Atzo Firefox 4.0 instalatu nuen laneko ordenagailuan, PC batean, eta Google Chrome-ren antza hartu nion. Etxean ere saiatu nintzen Firefox 4.0 instalatzen, baina nire Macintosh PowerBook G4 motakoa da, ez dauka Intel txipa, eta ezin izan nuen Firefoxen azken bertsioa instalatu. Aurrerantzean, bada, lanean 4.0 erabiliko dut. Etxean, ostera, aurreko bertsioa. Biak, euskaraz.
Gustatzen zait Firefox 4.0, nahiz eta oraindik ez nagoen ohituta fitxak URLaren gainean erabiltzen, Google Chromek erabiltzen dituen legez. Pentsatzen dut erabili ahala, ezaugarri interesgarri gehiago aurkituko dizkiodala, Euskalbar eraberritua kasu.
Bestela ere, gustatzen zait Mozilla Firefox, erabiltzaileongan pentsatzen duelako. Atzo hondamendi handia izan nezakeen, etxean 4.0 instalatzerakoan, 3.6 bertsio zaharra ordezkatu bainuen, konturatu barik 4.0 ezin zela instalatu, nire ordenagailuaren arkitektura zaharkitua delako. Orduan ikaratu egin nintzen, pentsatu bainuen nire gogokoak eta gehigarriak pikutara bota nituela. Zorionez, ez zen horrela izan. Firefox 3.6 berriro instalatutakoan, hantxe agertu zitzaizkidan txunkun-txukun gogokoak eta gehigarriak, lehendik neuzkan bezala. Hura alibiyua!