El mundo de ayer irakurri nuenean, Stefan Zweig-en autobiografia, harrituta geratu nintzen bertan egileak ia aipatu ere ez zuelako egiten bere lehen emaztea. Orain irakurri berri dudanak, berriz, bete du haren hutsunea, eta liburu horretan Friderike Zweig emakume interesgarri askoa azaltzen da, hogeita hamar urtez idazlearen sostengu eta babesa.

Harekin kontrastean, Stefan Zweig-en alde ilunak agertzen ditu liburuak, batez ere errealitatea asumitzeko eragozpenak eta joera suizidak, bere bizitzan barrena behin baino gehiagotan erakutsi zituenak. Nire begietan horrek ez dio baliorik kentzen Stefan Zweig-en lanari, baina balio handia ematen dio Friderike emazteari, zeinaren liburu bat aurkitu baitut sarean, interesgarria izan daitekeena irakurtzeko: Destellos de vida.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Ideateca

Eskerrak Euskal Herrian badugula enpresa bat, Ideateca, bideojokoak egiten dituena, baina ez edozein, baizik eta bideojoko ederrak, diseinu bikainarekin.

Iragan udan izan nuen iBasket jokoaren berri, eta izugarri gustatu zitzaidan. Jakin nuen, gainera, sekulako arrakasta izan zuela Applen AppStoren, iPhonentzako dendan.

Atzo, berriz, Sumon ikusi eta probatu nuen. Zer esango dizuet? Ahal baduzue, probatu, izugarri ondo pasatuko duzue-eta. Baina, kontuz, zeren eta mendetasuna eragin dezake, hain da-eta erakargarria.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Bitartekari digitalak

Esan ziguten merkataritza digitalak prezio hobeak ekarriko zituela, merkeagoak, besteak beste bitartekariak (eta berauek kobratzen zituzten diruak) desagertuko zirelako. Neurri batean horrela izan da, liburu digitalak merkeago eros baitaitezke orain. Hala ere, Applek aldatu egin nahi ditu gauzak.

PCWorld aldizkariak azaltzen duenez, Apple konturatu da iPad darabilten askok liburuak Amazonen erosten dituztela, Kindle for iPad aplikazioa erabilita. Hori ez zaio gustatu, salerosketa horietatik ez baitu txakur handirik ikusten. Hori aldatzeko, Applek kobratu nahi die Amazon, Sony, Barnes & Noble eta beste liburu saltzaile askori, zeinek sortu baitituzte aplikazio bereziak euren liburuak iPadetan irakurri eta erosteko, kobratu nahi die saldutako liburu bakoitzeko %30, zergatik eta salerosketa iPad batean egin delako.

Bestela esanda, Applek nahi du bitartekari digitala izan, hau da, dirua irabazi besteek bere plataforma bat erabiltzen dutelako, beste ezer egin barik. Ez dago argi zer gertatuko den: Amazonek-eta onartzen badute Applen hordagoa, liburuak garestitu egingo dira; ez badute onartzen, haien liburuak ezin izango dira irakurri Applen aparailuetan, nagusiak gaur egun plataforma mobiletan.

Non geratuko da Amazonen leloa, orain artekoa behintzat, “Erosi behin, irakurri nonahi”, bideo honetan azaltzen dena? Ikusi egin behar.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Iruzkin 1