Scrivener, idazleentzako aplikazioa

Scrivener hitzak idazlaria edo kopiatzailea esan nahi du, eta Bartleby the Scrivener irakurri duenak —euskaraz Bartleby izkribatzailea, Juan Garziak bikain euskaratua— badaki hitz hori idazteko ofizioarekin lotuta dagoela. Orain, gainera, bada aplikazio bat langintza horrekin lotua, Scrivener testu prozesatzailea baino dezente gehiago baita.

Scrivener aplikazio bat da, oso egokia testu luzeak idazteko: eleberriak, saioak, doktore tesiak, zientzia lanak, erreportajeak… Sortuta dago idazleentzat, eta hori igarri egiten da, aplikazioa pentsatuta baitago idazleen lan prozesuak errazteko.

Zer egiten du Scrivenerrek?
Scrivener erabilita, hainbat gauza egin daiteke:

  • Sor dezakezu edozein egitura, eta aldatu aurrera egin ahala.
  • Esporta dezakezu zeure lana edozein formatutan (.doc, .pdf, .mobi, .epub…).
  • Hainbat modutan ikus dezakezu zeure lana, beronen ikuspegi osoa izan dezazun.
  • Berregitura dezakezu zeure lana, beronen lan zatiak eraman edo ekarriz.
  • Ikus dezakezu dokumentu bat bere horretan edo lan osoaren zati moduan.
  • Gode ditzakezu hainbat dokumentu osagarri (PDFak, argazkiak, adimen mapak…) lana idazten ari zaren bitartean.

Esango nuke Scrivener oraindik ezezaguna dela Euskal Herrian —ni, behintzat, uda honetan izan dut berorren berri—, baina nazioartean sekulako arrakasta izaten ari da eleberrigile, akademiko, legelari, gidoigile eta kazetarien artean

Hasieran Scrivener sortu zen Mac ordenagailuetarako bakarrik. Orain dela gutxi, berriz, Windows bertsioa irten da.

Erosi aurretik, probatu
Programa honetan interesa duenari gomendatuko nioke:

  1. Ikusi goiko bideoa. Ordu erdi dirau, baina oso argigarria da.
  2. Irakurri artikulu zerrenda hau gaztelaniaz aplikazioaren gainean.
  3. Irakurri artikulu zerrenda hau ingelesez gai beraren inguruan.
  4. Kontuan izan Scrivener-en beraren tutorialak.
  5. Jaitsi Scrivener eta hilabetez probatu doan.

Gustatuz gero —niri horixe gertatu zait— eros daiteke 35€ ordainduta webgunean bertan edo Applen App Storen. Lizentzia batekin, bi ordenagailutan instala daiteke (bi mac ordenagailutan edo bi windows ordenagailutan, baina ez mac batean eta windows batean). Eta Dropbox bitartekari dela, erabil daiteke iPaden ere bai, testu huts moduan, besteekin sinkronizatuta.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude