Hamar urte Mondragon Unibertsitatean

Egun hauetan konturatu naiz hamar urte bete ditudala Eskoriatzan lanean,  Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Erabateko errekorra niretzat, aurretik ez bainuen egin lau urte baino gehiago enpresa berean.

Atzera begira, konpainia hauetan egin nuen lan, ikasketak amaituz gero, 1997tik aurrera:

Zenbait alditan enpresa batean ibili barik, nire kontura aritu nintzen, autonomo gisa. Horrela igaro nituen bost urte inguru atzerrian, Eskola Politeknikoa utzi ondoren, gehienak etxezain eta umezain AEBetan eta Kanadan. Arrasate Press utzita ere, nire kontura egin nuen lan etxean, sei bat urte.

Zenbait adituk diote ona dela enpresaz sarri aldatzea, horrek zabaldu egiten duelako, omen, pertsonaren ikuspegia eta esperientzia. Uste dut nire kasuan egia izan dela. Ekipajea beti izan dut arina, eta ez dit inporta izan enpresaz aldatzea. Hala ere, urte asko egin ditut autonomo moduan, eta horrek zigortu egingo nau erretiroa hartzeko orduan, urte haietan behetik kotizatzen bainuen.

Hamar urte bete ditudan honetan, Jesus Garmendia dut gogoan, berak hartu baininduen HUHEZIn beso zabalik, bertan dekanoa zela. 2001ean izan zen hori.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Txantxibiri kalea, bai baina ez

Aupa Txantxibiri!
Atzo bost urte igaro ziren Txantxibiri kaleko jaia ospatzen hasi ginenetik, eta bosgarrena ere ospatu genuen (Flickr-en dituzue argazkiak), azkenean lortu dugulako hasierako eskakizuna: gure kalea konpontzea. Bederatzi bat hilabete egin dute berau konpontzen, baina merezi izan du, oso ondo geratu da-eta.

Ohi bezala, atzo ere kalean bazkaldu genuen auzotarrok. Une batean, galdetu egin nuen zergatik Elorrioko Udalak ez duen nahi gure kaleari izena aldatu, gaur egungo Berrio-Otxoa alde batera utzi eta Txantxibiri ipinita, eta konturatu ginen zenbait mahaikidek ere ez zutela nahi: tradizioa, aspaldikotasuna, santuari egindako mespretzua…

Txantxibiri kalea dioen plaka bere horretan dago, gure kalearen hasieran, eta atzo ere hantxe egin genuen ikurrina jaistea, baina irudipena daukat gutxi iraungo duela bertan. Pena ematen dit, zeren aukera polita zen behingoz izena aldatu eta aurrera egiteko, Txantxibiri kalea onartuta ere, Berrio-Otxoa kalea ez baitzen desagertuko, herriko plazatik Txantxibiriraino izen hori izango zuen-eta. Pena.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , | Iruzkin 1

Konexioen garrantzia hezkuntzan

Mark Klassen zinegilea gero eta ospe handiagoa lortzen ari da nazioartean, bideo zoragarriak egiten ditu-eta. Nahikoa da bere lana ikustea konturatzeko Mark berezia dela, gaitasun handia duela zinea egiteko. Denetariko lanak egiten ditu: musika-bideoak, ezteiak, dokumentalak, bidai erreportajeak… Enpresa asko eta asko konturatu dira horretaz, eta deitzen ari zaizkio, denek nahi dute-eta berak egindako lanen bat.

Kontua da Mark oso gaztea dela, 17 urte baino ez ditu, eta inoiz ez dela ibili eskola edo ikastetxeren batean zinegintzan trebatzeko. Dakiena ikasi du bere inguruan sekulako sare bat sortu duelako, ezagutzen ez duen jendez osatua askotan, zeinekin partekatzen baitu jakintza: zelan grabatu hau, zelan erabili halako edo bestelako filtroa, zelan lortu enkoadrerik onenak… Eta sare hori Interneten dago, Internet bihurtu baita Mark Klassen gazte kanadarraren eskolarik onena.

Berak horrela kontatu dio Will Richardson pedagogoari honen azken liburuan, Personal Learning Networks. Using the Power of Connections to Transform Education:

  • Sharing my work online has become a huge part of the way I learn. Those connections make it possible for me to gain a bigger audience, wich means more feedback and more learning. A lot more people are finding me now.

Goiko bideoan Will Richardsonek Mark Klassen aipatzen du lehen minutu eta erdian, hor nonbait. Ahal baduzue, liburua ere irakurri, bertan ikaskuntzaren paradigma berriaz hitz egiten du-eta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Mendraka txakolina, Erasmus edition

Erasmus ikasleak eta etxeko gaztetxoak
Atzo mahats batze eguna izan genuen Esteñibar baserrian, Elorrion. Eguraldiak ezusteko txikia eman zigun hasi aurretik, goizeko 06:30ak inguruan euria egin baitzuen Elorrion, hamar bat minutuz. Gero baina, euri eta arazorik ez.

Atzokoan laguntzaile bereziak izan genituen mahatsa batzen, lau Erasmus ikasle, lehen lauhileko honetan Komunikazioa ikastera etorritakoak Mondragon Unibertsitatera: Rahel eta Markus (Suitza), Nana (Danimarka) eta Meryl (Herbehereak). Neuk gonbidatu nituen etortzera, eurentzat egun berezia izango zelakoan, aukera izango zuten-eta lan apur bat eginda, festa giroan murgiltzeko. Eta halaxe izan zen. Gogotsu egin zuten lan, eta halatsu hartu zuten parte bazkarian eta ondorengoetan.

Mahats biltzaile beterano batek iradoki zuen moduan, aurten Mendraka txakolinak (berau Esteñibarko mahatsarekin ere egiten baita) edizio berezia atera lezake, Erasmus edition, gure ikasleek jasotako mahatsarekin, izugarri saiatu baitziren sorta bakoitzeko ale sikuak eta txarrak kentzen, halako grina baitzuten jasotakoa perfekto joan zedin.

Egun ederra izan zen, mahastizainentzat bezainbat lanera gonbidatuontzat, eta zer esanik ez gaztetxoentzat, hauek nekez ahaztuko baitute mahats batze egunaren lilura. Argazkiak Flickr-en dituzue ikusgai.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Iruzkin 1

Clif Prowse zinegilea

Clif Prowse at the Atlantic Film Festival from Clif Prowse on Vimeo.

Laurogeigarren hamarraldiaren hasieran, Vancouverren geundela, Prowse familian bizi izan nintzen urtebete inguru, etxea eta umeak zaintzen. Bi haur jagon nituen orduan: Clif eta David. Lehena zine zuzendaria da gaur egun eta bigarrenak bateria jotzen du Japandroids taldean.

Zine garaiak bizi ditugunez, gaur Clif Prowse zine zuzendaria aurkeztuko dizuet. Vancouverren bizi da Jen emaztearekin, Guatemala fair trade programan dabil buru-belarri, Guatemalako baserritarren komunitateei laguntzen, eta bideo eta zinea lantzen du ahal duen guztietan. Bere azken lanak Advocacy du izena, eta bertan azaltzen du Vancouverko eliza txiki batek zelako lanak egiten dituen bertako pobreei laguntzeko.

Zineari dagokionez, berriz, bere azken filma Snakehead da, elkarlanean zuzendua, eta hor azaltzen du neska baten istorioa, Txinatik Kanadara doana legez kanpoko sare batek eramanda. Hementxe duzue filmaren trailerra.

Trailer for “Snakehead” from Clif Prowse on Vimeo.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Aranzabal soinujoleak

Aranzabal osaba eta iloba soinujoleak
Gure familian zazpi soinujole izan dira, larunbatean Peli Aranzabal lehengusuak gogorarazi zigun moduan, Angiozarren bazkaltzen ari ginela lehengusu-lehengusinak.

Tio Bixente Zaloñakoa izan zen lehena, gure aitaren osaba. Soinu txikiarekin jotzen zuen, eta horixe jotzen irakatsi zien hiru lobari, hirurak Angiozarko baserri batekoak: tio Patxi, gure aita Julian eta tio Felix, nahiz eta hauek gero soinu handiarekin jo. Felix Aranzabal, Angiozarko itsua, izan zen denetan onena eta ezagunena, goi mailan jotzera iritsi baitzen. Euren lehengusu batek ere jo zuen soinu txikia: Joxe Koipe, Gonzalez de Galdeano anaia txirrindulari ohien aitona. Atzetik, berriz, Fernando eta Peli Aranzabal etorri ziren, Felixen semeak, soinujole bikainak.

Larunbatean Pelik hainbat pieza jo zituen, gure soinujoleek jotzen zituztenak, tartean pasodoble bat gure aita zenak jotzen zuena, ez dakigu non ikasita, eta berak tio Felixengandik jaso zuena, belarriz. Hunkitu egin nintzen Peliren omenaldia entzunda, gurean soinua beti izan da-eta berezia. Eskerrik asko, Peli! (Goiko argazkiko soinujoleak, ezkerretik hasita: Julian Aranzabal, Bixente Aranzabal eta Felix Aranzabal. Beheko argazkian, Peli eta biok)

Joxe eta Peli

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | 3 iruzkin

Zertarako behar dugu Espainia?

Nik ez diot botoa eman ezker abertzaleari, baina iraindua sentitzen naiz atzo Espainiako Auzitegi Nazionalak Bateragune auziaz emandako epaiarekin. Bidegabe zigortu ditu nortzuk-eta lan gehien egin dutenak ezker abertzalea bide politiko hutsetik joan dadin, kalkulu politiko hutsaren arabera, ez baitute beste ezusteko desatseginik nahi, ikusita Bilduk zelako emaitzak izan zituen azken hauteskundeetan.

Horrelakoetan, behin eta berriro datorkit galdera bera burura: zertarako behar dugu Espainia, ez bagaitu errespetatzen eta kalte baino ez badigu egiten?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Agur Google Notebook. Ongi etorri Evernote

Orain dela gutxi irakurri nuenean hilabete barru, hor nonbait, Googlek kendu egingo zuela Notebook zerbitzua —orain bi urte ere konpainia amerikarrak adierazi zuen ez zuela gehiago garatuko aplikazioa— alternatiba sendo baten bila hasi nintzen nire memoria birtualerako, zeren azken urteotan Google Notebook erabili baitut, bertan gordetzeko txuletak, ideiak, etab., etab.

Aurkitu ere, laster aurkitu dut alternatiba: Evernote. Instalatu dut nire laneko PCan eta eskuko telefonoan. Etxeko ordenagailuan, berriz, macintosh zahar bat, ezin izan dut aplikazioa ezarri. Horren ordez, Evernoten gehigarri bat jarri dut mac-aren Firefox nabigatzailean. Bide batez, Evernote hainbat hizkuntzatan aurki daiteke, tartean gaztelaniaz, katalanez eta galizieraz, baina oraindik ez euskaraz.

Poliki-poliki, hasi naiz informazioa aldatzen Notebooketik Evernotera. Honek ere hodeian gordetzen du informazioa, eta berau edonondik kontsulta dezaket: telefonotik edo edozein ordenagailutatik. Bereziki harrigarria egiten zait bertako informazioa HTC Desire telefonoan kontsultatu ahal izatea, ikusita batez ere bertan zer txukun eta dotore agertzen den.

Nire memoria birtualak sendo dirau, hortaz. Makulu paregabea nire beste oroimen gero eta ahulagorentzat.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Tronbosiaren arrazoia

Joan den urtarrilean bigarren aldiz izan nuen tronbosi bat ezker hankan. Harrezkero, hainbat analisi egin didate jakiteko zerk eragiten didan tronbosia, baina erantzun garbirik ez. Atzo arte. Osasun azterketa eginda, medikuak aipatu zidan nire kasuan posible dela 2003an egin zidaten hezur-muinaren transplantea izatea tronbosien kulpantea.

Azaldu zidanez, transplanteak eragin dizkit hainbat arazo azalean eta ahoan. Eta litekeena dela eragin izana baita zainen barruko epitelioan ere, alegia, zainak barrutik jazten dituzten ehunetan.

Niri ere hauxe iruditzen zait orain arteko hipotesirik sendoena, bestela ez bainago ohiko arrisku taldeen barruan, hau da, pertsona sedentarioak, gizenak, haur asko izandako emakumeak, etab. Gauza bat gehiago jakinda itzuli nintzen etxera, pozik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Zer gertatzen den Interneten 60 segunduan behin

Eman dezagun minutu bat behar duzula post hau irakurtzeko. Denbora horretan, 6.600 argazki igoko dira Flickr-era; 168 milioi email baino gehiago bidaliko dira; 695.000 eguneratze eta 510.040 iruzkin argitaratuko dira Facebooken; Googlek 694.445 bilaketari baino gehiagori erantzungo die; Skype erabiltzaileek 370.000 minutuko deiak egingo dituzte; 20.000 post argitaratuko dira Tumblr-en eta 13.000 ordu baino gehiagoko musika isuriko da Pandoran. Shangai Web Designers-ek egindako infografiko honetan ikus dezakezue hori guztia eta gehiago.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina