Aste nagusian, Bilbon


Atzo Bilbon izan ginen, arratsalde pasa. Elorrion autobusa hartu, eta
botxora abiatu ginen, arratsaldeko 16:15etan. Giro ederra aprobetxatuta,
osteratxo bat egin genuen errekan gora, Arriagaraino. Eta han, murgildu
egin ginen jai giroan.

Bueltarako, Gau txori zerbitzua erabili genuen,
Bizkaibusek jaietarako daukan autobus zerbitzu bikaina.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Balenciaga museoan

Kubo eder baten aurrean
Atzo Balenciaga museoan izan ginen, Getarian. Lagun katalan batzuekin joan ginen —Maria, Nicol eta Laura—, ikusi barik zeukaten-eta museoa. Lehendabizi bisita gidatua hartu genuen, eta, ondoren, gure kasa berrikusi genituen bertako gelak, patxada handiagoz. (Argazkiak, Flickr-en).

Denok ere gustura irten ginen bisitalditik, museoa bera oso ondo baitago, eta orobat erakusketa. Niri bi kontuk eman zidaten atentzioa: Cristobal Balentziaga ekintzailea —22 urterekin ireki baitzuen bere lehen denda, Donostian, 1917an. Pentsa zer ez zuen gainditu behar izango garai hartan modan lan egiteko—, eta Cristobal Balentziaga sortzailea, azken urteak arte lan eta lan ibili baitzen, sekulako bilakaera interesgarria erakutsita.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Heriotza euskarazko liburu digitalen eremuan

Rio della Pieta, Venice
Veneziatik bueltan, lagun katalan batzuek gomendatu zidaten Donna Leon idazle estatubatuarraren liburuak irakurtzea, Donna bera Venezian bizi baita eta haren eleberriak Italiako hiri zoragarrian gertatzen baitira batez ere.

Susmoa nuenez euskaraz zerbait bazegoela argitaratuta, Erein argitaletxean begiratu, eta ikusi nuen Donna Leonen bi liburu dituela euskaratuta: Heriotza La Fenicen eta Heriotzarako jantzita. Ereinek berak saltzen ez dituenez bertsio digitalean, Gurebook dendara joan nintzen, baina han aurkitu ez.

Orduan Amazonera jo nuen. Nire harridurarako, Heriotza La Fenicen 21,76 eurotan zegoen. Muerte en La Fenice, berriz, 3,79 eurotan. Alegia, euskarazko bertsioak balio du ia 7 aldiz gehiago gaztelaniazkoak baino. Inork ulertzen du hori?

Nik, jakina, gaztelaniazkoa erosi dut, eta hori ari naiz irakurtzen orain. Pena dut, hori bai, euskarazkoa gusturago irakurriko bainuen, baina Ereinek horretara bultzatu nau. (Argazkia: honeylotus)

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , | 2 iruzkin

Itsas bidaldian Mediterraneoan


Abuztuaren 4tik 11ra itsas bidaldi bat egin dugu Bego emazteak, Miren alabak eta hirurok MSC Divina gurutzontzian. Hiri hauek bisitatu ditugu: Venezia, Bari, Katakolon, Esmirna, Istanbul, Dubrovnic eta Venezia berriro. Egun horiez gain, bi egun gehiago egin ditugu Venezian.

Bidaia oso polita izan da, eta gurutzontzia —berau azken maiatzean inauguratu zen— ikusgarria, benetan. Bisitatutako herrietan, niri gehien Venezia, Istanbul eta Dubrovnic gustatu zaizkit, baina bat aukeratu beharko banu, Venezia hautatuko nuke, liluratuta utzi bainau haren edertasunak.

Flickr-en ipini ditut itsas bidaldian ateratako argazkiak, ikusi nahi dituztenentzat.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Iruzkin 1

Aroa upategian


Atzo Zurukuainen izan ginen, Nafarroan, Aroa upategia bisitatzen. Berau paraje zoragarri baten erdian dago, Lizarratik hurbil, eta atzoko eguraldiak horixe nabarmendu zigun. Bertan Kepa Larunbe eta Txus Macias aurkitu genituen, Aroa upategiko nagusiak, euskaradunak biak, eta haiekin batera bisitatu genuen upategia. Bazkaldu ere, bertan egin genuen, ezin hobeto, hainbat ardo probatuta: zuria, gorria, beltza eta gozoa, azken hau postrearekin hartzekoa.

Hara joateko txango modukoa antolatu genuen. Elorriotik abiatu eta Ataunera joanda, Lizarrustitik gora egin eta, Etxarri-Aranatz igarota, Lizarraga gainera jo genuen. Handik behera, ordura arteko hodeiak eguzki bihurtu ziren, eta horrela jaitsi ginen Abarzuzarantz. Handik Murugarrenerako bidea hartu, eta upategiraino. Txango ederra egin eta primerako eguna igaro genuen. Flickr-en jarri ditugu han ateratako argazkiak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Spikedrivers, Esteñibarren

Spikedrives in Esteñibar, Elorrio
Macondon bezala, Esteñibar baserrian ere, berau Elorrion, gauza harrigarriak gertatzen dira noiz behinka. Atzo, esate baterako. Kanpo aldean afaltzen ari ginela, izar iheskor batek zeharkatu zuen zeru ezin garbiagoa, eta afaltiarrok aho zabalik geratu ginen, tartean Constance Redgrave, Maurice McElroy eta Ben Tyzak, Spikedrivers musika taldeko kideak. Zerbait handiagoren iragarpena ematen zuen.

Ondoren etorri zen sekula bizi izan dudan kontzerturik ederrena. Gaueko 23:15ak aldera, Spikedrivers taldeak formatu txikiko emanaldia eskaini zigun Esteñibarren geunden guztiei, hamar lagun guztira. Ordubetez, blues tankerako abestiak jo zizkiguten, zein baino zein ederragoa. Izarrak ere, dir-dir ari ziren, emanaldia hain izan zen-eta liluragarria.

Larunbat arratsaldean agertu ziren Spikedrivers taldekoak Esteñibar baserrian, hiru egunerako atseden hartzera. Egun horietan, Flickr-en ikus daitekeen moduan, inguruaz gozatu, bertako jakiak eta edariak dastatu, probasaioak egin, mahastian jardun eta etxekoen konpainiaz gozatu zuten, hainbeste, ezen jasotakoa itzuli nahi izan zuten bart gaueko emanaldiarekin.

Gaur gauean Hor Dago! jatetxean joko dute, Gasteizen, baina formatu handian, beheko bideoan bezala. Hantxe izango gara.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , , | Utzi iruzkina

Hilario Azkarate gogoan

Hilario Azkarate hil da, gure haurtzaroko pilotaririk nagusia. Justu atzo bere etxe ondotik igaro ginen musikari talde batekin paseatzen ari ginela, eta azaldu genien bertan bizi zela garai bateko euskal pilotaren txapeldunik handienetako bat. Gaur, berriz, haren heriotzaren berri zabaldu da.

Umetan izan nuen Hilarioren berri, aita zenarekin batera Kanpazar gaineko tabernan eskuz banakako hainbat final ikusi genuenean. Orduan telebista zuri-beltzekoa zen, pilota iluna eta askotan jokoa nondik nora zihoan asmatu ezinik ibiltzen ginen —zer ikusirik ez gaur egungo pilotaleku berdez edo beltzez margotuekin—, baina emozio biziz bizi izaten genituen finalok. Eta pozik, gure gogoena Hilario bera izanda, bost aldiz irabazi zuelako txapelketa.

Behin Elorriora etorrita bizi izatera, hemen ikusten nuen, patxadaz, kalean, lagunekin txikiteoan. Gizon tenplaua. Geroago, berriz, ezagutu nituen Juli emaztea eta Dorleta alaba zena. Gelditzen diren familiartekoei, besarkada handi bat.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , | Utzi iruzkina

Bost aplikazio iPad-erako

Atzo eta gaur artean bost aplikazio gehitu dizkiot nire iPad-ari, lagun diezadan zenbait lan hobeto egiten. Hiru doakoak dira, eta bi ordainpekoak.

Doakoak

  • Diigo. Dagoeneko erabiltzen dut nire ordenagailuetan, sareko dokumentuak gorde, sailkatu eta partekatzeko. Erabili ere, oso pozik erabiltzen dut, oso lagungarria da-eta bere lanean.
  • Genius Scan. Aprobetxatzen du iPad 3ren kamera tableta eskaner bihurtzeko. Bertan egindako dokumentuak .JPG edo .PDF formatuetan parteka daitezke.
  • iTalk recorder. Mezuak grabatzeko. Hasteko, sakatu botoi gorriari, eta hasi berba egiten, Amaitzeko, sakatu berriz botoi gorriari. Emaitza edozein modutan parteka daiteke

Ordainpekoak
Kapritxo moduan, bi aplikazio erosi ditut, ordainpekoak, arrazoi desberdinengatik. Horra:

  • 360 Panorama. 0,79 € kostatzen da, eta balio du iPadarekin argazki panoramikoak ateratzeko. Gomendatzen da argazkiak egunez ateratzea, iluntzean eta leku itxietan ez baitabil ondo. Aurkitzen duzunean toki polit bat, apuntatu, sakatu botoiari eta mobitu iPada ezkerrerantz eta eskuinerantz —nahi baduzu, eman buelta osoa—. Berak automatikoki lotuko ditu argazki guztiak. Emaitza bertan ikusi, Panoramaren webera igo (lagunekin-eta partekatzeko), edo egokitu egin dezakezu Twitter-era bidaltzeko (horrelakoetan ere, ikusgarriak omen dira emaitzak). Oporretarako jostailu ederra izan daiteke iPada daukagunontzat.
  • Brushes. 5,99 € balio du, eta pintatzeko erabiltzen da. Hau erosi dut erakusteko nire anaia Ramon pintoreari Brushes zelan dabilen, bera ere anima dadin tableta digitalean margotzera. Dagoeneko izen handiko margolari zenbaitek erabiltzen dute.
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

TED liburuak

TED elkarteak TED Books aplikazioa sortu du, eta berau erabilita, nahi duenak bere iPad edo iPhone aparailuetan irakurri ahal izango ditu elkarteak bi astez behin kaleratzen dituen liburuak. Eskaintza izugarri gustatu zaidanez, harpidetu egin naiz bildumara, eta 15 liburu jaitsi ditut nire iPadera.

Egiaztatu dudanez, liburu horiek eduki aberatsak dituzte. Alegia, testuaz gain, izango dituzte audioa, argazkiak, bideoa eta sare sozialen zenbait elementu.

Di-da batean irakurtzekoak
Oro har, TED liburuek 20.000 hitz baino gutxiago izango dituzte, eserialdi batean irakurtzeko modukoak. Hobeto irudika dezagun zertaz ari diren, TED elkarteak kalkulu hauek egin ditu, jakiteko zenbat denbora behar izaten dugun ondoko hauek irakurtzeko:

  • Tuit bat: 4 segundu.
  • TED hitzaldi bat: 18 minutu.
  • Aldizkari bateko artikulu bat: ordu erdi.
  • TED liburu bat: ordubete.
  • Saio liburu bat: astebete.
  • Martutene: udako oporrak (txantxetan ari naiz 😉

Diru kontuak
Batez beste, liburu bakoitzak balio izango du 3 dolar. Hala ere, harpidetza egin daiteke 3 hilabetean 6 liburu irakurtzeko, 15 dolar ordainduta. Eskaintza moduan, harpidetza egiten dutenek lehen 90 egunetan, katalogo osoa izango dute eskura, orain artekoa.

Nik harpidetza egin dut, aprobetxatzeko indarrean daukaten eskaintza, eta 12 euro ordainduta, 15 liburu jaitsi ditut. Bide batez esanda, atzo bertan hori baino gehixeago, 13,50 euro, ordaindu nuen Elkar liburudendan Blog liburua erosteko, berau 107 orrialdeko liburua.

TED taldea 1984an sortu zen “Merezi duten Ideiak Zabaltzeko” helburuarekin. Harrezkero, mundu osora hedatu da, web bat dauka 3.200 bideorekin, eta egitasmo zabala garatu du, beka, sari eta hitzaldiak barne, denak ere besteak motibatzeko asmoarekin.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Iñaki Elorza, “Txapas”

Ohi baino beranduago irten nintzen fakultatetik, eta, autoan nindoala, nor egokitu irratian eta Iñaki Elorza “Txapas”, baina ez kirolez hitz egiteko, baizik eta bere fonotekaz. Ordubete inguru, Euskadi Irratiko kirol esatariak 10 abesti aurkeztu zizkigun.

Entzuten ari nintzela, konturatu nintzen “Txapas” nire imaginarioaren parte dela, Benito Lertxundi, Ramon Saizarbitoria edo Olariaga diren moduan. Harrituta geratu nintzen, zelako gauza interesgarriak kontatzen zituen, eta zein gustu ona duen musikarako. Bejondeiala, motel!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina