Joan den ostegunean erabaki nuen aurrerantzean Google Chrome erabiliko nuela Interneten nabigatzeko. Firefox bigarren mailara igaroko da, azken urteotan ez bezala, berau izan dut-eta nabigatzaile nagusia, bai etxeko mac-ean eta baita laneko PCan.
Zerk eraman nau erabaki hori hartzera? Azken aldi honetan Firefox moteldu egin zait, batez ere berau pizteko orduan. Bestetik, azken hiru asteotan arazoak izan ditut etxeko ordenagailuan Google Docs-en lan egiteko orduan; ezin nuen, errorea ematen zidan-eta.
Chrome-ren abantailak
Gaur egun hainbat abantaila ikusten dizkiot Chrome nabigatzaileari:
- Bizkorragoa da Firefox baino.
- Chrome ondo antolatuz gero, edozein ordenagailutan erakusten ditu nik emandako ezaugarriak.
- Chrome pizterakoan hainbat fitxa ireki dezaket batera, nik horrela programatuz gero. Ez naiz ibili behar, orain arte egiten nuen moduan, fitxok egunero banan-banan zabaltzen.
- Chromek Safarik bezain txukun eskaintzen dit irakurlea iReader gehigarriari esker.
Noizko Euskalbar Chromen?
Azken aldi honetan leiala izan banaiz Firefoxekiko izan da, duda barik, Firefoxek Euskalbar daukalako, eta berau oso baliagarria delako niretzat, lan gehienak euskaraz egiten baititut. Euskalbar Chromera etorri bitartean, Firefoxera jo beharko dut hiztegi horiek erabili nahi ditudan aldiro.
Konturatu naiz, halaber, Chromerekin ezin dudala ondo lan egin Faroan, nire blogean, ezaugarri zenbait falta dituelako, adibidez, testua editatzeko aukera, loturak egitekoa eta argazkiak txertatzekoa. Hori konpondu bitartean, Firefoxera jo beharko dut.





